“Estatuek egin beharko luketen lana egiten dugu”

  • Urtarrilaren 8an blokeatu zuten Open Arms erreskate-ontzia Bartzelonako portuan. Adierazi dutenez, itsasoan egoera larrian dagoen jendea naufragoa da, eta derrigorrez jaso beharra dago; bestalde, emigrazioa argudio politikoa dela eta estatuek hala baliatzen dutela dio Proactiva Open Arms taldeak. Gobernuz Kanpoko Erakunde horrek 2015ean ekin zion jardunari, eta ordutik milaka pertsona erreskatatu ditu. Bertako langilea den Erri Barriusogaz egon gara.


2019ko martxoaren 06an - 09:47

Lehenik eta behin, zergatik erabaki zenuen Open Arms-en parte hartzea?

Orain dela hiru edo lau urte, lagun batek deitu zidan esateko Libiako aferaren inguruko erreportaje oso interesgarri bat ikusi zuela telebistan. Astral izeneko dokumentalari buruz ari naiz, Jordi Evolek grabatutakoa. Momentu horretan kontuak pila bat hunkitu ninduen, eta ordutik beti jarraitu ditut gaiari buruzko albisteak.

Horrez gain, nik itsasoan egiten dut lan, Mediterraneoan, baina yateetan. Gero eta gehiago nabaritzen nuen kontrastea, harrigarria iruditzen zait itsaso berean gauza bi horiek gertatu ahal izatea, elkarren ondoan. Gure arazorik handiena xanpaina hotz ez egotea zen, eta entzuten nuen nire ondoan berrehun pertsona inguru ari zirela itotzen. Salbatzen zituztenean hunkitu egiten nintzen, eta, egia esan behar badut, ez da oso erraza izaten ni hunkitzea.

2018ko udan, patera bat heldu zen Menorcara. Oso egoera txarrean zegoen, baina denak heldu ziren bizirik. Ni nabigatzen nengoen momentu horretan, eta salbamendu-jakak aurkitu nituen. Lehorrera bueltatu nintzenean aurretik Open Arms-en egondako lagun bati deitu nion, eta eskatu nion kontaktuak pasatzeko, zerbait egin nahi eta behar nuela. Nire hasierako intentzioa boluntario joatea zen, eta horretarako aurkeztu nuen nire burua. Baina sasoi horretan, kasualitatez, profesionalak bilatzen ari ziren, eta nik titulazioa daukat. Orduan, lanera joateko deitu zidaten.

Zenbat pertsona zaudete Open Arms-en?

Itsasontziko ekipoa bi aldetan banatzen da. Alde batetik profesionalak daude, azken batean merkantzia-ontzi bat da, eta horrek eskatzen du tripulazio jakin bat izatea. Zubian hiru pertsona gaude: kapitaina, lehenengo ofiziala eta ni, bigarren ofiziala. Makinetan mekanikariak daude, beste hiru, eta bi marinel, aldi berean erreskate-txaluparen patroiak direnak. Beste aldetik boluntarioak daude. Horien artean medikua, erizaina, bi kazetari, lau sorosle, sukaldaria eta erakundeko ordezkari bat. Horrez gain, lehorrean daude prentsa-ekipoa eta ekipo psikologikoa. Azken horiekin, telefono bidezko kontaktua ere mantendu dezakegu itsasoan gaudenean.

Hasi zinenetik kanpaina bitan hartu duzu parte.

Hala da, bai. 2018ko azaroan hasi zen lehenengoa. Astebete egon ginen Bartzelonako portuan, ontzian egin beharreko gauza batzuk antolatzen, eta sargunera heldu ginenean berehala eman ziguten gure target-a, hau da, helburua. Notizia bat heldu zitzaigun, esan ziguten Santa Polako arrantzontzi txiki batek hamabi pertsona jaso zituela Malta eta Libiatik gertu. Horrelako batean hamabi pertsona gehiago sartzea ez da erraza, kapitainak ez zekien zer egin. Guk laguntza eskaini genion, pertsona horien osasun-egoera zein zen aztertzeko eta tapakiak, janaria eta bestelakoak emateko. Bazegoen oso larri zegoen bat, eta, kostata, baina lortu genuen helikoptero bat etortzea beraren bila.

Ontzia hamar bat egunez egon zen arrantzan egoera horretan, Espainiako Gobernuak baimena eman behar ziolako beren estatura bueltatu ahal izateko. Azken momentuan kapitaina etsita zegoen, egoera jasanezina zen. Ezin zuten gehiago itxaron eta Espainiara joatea erabaki zuten, baimenik izan ez arren. Handik ordu bira deitu zieten esanez Maltan utziko zituztela erreskatatutakoak. Ez dakigu oso ondo esaten zer izan zen hori, baina, gure ustez, abisu bat izan zen. Mezu bat, azken batean, jendeak argi eta garbi jakin dezan zer gerta daitekeen inor hartzen badu itsasoan.

Bigarrena noiz izan da?

Bigarrena urtarrilean, beraz, lehorrean egin dugu kanpaina. Abenduko erreskatea handia izan zen, 300 pertsona baino gehiago ekarri zituzten Algeciraseko portura. Urtarrilean ere horrelako bat egitea zen gure asmoa, horretarako prest geunden, baina 8an eskatu genuen baimena eta 9an Kapitaintzak ezetz esan zigun.

Kapitaintzak baimena eman behar dio itsasontziari itsasora ateratzeko, baina irizpide teknikoetan oinarrituta. Adibidez, ez daukagulako sua amatatzeko tresnarik edo ez dugulako zaramaren kontrola behar bezala eraman. Horrelako kontu teknikoak edo tripulazioaren titulazioak ez badaude ondo, gera dezakete ontzia. Open Arms-ek betetzen ditu bete beharreko irizpide horiek, beraz, beste arrazoi batengatik geratu dute barkua. Ez da hori beraien lana, baina momentu horretan ez zegoen beste modurik ontzia geratzeko, eta, antza, derrigorrez egin behar zuten. Autoritatea da eta guk ezin dugu ezer egin. Dena den, errekurtso bat badago, teorian ipini eta hiru hilabetera atera beharko litzatekeena, hau da, apirilaren bigarren asterako, ikusiko dugu zer gertatuko den.

Hortaz, ez dago oinarri legal handirik. Geratzearen arrazoien artean badago bat esaten duena Italiak ez dituela bere betebeharrak betetzen portuak itxi dituelako. Hori ez da erakundeari edo ontziari egotzi ahal zaion ezer, horrelako egoera baten aurrean, estatu batek egin behar duena da Italia salatu, eta aldarrikatu Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala eta hitzartutako akordioak betetzea.

Grande Marlaska Espainiako Barne ministroaren arabera, "erreskate bat egiten da egoera premiazkoa denean eta pertsonak arriskuan daudenean. Open Arms-ek egiten duena ez da hori, egiten duena da pertsonak ur-bazterretan hartu eta herrialde batetik bestera eraman".

Horiek nahi dutena momentu hauetan GKEak kriminalizatzea da. Beraien helburua da kanpoko inor ez ailegatzea gure kostaldeetara, batez ere beltzak eta txiroak badira; bestelako jendea inolako arazorik gabe etor daiteke. Eskumako alderdiek darabilten argudioa da emigrazioak min egiten duela, biolentzia dakarrela eta datozenek lana kenduko digutela.

Guk egiten dugun gauza bakarra giza eskubideak bermatzen saiatzea da, eta itsasoko akordioak, noski. Azken batean, itsasoan egoera larrian dagoen jendea naufragoa da, eta derrigorrez jaso beharra dago. Lan egiten dugun tokitik 250 itsasontzi inguru pasatzen dira egunean, guk legedia betetzen dugu, besterik ez. Hori izan beharko litzateke, hain zuzen, estatuen lana. 

Espainiako Barne Ministroaren hitzei dagokienez, esan daitekeen edozeren gainetik dago bizitza baloratzea eta pentsatzea pertsona horien bizitzek eta gureek balio bera duela. Orduan, horren gainean esaten duten guztia, eta kontu politikoetan sartu gabe, ez da zilegi. Gu ez gabiltza emigrazioa laguntzen, ez da hori gure helburua. Bizitzak salbatzen gabiltza, eta gustatuko litzaiguke eginbehar hori ez izatea, baina, zoritxarrez, badugu.

2018ko ekainean Aquarius ontziari harrera egin zion Espainiako Gobernuak. Zer aldatu da ordutik hona?

Estatuek, legalki, ezin dute utzi pertsona bat itsasoan. Momentu horretan ez dira errefuxiatuak, ez dira emigranteak, naufragoak dira, eta hortik pasatzen den edozein itsasontzik behar-beharrez jaso behar ditu. Horretarako, inguruko estatuek portu seguru bat eskaini behar diete ontziei, derrigorrez.

Libia ezin dugu hartu estatu segurutzat. Kontzentrazio-esparruak daude han, torturak, bortxaketak eta beste asko. Kontatzen dutenez, infernua da beraientzat, emakumeentzat batez ere. Askok esan digute nahiago dutela hiltzea Libiara bueltatzea baino. Orduan, gertuen dauden portuak Malta eta Italia dira, baina politika aldaketarekin dena itxi dute. Inork ez badu portu segururik ematen, daukan banderaren estatura joan behar du ontziak, eta han derrigorrez jaso behar dute. Aquarius-ek Panamako bandera zuen, hortaz, hemengo inork ez zuen beharrik hura hartzeko.

Azkenean Espainiak egin zuen. Keinu bat izan zen, eta oihartzun handia izan zuen, baina, dirudienez, aldatu dira gauzak. Beraientzat ekuazio politiko bat da hau, ekuazio horretan daturik inportanteena botoak dira. Orain emigrazioa argudio politiko indartsua da, eta botoak kentzen baditu, alde batera utziko dute.

Europan, mugak zaintzeko Frontex agentzia dago. Harremanik duzue eurakaz? Urte gutxian aldaketa izugarria egin dute, naufragoak jasotzetik errefusatzera. Maltara hurbildu ginenean lehen aipatutako arrantzontziarekin, hor zegoen Frontex, guri begira. Ez daukagu inongo harremanik beraiekin, orain egiten dutena mugak ixtea da, eta ez dute inor jasotzen. Hori GKEok egiten dugu, hortaz estatuek egin beharko luketen lana egiten dugu.

Dena den, Aita Mari, Sea Watch... Badira zuen egoera berean dauden hainbat. Zein ondorio du Mediterraneoan erreskate-ontzirik ez egoteak?

Denboraldi batez ez da egon ontzi bat ere. Hori oso larria da, edonondik begiratuta. Open Arms blokeatu zuten astearte batean, eta hurrengo ostiralean 170 pertsona inguru ito ziren. Hori, noski, zifra ofiziala da, Libiak emandakoa. Ideia bat egiteko, azkenekoan libiarrek hiru gorpu atera zituzten uretatik, jakin bazekiten 200 bat edo ito zirela, baina hiru besterik erreskatatu ez zituztenez, zenbaki ofiziala hiru da. Hor inor ez badago, bizitza horiek ez dira existitu, eta ez dira existituko inoiz. Horrez gain, esango nuke libiarrek ere ezberdin egiten dutela lan GKEak han bagaude, kanpoko begi bat gara, lekuko zuzenak. Baina gu ez bagaude, nork kontatuko du zer ari den gertatzen?

Gizarteak badaki zer gertatzen den?

Esango nuke ezetz, baina uste dut jendeak, orokorrean, ez daukala interes handirik horretan sartzeko. Emigrazioa dago tartean, eta emigrazioak beldur handia ematen du. Gainera, estamentu politikoetatik beldur hori kudeatu beharrean areagotu egiten dute. Beldurra sortzen dute, gero beren jarrera justifikatu ahal izateko.

Horrez gain, uste dut emigranteek ere ez dutela informazio nahikorik. Momentu honetan mota honetako erakundeak kriminalizatzen saiatzen ari direnez, askotan esaten digute zergatik ez goazen jatorrira. Open Arms hasi egin da proiektu batekin Senegalen. Bertakoak informatu nahi ditugu, kontatu zelako arriskuak izango dituzten, ez dakitelako. Gure helburua ez da emigrazioa eragoztea, denok daukagulako eskubidea emigratzeko. Egiten duguna da behar bezala informatu, uste dutelako kristoren bizitza izango dutela, eta ez da horrela. Pertsona horiek jakin behar dute zelako aukerak izango dituzten hemen, egoera oso gogorra dela eta bidaiak heriotza ekar dezakeela. Guk ez dugu inor salbatu nahi, nahiko genuke behar hori ez egotea eta beste inor ez itotzea Mediterraneo itsasoan.

Elkarrizketa hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
2024-12-12 | Gedar
Europako hainbat herrialdek eten dituzte siriarren asilo-eskaerak, al-Assaden gobernua erori ondoren

HTSk boterea hartu duenetik, babes-eskaerak gelditu dituzte Mendebaldeko hainbat gobernuk. Alemaniak 47.270 eskaera utzi ditu bertan behera bat-batean, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" dela argudiatuta.


2024-10-17 | Gedar
Espainiako Gobernuak ez die etxebizitza-alternatibarik eskaintzen Gasteizen dauden Gazako bost familiari

Gobernuak aberriratu ondoren, ia urtebetez bizi behar izan dute aterpetxeetan eta ostatu pribatuetan, eta etengabe lekualdatu dituzte. Gaur egun erabiltzen duten aterpetxea urriaren 31n utzi beharko zutela esan zieten azkenekoz, nahiz eta badirudien beste luzapen bat ezarriko... [+]


2024-09-27 | Euskal Irratiak
Amaia Fontang
“Hau da etorkinen geroa gobernu berriarekin: kontrola, kanporaketak eta kriminalizazioa”

"Segurtasun gehiago, inmigrazio gutxiago". Bruno Retailleau barne ministro frantsesa argi mintzatu da, kargua hartu berritan. Etorkinen gaineko kontrola azkartu nahi du Michel Barnier lehen ministro eskuindar-kontserbadorearen gobernuak, eta jada Retailleauk aitzinatu... [+]


2024-09-04 | Reyes Ilintxeta
Isa Egiguren
“Libiako kostazainen eta mafiakoen artean ez dago alde handirik”

Kazetaria eta giza eskubideen defendatzaile sutsua. Munduko Medikuak, Apoyo Mutuo edota SHM gobernuz kanpoko erakundeekin lan egin izan du boluntario eta kazetari moduan. Hainbat komunikabidetan hamaika erreportaje plazaratu ditu Greziako Chios irlatik, hala nola Mediterraneoko... [+]


Aita Mari ontziak 34 pertsona salbatu ditu Mediterraneoan

Igandean egin du erreskatea  Aita Mari salbamendu ontziak. Azaldu dute Siriatik etorritakoak direla gehienak, baina badaudela haien artean Egiptotik, Nigeriatik eta Bangladeshtik etorritakoak ere. Aita Mari ontziari Ravennako portuan lehorreratzea agindu dio Italiako... [+]


Gutxienez hamaika hildako eta 64 desagertu Mediterraneoan astelehenean bi ontzik izandako ezbeharretan

Calabriako (Italia) kostaldetik 120 miliatara hondoratu da astelehenean ontzi bat eta erreskate lanetan, haurdun zegoen emakume bat hil da. Libiatik gertu beste ontzi batean, ura sartu eta hamar pertsona hil dira sotoan. Desagertuen artean gutxienez 26 ume daude.


Itsaso zabalean migranteak ontzitik botata ito dituzte Greziako kostazainek, BBCren arabera

Ekainaren 16an Britainia Handiko BBC telebista kateak publiko egin duenez, Greziatik Europara joan nahi zuten pertsonak modu basatian hil izan dituztela frogatzen duten lekukotasunak bildu dituzte. Greziako uretatik irten eta brankatik behera itsasora bota dituzten bederatzi... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


Eguneraketa berriak daude