Eskola publikoa vs. Ikastolak?

  • Julen Mendozak bere blogean argitaratutako artikulua:

    Azken aldian bolo-bolo dabil hezkuntzaren inguruko debatea, eta ez dut atsegin debate hori zein terminoetan gertatzen ari den. Gotortutak, bakoitzak bereari eutsita, eta mingarriak izan daitezkeen termino eta edukiak erabiliz gertatzen ari da debatea. Batzuek diote Ikastolak ikastetxe elitistak direla, eta mingarria bihurtzen da hori Ikastola proiektuetan sinisten duten horientzat, Ikastolak herri mugimendu izan daitezen lan egiten duten horientzat. Eta beste batzuek, euskal eskola publikoa frantsesa edo espainola dela esatera iristen dira, edo frankismo garaietan ere eskola publikoak bazirela aipatzen dute, eta hau ere mingarria bihurtzen da egunero, eta askotan gune ez euskaldunetan, euskara eta euskal kultura espazio berrietara iristeko lan egiten duten pertsona horientzat. Eta zail egiten zait imajinatzea bide horretatik nora iritsi gaitezken. Ez dut ulertzen. Uste baitut eskola publikoan gaudenok Ikastolak eta Ikastolako komunitatea behar dugula euskal eskola publikoa hobetzeko; eta uste dut Ikastolek eskola publikoak behar dituztela benetako proiektu berritu bat burutzeko, egungo gizarteari eta haren erronkei erantzungo diena.


2020ko abenduaren 31n - 06:25

Duela egun gutxi Gemma Zabaleta eta Aitor Etxarteren elkarrizketa bat ikusi nuen, Eusko Ikaskuntzak bultzatutakoa, etorkizuneko hezkuntzaren ingurukoa. Aitor Etxarteren heriotzarekin piztu zitzaidan hari buruz gehiago jakitearen nahia, eta horregatik, beste gauzen artean, elkarrizketa hau topatu nuen. Uneren batean Gemmak eta Aitorrek, etorkizuneko hezkuntza irudikatzerako orduan, iraganari begiratzearen arriskuaz ohartarazten zuten, nostalgiatik begiratzearen arriskuaz. Eta baita ere, aurreregi jotzearen arriskuaz, errealitatearekin harremana gal zitekeela iritzita. Beraz, bien arteko orekan kokatzen zuten aurrera begirako ikuspuntua.

"Nahiagoko nuke gure hezkuntza ereduaren inguruko eztabaida gizarte erronken inguruan kokatzea"

Elkarrizketa hau ekartzen dut hona sentsazioa dudalako egungo hezkuntzaren debatea iraganari begira gertatzen ari dela, etorkizunari begira baino. Nahiagoko nuke gure hezkuntza ereduaren inguruko eztabaida gizarte erronken inguruan kokatzea, eta horren baitara egokitzea, eta ez hainbeste debate ideologiko nire ustez hutsaletara – eta honekin ez dut esan nahi debate ideologikoak hutsalak direnik, baizik eta gertatzen ari diren horiek direla hutsalak-.  Izan ere, debate ideologiko horiek arriskua izan baitezakete askotan errealitatetik urruntzeko, eta nire errealitatera behintzat ekarri nahiko nuke iritzi artikulu hau.

Eta errealitateetara etorrita, eta etorkizunari begira jarrita, erronkak ugariak izan daitezke. Eta erronka horiek ez dira berdinak izango lurralde administratibo eta errealitate ezberdinen arabera. Eta horren baitan ere pentsatu beharko dugu dagokion hezkuntza sistema ereduak ez duela zertan homogeneoa izan beharrik, poliedrikoa ere izan daitekeela. Erronka eta testuinguruaren arabera beharko duela hezkuntza ereduak.

Bada niretzako erronka bat bereziki garrantzitsua dena hezkuntzaren alorrean, eta hori aukera berdintasunarena da. Gizarte kohesionatua eraiki nahi duenak ezinbestean galdetu beharko dio bere buruari zein punturaino erantzuten dion bere hezkuntza sistemak helburu horri. Izan ere, ikasle askorentzat hezkuntza bere bizitzaren aldaketarako pasaportea bihurtzen da. Badira klase sozial oso jakin bati lotzen zaizkien ikasleak, zail izango dutenak bere egoera aldatzea ez bada bere ikastetxe eta hezkuntza komunitateak eskaintzen dion bidetik. Eta ez naiz soilik baliabideetaz ari, unibertsaltasunez edo/eta bekez. Hori ere, baina ez bakarrik. Ekosistemaz ari naiz, ikasle horrek aurkituko duen komunitateaz, jasoko duen komunitateaz, elkarrekin eraikiko duen komunitateaz.

"Errealitatea segregazioarena da, eta segregazioa diodanean ez naiz arraza edo kultura segregazioaz, baizik eta klase sozialen segregazioaz"

Eta…. erantzuten al dio gure hezkuntza ereduak lehen helburu horri? Nik ezagutzen dudan errealitatean behintzat ez. Errealitatea segregazioarena da, eta segregazioa diodanean ez naiz arraza edo kultura segregazioaz, baizik eta klase sozialen segregazioaz. Horrela bizitzen dut nik egunerokoan nire semeen eskolako bizitza. Eta horrek egunerokotasunean ondorioak ditu. Batetik, getoak sortzen direlako, klase sozialen getoak, horrek suposatzen duen guztiarekin; eta bestetik, ikastetxeetako klase horiek, haien problematika guztiekin, egoera erabat ezberdina duten beste klase batzuen ratio berak dituztelako. Eta beraz, ez da aukera berdintasuna egongo, sistema berak ez duelako aukera hori bermatzen. Eta hori horrela bada, ze gizarte kohesionatu irudikatu dezakegu etorkizunean?

Baina jo dezagun orain nik bigarrengotzat jartzen dudan erronkara, euskararena, eta euskararen erabilera eta ezagutza bermatzearena. Honetan ere, esango nuke hezkuntza ikasle jakin batzuek euskalduntzeko duten pasaporte ia bakarra dela. Eta hori nola lor liteke getizatuta dauden ikastetxeetan? Izan ere, horrelako guneetan euskalduntzea lortzen den ikasle bakoitza garaipen bat da guraso askorentzat. Hor ditugu gure seme alaben lagunak, elkarrekin jolasten direnak, eta euskaraz hitz egiten entzuten ditugunak. Eta euskalduntze kasu horiek ezin ditugu termino kuantitatiboetan neurtu, horretarako baldintzak ematen ez direlako, baina bai termino kualitatiboetan, gutxienez haur horiek beste etorkizun baterako aukera gehiago izango dituztelako. Hori ere bada gizarte kohesioa.

"Esango nuke nirea bezalako herrietan – eta ez da bereziki herri euskalduna –, euskal hiztun komunitatea babestea baino komunitate hori zabaltzea tokatzen zaigula"

Zalantzarik gabe hori oso lotuta dago euskaldun komunitatearen zabaltzearekin. Eta horretan Ikastolei asko eskertu behar diegu, nire belaunaldian – orain guraso garen horietan – haiei esker zabaldu zelako gure herrian euskal hiztun komunitatea, eta orain gure euskalduntasun horretatik lortzen dugulako besteen euskalduntasuna. Noski, Euskal Herriko herri guztietan egoera ez da berdina. Errealitate soziolinguistikoak eta bereziki administratiboak zerikusi handia dute horretan, eta horren baitara erabaki beharko da hezkuntza eredua. Baina esango nuke, nirea bezalako herrietan – eta ez da bereziki herri euskalduna –, euskal hiztun komunitatea babestea baino komunitate hori zabaltzea tokatzen zaigula, beste errealitate batzuetara zabaltzea, beste moduetara euskaldunduko ez liratekeen horiek euskalduntzera. Azken batean, komunitatea sortzea, elkarrekin euskal komunitate berri bat sortzea. Eta geure buruari galdetuko bagenio ea oraingo hezkuntza ereduak horri erantzuten dion, nik ezetz esango nuke.

"Nire iritziz hezkuntzak duen hirugarren erronka: kreatibitatetik heztea eta ez ezagutza arrazionaletik"

Eta nire iritziz hezkuntzak duen hirugarren eta azken erronkara jo beharko bagenu – izugarrizko garrantzia duen erronka -, gizarte aldakor honi begiratu beharko genioke, abiadura handiz aldatzen ari den gizarte honi.  Eta aldakorra den gizarte honetarako hezkuntza honek erantzunak baino galdera berriak behar ditu, momentura eta testuingurura etengabe egokituko diren galderak. Izan ere, oso adierazgarria da ikasleak ematen dituzten erantzunen arabera ebaluatzen direla, eta ez egiten dituzten galderen arabera, bereziki iraungitze data hain laburra duten galderez josiak gaudela ikusita. Gaurko erantzunek ez dute biharko balio, bihar galdera berriak egin beharko dizkiogulako geure buruari. Eta hori horrela izanik kreatibitatetik hezi beharko dugu gure gizartea – ez soilik ikasleak, baita langileak ere –, eta ez orain arteko ezagutza arrazionaletik, pertsona kreatiboak beharko ditugulako garai berrietarako. Egoera honetan gure herriak ez badio ilusioz hezkuntza eredu amankomun bati erantzuten, ez da egungo eta etorkizuneko erronka berriei erantzuteko gai izango. Estrategia amankomuna behar dugu, eraldatzailea, herri eta gizarte hobeago bat egiteko errotik aldakorra izango den estrategia. Eta hor ere, geure buruari galdetuko bagenio hezkuntza eredu honek behar honi aukera berdintasunez erantzuten ote dion, niretzat erantzuna ezezkoa litzateke.

Hor beraz niretzako garrantzitsuak diren hiru erronka, hiru galdera eta hiru erantzun. Eta ez dut inongo zalantzarik gertatzen ari den debate emozional eta sakon honetan parte hartzen ari diren edo garen pertsonek hiru erronka hauei erantzun nahi diegula, izan Ikastola komunitateko partaide edo izan eskola publiko komunitateko partaide. Eta hori horrela bada, zergatik ez gara adostasun berrietara heltzeko gai? Seguraski gure iraganarengatik. Iraganeko galderen erantzunetan kokatu dugu debatea. Baina esaten genuen bezala, egungo errealitateak galdera berriak behar ditu, eta ez ditugu oraindik galdera berri horiek burutu. Herri honek, 60. hamarkadan, galdera berriak eraikitzeko gaitasuna erakutsi zuen, eta galdera horiei erantzunez egundoko aurrerapena bizi izan dugu mende erdiz. Orain galdera berriak behar ditugu, baldintzarik gabekoak, etorkizunari begiratzen diotenak, eta horiek elkarrekin egin behar ditugu.   

"Hik Hasik, Joxe Mari Auzmendiren bidetik, Euskal Hezkuntza Sistema Publikorako egin zuen proposamena hasiera ona izan liteke debatea termino egokietan kokatzeko"

Eta horretan jartzen hasita Hik Hasik, Joxe Mari Auzmendiren bidetik, Euskal Hezkuntza Sistema Publikorako egin zuen proposamena ekarri nahiko nuke gogora, hiru oinarri zituena: a) hezkuntza-eskumena duen administrazioak diru publikoz finantzatzea, eta finantzaketa horren guztiaren jarraipena egitea; b) eskola bakoitza autonomoa izatea bere hezkuntza-egitasmoa garatzeko, bai ildo edo estilo pedagogikoari dagokionez, bai ikastetxearen barne-antolaketari dagokionez; eta c) udalak herri-mailako hezkuntza antolatzeko eskumena izatea.

Uste dut hasiera ona izan litekeela debatea termino egokietan kokatzeko. Uste dut udalek eskumen handiagoak behar dituztela hezkuntza alorrean, ez soilik ikastetxeen mantentze lanetan. Uste dut gainera honi ikastetxeen autonomia gehituko bagenio, bere errealitatera egokituko litzatekeen hezkuntza eredua izango genukeela, komunitatera egokituko litzatekeen hezkuntza eredua. Eta uste dut doakoa eta unibertsala behar duela izan, publikoa. Eta niretzat arazoa ez da publiko izaera hori zein modutara lortzen den edo definitzen den – ados egonda debate kontzeptualarekin -. Arazoa niretzat behar dugun ereduak BAKARRA izan behar duela da, gainerakoan ez duelako aipatu ditugun erronkei erantzuteko gaitasuna izango. Ezin ditugu bi eredu edo hiru izan, bakarra behar dugu, nahiz eta poliedrikoa izan. Eta ezin dugu hori ustezko errepublika baten momentura atzeratu, gauza asko dagoeneko gure esku daudelako. Galdera berriak behar ditugu, hurrengo mende erdi bati erantzungo dioten galdera berriak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal eskola publikoa
Nola egiten da bi ikastetxeren fusioa?

Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?


Eskola-jantokietan catering-enpresen zerbitzua blindatu du Jaurlaritzak

Catering-enpresarik gabe jardun nahi duten eskolentzat bestelako eredu bat arautzea adostu zuen Eusko Legebiltzarrak 2019an. Horren ordez, catering-enpresen bidezko zerbitzua ematera derrigortzen ditu ikastetxeak Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen aginduak. Bitartean,... [+]


Ikasmateriala erosteko familientzako laguntzak DBHko bigarren ziklora zabaldu ditu Jaurlaritzak

DBH 3 eta 4. mailako ikasleek datorren ikasturtean beharko dituzten ikasmaterialak diruz lagunduko ditu Eusko Jaurlaritzak lehenengo aldiz, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkartearen aldarrikapen historikoari erantzunez. Seme-alabak maila horietan dituzten familiek, beraz,... [+]


Teknologia
Publikoa ai do!

Euskal eskola publikoetan irakasleek sekulako lana egiten dute aniztasuna kudeatzen. Euren lana egiteko modua berrasmatu behar izan dute azken urteetan. Konplexuagoa bilakatu den mundu honetan pertsona izatea zer den esploratzeko laborategiak iruditzen zaizkit eskola publikoak... [+]


Herriari bizitza ematen dion Zigako eskolak itxi egin beharko du ume faltagatik

Lehen Hezkuntzako adin ezberdinetako sei ikasle baino ez ditu Zigako (Nafarroa) eskolak. Aukera baliatzen dute elkarbizitza lantzeko, tokiko curriculuma sustatzeko, landa ingurunea pedagogikoki aprobetxatzeko eta herria bera bizi eta dinamiko mantentzeko. Hori bai, ume gehiago... [+]


Nerea Zubia Blazquez
“Erraz diogu ikastetxeen arteko lehia gainditu behar dela, baina errealitatean ez da hain sinplea”

Hezkuntza eskumenak deszentralizatu eta tokian tokiko eragileek erabakimen handiagoa izatea: aspaldiko aldarrikapena praktikara ekartzen ari dira herri ugaritan, eta bide horretan aholkulari dabil Elhuyar. Uneotan hamar bat prozesutan buru-belarri dabiltzala eta eskaera gero eta... [+]


Hezkuntza Legea ahulduta iritsi da azken txanpara

Legegintzaldi honetan bertan onartu nahi duten EAEko Hezkuntza Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea astearte honetan amaitu da. Lege akordioa sinatu zuten alderdietako bat jausi da dagoeneko, barruan jarraitzen dutenen artean desadostasun nabarmenak dituzte eta hezkuntza... [+]


BeAtarrak: eskola publikoetako berrikuntza irauli nahi duen ereduak hasiera kaotikoa izan du

EAEko ikastetxe publikoei berrikuntza eta aholkularitza zerbitzua ematen zieten Berritzeguneak murriztu eta eskoletan postu berria sortu du Jaurlaritzak: BeAtarra. Ikastetxe bakoitzean gutxienez bat, berrikuntzaz arduratzen dena. Estreinaldi nahasiaz eta eredu aldaketaren... [+]


2023-07-05 | Tere Maldonado
Plantak egin

Ingurumaririk gabe, buru-belarri sartuko naiz harira: eskola publikoaren aldekoak oso atseginak izaten ari gara gauza batzuk eztabaidatzean. Serio, itunpeko ikastetxeekin gertatzen ari dena onartezina da. Zehaztasun eta zintzotasun osoz ahalegintzen ari gara argudiatzen, iritzi... [+]


Euskal Eskola Publikoaz Harrok manifestazioak antolatu ditu EAEko Hezkuntza Lege Aurreproiektuaren aurka

Ikasturte hasieran salatu bezala, Hezkuntza Lege Aurreproiektuak euskal eskola publikoa sendotu ordez ahuldu egiten duela adierazi du Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak. Haien ustez, publiko-pribatu sistema duala betikotzen du, ez du eskola publikoa lehenesten, ikastetxeak... [+]


Eskola-jazarpen kasuek gora egin dute EAEn, gehienak Bigarren Hezkuntzan

Eskola-jazarpenaren kontrako egunean, joan den ikasturteko datuak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak: 157 bullying kasu identifikatu dituzte EAEko ikastetxeetan, aurreko ikasturtean baino 28 gehiago. Bigarren Hezkuntzan izan dira kasu gehienak, eta hitzezko erasoak izan dira... [+]


Catering enpresarik gabe lan egin nahi duten eskola-jantokiak, lau urte Jaurlaritzaren zain

Eskola-jangeletako elikaduraren kalitatea kritikatu du guraso elkarte ugarik, eta gaiaz galdetu dio EH Bilduk Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari. Catering enpresen inguruko intzidentziak helarazi zaizkienean, auditoretza-kontrolak egin dituztela erantzun... [+]


Matrikulazio prozesuak hautsak harrotu ostean, EAEko Hezkuntza Legea jomugan berriro ere

Eusko Jaurlaritzaren planifikazio dekretua eta onarpen agindua kritikatu ditu Iñigo Martinez Zaton Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak, salatu du ikastetxe publikoan matrikulatu nahi eta itunpekora bideratu dituztela familia batzuk, eta Ikastolen Elkartearen... [+]


Lerinen D eredua ezartzeari ezetz esan dio Nafarroako Gobernuak, eskari kopurua legez nahikoa izan arren

Leringo hainbat gurasok herriko eskola publikoan D lerroa irekitzeko eskatu zuten iaz, baina nahiz eta legeak markatutako gutxiengo eskari kopurua gainditu, gurasoek ez dute aukera hori izango, Nafarroako Gobernuaren iritziz “Leringo eskolak ez duelako espaziorik D eredua... [+]


Eguneraketa berriak daude