Etxolak zuhaitzetan, Europako aire zabaleko meategirik handiena gelditzeko

  • Alemaniako mendebaldean munduko makina automatizatu handienek (100 metroko altuera, 200 metro luze eta 14.000 tona) lurra irensten dute eta liseriketaren ondoren kalitate baxuko ikatza iraizten dute, zentral termikora eramateko prest. Meategiak, 1978an ireki zenetik, Hambacheko basoaren %90 desagerrarazi du eta duela zortzi urte ekintzaile talde batek zuhaitzetara igotzea erabaki zuen geratzen den baso zatia defendatzeko. Gobernuak basoa mantentzeko proposamena parlamentura eraman duelarik, ekologistentzat ez da nahikoa eta zuriketa kontua besterik ez dela salatu dute  2018ko irailean desalojo arriskua zela eta iritsi zen  Mike Hambachera eta gaur arte han bizi da.

Argazkia: Itziar Bardaji Goikoetxea

2020ko martxoaren 27an - 09:45

Zergatik egin aurre meategiari?

Europako azkeneko baso primarioetako bat defendatzeaz gain, Alemanian ikatzaren aurkako mugimenduan beste eredu energetiko baten aldeko apustua egiteko.

Meategiaren aldeko argudio bat da lanpostuak sortzen dituela.

Ez dago lanposturik hildako planeta batean. Ezin da onartu lanpostuak 15 urte gehiago luzatzea horrek dakarren suntsiketarekin alderatuta. Alternatibak bilatu behar dira.

Zortzi urteko erresistentziaren ondoren, zeintzuk izan dira mugimendu honen lorpenak?

Jendearen ekintza zuzenaren bitartez, inongo delegaziorik gabe, GKE edo alderdi politikorik gabe, Europako aire zabaleko meategirik handiena gelditzea posiblea dela erakutsi dugu. Berez, gelditzekotan daude. Horrek ez du esan nahi basoa biziko denik, ur kontuengatik, oraindik azpijokoekin jarraitzen dutelako haien asmoak aurrera eramateko. Edonola ere, hemen egin den indar erakustaldia azpimarratu egin behar da. Eta, gainera, estatuarekiko autonomoa den eremu bat sortzea lortu dugu.

Nola eragin du borroka honek gizartean?

Desalojo garaian 50.000 pertsona elkartu ziren manifestazioan baso sarreran, jendearen mobilizazio masiboa. Gainera Aachenen, gertuko hirian, saltokietan gure aldeko eta ikatzaren aurkako kartelak ikusten dira. Alemanian eragin zuzena izan dugu, gaiari buruz hitz eginarazi dugu. Ikatzaren komisioak, ikatzarekin zenbat urte jarraituko den erabaki behar duenak, beraien txostenean baso honi buruz hitz egiten du. Zonaldeko herritarrengana ere heldu da. Jende askorentzat Poliziaren etengabeko presentzia, aldiro kontrolak jasatea, aldiro prentsan agertzea eta horrelakoak, nekagarriak dira.

Argazkia: Itziar Bardaji Goikoetxea

Zeintzuk dira meategia mantentzeko arrazoiak zure ustez? Ikatzik gabeko energia hornikuntza posiblea al da?

Ezin da. Natura zaintzeko guztiz aldatu behar dugu kontsumoa ulertzeko modua. Ezin da amesten jarraitu, ezer kutsatu gabe bizimodu berari ez diogu eutsiko. Aldaketa sakona egin behar dugu eta horretan denok nabarituko dugu ondorioa.

Beste energia ekoizpen modu batzuetara trantsizioa egiteko apustua defendatzen duten eragile ekologistekin elkarlana egiten duzue?

Bai, adibidez Ende Gelände-rekin, baina beti oso kritikoak gara diskurtso erreformistekiko eta benetako aldaketa bat bilatzen ez duten erakunde tradizionalekin. Hauek masa kudeatzaileak dira, masak beraien ildotik eramatea bilatzen dute eta guk aldiz autonomia eta norbanako bakoitzaren benetako inplikazioa asko baloratzen dugu.

Eta nolakoa da elkarlan hori?

Guk ez dugu inoiz ekintzarik egin edo egiteari utzi beste eragile bat pozik edukitzeko. Guk gure ildoa jarraitzen dugu eta gero besteek erabakiko dute guri babesa eman ala ez. Bestalde, guk ere gure sinpatia erakusten diegu eroso sentitzen garenei.

Basoak beti erabili du taktika aniztasuna. Horrek esan nahi du askotariko ekintza maila babesten eta onartzen direla. Denen indarra da ongi etorria, legalak edo ilegalak diren irizpidetzat hartu gabe edo beste batzuei ez zaiela gustatuko pentsatu gabe. Eta hala ere, hainbeste jende mobilizatzea, hainbeste jendek babesa erakustea lortu dugu. Horrek erakutsi digu ez dugula gure borroka moldea apaldu behar besteak ez izutzearren. Batzuetan beldurra ematen digu erradikal jarraitzeak  eta, hain zuzen, guk kaña sartzen lortu dugu horrelako babes handia.

Argazkia: Itziar Bardaji Goikoetxea

Zeintzuk dira zuen borroka moldeak?

Hasieran oinarrizko borroka zen, baso-mozketa garaian, neguan, basoan bizitzea mozketa ekiditeko. Hortik ikusten da basoaren ardatza ekintza zuzena dela. Ekintza zuzena eta autodefentsa, Polizia edo meategiaren segurtasun-indarrak basora sartzen direnean. Horrek esan nahi du guk haiek kanpoan egotea nahi badugu, atxilotuak edo jipoituak ez izateko, askotan fisikoki erantzun behar zaiela. Barrikadak, harriak eta sua erabiltzen ditugu.

Bestalde, naturaren defentsan interes ekonomikoei fisikoki eraso egitea guztiz zilegi delako, azpiegiturei ahalik eta min handiena egiten saiatzen gara. Makinen eta azpiegituren okupazioak egin izan dira: makinetara igo, kateatu, ikatzaren trenbideak moztu eta abar. Hauetan jendeak bere burua eman izan du atxilotua izateko, horrek ere eragina sortzen duelako.

Borroka molde hauek erantzun errepresiboa ekartzen al dute?

Bai, eta gainera errepresioa oso ausazkoa da, ez dago erlazio zuzena egindakoaren eta jasotako errepresioaren artean. Beraz, errepresioaren helburua ez da ekintza batzuk zigortzea baizik eta presio psikologiko eta fisikoa sortzea.

Zein modutan saiatzen zarete errepresio hori saihesten?

Basoan segurtasun kultura garatu dugu. Alde batetik, sentiberak diren informazioak, hala nola gure izena, jatorria, adina eta horrelakoak, ezkutatzen ditugu. Basoan guztiok ezizena erabiltzen dugu eta batzuek ez dugu ezagutzen besteon izena. Baita ere, ekintzei buruz behar dena baino gehiago hitz egitea saihesten dugu eta segurtasun teknologikoa ere kontuan hartzen dugu: telefonoekin kontuz ibiltzen, posta elektronikoa enkriptatzen eta abar. Bestalde, Poliziari zuzenean ahalik eta informazio gutxiena ematen diogu, saiatzen gara poliziekin ez hitz egiten, ez identifikatzen eta haietaz inoiz ez fio izaten. Horretarako hatz markak ebaki eta kolarekin ezabatzen ditugu.

Argazkia: Itziar Bardaji Goikoetxea

2018ko irailean, duela urte eta erdi inguru, basoaren desalojoa izan zenuten. Nolakoa izan zen hustea eta geroko berrokupazioa?

Behin baino gehiagotan izan dugu erabateko hustea eta horren aurrean egokitzeko gaitasun handia erakutsi dugu. Adibidez, desalojo handi bat eta gero, basoaren mugako zelai batean gune berri bat, Meadow-a sortu zen. Azken desalojoa oso handia izan zen, Poliziak oso apustu handia egin zuen. Momentu horretan 500 pertsona zeuden basoan, prentsaren eta gizartearen oso arreta handia, gurekiko arreta positiboa, izan genuen eta hilabete baino gehiagoz desalojoak eta berrokupazioak txandakatzen zirelarik Poliziak amore eman behar izan zuen, epaitegi batek negu hartan zuhaitzik ez zela moztuko erabaki ondoren. Dirutza gastatu zuten. Etxe guztiak suntsitu zituzten eta kide batek bizitza galdu zuen. Oso gogorra izan zen pertsonentzat, baina mugimendu bezala erantzun indartsua izan zen.

Desalojoan, eta baita egunerokotasunean ere, nolakoa da Poliziaren jokabidea?

Poliziari ez zaio gustatzen argazkietan gaizki ateratzea. Ez dira Euskal Herrian bezala borra eskutan ateratzen. Hemengoei gehiago gustatzen zaie eskumuturrak bihurritzea edo mina ematen duen tokietan zapaltzea. Baliabide tekniko eta teknologiko handiko Polizia da. Hemen zaldiak, txakurrak, droneak, ur tankeak, tanketak, helikopteroak, gaueko ikusmena, ikusmen termikoa, denetarik erabili dute. Eta bestalde, norbaiten identitatea lortuz gero, oso onak dira prozesu judizialak zorrotz eramaten, nahiz eta gero amarru askoren bitartez ere aurrera eraman.

Desalojoa eta gero oraindik Poliziaren presentzia handia mantendu zuten meategiko langileak babesteko. Hasieran bi astetik behin etortzen ziren eta lurreko desalojoak egiten zituzten, lurreko egitura guztiak eta materiala eramaten zituzten. Horrek bizimodua gogortu eta prekarietate handia eragiten du. Material guztia beti lurretik kanpo eduki behar genuen eta bi astetik behin 200 polizia basoan sartzeak oso tentsio psikologiko handia eragiten zigun. Desalojo garaian lehenengo egunean 2.000 edo 3.000 polizia etorri ziren. Jendeak Poliziaren ezkutuak gordetzen zituen: “Begira, Berlinekoa! Ostia, Hanoverrekoa!”

Egunerokotasunean, nolakoa da zuen bizimodua?

Helburua zuhaitzak ez moztea denez, zuhaitzen gainean eraikitzen ditugu etxeak, ahalik eta altuen, Poliziak eraistekotan garabi handiak ekarri behar izateko, horrek beraientzat dakarren zailtasunarekin. Beraz, badira 20 metrotik gora dauden etxeak, eta horrek esan nahi du linterna goian uzten baduzu 20 metro igo behar dituzula soka batetik.

Poliziak nola eraisten ditu etxe horiek?

Dena inguratu eta tokia kontrolatzen saiatzen dira. Gero, ingurua garbitu, zuhaitzak eta abar moztu makinei lekua egiteko, eta inoiz landatua izan ez den lur honentzat oso kaltegarriak diren makina astunak sartzen dituzte, garabiak eta abar, 20 metroko etxe horietara iristeko. Hori Poliziak egiten du, kontu antiterroristentzat entrenatutako polizia bereziak.

Beste bizimodu bat, bestelako elkarbizitza bat… Esango zenuke sistematik kanpo bizi zaretela?

Mugimendu anarkistek askotan bilatzen dute gatazkan eta borrokan sistemarekiko alternatiba sortzeko aukera. Borroka honetan basoa defendatzea bezain garrantzitsua da estatuarekiko zona autonomo bat eratzea eta bertan gure antolatzeko moduak, baloreak eta bizimodua sortzea. Gure erronka da anarkia praktikara eramatea eta posiblea dela erakustea.

Gobernuarekiko ia guztiz autonomoa da basoa, baina badu kapitalismoarekiko dependentzia bat, asetzen ez ditugun beharrak dauzkagulako. Behar horietarako, saiatzen gara janaria erosi ordez birziklatzen, materiala lapurtzen eta abar. Gauzak ere erosten ditugu eta donazio asko dugu.

Bizimodu alternatibo horretan, badago zeharkakotzat jotzen duzuen zenbait afera.

Anarkismoan azken urtetan kontzientzia hartzea izan da, erabateko askatasuna bilatzekoa edo zapalkuntza oro borrokatzekoa. Orduan, alde batetik, hemen antiespezismoa da garrantzi gehien daukan borroketako bat, gainontzeko animalien alde, eta bestalde, ez dakit transfeminismo deitu edo, baina gure baitan genero rolak eta identidadeak oso kritikoki aztertzen ditugu.

Basoan beganismoa oso zabaldua dago eta produktu ez beganoak kontsumitzekotan beti sistemak bota dituenak aprobetxatzen saiatzen gara, inoiz ez erosten edo inoiz ez produkzioarekin kolaboratuz. Inoiz ez dugu kolaboratzen gizakiak ez diren animalien sufrimenduarekin. Genero rolak asko aztertzen ditugu eta genero identitateak oso kontuan hartzen ditugu, izan genero binarismotik ateratzea edo izan genero identitate anitzak errespetatzea. Hitz egitean, pertsonei generoa atxikitzea ekiditzen dugu.

Argazkia: Itziar Bardaji Goikoetxea

Azken asteetan jakin denez, basoa ez da moztuko. Nola jaso duzue berria?

Barne ministroak esan zuen basoa ez zela moztuko. Oraindik parlamentutik pasa behar da. Beren irudia garbitzeko saiakera bat da, ikusi dutelako iritzi publikoan zer norainoko eragina eduki duen basoaren kontu honek. Arriskua da, iritzi publikoak ikusten badu hemen borroka dagoeneko irabazi dugula eta etxera joan gaitezkeela, atsekabe handia izango litzateke. Hemen, eta beste toki batzuetan, ikatza erauzten eta natura suntsitzen jarraitzen dute, baita Hego Ameriketatik eta Errusiatik kalitate txar bereko ikatza inportatzen ere.

Bestalde, basoa egarriz itoko da ezer ez bada egiten. Meategiak emandako erantzuna izan da basoa moztu ez, baina uharte batean uztea, inguru guztia meategi bilakatuta. Horrek lurzoruko uraren drainatzea eta basoa lehortzea ekarriko lituzke. Beraz, borroka hau bukatutzat ematea ilusio bat besterik ez da eta hor ikusten da iritzi publikoa mugaraino bultzatuz zein puntutaraino jolasten diren. Jendea tontotzat hartzen dute. Ez dakit zenbat hektarea duen baso honek baina ez asko, 40 minututan zeharkatzen den eremua da. Europan defendatzea gehien merezi duen tokietako bat hau izateak esan nahi du ez zaigula naturarik gelditzen, ez daukagula ia ezer defenditzeko, ez dugula biodibertsitaterik, ez dugula ugaztun handirik, ez dugula intsekturik eta naturak bere baitan duen balio guztiarengatik hau kristoren drama da. Natura kontuan hartu nahi ez badugu gure heriotza zigorra sinatuko dugu, gure buruaz beste egiten ari gara natura akabatzen.

Zein dira hurrengo pausoak?

Ikatzaren komisioak basoa salbatzeko gomendioa egin du, baina ikatza ustiatzen beste 20 urte gehiago jarraitzeko asmoa ere adierazi du. Guk ikatzaren erabilera amaitzeko apustuari heltzen diogu. Epe laburrean, hurrena hemendik iparraldera dagoen horrelako beste meategi bat dela eta, eraiste arriskuan dauden herriak defendatzen saiatzea izan daiteke. Epe luzera, ikatzari planto egitea eta, haratago, egungo energia eta kontsumo ereduari aurre egitea, sistema honi guztiari planto egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Azpiegitura handiak
2024-12-18 | ARGIA
Euskal Y-a ez da Ipar Euskal Herriarekin lotuko gutxienez 2042 urtera arte

Frantziako Gobernuak Espainiakoari baieztatu dionez, Abiadura Handiko Trena ez da Hego Euskal Herrira iritsiko (Irungo loturara) gutxienez 2042 urtera arte. Ez dago Parisen lehentasunen artean.


2024-12-17 | ARGIA
Itsasertzaren kudeaketa Jaurlaritzaren esku geratuta, proiektuak “bizkortu ahal izango dira”

Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.


2024-12-17 | Usurbilgo Noaua
Parke eolikorik ez momentuz, Usurbil eta Zizurkil arteko Ezkeltzu mendian

Ezkeltzun eraikitzekoa zuten parke eolikoaren egitasmoa, momentuz ez dute gauzatuko. 2022ko otsailean jakin zen Ezkeltzun parke eolikoa eraikitzeko zegoen asmoa. Hortik aurrera, ibilbide bat egin du gaiak, baina badirudi, momentuz, proiektuak ez duela aurrera egingo. Hala... [+]


Europako datu zentro handienetakoa Araban: zein dago proiektuaren atzean?

Ribabellosan 300 megawatioko gaitasuna duen eskala handiko datu zentroa eraikitzen ari da Merlin Propertiers enpresa madrildarra. Milaka milioi euro ari da gastatzen Iberiar Penintsula osoan, ustez puntako teknologia “jasangarria” duten baina elektro-intentsiboak... [+]


AHT: Nafarroa-‘Euskal Y’ loturarako “hirugarren” alternatiba bat aztertzen ari da Espainiako Gobernua

Espainiako Garraio Jasangarrirako estatu idazkari José Antonio Santanok adierazi du Eusko Jaurlaritzaren helegite bat onartu dutela Ezkio-Itsasoko konexioari buruz, Aralarri "hainbeste" kalte egingo ez liokeena.


2024-12-04 | Leire Artola Arin
Kapitalismo berdearen izenean, lurraren defendatzaileak kriminalizatuta

2023an ezagutu genuen Solway Investment Group multinazional suitzar-errusiarraren boterea noraino iristen den. Guatemalan duen Fenix meategiaren gehiegikeriak agerian uzten zituen ikerketa baten berri eman zigun Prensa Comunitariako kazetari batek, eta elkarrizketa hori [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


2024-11-20 | ARGIA
Esako urtegiaren handitzea “erloju bonba bat” dela ohartarazi dute, tanta hotzaren gisakoak bertan egokituz gero

Esako urtegia handitzeko proiektua berraztertu dezala eskatu dio Chunta Aragonesista alderdiak Espainiako Gobernuari, tanta hotzak berriki utzitako hondamendia ikusita. Halako euriteak jasanez gero, Esak ur hori guztia askatzeko gaitasun nahikorik ez lukeela izango eta... [+]


2024-11-13 | Iñaki Barcena
Megaproiektu Turistiko Antidemokratikoa

Duela bi urte Urdaibai Guggenheim Stop! plataforma herritarra sortu zenetik, Urdaibai ez dago salgai! leloa nonahi ari gara entzuten. Joan den urriaren 19an Gernikan milaka lagun bildu ginen proiektu horri ezetza emateko eta, nire aburuz, hiru dira arrazoi nagusiak... [+]


2024-11-13 | Leire Ibar
Beste hiru parke fotovoltaiko eta eoliko bat ezartzeko proiektuak aurkeztu dituzte Araban

Araba mendebaldeko Gaubeako proiektu eolikoak eskualdeko energia berriztagarrien potentziala areagotzea helburu duela adierazi du Mendia Wind enpresak. Gasteiz eta Arratzua-Ubarrundia udalerrietan hiru parke fotovoltaiko egiteko proiektua aurkeztu du, bere aldetik, San Miguel... [+]


Amiantoagatik zigortu dituzte Pasaiako Portua eta Algeposa enpresa taldea

Pasaiako Portuko Agintaritza eta Algeposa taldea lan arriskuen babesa ez bermatzeagatik kondenatuak izan direla adierazi du Amiantoaren Biktimen Euskal Elkarte ASVIAMEk. Osakidetzak laneko gaixotasunak ezkutatu izana salatu dute.


Euskal Herriko zentral eoliko handiena Urumeako mendietan

Arano eta Hernani inguruetan Repsol eta Endesa enpresek eraiki nahi dituzten makro-zentral eolikoen aurkako txosten kritiko mardula egin du Mikel Alvarez ekintzaile ekologista donostiarrak. Bere esanetan, "Euskal Herrian planteatzen den era horretako azpiegitura... [+]


Urumeako Mendiak Bizirik
“Eolikoen enpresak harroago datoz herri txikietara”

Erramun Galparsoro eta Joxe Manuel Muñoz aranoarrak dira. 22 eta 30 urte daramatzate, hurrenez hurren, 440 metroko garaieratik itsasoari begira dagoen eta 114 biztanle dituen Nafarroako herri txiki hartan bizitzen. Inguruetan Repsolek eraiki nahi duen zentral eoliko... [+]


Zundaketa lanak egiten hasi dira Otsobi kontzejuaren lurretan, baimenik eskatu gabe

Informaziorik helarazi gabe eta baimen eskaerarik gabe hasi dituzte Abiadura Handiko Trena eraikitzeko asmoz lehenago egin beharrak diren zundaketa lanak Otsobi kontzejuaren lurretan. Stop Zundaketak plataformak jakinarazi du egoera: "Izako Udalari edo Otsobiko kontzejuari... [+]


Eguneraketa berriak daude