argia.eus
INPRIMATU
Euskal kooperatibismoaren historiako eredu ezberdinak ezagutzeko jardunaldiak
  • HUN-HerriUni eta Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza Elkarteak egun osoko jardunaldia egingo dute Gernikako Astran, martxoaren 5ean. Euskal Herrian ezagunena den Arrasateko kooperatibagintzari Arizmendiarretak ekin zion garai berean, Elorrion Andoni Esparzak garatu zuen kooperatibagintza eredua aztertuko dute jardunaldi hauetan, eta bi ereduen artean egon ziren ezberdintasunak ere bai. Besteak beste, “euskal eragile sozio-ekonomiko eta kulturalen arteko elkarlana bultzatu” nahi du elkarteak jardunaldi hauen bidez.

ARGIA @argia 2022ko martxoaren 03a

Andoni Esparza Gallastegi elkarteak azaldu duenez, jardunaldi hauen bidez Euskal Herriko lehenetariko kooperatiben sortzailearen figura eta berak sustatutako kooperatibagintza eredua ezagutzera eman nahi dute. "Historiaren irakurketa kritikoa" bultzatu nahi dute, "diskurtso ofizialetik kanpoko kooperatibagintza ezagutarazi eta berraktibatuz".

Andoni Esparza Gallastegi 1932an jaio zen Elorrion jaio eta 2012an hil zen Iruñean zendu zen. Bere izena daraman elkarteak azaldu duenez, “enpresari familia batean hezia, bizitza osoan zehar enpresa-proiektu ugari sustatu eta lagundu zituen kooperatibismoaren baloreak ardatz hartuta”. Euskal Herrian sortutako bigarren kooperatiba jarri zuen martxan Esparzak: Abadiñoko galdategia izan zen sortzen lehena, eta Elorrion nekazaritzarako makineria ekoizten zuen Funcor kooperatiba bigarrena. Geroago, Martzillan Euskaldunak abeltzaintza ustiapen kooperatiba abiarazi zuen Esparzak. Horrez gain, “Caja Laboralaren sorreraren ideologoa” izan zela nabarmendu du elkarteak.

Funcor kooperatibaren lorpenak

Euskal Herriko kooperatibagintzaren historian Esparza erreferente nagusietako bat dela dio elkarteak: “1955etik aurrera, Euskal Herrian hainbat proiektu kooperatibista abian jarri ziren, sistema kapitalistaren benetako alternatiba izatea lortu eta euskal nazioaren sorkuntza bultzatuaz. Ehunka lanpostu duin sortu zituzten, soldata justu eta laneko hartu-eman demokratikoekin. Giro horretan sortu zen Elorrion Funcor kooperatiba. Funcor, atzerrira teknologia esportatu zuen estatu espainiarreko lehenengo enpresa izan zen”.

Elkartearen hitzetan, “Euskal Herriko lehenengo doako Ikastolak sortu zituzten eta ondoren ikasketak egiten laguntzeko bekak eman. Garai hartan Suedian zuten moduko gizarte laguntza autogestionatu sistema osatu zuten”. Jorge Oteizarekin harreman estua zuten: Haur Unibertsitatea jarri zuten bertan martxan, eta “Euskal Kulturaren Berreraikuntzan” ahalegindu ziren, bestean beste,  Ama Lur euskal filmarentzako sostengu ekonomikoa lortuz.

Errepresioa

“Andoni Esparzak euskaldun askok amesten dugun Euskal Herria eraikitzen parte hartu zuen” oroitu du elkarteak. Horrek bere ordaina ekarri ziola azaldu du: “Garai hartako erregimen frankista (beste batzuen laguntzarekin), Esparza eta bere inguruko mugimenduak zapuzten eta zapaltzen saiatu ziren eta hein handi batetan baita lortu ere, Andonik kartzela ezagutu beharra izan baitzuen. Denborarekin bere errugabetasuna agerian geratu zen, epaileak ez baitzuen inongo deliturik ikusi bere ekintzetan, baina jada kaltea egina zegoen…”.

Miel Anjel Elustondok ARGIAn egin zion elkarrizketan kontatzen ditu hauek guztiak eta gehiago ere: "Abertzale larregi dago hemen!".

“Noiz, non eta nola sortu ziren kooperatibak” jardunaldiaren egitaraua

Martxoak 5, larunbata Gernikako Astran

JASO

10:00 "Andoni Esparza -José María Arizmendiarrieta, bi kooperatiba eredu kontrajarri"

 Jabier Lertxundi, Andoni Esparza elkartea

10:30  La otra experiencia liburua, Julia Itoiz, historialaria

11:00 "MCC (Mondragon Corporación Cooperativa)” Nekane Jurado ekonomialaria.

11:30 Komunikazio laburrak

HAUSNARTU

12:00 Talde dinamika

12:30 Galdera-ekarpenak, ezda/baida

SORTU

13:30 Hitz(b)ORObila Ekintza proposamenak

14:30 Bazkaria (10€)

16:00 Ekintza proposamenak abiatzeko lanketa

17:30 Amaiera