Euskal musika eszena: zer da, baldin bada?

  • Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote den: horixe zen abiapuntua.

DosPorDos / ARGIA CC-BY-SA

2024ko azaroaren 06an - 07:30
Azken eguneraketa: 05:35

Mahai inguruaren gidari lanetan ibili den Koldo Otamendi Kojo kazetariak argi esan du hasieratik: “Nik ez dut errezeta magikorik, definizio argirik, esateko zer den euskal musika eszena”. Izan ere, norbaitek esango du euskaraz egiten den musika oro dela euskal musika eszena, Euskal Herrian egiten dena, Euskal Herriarentzat egiten dena...

Konflikto horietan dabil Joseba Baleztena musikaria ere. Euskal Herrian muga jartzeaz aritu da, horri hizkuntzaren elementua gehitzeaz, baina, era berean, zerbait lokalagoa eta “partekatzen den espazio bat” ere badela uste du. Zentzu horretan, Baleztenak mahaikide izan dituen Amets Aranguren eta Julen Idigoras musikariak ez ditu preseski sentitzen bere eszena beraren parte. Aldiz, Eneritz Furyak musikariarengandik gertuago ikusten da. Beraz, adin kontua ere ez da, Idigoras urte gutxi zaharragoa baita Furyak baino.

 DosPorDos / ARGIA CC-BY-SA

“Zergatik diozu hori?”, galdetu dio Arangurenek Baleztenari. Eta erantzun dio: “Bizitzeko eta musika ulertzeko modu diferentea dugulako”. Gehiago garatu du Furyakek, ados baitator Baleztenarekin. Irungo Lakaxita gaztetxearen ingurumarian kokatu du bere musika zaletasunaren eta hastapenaren garaia, DIY edo Zuk zeuk egin filosofia, Bidehuts zigilua... “Beti ibili naiz hamarkada bat zaharragoa den jendearekin, nire belaunaldiarekin harremana geroago egin dut, eta asko ari naiz ikasten orain”, finitu du Furyakek.

Etiketak, zertarako?

Zer da, beraz, euskal musika eszena? Modu erretorikoan, galderari galdera egin dio Arangurenek: “Eta zer ekarpen egiten du definitzeak?”. Bere ustez, ezertxo ere ez. “Ni gehiago nago euskal musika terminoan”, esan du, nahiz eta aitortu euskal horrek ere jendearentzat izan ditzakeela mila ulerkera. “Baina gehiago nago horretan, euskal musika eszena-n baino. Izan ere, iritsi naiz pentsatzera eta zalantzan jartzera ea zein punturaino den interesantea auzi hori”.

Idigoras, musikaria izateaz gain, kazetaria ere bada Gaztea irratian, B aldea saioaren zuzendaria eta aurkezlea da. Berak esan du “kazetarien hitz egiteko modua” dela kategorizazio eta etiketetan aritzea. Dena dela, bai: Idigorasen ustez ere euskarak egon behar du punturen batean. “Egia da musika instrumentalarena tranpatia dela, baina talde horrek euskaraz sortzen badu, euskal mundua-ren parte badira, ingurukoak... Baina euskaraz egiten duen orori euskal musika deitzea, popa edo rocka bezala, oso anbiguoa iruditzen zait”.

 DosPorDos / ARGIA CC-BY-SA

Etiketetatik eta kategorietatik irten beharra azpimarratu du Arangurenek, musikarien beraien aurka doalako. “Baina gu gara ere bai kanpora begira horrela erakusten dugunak”, zehaztu du. Dendetan euskal musika kategoria emateaz euskal kantugile orori, eta alboan rock, pop edota indie etiketadun apalak edukitzeaz, horretaz ari da Aranguren. Duela hamarkada asko bezala segitzen dugula esango luke baten batek, ez baitira sobera urte igaro, mugikorrik ez zen garaian, musika-irratietan euskarazko kantariak aipaturiko dendetako etiketapean aurkezten zirela.

Publikoa nola dago?

Baleztenak eman du gakoetako bat, bere musika ibilbideaz mintzatzean, gaztetxe eta tabernak bere “espazio basiko” direla adierazi duenean: “Lehen, gaztetxeek aseguratzen ziguten leku bat, nahi gabe ere kontzertu bat geneukan astebururo; orain, sentsazioa dut pixka bat erortzen ari dela eta sold out-aren fenomenoa ari dela eragiten”. Kasuren bat aipatu du, aretoren batek kontzertua bertan behera utzi izan duela aurre-salmentan, kontzertua baino bizpahiru egun lehenago, hogei sarreraren bueltan “soilik” saldu zirelako. “Tranpatia da”, esan du Furyakek. Genero eta estilo batzuk “horrelakoak” direlako, jende gutxirekin egotekoak: “Dena ez da popularra”.

 DosPorDos / ARGIA CC-BY-SA

Eta “popularra” denaz hitz egin behar da, fenomeno sozialari estuki lotua doan popularitateaz. Furyakek uste du pisu asko hartu duela alor “performatiboak”, eta gero eta gutxiago beste kontu batzuek. Horregatik, ados dago Baleztenak aipatu duen giro aldaketarekin. “Beti egon dira proiektu batzuk lotuta, modu esplizituan, mezu edo estetika batzuei, eta orain hori dena askoz ere performatiboagoa da”, adierazi du Furyakek.

Arangurenek heldu dio hariari, eta fenomeno sozialari, performanceari loturik dagoen eszena bati buruz hasi da hizketan: “Ez da kasualitatea eszena jakin horretan dagoen jende hori dela justuki ez duzuna topatzen beste kontzertu batzuetan. Ez dut inoiz topatu, nik buruan dudan jendea, modu anonimoan beste batzuen kontzertuak antolatzen. Musikatik urrutiago daude, eta performancetik gertuago”.

Ebentismoa

Ikusgarritasun gehien lortzen duten performanceak dira ekintza handiak. Ingurumari horretan dabiltza musikari gero eta gehiago. “Badut sentsazioa, kontzertu bat kontzertu gisa konputatzeko, ebentismoari loturiko epidemia izan behar dela”, esan du Baleztenak, eta adibidetzat ipini, 25, 40 edota 60 pertsonako kontzertuek jada ez dutela lehen zuten balio bera. Publiko gisa, gauza bertsua: “Hor egon behar duzu, bestela looser bat zara”.

Idigorasi ez zaizkio gustatzen gisa horretako ekitaldi handiak, nahiz musikari gisa jo izan duen horrelakoxeetan, eta zirrara apur bat ere sortzen dioten oholtzara igotzen den aldiro. Uste du sold out-aren kulturak “polarizatu” egin duela guztia, arrakastarekiko “esposizio bat” existitzen dela, eta erdiko punturik ez dagoela ematen duela. “Baina giroa erabat desberdina da makrokontzertu batean edo areto txikian”.

 DosPorDos / ARGIA CC-BY-SA

BECa betetzeko gosea

Publikoaren artetik luzatutako galdera batek solasaren ordura arteko tonua zorroztu du: orain dela bost urte, Berri Txarrakek bi aldiz bete zuenean Navarra Arena, hori guaya zen, eta orain BECa betetzea ez da horrenbeste?

Kojo-k oroitu du iraganean nola bete zituen Negu Gorriak taldeak Donostiako Belodromoa-eta, edukiera gutxiagokoak ziren espazioak, baina pandemiaz geroztik-edo nabaritu da enpresa batzuek negozioa ikusi dutela. Era berean, zirkulu bizioso bat ere bada: BECa betetzen duten taldeak kontratatzen dituzte udalek, diru asko ordainduta, zenbait kasutan udaleko kultura departamentuaren zati handi bat erabilita. Kultur programatzaileak BECa betetzeari begira ibiltzen dira beste ezeri baino gehiago, mahaikideen esanetan.

"Ez da soilik hemen gertatzen [BEC eta gisakoak bete nahia], talde espainolek ere gauza bera egiten dute; botere erakustaldi bat dira"

BECa betetzea, baina, “ez da hemen soilik gertatzen”, Baleztenaren arabera: “Talde espainolek ere gauza bera dute buruan, Madrilgo Wizink betetzea. Botere erakustaldi bat dira”. Idigorasek uste duenez, gainera, “era desproportzionatuan” gertatzen dira; marketinean abila dena, nahiz hainbeste entzule fidel ez izan, kapaza izan daiteke sekulako estadioa ti-ta betetzeko.

Arangurerek ipini dio gilda gaiari: “Orain arte esaten zen kanpokoek hartzen zituztela horrelako espazio handiak, eta entzun izan dut guk ere egin behar genuela, bestela beti besteek egingo zutelako. Bale. Baina [hori esaten duena] ez da planteatzen ari Polizia izateko oposizioak egitea. Beraz, marra gorriak ere badaude”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-12-02 | ARGIA
ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz eta non?

Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]


2024-11-29 | Irutxuloko Hitza
Donostiako musika teknikari ezagun bat salatu dute hainbat emakumek, sexu jazarpenagatik

Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.


Gabriel Fauré: Requiem bat baino askoz gehiago

Frantziako musikagileei buruz hitz egitean, Claude Debussy eta Ravel etortzen zaizkigu burura. Bada dibertitzen denik ere, bata edo bestea defendatuz garai guztietako musikagile frantziar onena bezala. Egia esan, bi jeinu absolutu dira, beren garaiko zirkunstantzien ondorio. Oso... [+]


Nire neure

Begiak zerumugan
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Ane Pikaza
Elkar, 2020

-------------------------------------------------------

Askotariko testuak eta liburuak argitaratu ditu Miren Agur Meabek. Literatur genero guztiekin aritu da: haur eta gazte literatura,... [+]


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


2024-11-27 | Onintza Enbeita
Aran Calleja. Filmetako musika egilea
“Musikan, emakumeok lan handia egiten ari gara ikus gaitzaten”

Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]


Teknologia
Hartzea ematea delako

Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]


Kolono europarrek Afrikan lapurturiko 500.000 artelanak itzultzeko ariketa nekeza

Azaroaren 4an itzuli die Frantziak benindarrei Katakle errege-aulkia, duela 132 urteko triskantzan frantses kolonoek lapurtu zietena. Memoriaren, aitortzaren eta ondare kulturalaren izenean, Europan zehar dituzten lapurtutako 500.000 objektuak berreskuratu nahi dituzte Afrikako... [+]


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude