82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.
Iritsi zaio agur esateko ordua. Mende erdi baino gehiago –60 urte– eman du oholtzan Benito Lertxundik (Orio, 82 urte), eta asteazken goizean Gernikan eginiko agerraldian adio esateko bi-ertzeko forma hautatu du: utzi egingo duela bai, baina disko bikoitz berria eskuetan: Benito Lertxundi. Gernika kontzertuan.
2023ko azaroaren 11n eskaini zuen kontzertu gogoangarria Jai-Alai pilotalekuan, eta hantxe bertan egin du agerraldia, Lertxundik hala nahi izanda, "oroitzapenez eta esanahiez beteriko gunea" baita berarentzat. Orain argitaratu duen disko bikoitza, hain zuzen, kontzertu haren zuzenekoa da.
Ibilian, Ez Dok Amairutik
Ez du ibilbide makala egin Orioko bardoak. Datorren urtean beteko dira 60 urte Ez Dok Amairu sortu zenetik, eta taldearen sortzailetako bat izan zen Lertxundi. Ondo gogoan zuen Ez Dok Amairuko lehen bilera hura ARGIAri eskainitako elkarrizketa batean, 2002ko urrian, Estitxu eta Ixiar Eizagirre ahizpekin solasean:
"Niretzako surrealista izan zen bilera hura, atera nintzen inpresioarekin ez nuela ezer ulertu, ez nekiela zertan ari ginen. Baina zerbait bazen nigan, sena edo, tiratzen ninduena, horretan jarraitzeko esaten zidana. Bilera batzuk egin genituen, eta hortik sortu zen Ez Dok Amairu taldea. Niretzat berriro jaiotzea, bataioa izan zen. Ordurako kantatzen nuen, baina orduan hartu nuen kontzientzia. Beste nortasun bat, beste kantari bat sortu zen. Garai hartan oso hedatuta zegoen protesta kantutan hasi ginen".
Urte haietan lehen disko motz eta laburrak argitaratu zituen. Tartean, oraindik ere han edo hemen entzuten diren bi kantu ezagun, Zenbat gera eta Loretxoa. Eta Gure bide galduak ere bai, bigarren EPan. Gerora, lehen bakarkako lan luzean ere argitaratua, Herri Gogoa zigiluarekin, 1969an. Gitarra hutsez abestua, nagusiki maitasuna eta garaiko egoera soziala uztartu zituen Lertxundik bere letratan. Buelta horretan ezagutu zuen Nafarroa Garaiko Erribera ere, eta hortik sortu kantu homonimoa.
Ez Dok Amairu deseginda, bakarkako bestelako bide bati ekin zion, nahiz proiektu kolektiboetan ere ibili zen han eta hemen. Autodidakta eta inprobisazio moduan, ordura artean egin bezala. Musika bera ez baitzetorkion etxetik edo eskolatik; kanturako zaletasuna bai, ordea, otordu osteetatik. Buztina eta zura lantzen ikasi zuen eskolan, laute zahar batekin topatu zen arte. Eta hortik, gitarra elektrikora.
Zuberora... eta atzerrira
Ez Dok Amairuren ostean, Zuberoara jo zuen asko, eta musikari talde zabala osatu, akordeoi eta harpa soinuak nabarmenduta, eta letragintzan lagunen laguntza jaso zuen: bi abestu ezagun, Oi Zuberoa eta Bizkaia maite esaterako, Jose Anjel Irigaraik idatzi zizkion.
Baina Zuberoara Xabier Leteren eskutik heldu zen, ARGIAn 2010eko uztailean Miel Anjel Elustondori kontatu zionez gero. Beti entzuten omen zion Leteri Zuberoari buruzko zer edo zer, eta "Zuberoa ezagutu behar diat!" pentsatuta, hara joan zen azkenean, Letek lagunduta. Lete Esara joatekoa omen zen, eta Orhi gailurrean egin zuten hitzordua. Baina... "Han nintzen adostu genuen egunean, baina bera [Lete] ez zen azaldu. Ordu arte, Zuberoa herrixka bat zela uste nuen, ez besterik. Eta eskualde bat izan!". Irakurgai interesantea da elkarrizketa hori kontu bat baino gehiagogatik.
Dena dela, Zuberoatik harago, Italiara ere jo zuen Antonio Berschi pianista eta konposatzaile ezagunarengana, baita Bretainiara eta Irlandara ere. Azken herrialde horretako musikari miresmen handia diola esan izan du.
Aro berria hasi zuen gerora, behin 60 urteak gerturatzen joan ahala, Euskal Herrian egonkortuago geratuta. Baina ordurako jada aldamenean zuen Olatz Zugasti, aspalditxotik, eta geroagotik bi Zeberio anaiak, Pello Ramírez, Ángel Unzu... Edonor egon daiteke lasai haien ondoan. Horixe bera zioen duela justu urtebete, Iruñean ikusitako kontzertuaren ostean, Amets Arangurenek ARGIArako eginiko kontzertu-kritikan.
82 urte ditu gaur egun. Inola ere ez gutxi oholtza gainean oraindik ere irauteko. Ea nor den gai horrela ibiltzeko. Metaforikoki edo ez, Amets Arangurenek kronika horretan iradokitzen zuen moduan, dagoeneko itxuratzen ari zen deklamazio bat, zenbaitetan, kantuan egin baino gehiago. "Desagertzen doa taulatik Ez Dok Amairu-ko kidea".
Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]
Arratsalde osoko egitaraua prestatu dute Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleakek otsailaren 9rako. Topagunea: antolakuntza eredu berria eta aurtengo ekimenaren hurbilpen bat hitzaldia izango da lehenengo, eta gero, kontzertua eskainiko du Benito Lertxundik... [+]
Deituiozu berezi. Deituiozu bitxi. Deituiozu arraro. Deituiozu nahi duzun bezala, baina hau ez da normala. Eta ez, ez dut esaten Durangoko Azokaren bigarren egunean gaudelako eta gaur goizean oraindik Toti Martinez de Lezeak Ereinen standean eragiten dituen ilara ia mitologikoak... [+]