Jardín Secreto eta Bilboko Langile Autodefentsa Sarearen arteko gatazka aurrera doa, gertakizunen irakurketa kontrajarriekin

  • Langile baten kaleratzea medio, irailaren 10etik Espacio Open-Jardín Secreto enpresarekin gatazkan murgilduta dago Bilboko Langile Autodefentsa Sarea. Aferak iritzi publikora salto egin ondotik, enpresak gertakizunen bere irakurketa helarazi die hedabideei. Enpresaren adierazpenen aurrean, azalpen-oharra plazaratu du Langile Autodefentsa Sareak.


2020ko urriaren 08an - 11:03
Jardin Secreto aurrean egindako elkarretaratzea (Argazkia: Ecuador Etxea)

Aurrera doa Bilboko Langile Autodefentsa Sareak Espacio Open-Jardín Secreto enpresarekin abiatutako lan gatazka. Irailaren 10ean jarri zen sarea enpresarekin kontaktuan, bertako langile izandako pertsona batek berengana jo ostean. Jardín Secreto tabernako langile ohiak beren kasuaren berri eman zien: lanean zela, ostalaritzako lan-hitzarmenari zegozkion egitekoak egin zituen eta lan-hitzarmen txikiago bati dagokion soldata jaso zuen ordainetan; ostean, bajan zegoela kaleratu egin zuten, eta gizarte segurantzaren mezu bidez izan zuen kaleratzearen berri.

Langileak eta sareak beren erreklamazioak jasotzen zituen gutuna helarazi zioten enpresako nagusiari. Erreklamazioei erantzun bat emateko irailaren 17ra arteko epe muga jarri zioten enpresari, eta eguna iristerako inor ez zenez beraiekin kontaktuan jarri, gatazka publiko egitea erabaki zuten. Irailaren 17an bertan protesta egin zuten taberna parean, bezeroak presente zirela. Adierazi zuten gatazkaren izaera publikoa areagotuz joango zirela enpresaren partetik erantzun bat jaso arte, eta hala heldu zen urriaren 4ko protesta deialdia, Espacio Open-en igandetan egin ohi den Open Your Ganbara azokaren denboraldi berria abiatzen zen egunean.

Espacio Open-en gertakizunen irakurketa

ARGIAn gatazkaren berri eman genuen urriaren 4ko protestaren bezperetan, eta irailaren 5ean, Espacio Open-en mezua jaso zuen kazetariak. Bertan enpresak bere bertsioa ezagutzera emateko nahia adierazten zuen, beren arabera langileak eta sareak publiko egindako informazioa “ez delako egia”.

Enpresaren idatzian azaltzen denez, langile ohia otsailean hasi zen lanean Jardín Secreton, hiru hilabeteko behin-behineko kontratu batekin. Beren hitzetan, kontratu hori “alarma-egoera dela eta luzatu zen, pandemiaren ondorioz”, eta uztailaren 18an amaitu zen. Hori horrela izanik, Espacio Openek dio langile ohiarena ezin dela kaleratzetzat jo, ezin delako “kontraturik indarrean ez duen inor kaleratu”.

Langile ohiak eta Langile Autodefentsa Sareak egindako erreklamazioez mintzo da enpresa bere idatzian: zehazten du 432,73€ erreklamatu zizkietela, eta orain beste 108,24€ eskatzen dizkietela. “Langileari kitapen bidez legez zegokiona ordaindu genuen, 677,89€ guztira. Kitapena hasieran eskatu zena baino askoz gehiago izan da (…) Ez dago arrazoibide argirik azaltzeko zergatik eskatu ziren lehenengo 432,73€ eta gero beste 108,24€, nahiz eta kitapenaren ordainketak langileak eta kolektiboak eskatutako bi zenbatekoen batura gainditu duen”.

Sareak salatu duen egoera “puztuta” dagoela deritzo Espacio Openek, eta horren adierazletzat jo du lan-arloko epaitegira ez jo izana. “Baja batean kaleratzea legez kanpokoa da; egia balitz, justiziak zigortu egingo gintuzke, eta arrazoia emango lieke”, egin du irakurketa, ondokoa gehituz: “Eta kontratatzen duena zigortzeko gaitasuna duten langileen eskubideak defendatzeko mekanismoei uko egitea ez litzateke inoiz estrategia ona izango”.

Esandakoak esanda, enpresak dio uste duela “badirela protesta hori merezi duten beste kausa batzuk”.

Langile Autodefentsa Sarearen erantzuna

Espacio Openek bere irakurketa gatazkaz informatu zuten hedabideei helarazi ostean, azalpen oharra egin du publiko asteartean Langile Autodefentsa Sareak. Adierazi dute beharrak bultzatu dituela ohar hori idaztera, zenbait arrazoirengatik: batetik, enpresaren bertsioak beren eskakizunak zalantzan jartzen dituenez horiek argitu beharra ikusi dutelako; eta bestetik, enpresak esandakoek zuzenean eragiten dielako Jardín Secreto tabernatik kaleratua izan zen pertsonari eta eragileari.

Lehenbizikoz, argitu dute gaur gaurkoz enpresak segitzen duela beraiekin harremanetan jarri gabe lan gatazkari irtenbidea emateko.

Idatzian azaltzen dute egia dela enpresak diru kopuru jakin bat ordaindu ziola langileari lan-harremana bukatu zenean, baina ñabardura egiten dute ondokoan: “Hala ere, kopuru hori langilearen Aldi Bateko Ezgaitasunari dagokio, eta guk ez genuen kontzeptu hori eskatu gure komunikazioan”. Horren aurrean, sareak salatu du enpresa langilearen ohiko soldatari dagokion diru kantitatea kalte-ordaina bailitzan saldu nahirik dabilela. “Hau da, beste sasoi eta era batean ordaindu behar zituzten zorrak orain ordaindu izanak ez ditu salbuesten langilearen kaleratzeari dagokion kalte-ordainetik. Beraz, zorra ez dago ordainduta”, azpimarratu dute.

Langilearen kontratuari buruz sareak dio langilearen aldi bateko kontratua eta proba-aldia darabiltzala enpresak bere defentsan, ulertzera emateko langilea ez dutela kaleratu, kontratua indarrean ez zegoelako. “Praktika hori, ostalaritzako enpresarien artean oso ohikoa dena, guztiz salagarria da”, diote. Praktika horren bidez, azaldu dutenez, enpresariek aldi baterako lan kontratu faltsuak erabiltzen dituzte mugagabea izan beharko lukeen lan-harreman bat betetzeko, eta horrela kontratu baten eta bestearen artean langilea inolako kalte-ordainik gabe kalean uzteko aukera bermatzen dute. Langile Autodefentsa Sareak argi dio: hori kaleratzea da.

Hori horrela, argitu dute beraiek eskatzen duten diru kopuruak bidegabeko kaleratzeari erantzuten diola, kalte-ordain gisa. Eta eskabidearen arrazoia ere zehaztu dute: nagusiek langileari abisatu ez izana kontratua berrituko ziotela, ezta kontratua luzatuko ez ziotela ere.

Lan-arloko epaitegira joan ez izanaren arrazoiez ere mintzatu da sarea. Azaldu dute “Espacio Openen ohiko jarduna osatzen duten” abusuak eta legezkotasunaren mugetan kokatzen diren zenbait praktika “nekez” sala daitezkeela prozesu judizial batean, eta hori hala izanik, langileriaren auto-antolakuntza besterik ez zaiela geratzen. “Ez ditu ordenamendu juridiko burgesak gure eskariak zehazten; baizik eta esplotazioa pairatzeak ematen digun zilegitasunak eta gure aldarrikapenak aurrera eramateko dugun indar antolatuak”, egin dute irakurketa. Enpresak epaitegietara jo ez izanaren argumentua intentzionalitate argi batekin darabilela diote: enpresaren praktika ona justifikatzea, sareak bide judiziala hartu ez izanaz baliatuz.

Oharraren itxiera probestu dute Espacio Openeko nagusiei “era zuzen eta pribatuan” hitz egiteko prestutasuna helarazteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Langile borroka
Immigrazioa eta sindikatuak, eskubide unibertsalak ala porrot kolektiboa

Gabezia guztiekin ere, sindikatuek gizateriaren alde inoiz egon den beste edozein giza erakundek baino gehiago egin dute. Duintasunari, zintzotasunari, hezkuntzari, ongizate kolektiboari eta giza garapenari beste edozein pertsona-elkartek baino gehiago lagundu... [+]


Patronalari absentismoaren “iruzurra” aurpegiratu eta lan istripuak prebenitzeko eskatu diote Hego Euskal Herriko sindikatuek

Sindikatuek agerraldi eta salaketa publikoak egin dituzte astelehenean, Nazioarteko Lan Osasunaren Egunean. Hego Euskal Herrian iaz zenbatu zituzten 64 hildakoen gorpuak irudikatu dituzte LABek, ESK-k, STEILASek, EHNEk, Etxaldek eta CGTk Iruñean eta Donostian.


Analisia
Denok gaude katean

Urtarrilaren 29an, gaur egungo mundu berekoi honetan ohituta ez gauden zerbait gertatu zen Laudioko Guardian lantegiaren atarian. Zuzendaritzak hango labea itzaltzeko asmoa erakutsi zuen, eta horri aurre egiteko, langileek atea blokeatu zuten pankarten bidez. Baina ez zeuden... [+]


Emakumeek lan munduan izandako garrantzia islatu dute Arabako Arte Ederren Museoan

Arabako artisten 35 lan paratu dituzte Emakumea. Familia eta lana erakusketan, Gasteizen. Aukeraketa egiteko, kanpoan utzi dituzte historian zehar emakumeak sarritan margotu izan diren beste egoera eta estereotipo batzuk, eta lanari lotutakoei eman diete garrantzia. Urriaren... [+]


Laborantza lurrak babesteko barazki landaketa herrikoia antolatu dute Marienean

Kanboko (Lapurdi) lurrak babesteko deia zabaldu dute ELB, Lurzaindia eta Ostiak. Maiatzaren 17an ibilaldia, ekitaldia eta landaketa herrikoia antolatu dituzte. "Lurraldearen oraina, eta geroa ere, gure inplikazioaren araberakoa da", adierazi dute.


Oloro-Donamariako suprefetura okupatu du ELBk, behi tuberkulosiaren kontrako protokolo “gogorregia” salatzeko

Eritasunaren kontrako protokoloa salatzeko eta prefeturarekin hitzordu bat lortzeko asmoz, bideratu dute okupazioa ehun bat laborarik. Tuberkulosia kasu batzuk agerturik Zuberoan, eritasunaren kontrako neurri sanitarioak segitu beharrean dira inguru horietako 280 etxalde... [+]


Negoziazioa: negarrerako zioa

Hezkuntza publikoko irakasleok  hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]


2025-04-10 | ARGIA
Maiatzean beste bost greba egun egingo dituzte EAEko hezkuntza publikoko irakasleek

Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.


2025-04-10 | ARGIA
Negoziazioak “boikoteatzea” egotzi diote sindikatuek Nafarroako Gobernuari, funtzio publikoko greban

Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.


Teknologia
Teknologia kakatsua eskuratzeko kurba

Ekonomialariei asko gustatzen zaizkie merkatuen jokabideak adierazten dituzten grafikoak, kurbak alegia. Deigarria egin zait zentzu horretan Pluralistic webguneko “The future of Amazon coders is the present of Amazon warehouse workers” artikuluan (Amazonen... [+]


2025-04-08 | ARGIA
Grebara joko dute Donostiako gizarte zerbitzuetako langileek

Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".


Eguneraketa berriak daude