Erreleboa: nahi eta ezin

  • Lanbideen transmisioa eraldatu edo ia desagertu egin da, eta arrantzak ere nabaritu du hori. Gabezia horrek arriskuan jarri du hainbat sektoreren geroa, eta arrantza ez da salbuespena. Belaunaldien erreleboa nola gauzatu izan dute hizpide sektorean dabiltzan hainbat profesionalek.


2022ko apirilaren 29an - 14:05
Argazkia: Bidasoko Hitza
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Aurtengo otsailean Prestakuntza, Euskadiko arrantza sektorean belaunaldien arteko erreleboaren funtsezko faktorea izeneko jardunaldiak egin zituzten Hondarribiko Itsas Etxean, Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, arrantza sektorearen gaineko hainbat kezka azaleratzeko eta horiek eztabaidatzeko. Izan ere, gizartea asko eraldatu da, eta sektore horrekiko ezagutza tradizioz familiatik jaso bada ere, beste modu batean garatzen da gaur egun. Hortaz, galdera handi bati erantzuteko erronka dauka arrantzak: ontzidietan belaunaldien erreleboa bermatuta dago? Hori gauza dadin hainbat proiektu dituzte mahai gainean Kofradia Itsas Etxeak nahiz Eusko Jaurlaritzak.

Egun, Gipuzkoan baxurako 33 ontzi eta beste hainbat modalitateetako 30 bat daudela azaldu du Eugenio Elduaien hondarribiarrak, Gipuzkoako Kofradiako presidenteak. Sektorea herrialdean «osasuntsu» dagoela uste du, azken boladan batez beste ontzi batek utzi baitio itsasora joateari urteko. Elduaien ez dago larrituta arrantza ontzien etorkizunari buruz. Hala ere, apurka bada ere, beherantz doa arrantza ontzien zenbatekoa.

Ontzi horiek jarduna uztearen arrazoiak asko izan daitezkeela adierazi du, ordea, Elduaienek. Baina nagusienetako bat horien jabeek erretreta hartzea izaten dela dio. «Barkuen nagusiei jubilaziorako adina iristen zaienean, eta gaurko egunean gehienak enpresa familiarrak direnez, barkua utzi egiten da, edo saldu beste norbaiti. Nagusi horien atzetik ez dira izaten seme-alabak erreleboa egiteko».

Oro har, arrantzan dabiltzan gazte gehienek ofizioa gertutik bizi izan dutelako dute arrantzarekiko interesa, etxetik datorkielako lanbidea edo kostako herri batean bizi direlako. Baina lanbidearekin bat egin nahi dutenek ez dute familia ontzirik izan, eta hutsetik hasi behar dute beraien ibilbide profesionala.Martxel Vazquez Nikolarena 24 urteko arrantzale hondarribiarra da, eta Itsas eder ontzian egiten du lan. Gazteek sektorean lekua bereganatzea ez dela erraza izaten adierazi du: «Arrantzan bagaude gazteak. Arazoa da, nire ustez, jende gazteak itsasora joan nahi duela baina ontzietan ez dagoela tokirik. Agian hurrengo urtean 20 arrantzale jubilatuko dira, baina gerta daiteke hemendik bost urtera arte gazte horiek ezingo direla itsasoratu inork ez duelako erretiroa hartuko, beraz, plazarik ez da izango arrantzale gazte berrientzat». Arazo bat da hori, nahia eta ezina batzen direlako. Arrantzale plaza librerik ez den bitartean, erreleborik ez da ematen.

Badaude arrantzale gazteak. Ontzietan ez dute tokirik, ordea

Horren aurrean neurriak hartu beharko liratekeela uste du Miren Garmendiak, Gipuzkoako Kofradiako idazkari nagusiak. «Barku batek kopuru zehatz bateko eskifaia eduki dezake gehienez. Barku horietan ez badago tokirik, arazoa dugu. Espazioa mugatua da eta hori ere aztertu beharko litzateke. Horregatik, oztopoak gainditzeko neurriak hartu behar direla uste dut. Adibidez, barku bakoitzean ikasle bat eramatea». Baina hori gauzatzeko praktika horiek mugatzen dituzten hainbat lege eta arauri aurre egin behar diete ontzien jabeek, hala nola, merkataritza ontzidietako arauak. «Askotan arrantzale gehiago nahi dituzu, baina ezin dituzu barkuan sartu ontziaren tamainagatik eta arauak hala dioelako. Muga batzuk daude, eta egokitu egin behar dira baldintzak arrantzale gazteak itsasora joan ahal daitezen».

Itsasoa, ikasgela eraginkorrena

Ezinbestekotzat jo du Garmendiak itsasoan lan eginez ikastea, itsas eskolen ikasgeletan jasotako ikasketekin bakarrik ezin dela ogibidea guztiz ezagutu, oso garbi du hori. Itsas eskolen artean garrantzitsuenetako bat Pasaiako Blas De Lezo Itsaso Arrantza Eskola da. «Barku bat eramaten duena ez da taxista bat, behar du esperientzia arrantzatzeko moduei buruz, esate baterako».

Erreleboa gauzatzeko eredu horrekin jarraituz, Itsasoratu programa izan du hizpide Garmendiak. Izan ere, titulazio asko behar dira arrantzan lan egiteko, eta programa horren helburuetako bat da dagoeneko itsasoan dauden horiei sektorean lana bermatzea, Garmendiak azaldu duenez: «Bere garaian eskola utzi eta arrantzan lanean dabiltzanentzat programa edo egitasmo bereziak behar direla, lanean ari diren bitartean ikasten jarrai dezaten».

Beraz, ezagutza garatzen jarraitzeak bi faktore izan behar ditu kontuan: lanean daudenak horretan mantentzea, eta ogibide horretan hasi nahi dutenei bidea erraztea.

Garmendiaren ustez ezin da espero, adibidez, unibertsitatean ikasketak egiten ari den edonori bat-batean interesa piztu eta itsasoratzea, garrantzitsuagoa da harentzat jada erabaki hori hartu eta itsasoan jardunean dabiltzanei erraztasunak ematea. «Lanketa itzela egin da haien konpetentziak balidatzeko. Esperientziaren bitartez konpetentziak dituztela ziurtatzen da, eta horrekin zenbait abilidade balidatzen dira. Zentzu horretan, lan bikaina egin da sektorearen eta Eusko Jaurlaritzaren artean. Nik uste dut bide horretatik joan behar garela».

Transmisioa eta hezkuntza

Izan Arrantzale programa ere izan du hizpide Garmendiak. Hezkuntzak ere baduela sektorea balioan jartzeko eta bere errealitatea ezagutarazteko ardura uste du. «Momentu honetan errelebo arazoa dugu gure sektorean, eta behar dugun lehendabiziko gauza da gizarteak eta gazteek ezagutu dezatela sektorearen errealitatea. Uste dut ez dela ezagutzen».

Bide horretan haurrei zuzendutako tailerrak egiten dituzte, baina eskolatik kanpo egiten den jarduera gisa. Ez dago integratuta hezkuntzako materia didaktiko bezala, eta hori aldatzea beharrezkoa dela iritzi dio Garmendiak, «uste dut txikitatik bizi behar den zerbait dela». Horregatik, programa horren helburua da umetatik arrantzarekiko interesa piztea eta sektorearen egungo errealitatea ikusaraztea.

Beste behin oroitarazi du Gipuzkoako Kofradiako idazkari nagusiak transmisioa asko aldatu dela. Lehen, gurasoek seme-alabei transmititu egiten zieten norberaren ogibidea, orokorrean, haiekin batera lan egitera behartuz. «Ez bakarrik arrantzan, igeltseroa zenak ere egiten zuen». Aldiz, orain, gizartea aldatu denaren eraginez ez da hori egiten, «hainbesteko babesa eman nahi diegu gure gazte eta umeei ezagutzaren transmisioa galdu egiten dela. Garai batean ofizio guztiak, ez bakarrik arrantzarena, ezagutarazten ziren modu batera edo bestera esperimentatuz».

Horrez gain, gai soziala dela uste du Eugenio Elduaienek, jendartean dagoen joera indartsua. «Jendea lehen sektoretik aldentzen ari da. Nekazaritzan ere ikusten da gure sektorea oso gaizki dagoela. Jendeak nahi du beste bizimodu bat. Nahiz eta lehen sektoreak etorkizun polita izan dezakeen, jendeak ez du nahi bertan lan egin, gogorra delako, eta ordu asko eskaini behar zaizkiolako. Gizarte aurreratu bat omen gara, eta horren eragina da pentsamolde hori».

Etorkizuna gazteei edo arrantzan lan egin nahi dutenei itsasoratzea bermatu eta erraztean dagoela ondoriozta daiteke. Ukraina eta Errusiaren arteko gerrak sektore honetan ere ondorio ekonomikoak eragin dituen arren, lehiakortasun ekonomikoari buruz galdetuta bai Elduaienek, Vazquezek eta Garmendiak bat egin dute baieztatzerakoan ez dagoela arazorik, eta sektorearen osasuna ona dela ziurtatu dute, baduela etorkizuna. Abian diren programa horiek ea lorerik ereiten duten itxarotea besterik ez da geratzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrantza
2024-11-07 | Estitxu Eizagirre
Getarian jartzera doazen lehen hegalabur haztegiak zer ekarriko du?

Gipuzkoako Getariako kostatik 3,7 itsas-miliatara (6,6 kilometrora) jartzear dira Euskal Herriko lehen itsas zabaleko arrain haztegia. 50 metroko diametroa eta 40 metroko sakonera dute bi kaiolek. Bertako itsas baldintzetara ongi egokitzen badira, 2025eko udan 50 hegalabur edo... [+]


Sardina europarra
Mugarik gabe, baina ez mugagabe

         Sardina bat... bi sardina... topatu ziren...

Atlantikoan, Mediterraneoan, Indikoan, Pazifikoan… Gauez bada, 25-55 metroko sakoneran; egunez sakonago, 100 metrorainokoan, harrapariengandik babesteko.


“Azken dantza hau” bisiguarena izan ez dadin

Txikitan kaian arrantzatu ohi genituen ‘pantxito’ gehienak ziurrenik bisiguak izango ziren, baina nekez ikusten genituen bisigu handiak. Izatekotan, jatetxe ezagunetan izango zen, arraindegietako bisigu gehienak kanpotik ekarriak ziren bitartean. Egun, kostaldeko... [+]


2024-06-07 | Estitxu Eizagirre
Manuela Jauregi, eguneko arrantzalea
“Urtez urte olagarroa gutxitu egin da, zerbait gertatzen da itsasoko urarekin, hori argi da”

Manuela Jauregi arrantzalea da eta duela 25 urtetik hona, bere senarrarekin batera olagarroa eta eguneko arraina harrapatzen aritzen da Getarian, Manuela itsasontzian. Mattin Jauregirekin mintzatu da ontzi barrutik, eta azken urteetan sumatu dituen aldaketak azaldu ditu.


Arrantzaleak haserre agertu dira arrantza debekuarekin

Bizkaiko Golkoko uretan arrantza debekatu dute hilabetez, izurdeak babesteko. Arrantzaleek prezioen igoera aurreikusi dute, eskaintzak behera egingo duelako. Talde ekologistak neurriaren alde agertu dira.


Bi arrantzale desagertu dira Ziburun, itsasontzi bat hondoratuta

Hiru arrantzaleetatik bi desagertuta daude, eta erreskatatu dutena Baionako ospitalean artatu dute, hipotermiak jota.


Arrantzale asko ezin bozkatu geratuko dira datozen hauteskundeetan ere

Bai hauteskunde egunean, bai posta bidez botoa eskatu ahal izateko epean itsasoan direlako, arrantzale asko ezin bozkatu geratzen dira hauteskundeetan. Telematikoki bozkatu ahal izan dezaten legea aldatu bitartean, oraingoan ere abstentzionisten zerrendan sartuko dituztela... [+]


2023-06-09 | Ilargi Manzanares
Bermeoko ‘Beti Euskal Herria’ itsasontziko “esklabismoa” salatu du LABek

Sindikatuak salatu du Bermeoko baxurako arrantzako itsasontzia amarratua geratuko dela. "Egoera penagarrian" lan egiten zuten langileak kaleratu dituzte, aurretik informazio edo azalpenik jaso gabe. Beti Euskal Herria ontziko arduradunen jokabidea arrantza sektorearen... [+]


2023-05-04 | Axier Lopez
Katuarrain asko hilik aurkitu dute Getariako portuko bokalean, “interes komertzialik ez dutelako”

Getariako portuko bokalean hainbat katuarrain hilik aurkitu dute maiatzaren batean Buceo Donostiko kideek.


Arrantza eremuen eta epeen murrizketen aurka protestan dira Lapurdiko arrantzaleak

Baionako portua blokeatu dute martxoaren 29an eta bezperan arrainak kitorik banatu zituzten herritarrei. Bioaniztasunaren alde harturiko hainbat neurri deitoratu dituzte, beraien aktibitatearen murrizketa dakarrelako.


Baleen galbiderako lehen kolpea

Lekeitio eta Ondarroa, 1623ko martxoaren 11. Bi herrietako arrantzale kofradiek hitzarmena sinatu zuten biek batera harrapatutako balea elkarren artean banatzeko.


Eguneraketa berriak daude