Maria Rivero Campo (Balmaseda, 1979) eta Gotzon Barandiaran Arteaga (Larrabetzu, 1974) buru-belarri ari dira Aiaraldean egingo den Jalgi plaza ibiltariaren antolakuntzan lanean. Egitasmoak astebete iraungo du, eta 65 kultur ekitaldi eskainiko ditu.
Nola azalduko zeniokete aiaraldear bati zer den Jalgi?
Barandiaran: Gogoeta prozesu luze baten ondorioa da Jalgi. Bertsozale Elkartea, Euskara Elkarteen Topagunea, Ahotsenea eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea hasi ginen hausnarketa hori egiten.
Lau gabezia nagusi ikusten genituen. Alde batetik, ez dugula sorkuntza era sistematiko batean lantzen, ez hezkuntza arautuan ez eta ez-arautuan ere. Bestetik, uste dugu plazak ez ditugula erabiltzen euskal kultura produkzioak erakusteko; sumatzen dugu beste kultura batzuetako ekoizpenek hartzen dituztela espazio horiek. Hortaz gain, badugu baita gabezia handi bat euskal kulturgintza herritar ez euskaldun zein euskaldunei komunikatzerako orduan. Bukatzeko, iruditzen zaigu eten bat eman dela transmisioan, eta gaur egun ez dagoela bermatuta.
Ikusten dugu momentuz ez dugula nahikoa gaitasun lau gabezia nagusi horiei batera heltzeko. Lehentasunak jartzea erabaki genuen, orduan, eta horrela erabaki genuen premia nagusia komunikazioak, hedapenak eta transmisioak behar zutela izan, hutsunerik handiena esparru horietan baitago. Orduan erabaki genuen ekin behar geniola arazo horri modu iraunkor eta transbertsal batean heltzeari. Horregatik erabaki genuen Jalgi Plaza Ibiltaria egitea urtero Euskal Herriko eskualde batean, astebetez, eta lehenbiziko urteetan euskal kulturaren komunikazioa eta transmisioa izatea ardatz.
Aiaraldean egingo da ekimenaren lehen edizioa. Zergatik?
B: Euskal Herriko mapa aztertu genuen eta iruditu zitzaigun Aiaraldea bazela oraindik jorratzeko eremu bat. Oso azpiegitura onak dituen eskualdea da. Aiaraldea Komunikazio Leihoa ere hor dago. Bere ibilbidea jarraitu izan dugu azken urteotan eta komunikatiboki Euskal Herrian egon den ekimenik eraginkorrenetariko bat izan da, gure ustean, behintzat. Eurekin eta eskualdeko beste euskara eta kultura eragileekin hitz egin genuenean ikusi genuen oso abegi onez hartu zutela gure ideia. Hori jakinda, erabaki genuen Jalgiren lehen edizioa Aiaraldean izatea.
Euskal Herriko izen handiko sortzaileak Aiaraldekoekin batera azaltzen dira egitarauan. Nola egin duzue uztarketa hori?
Rivero: Hori zen hasierako helburua: erreferentzialtasuna duten pertsonengana jo, eurekin egitaraua osatzeko. Baina ikusten genuen tokiko sortzaileen presentzia ere ezinbestekoa zela. Saiatu gara baita emanaldi batzuetan biak uztartzen, kanpoko eta tokiko sortzaileen arteko saio komunak sortuz. Zentzu horretan, 65 kultur ekintzetan oreka bat lortu dugula uste dugu.
Hausnarketara bideratutako jardunaldi batzuk ere antolatu dituzue.
B: Maiatzaren 26an eta 27an egingo ditugu jardunaldi horiek, egun osoz, Amurrioko Reforren. 26an euskal kultur sorkuntzaren komunikazioa izango dugu ardatz. 27an, berriz, transmisioa.
Formatua eta metodologia bera izango da bi egunetan: goizean hamaika lagunek hamar minutuko ponentzia bana azalduko dute. Ponentzia horietako edukiak lan-talde txikietan landuko ditugu gero. Zentzu horretan, ez da eztabaida hutsala izango bi egunetan zehar egongo dena. Jardunaldietan sortzen diren eduki guztiak jaso egingo ditugu eta saiatuko gara 2017ko Jalgira begira hor proposatzen dena beste foro batzuetan sakonago eta zehatzago eztabaidatzen.
Aste bat iraungo du Jalgik. Aste hori pasata, zer?
B: Behin Jalgi amaituta, bertan eztabaidatutako edukiak beste foro batzuetan lantzeko bideak jorratuko ditugu. Elkarte eta eragile ugari bilduko gara Jalgin, eta asmoa da hortik aurrera bakoitzak bere jardunean txertatzen sakontzen joatea jardunaldietan zehazten diren neurri horiek.
R: Asmoa da aste horretan zehar euskal kulturaren fokua Aiaraldean egotea, baina baita behin Jalgi pasata eskualdean arrastoa uztea. Zentzu horretan, gustatuko litzaiguke ekimenak balio izatea Aiaraldean euskal kulturaren gaineko eztabaida eta behar bat sortzeko.
Artikulu hau Txabi Alvarado Bañaresek argitaratu du Aiaraldea.eus-en eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.
Euskarazko sorkuntza aldarrikatzea helburu, Jalgi ekimenaren lehenengo edizioa ospatu dute Aiaraldean; joan den astelehenean hasi eta larunbata bitarte hirurogei jarduera baino gehiago garatu dituzte eskualdeko bederatzi udalerrietan.
Jalgi ekimenaren barruan euskal kultura nola komunikatu eztabaidatu da ostegunean. ARGIAtik begirada hau eskaini dugu.
Maiatzaren 26an eta 27an euskal sorkuntzaren transmisioa eta komunikazioaren inguruan hausnartzen ari dira Jalgi jardunaldietan.
Irailaren 23tik 28ra Jalgi ekimena ospatuko da Aiaraldean, euskarazko kultur-sorkutza ikusgarri egiteko. Ekimena zergatik antolatu duten azaldu du Gotzon Barandiaranek (Larrabetzu, 1974).
Maiatzaren 23tik 29ra Arabako eskualdeko bederatzi herrietan programazio kultural zabalarekin batera eztabaidarako emango duten jardunaldiak antolatu dituzte, komunikazioa eta transmisioa ardatz hartuta.