Urko Apaolaza Avilak egin du hitzartzea taldearen izenean:
"Joseba Zubimendi euskaltzale eta kazetariak Gernikako bonbardaketaren testigantza eman zuen 1939ko kronika gogoangarri batean, eta honela zioen: 'Berdin zaie haur edo gizon, emakume edo abere. Bizia duan oro berdin: ez du deusik geldi behar zutik'. Eta artikulu berean aitortu zuen 'Gernika erraustearen ikuspegiak baino, biharamonean entzundako gezur nardagarrien zulatze mina zorrotzago' sartu zitzaiola. Koldo Izagirreren hautaketekin ARGIAn kaleratu dugun Zaldi bat ihes garrezko zelaian bilduma-liburuan aurkituko duzue Zubimendiren pieza hau.
85 urte geroago, ez du ematen munduan gauzak asko aldatu direnik. Duela urtebete, toki honetatik Mikel Garcia lankideak zioen garai interesgarriak zirela kazetaritzarako. Pandemia, Ukrainako gerra, energia krisia… genituen gogoan. Nork esango zigun, urtebete geroago, genozidio bat egunez egun zuzenean ikusiko genuela?
Israelek 25.000 palestinar baino gehiago hil ditu Gazan, lurrez eta airez bonbardatu ditu… deusik zutik geldi gabe. ARGIAn hasieratik garbi izan dugu Palestinan gertatzen ari dena kontatu eta Israelen konplizeak zein diren salatu behar dugula. Etengabeko jarraipena ari gara egiten webgunean, ezin dugulako onartu arreta informatiboa desbideratu eta genozidioa normalizatzea. 'Ez gure izenean', genioen azaroan kaleratu genuen aldizkari bereziaren azalean. Eta gaur hemen berresten dugu: Ez gure izenean.
Josep Fontanak iragarri zuen bezala, mundua toki arrotz baterantz ari da mugitzen. Palestinan diote, existitzea erresistitzea dela. Kazetaritzaz ere berdina esan dezakegu: nola egingo diegu aurre gorroto mezuei, xenofobiari, ideia totalitarioei, gezur nardagarriei... informatzeko askatasunik ez badaukagu? Faxismoa hortzak zorrozten ari da, eta bere mehatxuari erresistitu eta erantzutea dagokigu.
Ez dira garai errazak lanbide honentzat. Tamalez, iazko toki berean jarraitzen du oraindik Pablo Gonzalezek, eta ARGIAren kolaboratzaile eta laguna dugun Jesús Rodríguez La Directa-ko kazetaria ere zigortu nahian dabil Espainiako Auzitegi Nazionala, Tsunami Democràtic auziaren barruan. Doakie elkartasun besarkada handi bana ARGIAko lantalde guztiaren partetik.
Ez dira garai errazak lanbide honentzat. Tamalez, iazko toki berean jarraitzen du oraindik Pablo Gonzalezek, eta ARGIAren kolaboratzaile eta laguna dugun Jesús Rodríguez 'La Directa'-ko kazetaria ere zigortu nahian dabil Espainiako Auzitegi Nazionala.
Baina kasu larrienetan, kazetarien konpromisoa eta ausardia hil ala biziko bihurtu dira: Palestinako kazetarien sindikatuak emandako datuen arabera, Israelek 112 kazetari hil ditu Gazan. Bai, ehun-eta-ha-ma-bi, erraz esaten da. Horren aurrean, lotsagarria iruditzen zaigu nazioarteko kazetarien elkarteek duten pasibotasuna.
Guatemalan ere ez daude askoz hobe, galdetu bestela Prensa Comunitariako kideei. Meatzaritza enpresek etengabe kriminalizatu eta jazartzen dituzte, Paolina Albanik ARGIAn iazko apirilean Leire Artola kazetariari kontatu zion bezala. Elkarrizketa horren harira Solway multinazionalaren gutun zertifikatu bat jaso genuen 'opari'; artikulua borratu eta 15.000 euro ordaintzeko agintzen zigun, auzitara jotzea nahi ez bagenuen. Gure erantzuna irmoa izan zen: ez gaituzue isilduko. Eta emaitza izan da haiek izan direla isildu direnak. Euskal Herriko hedabideek, aldiz, gaiari oihartzun handia eman zioten, eta estimatzekoa da benetan.
Mehatxuei erresistitzetik harago, ARGIAn alternatibak lantzen saiatzen gara egunerokoan. Horretarako, auzolanerako komunitate ezin hobea dugu, elkarte eta eragile anitzek osatua, eta aurten ere baditugu nobedade batzuk zuekin konpartitzeko. Doinuele sarea sortu dugu zortzi ekimenen artean: Baltsaneko lagunekin antolatzen dugun Ziburuko eta beste zazpi herritako euskal liburu eta disko azokek indarrak batu ditugu, euskara hutsezko plaza horiei oihartzuna emateko. Gainera, Biolurrek sustatzen duen Amillubi proiektuko partaide da ARGIA, badakigulako ze garrantzitsua den lurrak kolektiboki lantzea etorkizun itxaropentsua ereiteko. Liburuak ekoeditatzen ere hasi gara Kataluniako Ekoedizioaren Institutuaren laguntzarekin. Eta ezin aipatu gabe utzi parte garen Olatukoop ekonomia eraldatzailearen sarea, bere hamargarren urteurrena beteko baitu aurten.
Aurten ere baditugu nobedade batzuk zuekin konpartitzeko. Doinuele sarea sortu dugu zortzi ekimenen artean: Baltsaneko lagunekin antolatzen dugun Ziburuko eta beste zazpi herritako euskal liburu eta disko azokek indarrak batu ditugu.
Produktuei dagokienez, uzta oparoa izan dugu: Zaldi bat ihes garrezko zelaian, Ño, Hausnarrean eta Planeta Prekarioan liburuak argitaratu ditugu; 2024ko Ilargia eta Landareak agenda eta Argiaren Egutegia ere bai; Jarioka, Hizki Pizti eta Otu jolasak kaleratu ditugu, eta sei podcast berri ere jarri ditugu martxan aurten: Egonarria, Señorak, BTN, Menda Bikoitza, Larrun eta Oroimen Histerikoa.
Proiektu eta produktu horien atzean pertsona askoren izenak daude, gehiegi denak hemen aipatzeko, baina denekin gaude erabat eskertuta. Zorionak denei!
Hori guztia ez litzateke posible izango ARGIAko komunitatearen eta kideen babesik gabe. Zortzigarren urtez jarraian aurreko urtean baino gehiago gara, eta jadanik proiektu honen aurrekontuaren %40 ARGIAko kideek egindako ekarpen ekonomikotik dator, hori da gure diru-sarrera nagusia. Asko kide berri gazteak dira, eta beste asko aspalditik ditugu alboan, aldizkari honekiko kariñoa eta estimua transmititzen. Berriz ere Argia Sarietan mahai baten bueltan elkartu ditugu mende erdia gurekin daramaten hainbat kide: Bejondeizuela!... Andoni Sarriegi, Arantxa Galparsoro, Maria Pilar Aizpurua, Ana Barandiaran, Pake Gartzia, Alberto Agirreazaldegi, Gregorio Jauregi eta Mila Etxeberria.
Zortzigarren urtez jarraian aurreko urtean baino gehiago gara, eta jadanik proiektu honen aurrekontuaren %40 ARGIAko kideek egindako ekarpen ekonomikotik dator.
Herritarren konpromisoaz gain, bistan da euskarazko hedabideek instituzioen konpromisoa ere behar dutela. Kalitatea eta profesionaltasuna oinarri hartuta, informaziorako zerbitzu publikoa eskaintzen dugula sinesten dugu. Erakunde horiek bermatu behar dute euskarazko hedabideetako irakurleek ere zerbitzu duina jasotzea, eta bide horretan guk ateak irekita ditugu beti elkarlanerako.
Kazetaritzaz ari gara, eta amaitu nahi dugu aipamen berezi bat egiten. Urte luzetan ARGIAn aritutako Pello Zubiria gure lankideak erretirorako bidea hartu du. Duela gutxi, Planeta Prekarioan liburuaz Jenofa Berhokoirigoinekin izandako elkarrizketa batean zioen kazetarien behar handia dagoela garai hauetan, kazetariek arriskuak hartu behar dituztela, munduan gertatzen ari dena ulertzeko gakoak emateko. Eskerrik asko Pello orain arte egindako guztiagatik. Gu ere horretan saiatuko gara aurreratzean".
Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]
Dani Blancok ateratako argazkiak Usurbilen.
Folklorea kristalizatu den gauza hori zela zioen Ion Celestinok ARGIAn. Eta tradizioa, aldiz, une jakin batek ematen duen lorea dela azaltzen zuen.
ARGIA Sariak “tradizio” bilakatu direla esango genuke gaur egun. Hasteko, eta gehiegi pentsatu gabe, 35. urtez... [+]
Gordegia.eus, Donostiako Egia auzoko artxibategi grafikoak jaso du interneteko Argia Saria. Herritarren memoriaren lekukotasuna denon eskura jartzeagatik eman zaio saria, eta Arkaitz Artola, Juanpe Urrosolo eta Fernando Olaldek jaso dute Antton Mendizabalen oroigarria.
Sahara. Herri bat erresistentzian liburuak jaso du 2024ko prentsa saria. Herritarrei ahotsa emanda, sahararren aurkako errepresioa eta haien erresistentziarako kemena transmititzeko egindako ahaleginagatik jaso du saria Kristina Berasain Tristan liburuaren egileak.
Guggenheim Urdaibai Stop plataformak jaso du 2023an egindako komunikazio kanpainarik onenaren saria. Aspalditik datorren borroka bati bultzada berria emateagatik, eta ingurumena eta herritarrak erdigunean jartzeko lanean aritzeagatik eman dio ARGIAk saria. Antton Mendizabalen... [+]
Bost sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria Bizkarsoro filmari eman zaio, prentsa saria Sahara. Herri bat erresistentzian liburuari, entzunezko saria Ez gatoz Paristik podcastari, internet saria gordegia.eus artxibategi grafikoari eta komunikazio kanpaina onenaren... [+]