“Esklusibotasuna kentzeak zuzenean jotzen du osasun sistema publikoaren aurka”

  • Nafarroako Gobernuarekin adostasunik lortu ezean, Nafarroako Medikuen Sindikatuak greba deitu du datorren otsailaren 1erako. Une honetan osasun publikoaren gaia gori-gori dago Nafarroan. Osasunbidea egoera estuan dago, eta horretaz jarduteko hitz egin dugu Lazaro Elizalderekin, Nafarroako Osasun Plataformako mediku iruindarrarekin.

     

"Gaur egun ospitaletan gastatzen den %22 botiketan doa, eta hori gehiegi da". (Arg.: Foku / Jagoba Manterola)

2023ko urtarrilaren 27an - 07:00
Azken eguneraketa: 10:05

Elizalde duela hiru urte erretiratu zen, baina aktibo jarraitzen du osasun publikoaren defentsan. Bere ibilbidea talaia ona izan da sistema publikoa ondo ezagutzeko. Lehen arretako zuzendaritzako aholkulari teknikoa izan zen, HIESAren prebentzio arduraduna, eta osasun sustapenean ere aritu zen 20 urtez. Aurreko legealdian herritartasun sanitarioaren zerbitzu batean jardun zuen.

Arazo asko daude osasun sisteman, horietako garrantzitsuenetakoa da lehen mailako osasun arreta. Zergatik dago horren gaizki eta zer egin behar da hobetzeko?

Pandemian zehar herritarra pixka bat urrundu da osasun sistematik, eta jendeak sentitu du baztertua izan dela. Horrez gain, osasun sistemaren barnean profesionalek sekulako lan karga izan dute. Osasunbidean egundoko behin-behinekotasuna dago, hainbat esparrutan %60a, eta horrek eragiten du askotan herritarrak ez izatea erreferentzia bat erizainarekin, medikuarekin edo administrazioko langileekin. Horrek kalitatearen galera dakar.

Horrez gain, lehen arreta garai batean leku erakargarria zen profesionalentzat, baina orain ez. Arazo asko izan daitezkeen esparru bat bihurtu da. Azken finean, batetik plantilla txikia dago, eta bestetik, aurrekontu falta. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) esaten du lehen arretaren aurrekontua izan behar dela osasun aurrekontuaren gutxienez %25, eta Nafarroan ez da iristen %15era; hau da, esaten dugu aurrekontuan falta zaizkigula 100 milioi euro OMEren aholkura iristeko.

Ikuspegi orokor horrez aparte, gainera, herrietan badaude bestelako arazoak, esaten da mediku askok ez duela joan nahi herrietara.

Hori ere bada bai. 2007-2008ko krisian Espainiako Gobernuak erabaki zuen jubilatzen ziren medikuen %10a bakarrik estaliko zela plantilla egonkorrean; gainerakoak behin-behineko kontratazioak izango ziren, eta horren ondorioz lehen arreta oso ahul dago eta mediku falta izugarria da.

Duela hiru urte, aldiz, batetik, aipatu neurri murriztaile hori bertan behera geratu zen eta, bestetik, Europar Batasunak eskatu zien estatuei behin-behinekotasun tasa %8ra jaitsi behar zutela, eta ondorioz, hemen ere eman dira urrats batzuk. Hala ere, hartutako neurriekin ez da lortuko Europako agindua betetzea, eta behin-behinekotasun tasa ez da ehuneko %30etik jaitsiko.

Beraz, murrizketa haien ondorioz, formatu beharreko profesionalen kopurua asko gutxitu zen. Orain mediku asko jubilatzen ari da, baina horiek ordezkatzeko soldatak kaskarrak dira eta, gainera, jende asko artatu behar dute. Ondorioz, profesional berri askorentzat erakargarriagoa da joatea beste herrialde batzuetara, adibidez Erresuma Batura edo Alemaniara. Epe ertainari begira plangintza on bat egin behar da hori guztia orekatzeko, baina orain horiek dira arazo nagusiak.

"Aurtengo Nafarroako aurrekontuen aurreikuspenean, aurrekontu publikoaren %9 bideratuko da eremu pribatura"

Nafarroako Medikuen Sindikatuak greba deialdia egin du otsailaren 1erako. Haien aldarrikapenek zein neurritan erantzuten diete medikuen eskaerei?

Bi gauza desberdinduko nituzke. Haiek beren aldarrikapenak bi arrazoitan oinarritzen dituzte: bat, profesionalen egoera txarra dela; eta bi, ordainketa sistema zaharkitua dela. Ordainketa sistema zahar horrek gaur egun ez ditu aitortzen medikuak hainbat alorretan egin ditzakeen lanak, adibidez, urruti dauden medikuen lana, lan konplexuagoetan aritzen direnak, irakaskuntzan edo ikerketa lanetan dabiltzanak edo, besteak beste, hobekuntza taldetan.

Hori guztia egia da, beraz, ordainketa sistema berritu behar da, baina ez Medikuen Sindikatuak dioen moduan. Euren aldarrikapenetan bakarrik eskatzen dute lansaria hobetzea kolektibo batentzat, eta ez guztientzat. Beste planteamendu bat beharko litzateke.

Horrez gain, eskatzen dute [Osasunbidean bakarrik aritzeko] esklusibotasuna kentzea. Zer deritzozu?

Horrek zuzenean jotzen du sistema publikoaren aurka. Enpresa batek bere profesionalak atxiki behar ditu, eta horretarako lortu behar du gustura egon daitezen. Horrek ahalbidetzen du medikuek eremu pribatutik lehia egitea eremu publikoari. Itxaron zerrendak kudeatu ahal dituzte pribatuaren alde, baliabideak eraman sistema pribatura, edo sistema pribatuak baliatzen du medikuek publikoan jasotzen duten goi mailako formakuntza. Norbaitek nahi badu pribatua erabili, egin dezala, bere eskubidea da, baina osasun publikoak bermatu behar ditu herritarren oinarrizko beharrak, eta hori egin behar da ez herritarrak duen diruaren arabera, baizik eta osasun beharraren arabera. Hori sistema pribatuak ez du betetzen.

Zer ikusi dugu pandemian? Sistema publikoak eutsi diola egoera larri horri eta sistema pribatuak ez diola ia ekarpenik egin egoerari. Horrek erakusten du sistema publikoa indartu behar dugula, eta ez kontrakoa, Medikuen Sindikatuak eskatzen duen bezala.

Nafarroako Osasun Plataformaren mobilizazio osasun publikoaren alde. 

Osasun publikotik osasun pribaturako diru transferentzia handitzen ari dela diozue. Zertan ikus daiteke hori?

Zenbait proba diagnostiko eta ebakuntza pribatura bideratzen dira. Osasun mentaleko esparruan, oheen %80tik gora eremu pribatuan daude, eta sistema publikoak bere oheak sortu beharrean, pribatuari kontratatzen dizkio. Aurtengo aurrekontuen aurreikuspenean, aurrekontu publikoaren %9 bideratuko da eremu pribatura. Duela hiru urte, ordea, %6 izan zen, hor ikusten da zer nolako bilakaera izaten ari den.

Adinekoen egoitzetako sektore pribatuak bost eguneko greba egin berri du haien baldintzak hobetzeko. Zuen kezketakoa ere bada alor hori, eta inbertsio funtsek gero eta gehiago inbertitzen dute eremu horretan.

Egoitzetan diren pertsonen eta profesionalen egoera gero eta okerragoa da, eta hori oso argi ikusi da pandemian, jendea artatu gabe hil zen. Hemen, zorionez, osasun sistemak esku hartu zuen, eta joan zen egoitzetara egoiliarren osasun baldintzak ikuskatzera, eta horri esker egoera ez zen horren larria izan.

Diru funts horiek gero eta gehiago sartu, gero eta baldintza txarragoak daude egoitzetan. Gainera, kontratatzen diren zerbitzuekin batera osasun zerbitzuak ere kontratatzen dira, eta guk uste dugu, egoiliarrek gainerako herritarren eskubideak dituztela eta sistema publikoan artatu behar direla.

"Osasun mentaleko esparruan, oheen %80tik gora eremu pribatuan daude, eta sistema publikoak bere oheak sortu beharrean, pribatuari kontratatzen dizkio"

Plataforman diozuenez, halaber, gero eta botika gehiago kontsumitzen duen gizartean bizi gara.

Bai, eta bereziki osasun mentalean, baina ez bakarrik hor. Sistema publikoan bakarrik artatzen dira osasun mental larriak, baina antsietatea edo insomnioa badituzu, ez duzu ongi artatua izateko aukerarik. Orduan, nola egiten zaio aurre arazo horri? Botikak emanda. Garai batean, osasun publikoak denak artatzen zituen, eta guk aldarrikatzen dugu egoera hartara itzuli behar dugula berriz ere; eta gainera, esparru hori diruz indartu behar dela.

Horrez gain, gaur egun ospitaletan gastatzen den %22 botiketan doa, eta hori gehiegi da. Profesionalen formakuntza laborategien esku dago, publikoak eskaintzen duena nahikoa ez delako. Gure ustez hainbat botika oso garestiak dira eta balio gutxikoak, esate baterako minbiziaren esparruan. Horietako hainbat botika bizitza egun batzuk luzatzeko erabiltzen da, agian astebete, eta izugarri garestiak dira. Ez du merezi kalitateko txarreko bizitza bat horrela luzatzea. Ikasi behar dugu bizitza mugatua dela eta kalitatez hil behar dugula. Dirutza horiek behar handiagoa dagoen tokietara bideratu daitezke.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasunbidea
163 suizidio kode aktibatu dituzte Nafarroan, urteko lehen seihilekoan

204 lagunek beren buruaz beste egin zuten iaz Hego Euskal Herrian, datu ofizialen arabera. Suizidatzeko arriskua izan dezakeen jendearen jarraipenean jartzen dute indarra administrazioen protokoloek. Suizidioaz egoki informatzearen garrantzia ere azpimarratu dute, Suizidioa... [+]


Hiru medikuetatik bi falta dira Elizondoko osasun etxean

Aparteko ordu boluntarioekin betetzen ari dira medikurik gabeko zerbitzuak Elizondon. Xabi Zarandona medikuak salatu du ezinezkoa dela gaixoen jarraikortasuna bermatzea.


2024-06-19 | ARGIA
Mediku eta pediatrak falta dituzte Bortziri eta Baztanen ere

Kalera atera dira salatzeko Bortziri eta Baztanen mediku eta pediatren falta, itxaron zerrenda amaigabeak eta hitzorduen atzeratzea jasaten ari direla, besteak beste. “Landa eremuan bizi garenok ere merezi dugu behar dugun bezala artatuak izatea”.


Mutualitateek osasuna negozio bihurtu dutela salatu dute

Gizartea kontzientziatzeko eta informatzeko kanpaina bat abiatu dute LAB, CGT, STEILAS, ESK, CNT eta LSB-USO sindikatuek, Nafarroako Osasun Plataformak eta Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak.


Euskal ospitaletan elikadura sistema iraunkorrak garatzeko txinpartaren bila

Kontratazio publikoa tresna baliotsua da erakunde publikoen berrikuntza-politikarako. Elikagai jasangarrien erosketa publikoak egungo ekoizpen- eta kontsumo-ereduak aldatzeko gaitasuna du. Ospitaleak ere funtsezkoak dira horretan. Renascence ikerketak osasun-zerbitzuetan... [+]


Lehen Mailako Arreta, “kolapsora” bidean

Nafarroako Osasun Plataformak salatu du osasun sistema publikoa gainbeheran dagoela eta pribatizatzen ari dela.


Larrialdiak: itxaronaldi luzeak, baina arreta ona

Jendez lepo egoten direnez larrialdiak, lau ordu inguruko itxaronaldiak daude “larrialdi gutxiko” egoeretan.


Umetoki lepoko minbizia garaiz hautemateko auto-harraldia sustatzen ari da Osasunbidea

Urtarriletik hona ia 13.500 pertsonek egin dute proba Nafarroan, eta proba egin dutenen %95ak etxean egin du.


2023-09-26 | Leire Artola Arin
Osasun sistema publikoaren defentsan manifestatzera deitu dute azaroaren 11n

Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo dituzte mobilizazioak osasungintza publikoaren aldeko herri plataformek. Salatu dute itxaron zerrendak murrizteko jendea klinika pribatuetara bideratzea “negozio biribila” dela gobernuentzat, pribatizazioa bultzatzen ari... [+]


Nafarroan dirua bidegabe jaso duten medikuek itzuli egin beharko dute

Horixe da Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Funtzio Publikoko kontseilariak iragarri duena, LABek eta Ustelkeriaren Aurkako eta Jardunbide Egokien Bulegoak egindako salaketen ondoren.


“Arrotxapeko osasun etxean inbertitzea nahi dugu”

Baliabide eta langile falta salatu du RTX auzolan egitasmoak: “Hilabete bateko itxaron zerrendak ditugu”.


“Logopedia luxu bilakatzen ari da”

Paso a Paso errehabilitazio zentroan bizitako lan baldintza txarrak salatu ditu Amaia Agirre logopedak.


2023-04-05 | ARGIA
31.000 herritar baino gehiago daude ebakuntza zain Osakidetzan eta Osasunbidean

Nafarroan 2021 amaieran 6.531 lagun zeuden ebakuntza “ez-larri” baterako itxaron zerrendan, eta 2022 amaieran 8.206. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 21.701 paziente zeuden zain 2021ean, eta 2022an, berriz, 23.029. Bietan handitu dira itxaron zerrendak.


“Gustura egingo nuke lan publikoan, baina osteopatak mugatuta gaude”

Fisioterapeuta eta osteopata da Amaia Estanga. Lana zertan datzan azaldu, eta osasun sistema publikoan artatzeko dituzten zailtasunez mintzo da.


“Ez nuen kasik astirik izan dentistari galdetzeko, bost minutuko kontsulta izan zen”

Aho-hortzetako osasun profesionalen ardura faltaz eta desinformazioaz mintzatu da Ainhoa. Zuhurragina kentzeko itxaron zerrendan dago.


Eguneraketa berriak daude