Maiatzaren 18an, Eusko Jaurlaritzak eta Iberdrolak aginduta Ertzaintzak argia moztu zienean crowdfunding bidezko diru-bilketa kanpaina abian jarriko zutela iragarri zuten Errekaleor auzoko 150 biztanleek, euren behar energetikoak era burujabean ase ahal izateko. 40 egunen ostean lortu dituzte proiektua martxan jartzeko behar zituzten 100.000 euroak, euren buruari jarritako epe-muga baino hamar egun lehenago.
Eguzki plaken bidez autogestioaren bidean aurrera egin eta energia modu jasangarri eta burujabean lortzea dute helburu bizilagunek, horretarako 1.200 herritarren eta kolektiboren finantza laguntza izan dute.
Plakak gune batean zentralizatuko dituzte eta horren bidez emango diote argindarra auzo osoari. Hala, Errekaleor Euskal Herriko “irla energetiko” handiena bilakatu nahi dute.