Ekainaren 12an egingo da Eskola Txikien 34. jaia, Errezilen. Bertako herritarrak hilabetetan aritu dira prestaketa lanetan eta egun osoko egitarau ederra prest dute. Arratsaldean 5. eta 6. mailako ikasleek antzerkia eskainiko dute: Errezilen jaio zen Maria Dolores Agirre idazle, irrati esatari eta euskara irakaslearen bizitza ezagutzeko modua izango dute bertaratzen direnek.
Errezilek Eskola Txikien Festa hartuko du herrian, bigarrenez. Izan ere, 1995ean antolatu zuen lehen aldiz Gipuzkoako Eskola Txikietako ikasle, guraso eta irakasleen topalekua den jai hau. Garai hartan haur eta gaztetxo moduan festa gozatu zutenek, guraso edo herritarren arduratik biziko dute aurtengoa. Igande hau ederra izan dadin hilabete luzetan egin duten "lankidetza eta auzolana" balioan jarri dute Oihana Trula gurasoak eta Irati Manzisidor Eskola Txikietako irakasleen ordezkariak: "Herri lana. Auzolana gailendu da ikasturte osoan zehar, gure artean. Eta pozik gaude egindako bidearekin. Pozik eta esker oneko, gainera, Gipuzkoako eskola txikietako irakasle, ikasle eta gurasoengandik ere jaso dugun erantzun bikainarengatik ere”.
Errezilgo jaia ideiak hartuz biziko dutenak Lizartzakoak izango dira, hauek hartuko baitute lekukoa eta 2023ko festa antolatzeko konpromisoa.
2-12 urte bitarteko 54 ikasle ari dira egun Errezilgo eskolan. Adin ezberdinetakoen arteko elkarrekintza da eskola txikien ezaugarria, eta hala ari dira Errezilen ikasten duten Haur Hezkuntzako 19 ikasleak eta Lehen Hezkuntzako 35ak. 1995ean Errezilgo erdigunean kokatu zuten eraikinean ari dira egun, baina Errezilgo eskolaren ibilbidea luzea dela eta bere garaian auzo eskolak izan zirela ekarri dute gogora antolatzaileek.
“Errezilen dugun eskola txikiari esker gure haurrek euren herrian hazi eta hezteko aukera eskaintzen diegu. Adin ezberdinetako ikasleen arteko harremanetan murgiltzen dira, euren jaioterrian kokatuta abiatzen dira ikaskuntza prozesua garatzen, eta harremanetan sakontzeko aukera ematen diegu herriarekiko harremanetan” azpimarratu du Oihana Trula Aginagalde gurasoak. Miryam Urrutibeaskoa zuzendariak, berriz, eskola publiko honen ezaugarriok nabarmendu ditu: "Aukera berdintasuna eta inklusibotasuna bultzatzen ditu; hurbiltasuna, aniztasuna eta kohesio soziala erdigunean jarri nahi dituena da San Martin eskola”.
10:00etan hasiko da festa, irekiera ekitaldiarekin.
11:00etatik 14:00etara hainbat jarduera izango dira aukeran: herri kirolak, puzgarriak, zirko tailerra, trebezia zirkuitua, eskalada txokoa, sormen tailerrak, batukada...
14:30etan herri bazkaria egingo da eta 15:30etan Andoni Ollokiegiren kontzertuak girotuko du bazkalostea.
17:00etan taularatuko dute 5. eta 6. mailako 12 ikasleek Maria Dolores Agirreren bizitza. 1903an Errezilen jaio zen, Etxeberri etxean, gerora idazle, itzultzaile, irrati esatari eta euskara irakaslea izango zena. 14 urterekin joan zen Donostiara irakasle ikasketak egitera eta bertan bizi izan zen 1997an hil zen arte. Euskaltzale sutsua izanik, hainbat bide jorratu zituen euskara hirian bultzatzeko. Horietako bat izan zen Santo Tomas egunean antzerki emanaldiak eskaintzea: batzuetan euskal autoreen obrak taularatu zituen, beste batzuetan itzuli eta berak ere idatzi zituen antzezlanak.
17:30ean Baserriko porrusalda clown emanaldia egongo da eta 18:30etan hasita Argizulo Dup Station kontzertuak biribilduko du eguna.
Errezilen egun ederra pasatzeko asmoa dutenek, autoa Bidania-Goiatz industrialdean (Tolosaldetik doazenentzat) edo Domusa Teknik enpresako aparkalekuan (Azpeitia aldetik doazenentzat) utziko dute eta bertatik Errezilera joan-etorrian ariko diren autobusa hartu ahalko dute, goizeko 9:00etatik gaueko 9:00etara.
Gipuzkoako eskola txikien arteko hartuemanak sendotu, elkar ezagutza bultzatu eta haien guztien topagunean bilakatuko da Aginaga ekainaren 9an. Aginagako Eskolaren bueltan ospatuko da, Gipuzkoako Eskola Txikien festa. Asteazken eguerdi honetan aurkeztu dute.
Herri-bizitzaren motor eta bihotz, haurrak aniztasunean eta herriarekin eta naturarekin harreman estuan hezteko eredu aproposa dira eskola txikiak. Bai pedagogikoki, bai auzo eta herrietako komunitatean duten garrantzia aldarrikatzeko, aurten ere Gipuzkoako Eskola Txikien Jaia... [+]
Sakulupe guraso elkarteko kideek, "emozioz eta nekez" beteta eskerrak eman dizkiete ekainaren 11n Eskola Txikien Festa egiten lagundu zuten guztiei. Eguraldi ederra lagun, festa ederra eta parte-hartzailea antolatu zuten. Hurrengo urtean Oikiaren txanda izango da.
Eskola txikiak herri eta auzoak bizirik izateko funtsezkoak direla adierazten du festak. Aukera polita izango da Arroa auzoko (Zestoa) eskolaren errealitatea ezagutzeko, tartean, gurasoek larritasunez eskatu arren atzerapenez doazen eraikuntza berriaren orubea.
Festa handiagoa egin, jende gehiago bildu, diru etekin handiagoa atera. “Orain arte gurpilak eraman gaitu” aitortu dute Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinadorako lehendakari Nagore Iñurrategik, eta Eskola Txikietako irakasleen koordinatzailea den... [+]
Mugimendua elkartzea eta bizirik daudela aldarrikatzea izango ditu helburu eta diru etekinei uko eginik neurriz txikitzearen alde egin du apustu.