Ostiralean joan eta igandean bueltatu dira Saloun ospatu den makila-dantzen lehenengo nazioarteko kongresutik Berako Gure Txokoa, Legazpiko Sustraiak eta Villabuenako Kaxkabar eta Ribaforadako paloteadoko musikariak eta dantzariak. Dantza talde bakoitzak beren herriko edo zonaldeko dantzak erakutsi ditu Salouko auditorioan, eta 83 talde parte hartzailek osatutako desfilean ere izan dira. Dantza saioez gain, makila-dantzei lotutako komunikazioak, aurkezpenak edota erakusketak ere izan dira. Hitzaldi saio horietan izan da Pedro Romeo, Euskal Dantzarien Biltzarreko presidentea, eta "Tradizioa Vs Berrikuntza" hitzaldia eskaini du.
“Aukera izan dugu beste taldeen saioak ikusi eta ohartzeko makilekin zenbat dantza egin daitezkeen” dio Sustraiakeko Amaia Jimenezek; “Beste taldeen emanaldiak ikusteko eta batez ere jendea ezagutzeko aukera ona izan da”, dio Gure Txokoako Ainhoa Larretxeak; eta aurrera begirako nahien berri eman digu Kaxkabarreko Irati Garciak, “harreman oso ona izan dugu beste taldeekin eta etorkizunean elkartrukeak egiteko hitz egin dugu”.
Asteburu motza baina emankorra
Ostiral iluntzean iritsi dira taldeak, batzuk autobusean, beste batzuk kotxeetan. Beratarrak eta legazpiarrak bidean elkartu dira, autobus berean egin baitute bidaia, eta gainontzekoak ere segituan batu dira, nazioarteko talde guztiek hotel berean egin baitituzte bi gauak. Dantza emanaldi ofizialen zain egon gabe, ostiralean bertan hasi ziren astintzen musika tresnak eta gorputzak; afal ondorengo tarteak lehenengo harremanak egiteko balio izan zuela azaldu digute.
Larunbat goizean, Berako dantzariak izan ziren estreinatzen lehenak, goizeko 10:00etan egin zuten auditorioko saioa. “Emanaldiaren muina Beran abuztuaren 3an dantzatzen diren makila-dantzak izan ziren, baina saioa osatzeko Berako agurra eta fandango eta arin-arinak ere dantzatu genituen”. Jarraian, Villabuenakoen txanda, haiek herriko zortzi makila-dantzak aurkeztu dituzte aretoko saioan eta kaleko desfilean baita Arabar Errioxako beste hainbat dantza ere. Dantzara ateratzean harrotasuna sentitzen dutela dio Garciak, “orain dela 35 urte galdu egin ziren herrian, gu 2012an elkartu ginen, inplikatu ginen, berreskuratu ditugu eta emakumeak sartu gara”.
Orain mahatsa biltzeko garaia da eta segituan konturatu ziren taldea osatzeko zailtasunak izango zituztela baina EDBtik proposamena jaso zutenean ez omen zuten bi aldiz pentsatu, “Oiongo bi dantzari etorri dira gurekin, azken unean ikasi dituzte dantzak eta animatu dira taldea osatzen laguntzera”.
Larunbat arratsaldean, berriz, kongresuan parte hartu duten talde guztiak elkarrekin atera dira Salouko itsas paseora. Desfilean ibili dira eta geldialdietan dantzatu dira. “Ibilaldi zirkular modukoa antolatu zuten, beraz, geldiuneetan talde ezberdinak tokatzen ziren parean. Oso polita izan zen”, azaldu digu Jimenezek. Bukaeran, 83 taldeak plaza batean elkartu eta denak batera dantzatu zirela kontatu du Larretxeak, “zoramena izan zen, kar, kar, kar!”. Eguna hotel alboko ikastetxeko patioan antolatutako afariarekin eta kataluniarren dantzekin borobildu zuten.
Gaueko giroa oso tentagarria izan bazen ere Legazpiko eta Ribaforada dantzariek ezin burutik kendu hurrengo eguneko dantza saioak. Igandea goizean eta eguerdian izan baita euren auditorioko emanaldiaren txanda. Sustraiak dantza taldekoek brokel-dantza zikloa eta Ribaforadakoek paloteadoko dantzak aurkeztu dituzte.
Igandean bazkaldu eta Euskal Herrirantz abiatu dira, zazpi bat orduko bidaia izan baita errepidekoa. Asteburu bizia eta oparoa izan dela aipatu digute parte hartzaileek, eta kongresuko hitzaldiak entzuteko penarekin geratu dira asko, baina ordutegiak eta antolakuntza kontua tarteko, denerako denborarik ez.
Hiru egunek eman dute fruitua
Nekatuta, baina indarrak kargatuta eta aurreragoko emanaldiak eta elkartrukeak egiteko gogoz itzuli dira dantzariak etxera. Aitortu digute harrigarria egin zaiela horrenbeste makila-dantza ezberdinekin aurkitzea. “Kuriosoa izan da beste taldeen lana ezagutzea, gu bezala makilekin edota kaskainetekin nola ibiltzen ziren. Kataluniakoak bereziki azkarrak eta ikusgarriak iruditu zaizkigu”, dio villabuenarrak. Gure Txokoako dantzariak esan digu kongresuak balio izan diela ikusteko han eta hemen oinarri bereko dantzak egiten ditugula, “alde batetik aukera izan dugu ikusteko ze aberastasun dagoen eta zenbat makila-dantza dauden, eta, bestetik, aukera ederra izan da Berako dantzak nazioartean erakustekoa ere”. Legazpiko dantzari gazteek ere esperientzia oso polita izan dela diote, “pandemiaren erruz ez dugu aukerarik izan jaialdi handietara joateko, eta nire belaunaldikoak lehen aldiz irten gara Euskal Herritik kanpo horrelako dimentsioko jaialdi batean parte hartzera”.
Iurretan 1995ean andreek soka-dantza nola plazaratu zuten idatziz jasoa du Jon Irazabalek. Izan ere, 1837ko San Migel jaietan emakumeek osatutako aurreskua dantzatu zela ikusita, arrasto haiei jarraika, kopla doinuz lagundutako soka-dantza ikasi eta kaleratu zuten Iurretako... [+]
Dantzaren munduan gabiltzanok askotan errepikatzen dugun ideia da dantza efimeroa dela. Elhuyar hiztegiak espainoleko "efímero"-ren ordaintzat ematen ditu honakoak: efimero, suntsikor, galkor, iragankor, iraungikor, ilaun. Ez dut gogoan nori irakurri nion... [+]
Azken urteetan Lapurdiko kontserbatorioan euskararen eta diziplina tradizionalen presentzia handitu da eta euskal dantzako ibilbideari forma ematen ari dira; irailean hasi da lehen zikloa. “Herri Elkargoa sortu zen Iparraldean eta nahi zuten herri musika eta herri... [+]
Lesakako ezpata-dantzariak San Fermin egunerako ezpata-dantzako entseguetan dabiltza azken hilabetean. Hamabost atera ohi dira dantzara, eta besteak titularren batek hurrengo urteetarako lekua utzi zain daude.
Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko... [+]
Iruñeko alkate Joseba Asironek prentsaurrekoan iragarri duenez, Duguna dantza taldeak jaurtiko du 2024ko Sanferminetako txupinazoa. Duguna izan da Iruñeko herritarren boto gehien jaso duen hautagaitza. Hain zuzen dantza taldearen sorreraren 75. urteurrena ospatzen... [+]
Gerratik ihesi 1937ko ekainean Donibane Garazin Bilbo eta inguruetako 600 haur jaso zituzten. Hiriburuko Ziudadelan Eusko Jaurlaritzaren menpeko eskola kolonia bihurtu zuten, eta bi urtean 8-14 urteko 800 bat haur igaro ziren bertatik. Haurrekin 80 bat heldu ere iritsi ziren:... [+]
Aste hondar honetan euskal dantzen hiriburu bilakatu da Hendaia. Akelarre dantza talde hendaiarraren 50. urtemugaren testuinguruan, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoako hamasei dantza talde elkartu ditu bertan Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak.
Iazko azaroko Sansaturnino eguneko ospakizunak gibelean utzita, Iruñeko Duguna dantza taldeak 75. urteurreneko ekitaldiekin aitzina eginen du martxo hondar eta apiril hastapenean. Ondorengo lerroetan taldeak berak azaltzen ditu ospakizunok.
Kaskarotak eta maskaradak kasik urtearekin batera hasi dira eta jarraian etorri dira beste zenbait inauteri festa. Goiztiarrenak urtarrilean ari dira ospatzen, baina aurten inauteri gehienak datoz oso goiz. Otsailaren 8an izango da Ostegun gizena eta 13an Inaute asteartea. Hadi!... [+]
Urtarrileko lehen asteburuarekin atera dira kaskarot goiztiarrenak. Beskoitzekoak izan dira lehenak eta otsail hasierara arte larunbatez eta igandez astero ibiliko dira herriko auzoetan etxez etxe dantzan eta festan. Goiztiarrenak eta irteera gehiena egiten dituztenak dira... [+]
Dantzaria, koreografoa, abesbatzako zuzendaria, idazlea… 102 urterekin zendu da Filipe Oihanburu (Argeles-Gazost-Miarritze, 1921-2023) Miarritzeko bere etxean. Hain zuzen Miarritzeko Urrezko Domina jasoa zuen euskal dantzan eta musikan egindako lan guztiagatik. Segundo de... [+]