“Eskolak ezin dio heriotzaren gaiari bizkarra eman”

  • Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan doluaren eta heriotzaren pedagogia lantzeagatik” Gehiago Gara ekimenaren aitortza jaso zuen iazko abenduan Antzuolako Herri Eskolak. Lanketa horren ingurukoak hobeto ezagutzeko, bi irakasle elkarrizketatu ditugu: Nahikari Barrio eta Josune Jiménez.

Nahikari Barrio eta Josune Jimenez Jon Torner Zabala

2024ko urriaren 31n - 12:00
Azken eguneraketa: 10:09

1980ko hamarkadatik ari zarete, hortaz, umeekin heriotzaren ingurukoak lantzen.

Hala da, garai hartan eskolako gurasoetako bat istripuz hil zen, eta ikastetxeak zerbait egin beharra zuela ikusi zuten irakasleek. Argi zuten ez zutela beste aldera begiratuko, baina zerbait egin behar horretan, nola jokatu ez zekiten, beldurra zelako nagusi. Nola egiten da hau? Zer esan behar dugu? Gai tabua da heriotzarena, eta garai hartan are gehiago. Irakasleak hasi ziren dokumentazioa biltzen, adituekin hitz egiten, gaiari buruzko ipuin batzuk eskuratu zituzten... eta erabaki zuten familia hura komunitatean hartzea, lagundu eta babestea. Guraso hura oroitzeko toki fisiko bat prestatu zen, eta umeei ere aukera eman zitzaien heriotzaz hitz egiteko.

Protokolo bat ere egin zen eta, denborarekin, heriotza gehiago izan direnean protokolo hori osatzen joan da. Oso inportantea da familiaren nahia errespetatzea, lanketa harekin batera egitea. Eta, noski, kontuan izatea umeez ari garela.

Umeei zer-nola kontatu...

Garai hartan irakasle zirenek kontatzen dute bazutela kezkarik. Bi urtetik 6. mailara arteko umeez ari gara. “Zelan biziko ote dute hau etxean?”. Umeen gurasoek ere zalantzak zituzten: “Eta orain, zer esan behar diegu guk umeei?”, “zuek zer eta nola kontatu diezue?”... Hasieran bazegoen beldurra, baina gerora gurasoek ikusi zuten onuragarria zela umeekin gaiaz hitz egitea.

Zuek dozena bat urte daramazue eskolan. Heriotzari buruzko lanketa nola ezagutu zenuten?

Ni bi urteko gelan nengoen orduan [Nahikari Barrio ari da hizketan]. Gelan egon zitezkeen zomorroak, karakolak eta ez dakit ze animaliatxo gehiago. Animalia horiek hil egiten ziren, eta, beste geletako umeak etortzen ziren haiek ikustera. Ni egoten nintzen koordinatzailearekin, bidelagun genuen figura klabearekin, eta umeei galderak egiten genizkien, “zer pasa zaio zizareari?”, eta batek erantzun, “lotan dago”, “hil da” besteak... hasten ginen gaiaz hitz egiten. Zomorroari putz egin eta ez, ez da esnatzen. “Orduan, zer gertatu ote zaio?”. Bi urteko gelara Olentzerok arrainak ekartzen ditu. Zaindu egiten ditugu, behatu, jaten eman, eta izena jarri ere bai. Eta beste geletako umeak gonbidatzen ditugu arrainak ikustera, “begira Olentzerok zer ekarri digun!”. Baina arrainak gaixotu eta hil egiten dira. Hor dugu heriotza. Eta hasten gara gaiaz hizketan: “Zer uste duzue gertatu zaiola arrainari?”.

Hasieran ez zen erraza izango umeekin nola hitz egin jakitea.

Ez, baina Maria Eugenia genuen alboan [koordinatzailea], berak gidatzen gintuen. Esaten zuen aukera ona zela heriotzaz hitz egiteko eta ikusteko ea umeek zer kontatzen zuten horren gainean. Arraintxo bat hiltzean eskola guztiak jakiten du, akontezimendu bat da, jaiotza bera bezala.

Umeen gurasoek ere zalantzak zituzten: “eta orain, zer esan behar diegu guk umeei?”, “zuek zer eta nola kontatu diezue?”... Baina ikusi zuten onuragarria zela umeekin heriotzaz hitz egitea.

Heriotzak haur bat ukitzen duenean, haren gelakoek soilik ez, besteek ere hitz egiten dute horri buruz.

Bai. Beste gela bateko ume baten amama bat hil denean, esaterako. Galderak egiten hasten gara: “Inork ezagutzen al du Jon?”, “bere amama hil da, nola uste duzue sentituko dela?”... “Bai, nire lehengusua da”... “Eta zelan uste duzu dagoela bera?”. Oso inportantea da haien bizipenei hitzak jartzea.

Ume batek kontatu ahal dizu amatxok esaten diola hildakoa zerura joan dela. Ba, tira, zerura joan da. Guk ez diogu esango egia den edo ez. Entzun egingo diogu, eta berak jaso duena errespetatu. “Nik zerura begiratzen dut baina ez dut inor ikusten”, esango du ume batek. “Agian hobeto begiratu beharko dugu”, guk. Etxeko sinesmenak-eta errespetatu egiten ditugu. “Arraintxoa lotan dago” diotenean, agian esnatu egin beharko genukeela esaten diegu, eta hura ukitzen hasten dira... “ez da esnatzen”. Orduan, zer pasa ote zaio? Lotu baitezakete lo egotea hiltzearekin. “Lokartzen banaiz hil egingo naiz? Betirako?”. Azkenean, desberdintasuna zein da? Heriotza dela itzulezina, betirako da, gorpua desagertu egiten da.

Desberdina da, noski, animalia bat izan edo maite dugun pertsona bat. Etxeko norbait hiltzen denean jartzen da martxan protokoloa, egunerokoan lanketa beste modu batera egiten da; ume batek gelara ekarri duen mamorroarekin, arrainekin, hilik topatu duten txoritxoarekin edo lehortu den landarearekin. Batzuetan telebistan-eta ikusitako albisteetatik egiten dugu tira, gerra, heriotza... oso presente daudelako.

Maite dugun pertsona bat hiltzen denean, gure komunitateko ikasle bat, irakasle bat, guraso bat... inpaktu emozionala handia da. Guretzako ere bai. Badakigu irtengo direla emozio oso gordinak. Irtengo dira negarra, pena, mina, haserrea, amorrua... Emozio horiek denak pil-pilean daude, baina atera egin behar dira.

Ezin da beste aldera begiratu...

Zein da heriotzaren zentzua? Galera bat da. Umeak jaiotzen direnetik galerak edukitzen dituzte. Lehenengo galera potentea da eskolara aurrenekoz datozenean, gurasoekiko atxikimendutik lotura egin behar dutenean eskolarekin. Eta, behin eskolan, galera gehiago dator: beste ume batek zaplaztekoa eman diola, jostailua kendu diotela... Galera asko izaten dugu bizitzan zehar, eta heriotza, beste hainbat galeraren moduan, landu beharreko zerbait da, ezin diogu bizkarra eman. Zer duen galera honek? Oso handia dela, min handia ematen du, emozio piloa azaleratzen du, eta ez du atzera bueltarik.

Eta zergatik kostatzen da horretaz hitz egitea?

Ez gaudelako trebatuta heriotzaz hitz egiteko. Egia da batzuetan ez dela erraza. Norberak bizi duen egoeraren arabera... Batzuetan ez duzu zeure burua gai ikusten aurrera egiteko, eta horrelakoetan klabea da aldamenean beste pertsonaren bat izatea, irakaslea bakarrik ez dagoela sentitzea, zeuk ezin duzunean albokoak eusteko.

Duela hamar bat urte, hiru urteko ume baten aita hil zen. Heriotzak asko ukitu gintuen, nik gainezka egin nuen [Barrio ari da hizketan], baina ez nuen umeen aurrean gainezka egin nahi, ez nuen hitzik gabe geratu nahi, sabelean bola bat nuen... Aldamenean koordinatzailea nuen, eta hark lagundu zidan aurrera egiten. Aurrera egin beharra nuen, umeagatik eta aitarengatik, komunitateko kide ziren-eta biak. Prozesuak behartu ninduen nire barrura begiratzera, eta hortik bidea egitera, nolabait esateko.

Eskolako terrazan hilik agertu ziren Biri eta Lili txoritxoak lurperaturik dauden lekua, patioko txoko batean / Antzuolako Herri Eskola

Nolako agurra eskaini zitzaion aita horri?

Oso potentea izan zen. Abuztua zen. Zuzendaritzak mekanismoa jarri zuen martxan, familiarekin bildu zen, eta irakasleei abisatu zitzaien. Inguruan ginen guztiok joan ginen herrian eskaini zitzaion agurrera. Eta ikusi genuen irailean lekua egin behar geniola, sentimendu horiek guztiak, emozioak... Ikasturtea hastean berriro helduko genion.

Heldu zen iraila. Amarekin adostuta, gelan espaziotxo bat eskaini genion umearen aitari. Haren argazkia jarri genuen, eta umeak, gelara etortzean, ekarri zituen aita oroitarazten zioten objektuak. Berak ez zuen ikasturtea gainerako umeekin hasi, apur bat beranduago baizik, eta denbora hori baliatu genuen ikasleekin aita horren heriotzaz hitz egiteko. Gela guztietan atera zen gaia, modu oso zainduan; une oso tristeak izan ziren, negar asko egin zen...

Horrelako heriotza bat gertatzen denean ez da une egokia lanketa egiteko; sentimenduek dute garrantzia, emozioek, elkarren arteko zaintzak, familiari laguntza eskaintzeak, ikasleen alboan egoteak. Lanketa aurrerago egingo da. Hain potentea izan baitzen heriotza hura...

Denbora batera umea itzuli zen eskolara.

Amarekin etorri zen, eta jarri zituzten aitaren argazkiaren alboan objektu horiek guztiak. Eta egiten genuen egunero erritual moduko bat, kandelak piztuta-eta. Eta gelako umeek eta beste gelatakoek ekartzen zituzten marrazkiak edo eskumuturrekoak txoko horretan jartzeko. Komunikazio oso berezia sortzen zen umeen artean, humanitatez betetakoa. Kaxatxo batean gordetzen genituen gauza horiek guztiak, eta denbora apur bat pasata familia etorri zen kaxatxo hori hartzera. Dena eman genien, umeak hautatutako gauzatxo batzuk salbu; horiek ikasturte osoan izan genituen gelan.

Komunitateko kide ziren pertsona gehiago hil dira denbora honetan. Jendeak esan izan digu, “jo, zenbat heriotza”. Baina ez, zabalik baldin bazaude eta ingurura so egin, konturatuko zara heriotza oso presente dagoela, eta bere lekua eman behar zaio. Ez da norberari soilik gertatu dakiokeen zerbait, eta garrantzitsua da umeek ikustea ingurukoek ere antzekoa bizi izan dutela noiz edo noiz. Ipuinak tresna egokia dira gaiari heltzeko, bai etxean baita eskolan ere: “Hara, Aitorri ere gauza bera gertatu zaio!”, esan zigun ume batek, irribarrea aurpegian, ipuin baten harira eskolan lanketa egin genuenean.

Haur hezkuntzako umeek oso natural hitz egiten dute, helduok izaten dugu zailtasun handiagoa. Adinean aurrera joan ahala, beldurrak beste zentzu bat hartzen du, kontzientzia aldatzen da, emozioak beste bide batetik doaz... baina egia da ikasleak ohituta daudela heriotzaz berba egitera. Txikitatik ohitu dira, eurentzako naturala da.

Hilerriaz hitz egiteko oinarria bazegoen, hortaz.

Hala da, baina ez zen zerbait behartua izan, argi genuen hilerriaren gaia ez genuela besterik gabe aterako; umeek aipatzen bazuten, aurrera, baina gainerakoan ez ginen hari buruz hizketan besterik gabe hasiko, proposamena heldu izanagatik ere. Eta irten zen. Bi urtekoen gelan geneukan arraintxoa hil zen, eta eskolako beste ume batzuk gonbidatu genituen hura agurtzera, eskolan dugun txokoan lurperatzera, behin gure beilatokian (eskolako izozkailuan) tartetxoa eman ostean –denbora pasa daiteke-eta animalia hil denetik lurperatzen dugun arte–. Arraintxoa lurperatzeko unea oso solemnea izaten da, ume batzuk kantuan hasten dira, musika jartzen da, batzuek loreak ekartzen dituzte, besteek marrazkiak, gailetak jaten ditugu... Konexio bereziko momentua da.

Arraintxoa lurperatzean, hilerriaren gaia atera zen, eta horrek bide eman zigun Antzuolan abiatutako gogoeta-prozesuari heltzeko. [Umeek hilerrira egindako txangoari buruzkoak erreportajean daude jasota]

"Arraintxoa lurperatzeko unea oso solemnea izaten da, ume batzuk kantuan hasten dira, musika jartzen da, batzuek loreak ekartzen dituzte, besteek marrazkiak, gailetak jaten ditugu... Konexio bereziko momentua da".

Helduok heriotzaz mintzatzeko daukagun erreparoa aipatu duzue, eta ipuinak tresna egokiak direla barrera batzuk gainditzeko. Apalean ipuin mordoa duzue.

Behin amama bat etorri zitzaigun, esanez ume baten txakurra hil egin zela, baina bera ez zela ausartzen bilobari esaten txakurra hilda zegoela, nahiz eta guk bagenekien umeak ederki asko zekiela hori. Amamarekin hitz egin genuen, eta ipuin bat eman genion etxera eraman zezan. Bilobari kontatu zion txakurra hil egin zela eta hau eta bestea, eta horixe umeak bazekiela txakurrari zer gertatu zitzaion. Baina hain beldurturik zegoen emakume hura, ezintasun handiarekin bizi zuen. Behin bilobari kontatuta, eskolara gonbidatu genuen, eta ekarri zituen txakurtxoaren errautsak. Oso polita izan zen. Ume guztiak errautsak ikusten, abesten, elkarri eskutik helduta... Amama horrek hartu zuen atsedena!

Lanketa komunitatean egiteari garrantzi handia ematen diozue.

Bai. Eskola bezala, ezin dugu heriotzaren aurrean bestaldera begiratu. Bizitzaren parte da. Hasieran beldur izan gaitezke, “zer egin behar dut nik? zer esan behar dut? gai hau ukituta auskalo zein mamu piztuko dudan...”, eta gurasoren bat ere etor daiteke gugana, “zer ari zarete kontatzen umeari?”, baina denborak erakusten dizu ona dela hitz egin egitea, beharrezkoa dela. Gainerakoan ez ginateke gauzak ongi egiten ibiliko. Zeren eta guretzat inportanteena umearen ongizatea baldin bada, hura ongi egotea, haren hurbileko norbait hiltzen denean ezin duzu bira eman eta deus gertatu ez balitz bezala jokatu, eutsi egin behar diozu. Eskolako ume baten ama hil bada, nola joka dezakezu ezer gertatu ez balitz bezala? Normaltasunez jarraituko duzu eskola ematen? Agian zure asmoa da ume hori “babestea”, “txikiegiak” direnez gero gauzak ez nahastea. Baina heriotza bat gauza oso-oso potentea da, eta komunitateak esku hartu behar du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Heriotza
2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Erru sentimendua heriotza perinatalean

Haurdunaldiaren zazpigarren hilabetean hil zen Aduna, Amets Etxeberriaren alaba. Halakoetan, erru sentimendua da bizkar gainean emakume askok hartzen duen zama, dolua ere oztopatzen duena. Profesionalengandik jasotzen duzun tratua funtsezkoa dela dio Etxeberriak, horri aurre... [+]


2024-11-28 | Jon Torner Zabala
Gehiago Gara jaia egingo dute Antzuolan, hil diren haurrak “bizipozetik” gogoratzeko

Hil Argi elkarteak antolatuta, Bizipoza egitasmoaren laguntzarekin, Gehiago Gara jaia egingo dute abenduaren 15ean Antzuolan. Haurrak galdu dituzten familiak, lagunak, eskolako kideak eta, oro har, hil diren umeak "bizipozetik" gogoratu nahi dituzten herritar guztiak... [+]


2024-10-23 | Jon Torner Zabala
Antzuola
Nolakoa eta norentzat izan behar du 30 urte barruko hilerriak?

Galdera potolo horren bueltako gogoeta parte-hartzailea egin dute Antzuolan (Gipuzkoa), eta oraintsu aurkeztu dituzte saio irekietan parte hartu duten herritarren ekarpenak. Helburuak izan dira, batetik, heriotzaren inguruko beldurrak eta ezezagutza gainditu eta gaiaz ahalik eta... [+]


163 suizidio kode aktibatu dituzte Nafarroan, urteko lehen seihilekoan

204 lagunek beren buruaz beste egin zuten iaz Hego Euskal Herrian, datu ofizialen arabera. Suizidatzeko arriskua izan dezakeen jendearen jarraipenean jartzen dute indarra administrazioen protokoloek. Suizidioaz egoki informatzearen garrantzia ere azpimarratu dute, Suizidioa... [+]


Baionako bestetan jipoitu zuten 58 urteko gizon bat hil da

Jipoia uztailaren 11ko gauean izan zen Euskaldunen plazan, eta biktima gauean bertan ospitaleratu zuten Euskal Kostaldeko Ospitalean, Baionako prokuradore Jerome Bourrierrek informatu duenez. Atxilotutako gizona behin-behineko espetxealdian dago, Baionako fiskaltzak eskatuta,... [+]


Argizaria: bizitzaren eta heriotzaren artean

Paris, 1845. Frédéric Bastiat (1801-1850) ekonomialari eta politikari lapurtarrak Pétition des fabricants de chandelles (Kandelagileen eskaera) satira idatzi zuen. Protekzionismoaren aurkari sutsua, kandelagileek "bere argia salneurri baxuegitan... [+]


Basauriko espetxeko preso bat hil dela jakinarazi du Salhaketa elkarteak

Presoa ziegan aurkitu dute hilik ostegun iluntzean. Eusko Jaurlaritzak esan du suizidio kasu baten aztarnak dituela. Gainera, Jaurlaritzak 2021ean espetxeen eskumena jaso zuenetik hiltzen den zazpigarren presoa da.


Errenta baxua, suizidiorako arrisku faktore
Ikerketen arabera, errenta baxua dutenen pertsonen suizidio-tasa errenta ertaina edo altua dutenen bikoitza da. Nafarroako Osasun Sareak nabarmendu du baldintza sozioekonomikoetan arreta jarri behar dela. 

Materialismo histerikoa
Ihes egin

(Azken aldi luzean ezin naiz gauez atera, eta arratsaldez ere larri, eta asteburuetan ere ez, eta (jarri zaizue jada ihes egiteko gogoa), marianitoak eta bazkari azkar samarrak izaten dira nire enkontruneak. Konpainiak ondoegi aukeratu behar ditut. Ezin ditut poteoak... [+]


Irati Unamunzaga eta Jon Arriaga. Dolu perinatala
“Mina ez da tapatu behar; bizi egin behar da, aurrera egiteko”

Iaz, irailaren 9an, jaio eta egun gutxira zendu zen Irati Unamunzagaren eta Jon Arriagaren umea, Nare. Haurdunalditik beretik, bidearen gazi-gozoak konpartitu dituzte ingurukoekin, naturaltasunez, eta dolu perinatalaren prozesuarekin beste pauso bat egitea erabaki dute:... [+]


Eutanasiari buruzko lege-proiektua jakitera eman du Macronek apirilerako

Liberation eta La Croix egunkariei emandako elkarrizketan, eutanasiari bide emango dion lege proiektu bat bozkatzeko asmoa dutela iragarri du Frantziako presidenteak.


Eguneraketa berriak daude