Europako laborantza politika ulertzeko klase magistrala Iker Elosegiren eskutik

  • Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailea mintzatu da Egonarria saioan. Laborantzako eredu talkaz hitz egitean eta traktoreak kalera atera direnean, beti aipatzen da ditxosozko erderazko "PAC"-a, hau da, Europako Nekazaritza Politika Bateratua. Europako hauteskundeak gainean diren honetan, Iker Elosegik azaldu du Europako politika bateratua zein testuingurutan eta zertarako sortu zen; zer laborantza eredu sustatzen duen eta zein modutan; diru-laguntza gehienak lur jabe handiei banatzen zaizkiela laborariei banatu beharrean... hori guztia eta gehiago, guztiok ulertzeko moduko hitzetan esana.


2024ko maiatzaren 31n - 09:38
Azken eguneraketa: 10:52
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Egonarria saioa entzuteko gonbidapena egiten dizu artikulua sinatzen duen honek. 32 minutuan Iker Elosegik argi azalduko dizu goreneko instituzioetatik behera bultzatzen den laborantza eredua zein den; egungo elikadura sistema diru-laguntzen zein menpekoa den; traktore festak lortu duena agroindustriaren mesedetan dela eta "amaieran horma duen tunel ilunean" azeleratzera bultza dituela laborariak; energia berriztagarriak laborantza lurretan ezartzeari buruz duen iritzia... Plazera da Elosegi entzutea, tonu gozo eta hitz xumetan.

 

Esanak esan irakurtzen tematu bazara, hona Elosegik dotore azaldutako hainbat ideia zakarki laburtuta:

Europako Laborantza Politika Bateratua zertarako?

Kalean erdarazko "PAC" esaten zaion hori zein testuingurutan sortu zen azaldu du Elosegik: "1960ko hamarkadan sortu zen, Europa mailan egoera berezi bati aurre egiteko asmoz: II. Gerla Mundialaren ondorioak kudeatzea, bereziki elikadura eta elikadura ekoizteko sistema guztia. Orduko oinarriak izan zirenEuropa berriz gai izan behar zela bere biztanleak elikatzeko, egoera katastrofikotik atera behar zela eta asko ekoiztu behar zela, modernizatu eta abar". Garai horretan eta modu horretan sortutakoa da egun indarrean dugun laborantza eta elikadura sistema osoa.

Helburu horiek lortzeko zer egin du Europako Laborantza Politika Bateratuak? Laborantza industrializatu. Elosegiren hitzetan: "Bereizitu egin ditu etxaldeak: garai batean etxalde batean baldin baziren haragitako behi zenbait, urde batzuk, oilasko batzuk, alor batzuk, baratze eta istorio, etxalde horiek bereizitu bilakatzen dira, eman dezagun, esne behiak dituzte bakarrik. Etxaldeak bereizitu egin dira eta baita ere intentsifikatu egin dute haien ekoizpena. Denbora berean, erori egin da etxaldeen kopurua, baserritarren kopurua, eta leku batzuetan ia desagertu ere egin dira. Horiek denak PACaren ondorioak dira".

Jatekoa merkea izan dadin, herritarren zergetatik banatzen diren diru-laguntzetan oinarritutako sistema

“Elikadura merke izan behar da bezeroentzako. Ez da onartzen ahal karioegi izatea elikadura eta jendea gosez izatea”, hori da, Elosegiren hitzetan, Europako Laborantza Politika Bateratua sortu zenean politikariek zabaldu zuten mezua. Horretarako, "industrializazioak behar zuen eredu bat" ezarri dute martxan laborantzan: "Etxaldeak produktu homogeneizatuak ekoiztu behar dituzte, industriak ahal bezain merke eros ditzan horiek transforma ditzan, eta gero garraioak ahal bezain merke eros ditzan horiek eta guri saltzeko, bezeroek eros ditzagun". Gogora ekarri du munduko hainbat lekutan prezioen igoerek sortu izan dituzten iraultzak (2008an Egipton ogiaren prezio igoerak ekarri zuena jarri du adibidetzat) ez direla Europan ematen, "jendeak jatekoa 'aski merke' lortzen baitu". Baina horren ifrentzua da laborariei bizirauteko diru-laguntzak banatu behar zaizkiela.

Elosegik argi du: "Bihar bertan Europak erabakitzen badu 'ez da gehiago laborantza politika bateraturik', Europa guztiko laborantza sistema eroriko da, eta segituan!". Diru-laguntzarik batere gabe biziri diren laborari oso gutxi batzuk badirela esan du: baratzezainak batez ere. Baina diru laguntzak jaso zein ez, zera ohartarazi du: "Nik ez dut ezagutzen Euskal Herri guztian (izango da baten bat, baina ez dut ezagutzen) laborantzaz aberastu denik, aktibitate ekonomiko horrekin. Laborariak xuhurki bizi dira, gehienetan nekez, batzuk oso gaizki. Eta kontuan hartzen bada zenbat irabazten duten lan orduko, miseria bat da. Beraz, ofizio hori gehienetan jendeak egiten du maite duelako: badaki lana dela baina ez du jaberik, bera da bere buruaren nagusi eta badu harreman bat ingurumenarekin, hiritarrek igande eguzkitsu batzuetan ere ez dutena. Horrek asetzen ditu, baina ekonomikoki zail dago".

Nondik datoz diru-laguntzak? Elosegiren esanetan, "bezero guztiek, erosten dugun aldi oroz IVA dela, BEZa dela, TDA dela, nahi den bezala erraten da, baina zerga horiekin, azkenean, estatu bakoitzak Europar Batasunari ematen dio dirutza bat. Eta Europako dirutza horren zati handiena laborantza politika pagatzeko baliatzen da".

Batez ere lur jabe handiak diruztatzen dituzten diru-laguntzak

Europako diru-laguntzen banaketa "ez da batere justua", Elosegik salatu duenez: "Beti da berdin, zenbat eta etxalde handiagoak, lur eremu handiagoak, behi kopuru handiagoa, ardi kopuru handiagoa, nahi duzuen guztia handiagoa, orduan eta diru-laguntza gehiago". Horrek laborarien artean produktu bakarra ekoizteko eta ahalik kantitate handienean ekoizteko logika sustatzen du, eta laborarien arteko lehia. Elosegi: "Horri gehitzen zaio eremua handituta diru-laguntza gehiago direla, eta horrela gertatzen da gertatu dena. Ikusi Araban, etsenplu bat emateko, zenbat etxalde dauden orain, ze eremu mota diren, ze hektarea kantitate dituzten... Handiak dira. Joan beste eskualde batzuetarat eta hori bera ikusten da".

Elosegik salatu du diru-laguntza gehien eskuratzen dituztenak "laborantzatik oso urrun diren lur jabe handiak" direla. Entzuleak zirikatu ditu: "Espainiako erresuman, zuen artean, badauzkazue halako batzuk, Andaluzian edo Extremaduran, lehengo jauntxo horien oinordekoak. Hor dauzkazue milaka euro bilduz, deus egin gabe".

"Diru-laguntzei gehienezko kopurua ezarri behar zaie eta pertsonako eman behar dira, ez etxaldeko"

Europako erabakiguneetan ereduen arteko talka badagoela azaldu du Elosegik: "Parlamentuan debate hori izan da, ez da orain esango dudan bezain sinplea, baina diru-laguntzak mugatu beharraz eztabaidatu da: etxalde batek ez dezala hainbeste mila euro baino gehiago eskuratu ahal izan urtean. Neurri hori oso diputatu gutxiren aldeagatik ez zen onartu. Eta beraz, segitzen da mugarik gabeko diru-laguntzak eskuratzeko aukerarekin".

Laborantza eredua aldatzeko proposamen asko egin direla azaldu du. Neurri zehatz bat nabarmendu du: "Oso sinplea litzatekeena, diru-laguntza publikoa pertsonaka ematea eta kopuru mugatu batekin, eta ez etxaldeka. Etxaldeka egiten delarik, etxalde bakoitzak nahi du ahal bezainbat diru bildu. Aldiz, egiten bada pertsonaka eta tope bat emanez, beste txip bat sartzen da laborarien buruan: ez dut handitu beharrik, beraz, ez dut lanez ito beharrik diru-laguntza maximizatzeko. Nik badakit diru-laguntza dudala pertsona bakoitzeko, beraz, honekin moldatuko naiz eta ene lan baldintzak hobetuko ditut. Iparraldean ikusten dugu laborariak nola ari diren intentsifikatzen edo haien ardi kopuruak eta abar handitzen, eta beraz, lan karga handitzen. Eta pertsona batek lan ahalmen batzuk ditu, egunak 24 oren ditu, ez gehiago, beraz, mugak hor daude".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EHko Laborantza Ganbara (EHLG)
2023-11-10 | Euskal Irratiak
Ostiralean ireki ditu ateak Lurramak, Iparraldeko laborantza iraunkorraren saloiak

Emazteek laborantzan leku garrantzitsua izanik ere, ainitzetan gizonen itzalean izan dira. Hori aldatu nahian, emazteak erdigunean ezarriko dituzte aurten Lurraman.


2023-07-11 | Enbata
Emazte laborariak argitan

Azaroaren 10, 11 eta 12an, Biarritzeko Irati gelan iraganen den Lurramaren 2023ko edizioaren kari, emazte laborariak argitan ezartzea erabaki du Lurrama elkarteak, «Emazte laborariak argitan» tematikarekin.


2023-07-06 | Euskal Irratiak
Emazte laborariak argitan aurtengo Lurraman

"Emazte Laborariak Argitan"  izanen da aurtengo Lurramaren leloa. 27 emazte laborari agertzen dira afixan. Haien rolak, engaiamenduak, eskumenak eta berezitasunak azpimarratuko dituzte heldu den azaroaren 10, 11 eta 12an, Miarritzeko Irati gelan.


2022-11-11 | Euskal Irratiak
“Mendiaren erabilpena lehen baino gehiago kudeatu behar da”

Lurrama, laborantzaren saloina Miarritzeko Irati gelara itzuliko da aurten baina kasu, ostegunetik larunbatera iraganen da 17. edizioa. "Mendiguneak bizirik!" hautatu dute lema gisa eta Pirinio inguruko laborariak gomitatuak dira.


Aurtengo Lurramak mendiaz gogoetatzeko aukera eskainiko du azaroaren 10, 11 eta 12an

Miarritzeko Irati aretoan iraganen da laborantza herrikoiaren besta. Besta eta hausnarketa uztartuko dituzte hiru egunez, laborantza industrialaren parean garaturiko eredu herrikoia ezagutarazteko xedez.


2022-06-28 | Leire Artola Arin
Baserriko lurrak iraultzeko eskuak falta dira

Begi-bistakoa da Euskal Herriko baserri tradizionalen eredua jada agortu dela, eta gero eta gehiago mugatzen ari dela folklorearen iruditerira. Azken bi hamarkadetan baserrien %70 galdu dela kalkulatzen da, eta baserritarrek zein adituek ohartarazi digute belaunaldien arteko... [+]


2022-05-17 | ARGIA
Baserritarren erretiroan eta etxaldearen transmisioan laguntzeko gogoetak

Laborariek erretreta hartzean eta etxaldearen transmisioa egiterakoan aintzat izan beharrekoez hainbat topaketa antolatu ditu Euskal Herriko Laborantza Ganbarak, uztaila bitarte. Galdera eta kezka guztiez gogoetatzeko parada izan nahi dute topaketek.


2022-04-19 | ARGIA
Mixel Berhokoirigoin omenduko dute Euskal Herriko Laborantza Ganbararen festan

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) maiatzaren 7an ospatuko du 17. urtebetetzea, Ainhiza Monjolosen. Egun berezia izango da, urtebete izango baita Mixel Berhokoirigoin laboraria hil zela.


2021-11-05 | ARGIA
Hiru etxaldetik batek segida kolokan dauka Ipar Euskal Herrian

Hiru etxaldeetatik batek ez du segidarik Ipar Euskal Herrian eta azken 30 urtetan 2.500 etxalde galdu dira Euskal Herrian. Arazo honi aurre egiteko, Laborantza Ganbarak 2019an etxaldeen transmisioa lantzeko lanpostu bat sortu zuen eta orain diru biltze kanpaina aurkeztu du,... [+]


2021-10-26
6.000 lagunetik gora elkartu dira Lurraman “lur elikatzailea” defendatzeko

Urriaren 24an 6.000 pertsona baino gehiago elkartu dira Arbonan, "lur elikatzailea defendatzeko". Izan ere, urtero elikagaietarako 650 hektarea lur desagertzen direla nabarmendu dute antolatzaileek. 120 egunez lurrak ez saltzeko egindako borrokari Lurrama festara... [+]


2021-10-19 | ARGIA
Aurtengo Lurrama Arbonan izango da, okupazioaren garaipena ospatzeko

Lurzaindiak eta ELBk jakinarazi dute Arbonaren okupazioa urriaren 24ean amaituko dela, eroslea erretiratzea lortu baitute. Urriaren 24ak, okupazioaren 120garren eta azken eguna markatuko du eta bertan egingo da 2021eko Lurrama berezia.


Herri oso bat sar daiteke Arbonan

Erosleak azkenean ez ditu Arbonako etxe eta lursaila erosiko. ELB eta Lurzaindiako kideen eta hauei juntaturiko herritarren aitzinean amore eman behar izan du. Okupazioak oraindik segitzen du, saltzaileak 3 milioi euroren gose segitzen duelako eta negoziaketa fasean okupaziotik... [+]


Eguneraketa berriak daude