Azken urteetan Lapurdiko kontserbatorioan euskararen eta diziplina tradizionalen presentzia handitu da eta euskal dantzako ibilbideari forma ematen ari dira; irailean hasi da lehen zikloa. “Herri Elkargoa sortu zen Iparraldean eta nahi zuten herri musika eta herri dantzaren departamendua garatu. Horretarako bi postu sortu dituzte duela hiru urte eta momentu horretan sartu nintzen kontserbatorioan”, Marie Hirigoienek Maurice Ravel kontserbatorioan esku artean darabiltzaten asmo eta proiektuak azaldu dizkigu Dantzan Ikasi topaketetan. “Erraten ahal dugu momentu handia dela politikoki gauzak aitzinarazteko eta horretan ari gara gauzak sortzen eta garatzen, euskara eta euskal kulturari lekua eginez”.
Txistuko eta kantuko irakasleen lan postuak atera ziren lehendabizi eta orain, lanaldi osorako ez bada ere, atabala eta txalaparta ere sartu direla azaldu du Hirigoinek. Bestalde, trikitian ba omen zen aukera kanpoko irakasleekin goi mailako ikasketak egiteko, eta aurten postu berri bat izango omen da trikitian. Horrela, azken urteetan musikan garatu den bezala dantzan ere garatu nahi dute ibilbidea.
Horretarako, ordea, kontserbatorioaren maila kontuan hartu behar da, “Frantzian kontserbatorioek badute maila bat: herriarena, herri elkargoarena, departamenduarena... badira maila ezberdinak eta Iparraldekoak badu goi mailakoa”. Duela zazpi, ordea, jakinarazi zitzaien maila horretan jarraitzeko antzerkiaren saila eta dantzaren hirugarren gaia falta zitzaiela. “Bazen klasikoa eta garaikidea eta behar zuten garatu hirugarren diziplina bat”.
Hirugarren gai bezala dantza tradizionala sartzeko apustua egin zen, “ministerioak eman du duela zazpi urtez hirugarren dantza diziplina behar zutela garatu eta adibidean sartzen zuten euskal dantza. Hori berrikuntza biziki handia da eta beraz politikoki duela 2-3 urte idatzi zuten baimena badugula”. Behin lanpostuak sortuta eta politikoki baimena eskuratuta, duela bi urte hasi ziren lantzen IDBrekin eta EKEarekin euskal dantzako ibilbidea.
Hiru ziklo aurreikusten dituzte: lehen zikloa LHko ikasleentzat, bigarrena DBHkoentzat eta hirugarrena Batxilergokoentzat.
Irailean hasi dira lehen zikloarekin, “helburua da sortzea eskola batean, eta hor lotura egiten dugu eskolekin, sortzea klase bat lehen zikloa ikasteko euskal dantzan eta musikan”. Aipatzen du beraientzat inportantea dela dantza eta musika lotzea, diziplina bakoitzaren egoera oso ezberdina baita, “musika eskolak antolatuak dira herrialdeka eta euskal dantzan taldeak dira, musikan diplomak existitzen dira, dantzan ez. Bada desberdintasun handia, baina denek erraten dute biak lotuak direla. Pentsatu dugu zerbait sortzekotan hastapenetik lotuta astea bikaina dela”.
Oso baliagarria eta eraginkorra den ordutegi egokituko ikas mailen aukera ere azaldu du, “hamabost ikasleko klase batean bigarren edo hirugarren urtetik goiti parada dute edo musika edo dantza ikasteko. Badute arratsalde bat edo bi eta ateratzen dira klasetik eta kontserbatorioko irakasle batekin segitzen dituzte ikasketak”. Ez da gehigarri bat edo eskola kanpoko ekintza bat, eskolako orduetan egiten dute.
“Hendaian hasiko gara irailetik goiti hori plantan ezartzen eta helburua da klase batekin hastea aurten, datorrenean izanen dira biak eta hiru urteren buruan dena ezarria izanen da. Eta ondotik kolegioekin DBHko ikasleekin normalki irekitzen dira klase horiek eta posible da lehen eta bigarren zikloa segitzea horrela”.
Bigarren zikloa azaltzeko Zabala moduluarekin lotu du Hirigoienek. Zabala modulua duela hamar bat urte hasi zen EKE, IDB eta kontserbatorioaren arteko proiektua izan zen, “haur batzuek herrietan dantza egiten zuten, baina batzuk nahi zuten oren bat baino gehiago praktikatu, urrunago joan, teknika gehiago ikasi. Beraz proposatu zuten modulu bat kontserbatorioan non ikasleak heldu diren hiru orenez”.
Ordu bat eta erdi euskal dantzan egiten dute eta beste ordu bat eta erdi garaikidean, “klase horietan bada norbait kontserbatorioan lan egiten duena, Bilaka konpainiarekin lotua da hiru urtez eta baziren kanpoko jendea inguruetako teknikak irakasteko: Gipuzkoa, Bizkaia, Zuberoako... dantzak”.
Zabala modulua momentuz bere horretan mantenduko dute, baina helburua da bigarren ziklo bat izatea eta kontserbatorioz kanpoko ikasketak ere bertan sartzea, “guretzat biziki garrantzitsua da musika eta dantza ez bakarrik kontserbatorioan, baizik lotura atxikitzea dantza taldeekin eta herrian egiten dituzten gauzekin”. Horretarako hitzarmen bat sortu dute IDBrekin eta programan sartu dituzte ordu batzuk, kanpoan egin behar dituztenak: taldeetan, ikusgarrietan, kaskarotetan...
Helburua da kontserbatorioan existitzen ez den hirugarren ziklo hori sortzea, “sortu dugu maketa pedagogikoa, lotura bermatzen duena herriko dantza taldeekin. Bakoitzak beharko du bere herrian dantza ikasi eta kontatuko du bere ibilbidean”. Kontserbatorio barruan edo euskal dantza klaseak jasoko dituzte, baita garaikidea, klasikoa eta barrokoa ere.
Hala ere, behin eta berriz azpimarratu du kontserbatorioz kanpoko ikusgarrietan eta ekimenenetan parte hartzearen garrantzia; horretara bultzatuko dituzte ikasleak, azkenik, proiektu artistiko bat sortu beharko dute: “testuinguruak du garrantzia, ez gauza artifizialak sortzea. Haien herrietan ere zerbait muntatu dezatela zentzua duena kulturan eta parte hartzean”. Egun azterketak pasa behar izaten dira musikan, “baieztatu dugu zuzendaritzarekin hori kentzea eta artistikoki aurkezten duten gauzak kontatzea, haien ebaluazioa horretan jarriko da eta ez testuingurutik kanpo, kontserbatorioan, epaileekin”.
Orain arte euskal dantza edo dantza tradizionala ez da existitzen diplometan, hor dekretu bat atera da eta normalki lege bat aterako da. Hirigaraik dio urteak eta urteak pasa dituztela pentsatzen oso inportantea zela diploma bat irakasleak formatzeko, herriko taldeetako irakasleen prekarietatea kentzeko, estatus bat izateko... baina bide horretan arriskuak badirela ohartu da: “dekretuaren arabera nahi dute sortzea diploma, baina ondotik erraten dute beharrezkoa izanen dela diploma ukaitea eta baldin badira irakasleak ez dutena diploma isunak ordaindu beharko direla”.
Hori desastrea izan daitekeela uste du kontuan hartuta dantza taldeen baldintzak eta funtzionamenduak nolakoak diren. Batzuk bi maila bereizteko borrokan hasiak direla dio: “kontserbatorioetan aritzeko diploma biziki ontsa da, talde batzuk profesionalizatzeko, baina atxikitzea baita ere baimena herri txikietan eta aritzeko arazorik izan gabe estatuarekin”.
Pixkanaka ari dira urratsak ematen eta agertu daitezkeen arazoez ohartuta badaude ere positiboa da Hirigoien “ona da kontserbatorioko zuzendariak, nahiz eta ez den hemengoa, ulertzen duela non dagoen eta zein diren gure problematikak. Eta segitzen gaituzte gure proposamenetan”. Eta normalki diploma nazionaletan ez dagoen pedagogia ere sortu dute, “inportantea da ze ainitz jende ari da gakorik gabe, baina gauzak aitzinatuak badira beste manera batez arituko gara hemendik gutxira”. Eta egindako zenbait aurrerapen mahai gainera ekarri nahi izan ditu: murgiltze ikastaroak konpainietan, jaialdiak, masterklasak, klaseak eta azterketak euskaraz...
Iurretan 1995ean andreek soka-dantza nola plazaratu zuten idatziz jasoa du Jon Irazabalek. Izan ere, 1837ko San Migel jaietan emakumeek osatutako aurreskua dantzatu zela ikusita, arrasto haiei jarraika, kopla doinuz lagundutako soka-dantza ikasi eta kaleratu zuten Iurretako... [+]
Dantzaren munduan gabiltzanok askotan errepikatzen dugun ideia da dantza efimeroa dela. Elhuyar hiztegiak espainoleko "efímero"-ren ordaintzat ematen ditu honakoak: efimero, suntsikor, galkor, iragankor, iraungikor, ilaun. Ez dut gogoan nori irakurri nion... [+]
Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako ezpata-dantzako entseguetan dabiltza azken hilabetean. Hamabost atera ohi dira dantzara, eta besteak titularren batek hurrengo urteetarako lekua utzi zain daude.
Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko... [+]
Iruñeko alkate Joseba Asironek prentsaurrekoan iragarri duenez, Duguna dantza taldeak jaurtiko du 2024ko Sanferminetako txupinazoa. Duguna izan da Iruñeko herritarren boto gehien jaso duen hautagaitza. Hain zuzen dantza taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen... [+]
Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]
Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.
Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.
Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]
Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]
Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de... [+]
Baztango herrietako festetan Mutil-dantza parekideak egitea “mugarri garrantzitsu bat gainditzea” dela adierazi du Plazara Dantzara taldeak. Hala ere, azpimarratu du dena ez dagoela “irabazita” eta oraindik “bide luzea” dutela egiteko.