Eta igande euritsu, erromantiko eta negartia iritsi zen


2024ko irailaren 29an - 01:30
Andrew Garfield, Donostian, larunbat goizean. Zinemaldia - Alex Abril
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Eta hori, larunbata zela atzo, eta ez igandea. Kosta zitzaion egunari argitzea, aurreko egunetan baino dezente jende gutxiago zebilen kalean, eta presa gutxi nabari zen. Batzuk laster batean bai, Kursaalera eta Victoria Eugeniara gerturatu zirela, lehen areto horretan ematen baitzuten gaueko klausurako pelikula, We Live in Time; eta antzokian proiektatu zuten pelikula sorpresa, ostiral goizean ezagutzera eman zena, Joker filmaren bigarren partea.

Lehenbizikoa ikusi dugu guk, klausurakoa. Baina Joaquin Phoenix eta Lady Gaga protagonista dituen filma ikusi duten zenbaitzuk esan dute ez dela oso ona. Bat edo beste aspertu da, eta besteren bati etsigarria egin zaio, lehen filmetik bigarrenera desobedientzia diskurtsoa zeharo apaldu delakoan. Jorge Gil Munarriz gidoigileari –Marco filma idatzi du; atzo aurkeztu zuten Belodromoan– ere ez genion kritika oso ona entzun Euskadi Irratian.

Beno, baina ikusi ez duguna ez dugu komentatuko. Kritikatu aurretik ikusi egin behar dela askotan esan du Rebordinosek. Goazen, beraz, We Live in Time (Momentua bizi, euskaraz) filmarekin.

Ezer baino lehen. Ez da filmeko soinu-bandaren parte, baina kritika irakurtzen ari zaren heinean indartsuago sartzeko istorioan, nahi baduzu jarri Johann Strauss I-en Danubio urdin ederrean op. 314 bals sonatua.

We live in time

Almut (Florence Pugh) eta Tobias (Andrew Garfield), Tobias eta Almut. Kasualitatez ezagutuko dira. Patuaren kontuak, badakizue. Tobias, triste-triste, iluntasunean oinez doa, testuinguru oso kurioso –eta barregarri– batean. Errepidera makurtuko da, zerbait erori zaiolako... Eta auto batek harrapatuko du. Almut da gidaria. Ospitalera lagunduko du emakumeak. Onik aterako da Tobias, eta afaltzera gonbidatuko du. Gero, gerokoak.

Erromantikoa da filma, nahikotxo, eta belaxka –ñoñoa– iruditu zaie batzuei. Baina badu bere drama ere, eta ez nolanahi kontatua.

Filmak ez du lerro lineala jarraituko. Beraz, eszena hori ez da lehenbizi ikusiko duguna. Hiru aldi tartekatu ditu John Cowley zuzendari irlandar entzutetsuak: lehena, bikotea ezagutu zenekoa; bigarrena, harremana egonkorturik dagoela, batera bizi dira eta Almuti obarioetako minbizia atzematen diotenekoa; eta, hirugarrena, urte batzuk berantago, umea jaiota, Almuten minbizia hirugarren fase batean sartzen denean. Minbiziari aurre egin behar horrek baldintzatuko du erabat, jakina, familiaren egunerokoa eta harremana.

Istorioak baditu alde gordin, sentsible, erromantiko eta graziosoak. Denetarik asko, ordu eta 47 minutuko pelikulan. Maitagarria da Tobias, eta grina handiko pertsona Almut. Dibertigarriak biak, erromantikoak, erromantizismoaren zaleak fondoan, baina berez, idealei so, aurkakoak. Horregatik, beno, badira pixka bat gelbera edo txepel definitzeko moduko eszenak, ñoño-ak. Baina oro har, eta horrelako pelikulen –fondoan– zale garenontzat, drama ondo landua dago, eta Cowleyk saldoka eta saltoka eramango gaitu barre egitetik negarrera.

Drama erromantikoa?

Kazetari batek galdetu dio prentsaurrekoan Cowley-ri ea zergatik egin duen drama erromantiko bat. Zuzendariak bekainak okertu ditu apur bat: “Drama erromantiko gisa zeuk kalifikatu duzu... Agian, baten batentzat gehiago izango da heriotzari eta beldurrari buruzko pelikula bat. Esaterako, Casablanca; drama erromantikoa al da, derrigorrean, desastrearen erdian maitasunezko harreman bat dagoelako?”.

Pelikula ñoñoa iruditu zaionak iritzia aldatu du, zertxobait, prentsaurrekoaren ondotik. Busti egin dira bai Cowley eta bai Garfield –Pugh ez da etorri Donostiara–.

Hunkituta zegoela zirudien Garfieldek zera esan du: “Almutek badaki hil egingo dela, sufritu egingo duela, ez duela bere alaba askoz ere gehiago hazten ikusiko. Eta bere sukaldari karrera ere, gero eta hobea dena, goi-goi mailara heltzen, amaitu egin beharko da unerik onenean... Hori horrela izango da, egiten duzuna egiten duzula. Beraz, muturreraino eta azkeneraino bizitza bizitzeko erabaki hori oso-oso indartsua da”.

Bada esaldi bat pelikulan, pisu handia hartzen duena: edo sei hilabete topera bizi, edo hamabi hilabete aguantatu ohetik kasik altxa ezinda eta goragalearekin.

Pugh eta Garfield, Garfiel eta Pugh. Sekulako rola jokatu dute biek, lan handia biena, mundu zabalean harrera ona jasoko duena, ziur.

Aholku bat kritikagile honen partetik: kasu gutxi egin pelikularen kartelari edo posterrari. Oso-oso erromantiko itxura du, eta hein batean merezita... Azpititulu gisa, “minutu bakoitzak kontatzen du”... Beno, kartelak egin ziezaiokeen imintzio bat trama nagusiari, minbiziari eta heriotzaren beldurrari. Ez baita film hau, nire irudiko, edozein “drama erromantiko”.

Urtarrilaren 3tik aurrera, zinemetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2024
2024-09-29 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia. Azken eguna.
Ezer gutxi kontatzen duten isiluneak


Aktore onenaren saria, Patricia López Arnaizentzat

Patricia López de Arnaiz gasteiztarrak aktore onenaren sari nagusia irabazi du Donostiako 72. Zinemaldian, Pilar Palomerok zuzendu duen 'Los destellos' filmean egindako lanagatik.

Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia' liburuko lehen narrazioan... [+]


Zezenaren tortura babesten duen dokumentalak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra

Andrés Roca Rey toreroaren egunerokoaren hainbat pintzelkada ematen ditu Tardes de soledad zintak, besteak beste, hotelean eta hoteletik zezen-plazarako bidean eginiko elkarrizketak edo janzte aldiko uneak, eta plazan zezena nola sufriarazten eta hiltzen duen erakusten... [+]


2024-09-28 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia. 8.eguna
Ez dut sekula pelikulekin negar egiten


Sail Ofiziala. 8.eguna
Sinets nazazu


2024-09-27 | Eneko Atxa Landa
Donostia Zinemaldia 7.eguna
Bikaintasun esplikagaitza, berriz


2024-09-26 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 6. eguna
Por donde pasa el silencio


Sail Ofiziala. 6.eguna
Ihes egin heriotzari, aurrerantz

Izaten da, tarteka, dena loturik dagoenaren sentsazioa. Denetarik-edo ikusteko aukera izanen da Zinemaldian, baita Sail Ofizialean ere, marko baten pean betiere. Ikusi ditugu umore ukitudun batzuk, negarra eragiterainoko dramak, suspenseak, dokumental tankerakoak, baita... [+]


ARGAZKIAK | Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Zinemaldian

Astearte gauean egin zen Euskal Zinemaren Gala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian.


2024-09-25 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 5. eguna
Zinea ala antzerkia?


2024-09-24 | Eneko Atxa Landa
Donostiako Zinemaldia 4. eguna
Hurbilekoa beti da hunkigarria


Eguneraketa berriak daude