argia.eus
INPRIMATU
Euskal presoek euskara ikasteko eskubidea bermatzea eskatu dute Eusko Legebiltzarrean
  • Etxerat Elkarteak eta Presoei laguntzeko Euskara-Irakasle Taldeak egin dute proposamena legebiltzarrean. Eusko Jaurlaritzari euskal presoek euskara ikasi eta euskara mailak egiaztatzea berma dezaten eskatu diote.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 13a
Argazkia: cadenaser.com.

Ez da urratu gabeko bidea. Proposamena luzatu dutenek adierazi dutenez, EGA eta 4. Hizkuntza Eskakizuna eskuratzeko aukerak bideratuta daude Espainiako kartzeletan Eusko Jaurlaritzaren bidez eta Frantziako kartzeletan Baionako Euskara Elkartearen bidez.

Joan den ikasturtean Espainiako kartzeletan zortzi euskal presok lortu zuten EGA agiria. Zortzi irakasle boluntario aritu ziren ikasketa prozesuan. Alabaina, ekimenaren bultzatzaileen ustez ikasteko eta azterketa egiteko baldintzak oso kaskarrak izan ziren. Horregatik, legebiltzarrean HABErekin hasitako bidean urratsak ematea eskatu dute. Hainbat alor kontuan hartzea eskatu dute: izen ematea nola egin, irakasleen jarraipena hobetzea eta bermatzea, materiala ikasleengana egoki iristeko moduak aurkitzea, azterketak deialdi itxietan egitea, doan ikastea, tutore bana izatea.

EGA agiria dagoeneko desagertu da. Ikasturte honetarako 27 presok eman dute izena. Gehienek C1 mailarako (EGAren parekoa) eta beste hainbatek B1, B2 eta C2rako.