Argiak itzali dira. Amaitu da Tutan Come On eta Su Ta Gar (orden honetan) taldeek eskaini diguten urteko kartel bikoitzik zirraragarrienetakoa. Su Ta Garrena sekulako deskarga izan bada, Gasteiztarrek soilik 8 abesti bakarrik jo ahal izan dituzte. Hori bai, nekez topatuko dugu maila honetako soinu eztandarik inguruotan.
Gasteizko Jimmy Jazz aretoko kamerinoetan daukagu zita Kanda eta Salterainekin, hots, Tutan Come On osatzen duten bi zutabeekin. Bigarren diskoa dute jada, Emaidazu mainstream harrigarria, eta azkar eboluzionatu dute. Bikoteak koloma bat bezain sendoa den nortasuna dauka, eta koloma hori sendotzen doaz, egunez egun. Inork baino soinu grabeago eta astunago jotzera iritsiko dira egunen batean. Hala iritsi al dira jada?
Kandak eseri nadin esan dit. “Hartu nahi duzuna”. Mahaiaren gainean tortilla eta urdaiazpiko pintxoak, patata frijituak, kakahueteak, edateko zer edo zer eta fruta, inola ere backstage batean falta ezin den osagaia.
Kontzertu osteko euforia, aretoko musikaren bolumena eta abarren ondorioz, elkarrizketa ezohikoa eta erabat informala izan zenez, musikariek eta, batez ere, nik neuk egindako komentarioen ardurarik ez dut hartzen.
Zergatik egoten da backstage guztietan fruta guzi hori? Sagarrak, platanoak…
Kanda (K): Beti pentsatu dut gauza bera, tio, eta hurrengoan frutarik ez jartzeko esatea ere pentsatu dut. Inork ez du jango eta!
Mick Jaggerrek fruta eskatzen du.
K: Bai, baina berak jan egiten du! Sagarrak erretzeko modu bat ba omen dago, zulo bat egin eta hortik xurgatu…
Kar-kar. Aizu, atzo Bryan Adamsen kontzertuan egon nintzen BECen.
K: Ah bai! Nire koinatua joan zen.
“Emaidazu mainstream” abestu nuen, nire barnean.
K: Jo, bai, hori da. Guk diogu garrantzitsuena ez dela artista batek zenbat publiko daukan, sentiarazten dizuna baizik. Oso adibide ona jarri duzu. Bryan Adamsek badauka liburu bat idatzia, Cómo escribir un hit edo horrelako zerbait. Eta, joder, nori ez zaio gustatzen Bryan. Adamsen kontzertu bat ikustea? Orain modan dago hori: jende askori gustatzen bazaio “ez duela molatzen”, “trend” eta abar esatea, oso mobida egoista da modu baten, eta guk diogu ez dela hainbesterako. Niri Van Halen pila bat gustatzen zait. Gu undergroundetik atera gara eta bertatik ez gara inoiz aterako, baina joder. Azkena Rock Festibalera joan eta antolakuntzaren inguruan, adibidez, kritika egin dezakezu, baina musika aldetik kristorena da horrelako jaialdi bat gure hirian edukitzea.
“Lehenengo maketak bakarrik merezi zuen”, Emaidazu mainstream kantan diozuen moduan.
Bai, hori oso tipikoa da.
Baina beti funtzionatzen du...
K: Kar-kar. Askotan ARF delako baztertzen dugu, edo ondo landuta dagoen lan bat. Noski, lehenengo maketak bibrazio berezi bat daukala argi dago. Esaldi hori oso…
Hipsterra....
K: Guztiz.
Poser jarrera muturrera eramana...
(Momentu horretan, Salterain jauna agertu da).
K: Salterain! Afaltzera dator. Jajaj. Esan kaixo edo zer edo zer.
Begira, Tutan Come Onen arbaso bat topatu dut, 75 milioi urte zaharragoa. Benetakoa da. (Velociraptor baten kaskezurra, hagin eta guzti, atera diet opari moduan). Musikaren bolumenarekin, Salterainek ez du ezer entzun.
K: Originala dela dio. Esan kaixo edo zerbait, ez?
Salterain (S): Aupa, gabon! Eskerrik asko.
K: Pintxoa oraindik ahoan dauka eta ezin du hitzik egin.
Salterain, zu animali bat zara baterian. Estilo honetan, eta bi partaide bakarrik izanda, bateriak oso ahaltsua behar du izan, eta segurtasuna eman behar du. Nik uste zurekin Kanda seguru sentitzen dela.
S: Ni saiatu naiz, batez ere, eta niretzat oso garrantzitsua da, denbora, tempoa ondo eramatea, eta abestietan ondo sartzen diren break (oharra: oihuak entzuten dira, Kanda balkoitik norbaiti deika ari zaio) edo barrido mota horiek ondo egitea, baina beti abestian ondo sartuta, hala eskatzen badu. Gero, erritmo sendoak egitea gustatzen zait eta beti baketak partxeetan ondo sartzea. Daramadan bateria oso aproposa da egiten dugunerako, grabe asko dauzka eta agian baxu jolearen falta hori bonboak betetzen du, nolabait.
Baxu falta hori asko betetzen duzula uste dut. Kandaren gitarraren soinua oso potoloa da, lodia, eta bere soinu grabe hori eta zure atabalen afinazio grabearekin, badirudi hiru musikari zaudetela. (Oharra: Kanda sartu da berriz). Nik uste horrelako bateria sendo batek segurtasuna ematen duela, ezta?
K: Egia esan, seguru sentitu behar duzu, lehenengo momentutik eduki behar duzu hori sostengatzeko gai den bateria jole bat. Pegada horrekin. Instrumentu handia dauka, eta hori jotzeko gaitasuna behar da. Ni ez naiz seguru sentitzen ondoren, hasi baino lehen baizik. Aurretik banekien horrelako musikari bat behar nuela, pisua sostengatzen duena.
Indartsua, segurua da zure estiloa, eta plater asko erabiltzen dituzu.S: Platerak oso handiak dira eta 60. hamarkadakoak. Errailak asko zabaltzen dira, distira handia daukate eta gainera indartsuak dira. Sakontasun hori edukitzea gustatzen zait.
Beti baxu jole bat eduki duzu ondoan.
S: Bai, bakarrik talde batean egon naiz, Bronze-n.
Baxu jolea izatetik ez izatera, nola egin duzu zure hori?
S: Nik uste istorioa ez dela baxu jolea eduki ala ez, egiten duzunak betetzen duen ala ez baizik. Bronzerekin erritmo oso arruntak egiten genituen eta baxuak egiten zuena zen, ia beti, erritmoa nirekin markatu. Gitarrek konponketa gehiago zituzten. Orduan, berak (Kandak) bi anplifikadorerekin lortzen du sakontasun hori.
Kanda da gitarra eta baxua, biek batean.
K: Baina hori da guk daukagun biko formazioarengatik, ez baita berdin konposatzen baxu jole bat edukita. Guk badakigu egin behar ditugun erritmoek tankera batekoak izan behar dutela, bestela ez baitute funtzionatuko. Gitarrak oinarrizkoak izatea behar dugu, ezin ditugu apaindura gehiegizko gauzak egin. Saiatzen gara melodiak gehiago ahotsetan zentratzen, beste ikuspuntu batetik heltzen diogu. Erritmo monolitikoak egiten ditugu, ahalik eta askotarikoenak. Burua mugiarazten dutenak.
S: Orain baxua sartuko bagenu, ez litzake berdina izango.
Horixe galdetu nahi nizuen, zer pasatuko litzateke orain baxu jole bat sartuko balitz?
K: Dena aldatuko litzateke. Abesti zaharrak berdin joko genituzke, baina berriak ez lirateke berdinak izango, beste rollo bat izango litzateke.
"¿Éste que hace aquí?" Tipo bat sartu da, ez oso gaztea, ez dakigu zertara, baina uste dut zer edo zer jan edo edatea nahi duela. Edo agian, kuriositatea besterik ez dauka. “Esos Tutan Come On” –dio-. Alde egiteko gonbita luzatu diote, baina tipoak ez du alde egiten. Antza denez, ohikoa da horrelako gauzak gertatzea eta Kanda eta Salterain ohituta dauden arren, normala den bezala, potrotaraino ere badaude. Barreari ezin diot eutsi.
Aurreko diskoa bezala, Gasteizen grabatu duzue, Miravelley estudioetan.
K: Gure lokala Miraballes kalean dago. Izena txantxa baten moduan hasi zen. Nik jarri nion izena, gainera.
Bertan? Estudio mugikor batean egin duzue?
K: Ez, gure lokala soinu teknikari batekin konpartitzen dugu, hain zuzen Bronze taldean gitarra jotzen zuena, Mikel Díaz de Otazu.
Aurreko diskoan ere bai, baina oraingoan kristoren soinua lortu du.
K: Hobetzen ari da pila bat, bere lan dinamika topatzen ari da, eta ostras! Kristoren emaitzak lortzen ditu, benetan. Elkarrizketa batean esan ziguten disko hau geldoagoa dela, aurrekoa azkarragoa, zikinagoa, punkagoa zela… Egia esan, ez gara konziente izan. Afinazio aldaketan bai. Horrek ekarri duela abiadura aldaketa? Izan daiteke.
Diseinua lehen diskokoa baino askoz ere landuagoa da. Aberatsagoa dirudi.
K: Egia esan, guk beste ideia bat geneukan. Iron Maidenen tankerako portadak imajinatzen genituen. Badakizu, Powerslave edo horrelako zerbait.
Tutan Come On bera, agian.
K: Bai, horrelako zerbait. Berarekin (David Gotxicoa) egon ginenean izenburua bageneukan eta berak esan zigun: “¿Qué hay más mainstream que el hecho de que salgáis en la misma portada?”. Eta argumentu horrekin konbentzitu gintuen. Pozik gaude, oso iluna atera da.
Biak agertzen zarete elkarri begira, ke artean…
K: Bai, infernutik jaioak, mainstrema emateko!
Diskoaren introari buruz, hasiera batean pentsatu nuen Orson Wellesen La guerra de los mundos delakoa izango zela. Gero kredituetan irakurri nuen Carl Saganen Puntu urdin zurbil bat “speecha” dela.
K: Garai batean espazio-zunda bat bidali zen, inoiz urrutien joango zena. Carl Saganek eskatu zuen sonda horrek lurrari argazki bat egitea, hura desagertu baino lehen, eta inoiz urrutienetik atera den argazkia bihurtuko zen. Eta lurra da guk hemendik ikusten dugun izartxo baten modukoa. Speecha-k, beraz, hortaz hitz egiten du.
Carl Saganek dio: zenbat gorroto, borroka, enbidia… zertarako?
K: Puntu txiki hori gara. Ikustean, diozu: “zein gailentasun gutxi daukagun”. Gustatzen zait rollo hori. Trumbo taldearekin ere egin genuen. Oso inportanteak garela uste dugu askotan, eta beste ikuspuntu bat behar dugu.
Albert Einsteinen liburua atera diet.
K: Zer da hau? “Espazioa denbora kontua da”.
Zuretzat.
K: ¡Y una polla! Ezin didazu hau oparitu!
Bai, bai. Nola ezetz? Zuek biontzat.
S: ¡Me encanta esto!
K: Urko tio! Flipatzen dut.
S: Kar-kar. Elkarrizketa egitera etorri eta filosofiari buruz ari gara!
Kandak eta Salterainek ez dakitena da, liburu horrek 1’99 euro bakarrik balio zuela, eta Velociraptorraren garezur eta goiko masailezurrak euro bakarra. Segidan, mekanika kuantikoa, erlatibitatearen teoria, soken teoria… eta abarrez hitz egin genuen. Egoera nahiko surrealista da: aretoko bolumen burrunbatsuaren erdian gaude. Grabagailuak, han eta hemen, Max Plank, Brian Greene eta abarren erreferentziak grabatzen ditu, dezibelio eraso zitalen artean. Hirurok pasioz hitz egiten dugu, eta Kandak esan zidanez, Dani Anestesia ere gai honen oso zaletua omen da. Gauzak bere “onera” ekartzen saiatzen naiz, nolabait.
Agian zertxobait desbideratu naiz...
K: Elektroiaren saltoa egin duzu. Jajaja.
Kanda, ospatzeko, beste garagardo baten bila joan da, askotan errepikatuko den momentuetan. Orain Kandarekin nago, gero Salterainekin, gero biokin eta ondoren bakarrik. Salterainek frutaren kontuari buruz, serioski: “Nik uste gaua eta kontzertuen inguruan dagoen giroak ez duela sagarra jatera bultzatzen. Agian platano bat bai, baina sagarra ez”.
Kanda, beti antzeman dut zure proiektu ezberdinetan ukitu zinematografiko handi bat.
K: Adios! Zergatik?
Dalton Trumbo, adibidez.
K: Ez zen nire ideia izan, Eneko de Arza bateria jolearena baizik. (Oharra: Näut eta Trumboko kide ohia).
“Sorginen ehiza” edo “La caza de brujas” delakoaren biktima izan zen Dalton Trumbo. Bere jarraitzaileak al zarete?
K: Bai, hori entzunda daukat, eta Johnnyk bere fusila hartu zuen da gehien ezagutzen dudan filma, baina interes handiena zeukana Eneko zen. Bestalde, izena erakargarria iruditu zitzaidan, eta Enekori baiezkoa eman nion.
Talde batentzako oso izen aproposa zen Trumbo. Aurreko galderarekin jarraituaz: Neubaten Jack Boy.
K: Ez, asmatua da. Oso ideia stonerra iruditu zitzaigun.
Blancoman.
K: Hura gizaki zuriaren gailentasunaren rollo horretaz barre egiteko mobida bat da. Ez da pertsonai konkretu bat.
Hala dirudite, baina.
K: Horrek ondo egina dagoela esan nahi du, pertsonalizatuak daude, eta orduan zinema pertsonai moduan irudikatu dituzu. Hori guay dago, ze horrela ideia errazago heltzen zaizu, ezta? Baina guk konposatzean agian ez daukagu hori buruan, baina gero agian pertsonai bat bihurtzen da.
“Espazio sakonean, abiaduraren menpe” esaldia aipatu diet. Hitz horiek Tutan Come On-en azken diskoko Hedapena abestian topatu ditzakegu. Salterainenak dira. Hemen, berriz aurreko gaietara jo dugu: unibertsoa, argiaren abiadura… e.a. baina gehiegi ez luzatzeko, goazen hurrengo galderarekin:
Bideoklip bat egin duzue, Ezin zaitut begiratu abestiarekin, Paul Urkijoren eskutik. Gustura gelditu al zarete emaitzarekin?
S: Oso gustura. Berak proposatu zigun. Letra hartu, eta protagonista gudari greziar bat izatea egokia zela iritzi zion.
Nor da aktorea?
S: Ortzi Acosta. Laburmetrai askotan egin du lan Paul Urkijorekin. El circo del sol delakoan gimnasta izan zen 10 urtez.
Black Sabbath ere, nola ez, atera da gure elkarrizketan.
Black Sabbathez ari garenez, disko honetan nabaritzen dut Masters of Reality eta Vol.4 diskoen eragina momentu batzuetan, adibidez Otso bakartiaren balada zoragarrian.
K: Bai, erritmo hori bai dela oso Black Sabbatheroa.
Kyuss-en Gardenia ere etorri zait burura. Ukitu eta pintzelada batzuek han eta hemen.
K: Stonerrarekin zerikusia daukan ia denak dauzka Gardenia-rekin gauzak komunean. Abesti hori oinarrizkoa da rollo honetan, tio.
Ados, baina talde pila bat daude, eta denek ez dute lortzen zuen atmosfera hori.
K: Hori bai dela nahi gabe, guztiz. Aldez aurretik gauza mordoa pentsatu ahal dugu: afinazioak aldatu, erritmo trinkoak egin… e.a. baina atmosfera hori, hori bai dela nahi gabe egina. Guk jotzen dugu eta gero entzuleak hori jasotzen du, baina ez dugu entzuleak bezala nabaritzen. Hori guapoa da, zuk esatea, horrek esan nahi du ondo egiten ari garela.
Vicepresidentes-en diskoa prestatua al duzue jada?
K: Horretan ari gara. Iragarri genuen moduan, apirila aldean grabatu eta maiatza edo ekaina aldera argitaratuko dugu.
Homme egongo al da?
K: Ez, bateria berria daukagu. Antxus egongo da, jatorrizko baxu jolea. Bateria jole berria Gasteizko lagun bat da, Mikel, Childrain taldean izandakoa.
Eta horrela jardun genuen. Dessert sessions mitikoak gurean errepikatzeko aukeraz ere hitz egin genuen luzaroan, baina ezer konkreturik ez dagoenez, ez dut hemen ezer komentatuko. Tutan Come On osatzen duen bikote berberak izan zuen Black Sabbathen bertsio taldeaz ere aritu ginen, baina nonbait kontzertu bakarra egin zuten. Horrelaxe amaituko dugu, beraz. Gasteiztar hauen barren-barreneko sua eta soinu ahalguztidun hori zuzenean gozatzeko aukera baldin baduzue, zoazte pentsatu gabe. Ez zarete damutuko!
Elkarrizketa hau Entzun!-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra
Atzo hasi ziren zabaltzen Iñaki Castro musika teknikariaren kontrako salaketak '@denuncias_euskalherria' kontuan, eta dagoeneko dozenatik gora emakumeren testigantzak bildu dira.
Frantziako musikagileei buruz hitz egitean, Claude Debussy eta Ravel etortzen zaizkigu burura. Bada dibertitzen denik ere, bata edo bestea defendatuz garai guztietako musikagile frantziar onena bezala. Egia esan, bi jeinu absolutu dira, beren garaiko zirkunstantzien ondorio. Oso... [+]
82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]