Titare, orratz eta hari biloek ez dirudite iraultza bat egiteko tresna egokienak beharbada. Metalezko hatz estalkia batetik; azala zeharkatuz gero odol tanta bakar bat sor dezakeen puntadun orratza bestetik; artiletik eratorritako matazak azkenik. Baina brodatuak eta ehungintza, boteretsuen indarkeriaren kontra egiteko elementuak izan dira historian zehar. Iraultza iruditegi belikoaren neurrira eta arabera ikusten ikasi dugun garaiotan, burdinazko ezkutu eta lantza bat bezain iraultzaileak izan daitezke titare eta orratz bat.
Esan Frantziako Iraultza (1789-1799) deitutako horren karietara sortu ziren tricoteuses-ei bestela. Estatu liberalaren zimentuak ezartzen ari ziren garaietan, erabakigune eta asanbladatara joan eta ehuntzen edo puntua egiten egon ohi ziren emakumeak ziren. Ildo jakobinoaren alde kokatuak, kontra-iraultzak sorgin maltzurrak bailiran irudikatu zituen emakume talde hauek. Robespierren ehuleak bezala egin zituzten ezagun, Les Tricoteuses Jacobines ou de Robespierre. Gillotinaren aurrean josten agertzen ziren andrezko beldurgarriak bezala erretratatzen zituzten, urkamendiaren alboan gozatu ohi zuten munstroak. Erreformaren kontrakoen hitzetan, emakume frantses goxo eta sentiberak hotz eta odolzale bihurtzen ziren jendaurrean josten. “Pribatuan egin beharreko hori, jostea hain zuzen, publikoki egiten dute”. Tricoteuses esatea, beste edozein birao baino okerragoa bihurtu zen XVIII. mende buelta horretan.
Amerikako Estatu Batuak sortzea ahalbidetu zuen Independentzia Gerran ere (1775–1783), jostea jarduera politiko bihurtu zela esan daiteke. Ezagun ditugu “Daughters of Liverty” izeneko emakume taldeak, besteak beste, britainiarren produktuei boikota egiteko sortutakoak. Oihal britainiarrak erosteari utzi eta eskuz egindako jantziak egiten hasi ziren. Spinning bees edo ehuntzeko bilerak, aberriaren aldeko jardueratzat hartu ziren. Euren ekintzek hainbat aldaketa eragin zituzten estatubatuarren bizimoduan, hala nola, ingelesen bereizgarri zen tea edateari utzi eta kafearen kontsumoa sustatu zuten. Massachusettseko “askatasunaren alaba” batek, Alice Brown deitutakoak, honakoa idatzi zuen: “Nahiago dut gutako bakoitza ardi ilez edo ahuntz ilez jantzita ibiltzea, hain modu ikaragarrian birao egin digun herri ingelesaren produktuak erostea baino”. Euren aldarriak eragina izan zuen jendartean.
Denboran gertuxeago, Hego Amerika osoan zehar azken hamarkadatan izandako indarkeria politiko eta sistematikoari aurre egiteko balio izan dute hariek. Oskorri musika taldeak gurean ezagun egin zuen Violeta Parra artista txiletarrak, adibidez, urte luzez ehundu zituen arpilla izeneko tapizak. Herri sinboloak eta ikur garaikideak uztartuta, poroto, lenteja eta arroz alez josita bere herriaren injustiziak eta errealitateak kontatu zituen. Bere lanak Louvreraino iritsi ziren 1964an.
Hain ezagunak izan barik, arpillera txiletarrek, Pinochet diktadore faxistaren aroan bizi izandakoak marraztu zituzten oihaletan. Estatuaren indarkeria salatu eta izendatzeko erabili zituzten titare, hari eta orratzak. Bakarkako ariketa barik, ekintza kolektiboa izan ohi da arpilatzearena eta taldekatze horretan, bakoitzari jazotakoak hitzez adierazi eta artilez harilkatzerakoan, etxeko eta kaleko dinamikak eraldatzen zituztela esan daiteke. Txileko desagertutakoen arropa zatiak josiz, Santiagoko emakumeek erregimenak burututako krimenak salatu zituzten.
Hego Amerika guztian zehar topa ditzakegu antzerakoak. Brasilen transnazionalek eraikitako presek sortutako indarkeriak azaleratu dituzte ehuleek. Kolonbian, herritarren kontrako sarraskiak salatzeko eta azken urteotan, bake prozesuaren baitako elementu garrantzitsu bihurtu dira emakumeek jositako oihalak. Elkartzean ahaldunduta, erresistentzia jarrerak hartu eta eremu intimoa politizatzeko gai izan dira. Gainera, egunerokoan tabu izandako gaiez mintzatzeko aukera eskaintzen diete horrelako espazioek emakumeei, hala nola, hilekoa, amatasuna, zahartzaroa edo emakumeen kontrako indarkeria. Gaian tesia argitaratu duen Mariana Garcia Rivero antropologoaren arabera “ehungintza modu kolektiboan egiten denean, sormena sustatzeaz gain, kideen arteko elkartasun sareak indartzen dira. Oihalak, bateratzeko gaitasuna dauka”. Historia osoan elkartu dira emakumeak josteko, bakardadean kudeatzeko zailak diren bizipen zail eta gogorrak elkarrekin osatzeko.
Gaur egun ehungintzak erresistentzia eremu izaten jarraitzen du. Tradizioz jasotako jakinduriaren isla, herri artean elkar bereizteko ikur, ehunka urtean perfekzionatutako teknikaz egindako puntadak ikus daitezke munduko hamaika txokotan, balio sinboliko handiko oihalak. Merkatu kapitalistak negozio ederra ikusi du honetan ordea. Apropiazio kulturala deritzo dominatzailea ez den eta norberarena ez den kultura bateko elementuak hartu eta erabiltzen direnean, mozkinak ateratzea beste helbururik ez dagoenean.
Santa Maria Tlahuitoltepecen, Oaxakako Mixe mendikatean dagoen komunitate indigena bateko emakumeei horixe gertatu zaie adibidez azkenaldian. Isabel Marant izeneko diseinatzaile frantsesak, komunitate honetan ehunka urtez ehundu duten oihal motaren irudiak kopiatu eta alkandora batean plagiatu ditu. Mexikarrek 300 – 370 pesotan saldutako oihalak 5.000 pesotara ekarri ditu Marantek, jatorrizko oihalari eta artisauei inongo aipamen edo etekinik aitortu gabe.[1] Eta hau bezala, beste hamaika ere badira. Eta beste hamaika, horrelakoen aurrean antolatzen hasi direnak, asko baitira emakume brodatzaile edo ehuleen interesak defendatzeko sortzen hasi diren kooperatibak adibidez. Auto-antolaketa eta eraketatik abiatuta, euren lanari balio sinboliko eta materiala aitortzeko lanean ari dira kontinente osoko milaka emakume.
Historian transgresiorako, erresistentziarako eta nortasuna sortzeko josi izan dute emakumeek. Modu kolektiboan, publiko zein pribatuan, baina komunitatea garatzeko bide bezala; eraldatu eta iraultzeko. Brodatuaren hizkuntzek, oihalean sartzen diren orratzen eta berau zeharkatzen duten harien soinua dute. Gaur egungo ehuleok bestelakoak josteko hautua egin dugu beharbada, istorioak, kontuak eta bitxikeriak lotzekoa. Bestelako eremu eta jardueren inguruan batzen eta elkartzen hasi gara. Eta badakizue zer den onena? Ehuntzen gertatu ohi den bezala, haria galduz gero luzeago bat hartu, orratz begian sartu eta josten jarraitzea besterik ez dagoela denak zentzua berreskuratu dezan. Iraultza, nolabait izatekotan, eskuz ehundua ere izango baita, azken puntadara arte.
Washington (AEB), 1930eko ekainaren 17an. AEBetako Kongresuak Muga-Zergen Legea onartu zuen. Smoot-Hawley Legea ere esaten zaio Reed Smoot senatariak eta Willis Hawley diputatuak bultzatu zutelako.
Legeak 900 produktu ingururako inportazio zerga-mugak %40 eta %60 artean igo... [+]
Vienako Simmering auzoan kirol-zelai bat berritzeko lanetan ari zirela, 150 gorpu dituen hobi komuna topatu zuten 2024ko urrian. Erromatar legionarioak zirela ondorioztatu dute, eta K.o. 100 urte inguruan hil zirela. Edo, hobe esanda, hil zituztela.
Gorpuak edozein... [+]
1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.
Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]
Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]
Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.
Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak.
Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]
Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]
Gerra Hotza bultzatu zuten politiken alboan egon ziren ere bakearen aldeko ildoak. Ez zuten Ekialdea eta Mendebaldea batzeko moduko berregituraketa politiko berririk ekarri, baina errealitate berriak josi zituzten Europako Mendebaldea eta Ekialdearen artean. Horietako... [+]
Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]
Lineal A duela 4.800-4.500 urte erabilitako idazkera minoikoa da. Berriki, Kretako Knossos jauregi ezagunean, bolizko objektu berezi bat aurkitu dute, ziurrenik zeremonia-zetro gisa erabiliko zutena. Objektuak bi idazkun ditu; bata, kirtenean, laburragoa da eta aurkitutako... [+]
Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]
Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]