“Eskuburdinak oso estu lotu zizkidaten, eta min egiten zidatela esaterakoan are gehiago estutu zituzten”

  • Unai Isasi Azkarraga (Amurrio, 1998) gazte amurrioarra atxilotu zuen Ertzaintzak iragan ostiralean Gasteizen; 1976ko martxoaren 3ko sarraskia gogoratzen zuen manifestazioaren testuinguruan. Atxiloketaren inguruan mintzatu da Aiaraldea Komunikabidearekin.

Ertzaintzak martxoaren 3an atxilotu zuen Unai Isasi Azkarraga gaztea. Argazkia: Aiaraldea.eus

2023ko martxoaren 07an - 07:30

Martxoaren 3ko manifestazioaren ostean atxilotu zintuzten. Nolakoa izan zen atxiloketa?

Ostiraleko manifestazioaren testuinguruan beste gazte bat atxilotu zuten. Mobilizazioa amaitzerakoan Foru Plazan geratu ginen taldetxo bat, gazte horren atxiloketari buruzko informazioa bildu eta abokatuekin harremanetan jartzeko kudeaketa lanak egiteko asmoz. Telefono dei batzuk egin genituen, unibertsitateko ikasle batzuekin hitz egin, bere inguruko jendearekin harremanetan jarri… une horretan ezer gutxi genekien bere egoeraz.

Foruen Plazan geundela konturatu ginen geroz eta polizia gehiago ari zirela hurbiltzen ingurura, Ertzaina uniformatuak, baina baita kalez jantzitakoak ere. Geroz eta manifestari gutxiago geratzen ziren gainera, eta Ertzaintzaren presentzia agerikoagoa egiten zuen horrek. Une horretan erabaki genuen telefono deiekin beste leku batean jarraitzea. Plazatik atera eta polizia gehiagorekin egin genuen topo. Nire bila zeudela sumatu nuen. Alde egiten saiatu nintzen, baina kalez jantzitako poliziak nire gainean azaldu ziren, lurrera bota ninduten eta atxilotu egin ninduten.

Ostikada bat eman zidaten buruan, belaunak ipini zizkidan beste batek aurpegian, eta hirugarren bat izan nuen gainean jarrita. Bideoan ikusi dut gerora askoz gehiago nituela gainean, momentuan ez nintzen guztiaz ohartu.

Nolakoa izan zen Ertzaintzaren jarrera?

Urduri zeudela igarri nuen. Nire motxila kentzen saiatu ziren baina ez zutenez lortu, zintak moztu behar izan zizkioten. Eskuburdinak oso estu lotu zizkidaten. Gelditzeko eskatu nien, min izugarria egin zidaten-eta; baina are gogorrago lotu zizkidaten. Ospitalera eraman ninduten zuzenean. Nik uste ohartu zirela bortizki jokatu zutela.

Ospitalean erizain batek eta mediku batek artatu ninduten, beti ere Ertzaintzaren presentziarekin. Atxiloketa nolakoa izan zen galdetu zidaten. Esan nien eskuburdinena kenduta ez nuela minik. Erantzun zidaten polizia-etxean gaizki sentitzen baldin banintzen berriz ospitalera bueltatzeko eskatzeko.

Lakuako polizia-etxera eraman ninduten orduan. Iritsi bezain laster guztiz biluztu ninduten, nik hori egingo ez nuela esan arren. Umiliatzeko edo beldurtzeko asmoz egingo zutela pentsatzen dut, kolpeak eta irainak baliatzen dituzten modu berean.

"Abokaturik nuen galdetu zidaten. Baietz erantzun nien, eta Ertzaintzak honen telefonoa exijitu zidan. Telefonorik ezean ofiziozko abokatu bat jarriko zidatela esan zidaten, eta hala izan zen"

Sokarik gabeko arropak eman zizkidaten eta ziega batean sartu ninduten. Bota zidaten atxiloketaren zergatia eta nire eskubideak irakurri zizkidaten. Abokaturik nuen galdetu zidaten. Baietz erantzun nien, eta Ertzaintzak honen telefonoa exijitu zidan. Nik telefonorik ez nekiela baina abokatua banuela esan nien berriz. Abokatuaren izen-abizenak esan nizkien baina ez zuten hori onartu. Telefonorik eman ezean ofiziozko abokatu bat jarriko zidatela esan zidaten, eta hala izan zen.

Ofiziozko abokatua iritsi zen orduan.

Bai, berarekin bakarrik biltzeko aukera eman zidaten. Esan zidan hurrengo goizean epailearen aurrean deklaratuko nuela ziurrenik. Erantzun nion litekeena zela nire konfiantzazko abokatua egotea epaitegian, gau hartan harekin harremanetan jartzen utzi ez zidaten arren. Ofiziozko abokatuak, orduan, gau horretako nondik norakoak behatzera mugatuko zela erantzun zidan.

Ni izan nintzen lehena abokatuarekin biltzen, gero elkartu zen ofiziozko abokatu bera atxilotutako beste gaztearekin. Eskatu nion atxilotutako beste gazteari lasaitasuna transmititzeko. Imajinatzen nuen urduri egon zitekeela. Bakarrik zegoen atxilotu zuten unean, eta pentsatuko zuen inork ez zekiela bertan zegoenik.

Abokatuarekin egon ostean berriz biluztu ninduten. Ziegara eraman eta nire fitxa bete ostean askatu egin ninduten, nik bertan gau osoa pasako nuela pentsatu arren.

Senide eta lagunak zenituzten Lakuako polizia-etxearen aurrean zain. Hauen aurka ere egin zuen Ertzaintzak, ezta?

Bi atxilotuetatik ni izan nintzen ateratzen azkena. Senide, lagun eta kideak agurtu nituen. Orduan ikusi nuen lehedabiziko aldiz atxilotutako beste gaztea. Alde egitear geundela, Ertzaintzaren furgoi batzuk azaldu ziren. Bertan zeuden guztiak identifikatuko zituztela esan ziguten, ustez polizia-etxera sartzen aritu ziren kotxeak grabatzea egotzita. Inor ez zen ibili autoak grabatzen, baina ertzainek erakutsi beharra zuten euren gainetik inor ez dagoela.

Zer da leporatzen dizutena?

Desordena publikoak eta agintarien kontrako erasoa leporatzen dizkidate. Epaile baten aurrean deklaratzera deituko naute aurki, Ertzaintzak salatutakoarekin zer ikusirik dudan ikusteko. Orduan jakingo dugu zein norabide hartuko duen kasuak.

Biharamunean atxiloketa salatzeko protestak egin ziren Amurrion, Gasteizen eta Lemoan. Protesta horietan 1976ko biolentzia polizialarekin lotu zen 2023ko egoera hau.

Ertzaintzak nahiko argi utzi nahi izan zuen martxoaren 3ko operazioarekin polizia indarrek jarraitzen dutela inpunitate osoz euren boterea baliatzen, inolako ondoriorik gabe. Uste dut Ertzaintza oso urduri jartzen dela Martxoaren 3an; seinalatuak sentitzen direlako, badakitelako, 1976an bezala, eurak ere biolentzia polizialaren gaineko ardura badutela, eta hala baliatzen dutela beste kasu askotan. Biolentzia hori baliatu zuten Gazte Blokea jazartzeko edota langileon arteko elkartasunaren aurka egiteko.

Poliziaren presentzia gehiegizkoa zela uste duzu?

Ertzaintzaren furgoi asko zeuden, Brigada Mugikorreko polizia asko, baita kalez jantzitako polizia asko ere. Ez dugu ahaztu behar 1976ko sarraskia gogoratzeko manifestazioa zela hura. Duela 47 urte poliziak bost langile erail zituen Gasteizen eta beste bi gertakariak salatzeko Tarragonan eta Basaurin egindako mobilizazioetan. Poliziaren presentzia probokazio hutsa da, konfrontazio hori nahita bilatu zuten.

Ondoriorik atera duzu atxiloketatik eta martxoaren 3ko gertakarietatik?

Argi erakutsi dugu herri honetan borrokarako grina dugula oraindik. Bide horretan batasuna eta elkartasuna dira ditugun tresnarik indartsuenak. Argi geratu da ere indarkeria polizialetik zein indarkeria instituzionaletatik babestu behar garela, eta bereziki sektore zaurgarrienok elkar babestea funtsezkoa izango dela.

Nahi beste egin dezakete langileon arteko elkartasuna eteteko, baina Martxoaren 3ko manifestazioa adibide on bat da; 47 urteren ostean langile klaseak batuta jarraitzen du. Orduan bezala, herri honen alde lanean jarraitzen dugu eta aurrerantzean ere ez dugu etsiko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ertzaintza
Ágredok dioenez, zortzi bat ordu eman zituen ziegako zoruan etzanda Ertzaintzak ospitalera eraman aurretik

Karen Daniela Ágredok dioenez, atxilotu zutenean berak ez zuen ertzainik zauritu, haiek lurrera bota zuten eta konortea galdu zuen. Ondoren, Ertzaintzaren komisariaren zoruan iratzartu zen eta handik ospitalera eraman zuten.


Ertzaintzak Gasteizko Salburuan egindako “sarekada arrazista” salatu dute hainbat eragilek

Salburuako futbol kantxetan polizia-operazio planifikatu bat egin zuen igandean Ertzaintzak, eta Gasteizko GKSk nahiz Gasteiz Antirrazista eragileek salatu dutenez, bertan zeuden pertsona ugari identifikatu, miatu eta kolpatu zituzten. 


Ertzaintzak kolpatu zuen Donostiako emakumeari garunean bi ebakuntza egin beharko dizkiote

Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak adierazi du oraingoz ez dutela neurririk hartuko kasuaren inguruan, "gauzak ondo edo gaizki egin izanaren inguruko segurtasun edo ziurtasunik" ez duten bitartean. Ertzaintzaren agenteek eraso egin zioten emakumea "indarrik... [+]


Donostiako emakume batek salatu du Ertzaintza bere aurka oldartu ostean ZIUan amaitu zuela, konorterik gabe

Emakumearen familiako kideek jarri dute salaketa Bilboko Kolonbiaren kontsulatuan. Otsailaren 1ean jasan zuen erasoa, Donostiako Manterola kaleko diskoteka baten atarian. Hainbat testigantzen arabera, konorterik gabe egon arren berari kolpeka jarraitu zuen ertzain batek.


Ertzain batentzat sei urteko kartzela-zigorra eskatu dute atxilotu bati drogaren truke laguntza emateagatik

Gipuzkoako Fiskaltzak sei urteko espetxe-zigorra ezarri nahi dio Donostiako Herritarren Babeseko patruiletako buruari. Ertzainak kokainaren truke prozesu judizialean onurak eskaini zizkion droga trafikatzea egotzita atxilotutako gizon bati.


Isunak kendu dizkiete ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortutako donostiarrei

Eusko Jaurlaritzak isunak kendu dizkie ertzainei euskaraz hitz egiteagatik zigortuak izan ziren Donostiako herritarrei. Manex Ralla eta Amaia Abendaño dira herritar horiek, isunak kendu dizkietela baieztatu diote hedabide honi.


Real-PSG partiduan begian zauritutako beste pertsona baten kasua berriz irekitzeko agindu du auzitegiak

Donostian 2024ko martxoan jokatutako futbol partiduaren aurretik Ertzaintzak egindako kargetan, Amaya Zabarte zaleaz gain bigarren pertsona bat zauritu zuten, ustez foam pilota batekin begian jota. Orain, kasu hori ere ikertzeko agindu du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Ertzaintzari “erantzukizunak” eskatu dizkio Realak, foam jaurtigailuz zaurituriko zalearen kasuan

Jokin Aperribay Real Sociedadeko presidenteak azaldu du gertaturikoa “argitzeko” eskatu diola Polizia autonomikoari. Zauritutako Amaia Zabarteren familiak klubari egotzi dio publikoki ez gaitzestea erasoa.


2024-11-28 | Leire Ibar
Tolosan Ertzaintzak pilotakadaz zauritu zuen gaztearen kasua artxibatu dute, biktimak deklaratu aurretik

Epaileari nahikoa izan zaio azaroaren 27an Ertzaintzak egindako deklarazioa kasua artxibatzeko. Erabakiaren aurrean helegitea aurkeztuko duela adierazi du Xuhar Plataformak. “Xuharrek ez du begia galdu, Ertzainak begia galduarazi dio”, salatu du mugimenduak.


2024-11-27 | Leire Ibar
Ertzaintzak komisarian jipoitu zuen emakume arrazializatuaren kasua itxi dute prokuradoreak helegitea aurkeztea “ahaztu” eta gero

2018ko maiatzean Getxoko Ertzaintzaren komisarian jipoitu zuten Silvia emakume migratu eta arrazializatua, bidegabeki atxilotu ostean. Epaiketan zigor arinak ezarri zizkioten ertzain bati, baina emakumea ere zigortu zuten desobedientzia leporatuta. Silviak Espainiako Epaitegi... [+]


Ertzaintzak zaurituriko Realeko zalearen kasua berriz irekitzeko agindu du epaileak

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.


Eguneraketa berriak daude