Araban euskara elkarteak eta euskaldunen elkarguneak gehiago dira txikiak handiak baino. Alabaina, bakoitza bere neurrian, lanean ari dira. Mugimendu horren erakusgarri izan dira Topaguneak antolatutako azaroko jardunaldiak.
Euskara Elkarteen federazio Topaguneak eta Arabako Foru Aldundiaren Euskara Zerbitzuak lankidetzan antolaturik egin ziren Topaketak azaroko bi larunbatetan Gasteizen. Gure hizkuntzaren erabilera azkartzeko bidean, topaketek “herritarrek euskararen egoeraren normalizazioan duten eta izan behar duten ezinbesteko funtzioaren inguruan hausnartzeko aukera” izan nahi zuten.
Gogoeta egitea ez ezik, elkargunea ere sortu nahi zuten antolatzaileek topaketen bidez, “Arabako koadrila eta herrietan euskararen alde daudenek elkarren berri izan eta etorkizuneko auzolan posibleetarako aukerak” ahalbidetzeko. Antolatzaileek euskararen erabilera indartzeko litezkeen esparru garrantzizkoenak –hots, lehenestekoak–, identifikatu eta ekarri zituzten topaketetara. Inondik ere, erabilera da kezka nagusia, hala Araban nola Euskal Herrian. Araban esaterako, 25 urtetik beherakoetan euskaldun da %70, nahiz eta erabilera txikia den zeharo. Egoerari buruzko gogoetak partekatzea zen topaketaren helburuetarik beste bat, jakinik, erabileraz denaz bezainbatean, norbanakoa dela eragilea. Esan zenez, nahitaezkoa da euskarak presentzia izatea eguneroko bizimoduan, ezinbestekoa euskararen herri dinamika areagotzea, herri erakunde eta gizarte eragileen arteko elkarlana handitzea eta eragileek egiten duten lana behar bezala aitortzea –zehar lerro gisa bada ere–, egiten den ahalegina ez dadin gerta bazterrekoa, hots, indarrak metatzeko balio dezan.
Lehenengo larunbatean (azaroaren 13an), mintzalagun egitasmoak eta kultur jarduerak lehenetsi zituzten antolatzaileek. Bigarren saioan, azaroaren 20koan, berriz, haur eta gaztetxoen aisialdiaz Sonia Perez eta Nagore Amondarain mintzatu ziren eta euskaldunon elkarguneen inguruko gogoeta egin zuten Iñaki Martinez de Lunak eta Iñaki Arrutik.
Mintzalaguna Gasteiz, Barrundia eta Gorbeian
Gasteizko mintzalagun egitasmoa Ane Pedruzok eta Naroa Cuestak, Geu elkartearen programaren teknikariek, aurkeztu zuten.
2007-2008 ikasturtean abiarazi zuten programa Gasteizen, hainbat eragileren ekimenez: Geu, AEK, Ika, Euskharan, EHE, Udaberri eta Hegoalde euskaltegiak, Bai & Bye… Udalaren Euskara Zerbitzuaren bitartez, berriz, egitasmoa Udalaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) barruan txertatu zuten.
Mintzalagun figurarekin batera, “guraso laguna” ere sortu dute Gasteizen, non ikastetxe bereko gurasoak biltzen diren, euskarari eraginez, gurasoak hizkuntza transmisioan elementu estrategikoak direla aintzat hartuz. Oraintxe, abian da programa hamalau ikastetxetan: martxan dira 85 lagun, hamaika taldetan banaturik.
Pedruzo eta Cuesta teknikariek komunikabideetan egindako lana –udaletxean bertan egindako prentsaurrekoak bereziki, baina irrati-prentsetan argitaratutako iragarkiak, batean eta bestean ezarritako afixak eta gainerakoak bazter utzi gabe–, mintzalaguneko teknikari edo dinamizatzaileen lana, sustatzaile taldeko kideen sostengua… Azken finean, mintzalaguntzaileak erakartzeko egindako ahalegin berezia azpimarratu zuten. Eraginkortasun handiko komunikazio kanpainak matrikulazioan eragitea zuen helburu. Aurten, 500 lagunetara iritsiko direlakoan daude, emakumezkoak, gehienbat. Orain dela hiru urte, aldiz, 227 ziren mintzalagun programako parte-hartzaileak Gasteizen.
Bestelako argazkia ekarri zuen Barrundiako Satola elkarteko ordezkariak. Gasteizen 500, Barrundian bost lagun dira mintzalagunak. Asko dira euskaraz ulertzen dutenak; gutxi, aldiz, hitz egiten ausartzen direnak. Taldean, batzuk entzutera ohi doaz, hiztunago dira beste batzuk…
Arabako geografia eta giza barreiatzearen adibide esanguratsua izan zen Barrundia, eta, halaber, ondoren hitz egin zuten Zuiako lagunena, hots, Zuia bereko Bidabarri, eta Urkabustaizeko Lan eta Jolas elkarteetako ordezkariena.
Zuian, izan ere, hogei kontzeju dira, hogeina lagunekoak! Dispertsioa dute lehen arazoa, eta lan egiteko baldintza nagusia. Helburua dute “euskararen presentzia ikusarazi eta entzunaraztea bertako herrietan”. Orain bi urte ekin zioten asmoari, Topagunearekin bildu ostean, eta jarraipen batzordearen, koadrilako euskara teknikariaren eta Topagunekoaren babesa du, udalen diru laguntza eta azpiegiturarekin batera. Egun, Urkabustaiz, Zuia eta Zigoitia biltzen dira Zuian berean, eta harremanak dituzte Legutio, Aramaio eta Arrazua-Ubarrundiako herrietako mintzalagunekin.
Gorbeia aldeko mintzalagun egitasmoaren koordinatzaileak adierazi zuenez, 6.000 lagun dira bertan, hamaika herritan sakabanatuta. “Eta nork bere herrian nahi du programa, nork bere ordutegian… Lanak dira taldea sortzeko garaian. Hala ere, 31 lagun ginen iaz, sei taldetan banaturik, eta, aldiz, 44 lagun aurten, zortzi taldetan”. Hiru-lau hilabetean behin, ekintzaren bat antolatzen dute Gorbeia aldean.
Agerikoa denez, Gasteizen zein Gorbeia aldeko herri txikietan barrena, mintzalagun egitasmoak elkartu egiten du euskara hiztuna, euskararen aldeko ekimenak lotzen ditu haiek, harremanak lantzera daramatza, eta ekintza nagusien bitartez jende arteko harremanak estutzea lortzen dute. Eta leku guztietan ere, giza baliabidea da oinarrizkoena, nahitaezko koordinatzailearen irudia, eta haren dinamikotasuna.
Askoz sortzaileago
Kultur jarduerei eskainitako atalean, gogoeta sakona egin zuten Igor Elorzak eta Gotzon Barandiaranek “Kalea, auzolana eta bizipoza” izenburupeko hitzaldian. Haien txandaren ostean, Arabako Bertsozale Elkarteak 2010ean antolatu duen Koadrila arteko Bertso Txapelketa aztertu zuten Oihane Pereak eta Asier Lafuentek, eta Laudioko Basalarrina elkartearen ordezkariek, aldiz, Kantuzaleak egitasmoa azaldu zuten.
Igor Elorzak eta Gotzon Barandiaranek ekintza zehatzen inguruan ez, baina gogoetari eskaini zizkioten beraien tarteak, Mendebaldeko kulturgintza ereduak gurean zenbateraino diren aplikagarri, zenbateraino baliagarri, erantzun ziurrik ez duen bideetan barna galderak ausart eginez.
Euskara bizi eta bizirauteko lanean ari direnei zuzendu zien hitzaldia Igor Elorzak, “Europako hizkuntza zaharrenetariko bat bizirauteko” lanean ari diren super gizon edo super emakumeei. Oharra ere egin zuen: “Gu gara hori egin dezakegun bakarrak”.
Mendebaldeko kulturgintza eredua aztertu, “ikuskizun, kontsumo eta bestelakoetan oinarritutakoa”, Elorzak azaldutakoaren arabera, eta Europako hiritar garen aldetik eredu horrek guretzat ere baietz, balio duela esatearekin batera, ezezkoa ere bota zuen: “Ez, ez digu euskaldunoi balio. Askoz sortzaileago izan behar dugu, jarrera sortzailea eta jokabide ekintzailea izan behar ditugu”.
Herri kulturgintza ardatz proposatu zuen Elorzak, hots, ikastolak, alfabetatzea, euskara elkarteak eta beste ekarri dituen kulturgintza mota. “Jende eta espazio publikoa dira gure indarguneak, hor inor bano indartsuago gara, atez atekoan geure buruei burua ari garelako”.
Espazio publikoaren garrantzia azpimarratu zuen–ez zen izan goiz hartan hori entzun zen aldi bakarra–. Herri bizitzan txertatu beharra aldarrikatu zuen eta eragileekin sarea ehuntzeko premia.
Batzuk, bertsoz; kantuz, bestetzuk
Arabako kultur esperientziei eskainitako tartean, herrialdean aurten egin den Koadrila arteko Bertsolari Txapelketaren berri emateko txanda izan zen. Oihane Perea bertsolari eta antolatzaileak azaldu zuenez, Arabako Bertsolari Txapelketa izan zuen abiapuntu aurtengo txapelketa ezberdin honek. Krisi zantzuak saihestu zituzten, errepikak eta inertziaren arriskua, mimetismoa… Egoeraren gaineko hausnarketa egin eta heldu ziren formula berrira, hau da, koadrila arteko txapelketara.
Parte hartzea zen helburu, bertso eskolak indartzea. Esaterako, ezinbestekoa zen koadrila taldeak hogei lagun osatzea: kantari, antolatzaile, epaile, kronikari, argazkilari eta gisakoen artean. Txapelketak bertsolari eta bertso zaleen arteko etena hautsi nahi zuen, eta lortu du; hein batean betiere. Bertsogintza herrikoiaren eredua indartu da, txapelketak herriak eta eskualdeak aktibatu ditu, bertsolaritza eta euskara ardatz, eta bertso eskola eta euskara elkarteen arteko harremana sendotu du –“denok lan berean ari gara” entzun zen goiz hartan hainbatgarren aldiz–, udal teknikari, euskaltegi eta bestelakoak bilduz, eta euskararen presentzia kalera ekarriz.
Laudiotik heldu zen goizeko azken esperientzia, “Kantuzaleak” izenekoa, Basalarrina elkartearen ordezkarien eskutik.
Kontatu zutenez, duela hiruzpalau urte sortu zen ideia, Euskaltzaleen txokoko lagunen baitan. Kantu tailerra egin zuten eta ikastaroa Basalarrina elkartean, kantu zaletasunari segida emateko asmotan, eta “euskararen herri presentzia bultzatzeko, erabilera sustatzeko, euskarari herri mailan bide emateko”.
Lau urte dira hiruzpalau hilabeteko ikastaro trinkoa egin zutenetik. Harrezkero, “borondaterik onenez”, kalera irteten dira kantuan hilean behin, hileroko laugarren martitzenetan, hamabost-hogeiren bat lagun, institutuko musika irakasle Itziar Duandikoetxearen irakaspenei jarraika. Kantatzen dute Laudioko kaleetan hilean behin, elkartean bertako kantu afarian urtean birritan, auzoko jaietan, Euskararen Egunean eta ohiko jai egun handietan, dela San Blasetan edota Eguberritan. Argitaratuak dituzte kantu liburuttoak, baliatu dituzte Internet eta karaokeak, dastatu dute kantuak dakarren eztitik, eta inoiz deserosotasun eta erridikulu sentipenaren ozpinetik.
Arabako Euskaldunon Elkarguneen Topaketak bukatu ziren. Bitartean, lanean dira euskara elkarteak Araban, eta bertako langile eta laguntzaileak, ogi gogorrari hagin zorrotzez ekinda.
Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela. Proiektu zabalago bateko... [+]
Kabia gune okupatuaren 19. urteurrena ospatzeko jarduerak egingo dituzte gaurtik domekara bitartean, apirilaren 24tik 26ra. Bi hamarkada betetzear dagoen gune autogestionatu honek hainbat gorabehera izan ditu bere ibilbidean, eta, Udala bultzatzen ari den Hiria Antolatzeko Plan... [+]
24 talde berri iragarri ditu Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak. 63 talde iragarri dituzte dagoeneko eta guztira, 100 talde izango dira jaialdiko bost eszenatokietan.
Izaki Gardenak
Noiz: apirilaren 20an.
Non: Iruñeko Gazteluko Plazan.
-----------------------------------------------
Ordu erdia baino ez da falta Iruñeko Gazteluko Plazan kontzertua hasteko; baina erdi hutsik da oraindik, euria ari baitu. Porlanezkoa nahiz ez den,... [+]
Zelenskiri Ukrainako gerra amaitu behar duen bake akordioa "arriskuan" jartzea leporatu ostean, Putini egin dio errieta Trumpek bere sare sozial Truth Socialen. Sergei Lavrov Atzerri Ministroak adierazi du bake akordioa adosteko prest dagoela Errusia. Kievek jakinarazi... [+]
Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.
2026ko hauteskundeei begira, zutabe bat ireki du Enbata-k. Plantan emanak izanen diren zerrenda abertzaleen hautagaiei ideia kutxa bat eskaini nahi die, beren programak Herriko Etxeen eskumeneko sail ezberdinetan eraikitzeko. Hilabete honetan, Herriko Etxeek euskararen alde egin... [+]
Urduñako 2022-2042 Onura Publikoko Mendia Antolatzeko Planaren parte da ekintza, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren babesa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren laguntza jaso du.
Alain Esquerrek idatziriko Le silence de Bétharram (Betharramgo isiltasuna) liburuan eman du lekukotza Helene Perlantek, François Bayrouren alabak. 1980ko hamarkadan egon zen ikastetxe katolikoan ikasle eta berrogei urte luzeetan isilik atxiki ditu bertan jasandako... [+]
Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]
Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.
Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestaren 42. edizioa iraganen da maiatzaren 11n Senperen.
Bilbotik abiatu eta Barakaldoko ITP Aero eta Getxoko Sener enpresen paretik pasako da bizikleta martxa, bi enpresa horiek "ekoizpen militarraz arduratzen direlako", antolatzaileen aburuz. Azken aldian ematen ari den armamentu gastuen hazkundea salatzeko protesta izango... [+]
Aurten 1.500 ardi inguruk zeharkatu dute Kale Nagusia, bost artaldetan banatuta. Idiazabal Gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin da, udaletxean. Garena Jatetxeko Julen Bazek eta Peli Perez de Anuzitak moztu dute gazta.
1997an plazaratu zuen Maddi Oihenartek (Barkoxe, 1956) lehen diska, Lurralde zilarra, Mixel Arotze eta Mixel Etxekoparrekin batera. Txiki-txikia zenetik barrenean dituen paisaiak, isiltasunak eta soinuak partekatzen dizkigu kantuan ari denean. Kantatzean aurreko ahotsen... [+]