Giza katea eginen dute bihar, Baionan murgiltze ereduaren alde. Beste hizkuntza gutituetako eskualde batzuetan ere antolatu dira ekitaldiak gobernuaren jarrera salatzeko.
Rene Cassinen etxetik suprefutarara giza katea eginen dute bihar, 11:00etan, Baionan, irakaskuntza elebiduneko hiru sareek eta euskalgintzak. Hiriburuko Baste-Quieta eskola publikoan murgiltze ereduko esperimentazioari Errektoretzak eman ezezkoaren ondotik antolatu dute. Alsazian, Bretainian, Korsikan eta Okzitanian ere ekitaldiak antolatuak dira GHBDk, Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen batasunak deiturik.
Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariak erabili arrazoien arabera, murgiltze ereduan diren klase guziak legez kanpokoak lirateke. “Hartzen baditugu erabili dituzten hitzak, erran nahi luke azken 50 urteetan egin duguna jadanik ilegala zela”, dio Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Azkenean, Hiriburukoa administrazioak eman kolpeetarik bat gehiago zaio. “Publikoko murgiltzeari eraso diote, baina azken urteetan hizkuntzen irakaskuntzari alde guzietarik eraso diote. Aitzakia juridikoak eman dituzte hor, baina guretako eraso politikoa da. Lege aldaketarenak ez du balio; murgiltzea bazen, eta murgiltzeak segituko du”.
Hiru sareen arteko elkartasunaren beharra begi bistakoa zaio, bihar euskaldunak izan daitezen denen beharra delako: “Eskola publikoak hiztun osoak sortu behar ditu, eta buraso bakoitzak behar du hautua izan bere haurra euskalduntzeko nahi duen sarean”. Sare publikoko, giristinoetako eta ikastoletako burasoak bilduko dira berriz ere, beraz, bihar. Joan den azaroan, jadaneko, Parisen elkartu zen andana bat GHBD taldearen deiari jarraikiz. “Iaz, salatu genituen lizeoko erreformaren ondorioak. Uztailean beste urrats bat egin zuten murgiltzea geldituz, eta euskarazko konkurtsoa pasatu zuten irakasleak frantsesa irakasterat igorriz. Mobilizazioaren segida da biharkoa; behar gero eta azkarragoa dugu elkarrekin aritzeko”.
Beste lurraldeetan berdin
Bretainian ez dute giza katerik eginen bihar, baina arratsalde honetan berean Kemper hirian egin prentsaurreko baten bidez markatuko dute kexua. Kerve Breizh bretoierazko kultur egituren koordinazioak deitu du ekitaldira. Lizeoko eta baxoaren erreforma eta Sant-Ervlan (Saint-Herblain) hiriko Diwan eskolak jasan erasoa dituzte partida azken aldietan. 2016an ireki zuten Diwan hori, baina Akademiak ez du onartu ofizialki Hezkuntza Ministerioarekin Diwanek duen elkarte hitzarmenaren baitan.
Bestalde, lizeoko erreformak sekulako ondorioak izan ditu bretoiera hauta zezaketen ikasleen artean. Bigarrenera sartu berri direnetan, bretoiera hautuzko hizkuntza gisa hartzen zutenen kopurua %40 beheititu da. Sail elebidunean, %90etik %75erat. “Arazo handia da”, dio Lena Louarn Bretainia eskualdeko lehendakariorde eta Bretoieraren Erakunde Publikoko lehendakariak, “Bretainiako eskualdeko lehendakari Loig Chesnais-Girardek behin baino gehiagotan idatzi dio Blanquer jaunari. Eskuratu dugun erantzuna guziz hutsa da, ez dio galderari ihardetsi”. Horregatik, Bretainiako eskualde buruak erabaki du zuzenki Jean Castex Frantziako lehen ministroari idaztea. Estatua amarruz ari dela salatu du Louarnek. “Molde gordeak dira horiek oro hiru sareek eta elkarteek eraman obra guzia desegiteko; hautetsiek egin bitartekaritza harekin”.
Bretoiera irakasleen formakuntzan dituzten arazoak ere aipatu ditu. Haren iritziz, ez zaie maila aski ona transmititzen, “Hezkuntza Ministerioaren ardura delarik osoki formakuntza”. Gainerat, eremuz biziki zabala den Bretainia guzian gune bakarra dute, publikoan, irakasleen prestatzeko: Sant-Brieg hirian (Saint-Brieuc).
Beste enegua, herriko etxeek haurka isuri sariarena dute. Diwan sareko eskola guziek ez dituzte eskuratzen inguruko herrien partetik haur bakoitzeko jaso daitezkeen sariak. “Diwanek leher egiten dute horrengatik”. Kalkulatu dute 300.000 bat euroko galtzea baluketela. “Alde guzietarik entseatzen dira gure itotzen, eta [COVID-19] gaitzaren garai lauso honetaz baliatzen dira; biziki maltzurra da”.
Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen batasuneko Alsaziako ordezkaria da Jean Faivre. Jakinarazi duenez, Baionakoaren gisan, Alsazian ere errektoretzaren aitzinean eginen da giza katea bihar, Estrasburgon. “Errektoretzan egin nahi dugu irakaskuntza arloa sinbolikoa baitzaigu. Arrasta nagusiak Hezkuntza Ministeriotik heldu baitira. Haien ardurak oroitarazi nahi dizkiegu”.
Alsazian ere lizeoko erreformaren ondorioengatik haserrea helarazi diote Hezkuntza Ministerioari. “Errefusa dugu parean”, salatu du Faivrek; “axolagabekeria pareta bat dugu aitzinean Jean-Michel Blanquer eta haren zerbitzuekin. Mespretxuarekin ari zaizkigu”. Jokamolde horren adibide bat eman du. Unibertsitatera sartzeko frogagiri bat eskatzen zaie ingelesez ikasleei. Alsazian gogoko lukete ingelesa izateko partez alemana izan dadin. Alsaziera, azkenean, alemanaren dialektoa delako ahozkoan, eta alemana idatzian. “Guretzat, eskualdeko hizkuntza, Rhin gaineko eremu geografikoan integratzeko auzia da. Alemana eskualdeko hizkuntza gisa kontuan ez hartzea kezkagarria zaigu. Iduri luke alemana atzerriko hizkuntza dela, gure lurraldeko hizkuntza historikoa delarik”.
Faivrek ere argi du jarrera politiko zurrun baten aitzinean gertatzen direla Frantziako Gobernuarekin. “Etsaigo bat sentitzen da estatuaren partetik. Tokiko hizkuntzak ez dira beren programan sartzen. Jean-Michel Blanquerri dagokionez, segur da eskualde hizkuntzak bere pentsamenduaren muinetik kanpo direla. Gobernu horren DNAn [hizkuntzen] gaia mesfidantzaz ikusia da”. Horregatik, munta handikoa zaio hunkiak diren lurralde guzietako elkarte eta ordezkariak bildu baitira urte bat honetan GHBD batasunean: “Barreiatuak ginen, eta fronte bateratuaren egiteko balentria lortu dugu”.
Hautetsien betekizunak
Ez dira denetan arrangura maila berak hautetsien artean lurralde batetik bestera. Ipar Euskal Herrikoek bat egin dute Hiriburuko auzian. Ministerioarekin zuzenki mintzatzeko esperantzarekin.
Berri ona zaio Peio Jorajuriari hautetsiek erakutsi batasuna: “Berri biziki ona izan da hautetsi guziek fronte bakarra osatzea Pariseren kontra plantatzeko prest agertuz. EEPk salaketa jartzea urrats handia da”. Giza katearen gisako herritarren mobilizazioak eta hautetsien ildoa bateragarriak zaizkio. “Hautetsien borroka eta gizartearena ez dira erritmo berean egiten. Biak beharrezkoak dira; badakigu aurten lorpenak nahi baldin baditugu bi fronteetan aritu beharko dugula”.
Lena Louarn bretoiak uste du tenorea dela lurralde guzietako hautetsiak elkartzea. “Nahitara molde ezberdinean jokatzen dira [estatutik] batzuekin eta besteekin. Fronte bateratu indartsuagoa behar genuke hautetsi guzien artean. Mundu politikoak gehiago esku hartu behar luke hizkuntzen garatze bidean”.
Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.
Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]
Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.
EITBko Euskara Batzordeak gaitzespena adierazi du azken hilabeteetan egindako zuzendaritza postuetarako hautaketa prozesuak direla eta. Salatu dutenez, euskarazko C1 maila ez duten hiru pertsona hautatu dituzte postu garrantzitsuetarako: EITB Mediaren zuzendaritzarako, Social... [+]
Ostegun honetako Udal Osoko Bilkuran eztabaidatu eta bozkatuko dira Amurrioko Udaleko 2025erako aurrekontuak eta, beste behin ere, Udal Gobernuak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearen hitzarmen eta dirulaguntza berrezartzeari.
Euskarazko murgiltze eredua eta eredu elebiduna duten ikastetxeak gutxiengo izatetik gehiengo izatera pasa dira Ipar Euskal Herrian hogei urteotan, Euskararen Erakunde Publikoaren azterketak erakutsi duenez.
Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]
Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.
Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.
Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.
Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo... [+]
Urtea amaitu baino lehen gehiengo politikoaren oniritzia lortu nahi du udalak
Hezkuntza Departamentuak Oibarko ikastetxe publikoan D eredua ezarriko dutela iragarri du. Hilabeteetako protesten ondoren, euskarazko lerroa ezartzea lortu dute.
2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.
Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.