Errekaleor auzo askea, sei urte bizirik

  • Aste honetan sei urte bete dira Gasteizko ikasle talde batek Errekaleor auzoko 26. bloke hutsa berreskuratu zuenetik. 2013ko irailaren 3an 'Errekaleor Bizirik'-ek emandako lehen urrats horren ostean, sei urteko ibilbide oparoa izan du proiektuak, instituzioen trabak gaindituz, gaur egun irla energetikoa eta Europan okupatutako auzo handienetakoa dena.

Artikulu hau CC BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2019ko irailaren 03an - 10:17
Errekaleor, "mundu hobe bat"?

Industrializazio prozesuaren ondorioz, 50. hamarkadan Gasteizko biztanleria bikoiztu zuten langileentzat eraikitako auzoa da Errekaleor. "Un Mundo Mejor" izendatu zuten hasiera batean, baina azkenik Errekaleor izena hartuko zuen, auzotik pasatzen den erreka lehorraren harira. Gasteizko periferian eraikia, hamarkada luzez bizirik izan zen auzoa, nortasun komunitario sendo batean oinarrituta.

XXI. mendeko hasieran hiriko hegoaldeak bizi zuen urbanizazio prozesuaren testuinguruan, instituzioek auzokideen lekualdatzea agindu zuten, auzoa hustu, eraitsi eta berreraikitzeko helburuarekin. Auzokide gehienek -ez guztiek- auzoa utzi behar izan zuten, baina urteak aurrera egin ahala, Errekaleor berreraikitzeko proiektua bertan behera geratu zen, Ensanche 21 bezalako erakunde urbanistikoen zein instituzio lokalen utzikeriaren ondorioz. Higiezinen burbuilaren leherketak egoera okertu zuen, Gasteizko etxebizitza hutsen kopuruak (10.000 baino gehiago) eta salmenta zein alokairuen prezioak gora egiten jarraitzen zuen bitartean.

Testuinguru honetan, 2013. urtean, EHUko Gasteizko kanpusean ikasten zuten ikasle gutxi batzuk asanbladan biltzen hasi ziren, ordaindu behar zituzten alokairu garestiei aurre egiteko asmoz. Orduan sortu zen ideia, abiapuntua: urte luzez abandonu egoeran izandako Errekaleor auzoko etxebizitza huts bat berreskuratzea, 26. blokea, hain zuzen ere.

Orduz geroztik etorri dena aski ezaguna da, eta itsaso bihurtuz joan da Errekaleorreko erreka lehorra. Etxebizitza bat lortzeko helburu xumearekin, isilpean, lehenengo bloke hura berreskuratu zuten hamar gazte horien ostean, jatorri oso ezberdinetako ehunka lagun pasa dira auzotik, etxebizitza gehiago berreskuratuz eta hamaika proiektu ezberdin martxan jarriz.

Erreka lehorra itsaso bihurtuz: lehen urratsak irudietan

Instituzioen erasoak hasi zirenetik, hedabideen agendara salto egin zuen Errekaleor auzoak, eta ordutik aurrera, ezagunagoak dira auzoa bera eta baita auzoan gertatutakoak ere. Baina oraindik ere, auzoa berreskuratzen hasi ziren gazte zoro horien istorioa ez da hain ezaguna. Jarraian, ‘Errekaleor Bizirik’-en lehenengo urteetako ibilbidea ezagutzeko bideo batzuk ekarriko ditugu gogora:

 

Bidelapurrak: lehenengo kontzertua auzoan:

 

https://halabedi.eus/wp-content/uploads/2018/09/Bidelapurrak.mp4

 

#ErrekaleorBizirik | Auzoa ETB2ko Teleberrin (2014):

 

 

 

Errekaleor / "La Chapola Sin Censura" (2014):

 

 

Lehenengo erasoak auzo askearen kontra

Errekaleor Bizirik proiektuak indarra lortzen jarraitzen zuen bitartean, hedabideen presioa zein instituzioen jazarpena areagotu zen. Alderdi Popularreko Javier Marotoren alkatetzaren azken txanpan, 2015eko martxoaren 31n, auzoko argindarra mozteko lehen ahalegina eman zen, karga polizialen artean.

 

 

Hiru hilabete geroago, ekainean, Marotoren diskurtso xenofoboak eragindako oposizioak udal gobernuaren aldaketa eragin zuen, EAJko Gorka Urtaran alkate bihurtuz. Ordura arte Urtaranek Errekaleorrekiko jarrera lausoago bat mantendu bazuen ere, autogestionatutako proiektu honen kontrako lehen mugarria jarrita zegoen, gerora jeltzaleek ere mantendu duten posizioaren aurrerapen gisa. Bitartean, Errekaleor Auzo Askeak bere II. urteurrena ospatzen zuen 2015eko irailean:

 

 

2016. urtean zehar, Gorka Urtaran alkate berriak jarrera aldaketa argia izan zuen Errekaleorrekiko, eta gaur arte auzokideen kontra mantendu duen tentsioari hasiera eman zion orduan. Hala Bedi irratian eskeinitako elkarrizketa batean, "Errekaleorren ezin da bizi" esan zuen Urtaranek. Errekaleor Bizirik-ek bideo baten bitartez emandako erantzunak oihartzun handia lortu zuen:

 

 

Errekaleorreko afera hedabideen agendan tarte gero eta handiagoa hartuz zihoan, auzokide berriak iristen jarraitzen zuten bitartean. Aldi berean, auzolana eta komunitatea sendotzen zituzten proiektu berriak loratuz joan ziren auzoan: baratza, gaztetxea, okindegia, inprenta, liburutegia, frontoia, zinema… Gainera, herri mugimenduen zein mundu osoko artista ezberdinen bozgorailu bihurtu dira auzoko paretak eta muralak. Egoera hau ondo islatzen zituzten erreportaje interesgarriak argitaratu ziren 2016. urtean zehar, besteak beste: ‘Errekaleor: Barrio Okupa’ [VICE] edo ‘Errekaleor, okupaziotik auzo askera’ [Topatu].

Gorka Urtaran alkatearen eta udal gobernuaren erasoen aurrean, negoziaziorako aukera zabalik utzi zuen Errekaleor Bizirik-ek 2016ko abenduan, ehun auzokidek baino gehiagok eskeinitako indar erakustaldi baten bitartez. Agerraldi hartan, udal gobernuaren diskurtso aldaketa eta auzokideen kontrako jazarpena gogor salatu zuten:

 

 

Baina elkarrizketarako eskaintzak ez zuen erantzun baikorrik jaso instituzioen aldetik. 2017ko maiatzaren 18an, Errekaleorrek jasandako kolperik gogorrena etorri zen: Eusko Jaurlaritzako Industria sailaren aginduz, Errekaleor auzoko argindarra moztu zuen Iberdrolak. Ertzaintza gogor oldartu zitzaien auzokideei, eta bertakoek, erresistentzia baketsua erabili zuten erasoa saihesteko, baina argi mozketa bururaino eraman ahal izan zuen Iberdrolak.

 

 

2017ko ekainaren 3an, milaka pertsona bildu ziren Gasteizko kaleetan Errekaleor defendatzeko, hiriko historiaren parte bihurtu den mobilizazio erraldoi batean jaia eta aldarrikapena uztartuz. Bertan, etorkizuneko erronka handiei aurre egiteko estrategia aurkeztu zuen Errekaleor Bizirik-ek: crowfunding baten bitartez, 100.000€ lortu eta auzoaren burujabetza energetikoa bermatzea, Errekaleor irla energetiko bat izateko.

 

 

Errekaleor, herri mugimenduak argitutako irla

Aski ezaguna da argi mozketaren ostean etorri zena: zailtasun ikaragarriak auzokideentzat, bai, baina baita elkartasun uholde erraldoi bat ere. Gogorra izan da, baina Errekaleor Bizirik-ek bataila hura irabazi zuen. Azkenik, erasotik urtebete igaro zenean, elkartasunak, erresistentziak eta auzolanak emandako fruitua aurkeztu zuten: herri mugimenduak argitutako irla bat. Izan ere, energetikoki burujabea da Errekaleor gaur egun, 270 eguzki plakek lortutako ekoizpenari esker; eta noski, baita kontsumo energetikoa murriztuz. Auzoa hil nahi zuten, baina "bizitza hautatu genuen", argi adierazi zuten bideo honen bitartez:

 

 

Eta zer esan etorkizunari buruz? Hamaika erronka badituzte aurretik Errekaleorreko auzokide "zoro" hauek. Badira ere zalantza asko airean, besteak beste, 2019ko udal hauteskundeen aurretik zein ostean, instituzioek jokatuko duten papera.

Bost urte pasa dira hamar gaztek Errekaleorreko 26. blokea berreskuratu zutenetik, eta orduan imajinaezina zen horrek eragin duen guztia. Eta imajinaezinak ziren auzoan loratu diren proiektu guztiak. Baina imajinatu ezin zuten guzti hori egi bihurtu da bost urte eskas hauetan. Hortaz, ez da zaila imajinatzea Errekaleorren loratu daitekeen etorkizuna, utopiaren bila, garapen eta bilakaera etengabe batean.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errekaleor
Errekaleorren 10. urteurreneko ekintzetan jasandako polizia jazarpena salatu dute

Errekaleor Bizirik auzoaren hamargarren urteurrena ari da ospatzen. Adierazi dutenez, 24 orduan lau identifikazio eta hiru isun jasan dituzte. Isunak mozal legea aplikatuta jarri dizkiete.


Errekaleorrek 10 urte
“Gogoz eta indartsu heldu gara 10. urteurreneko ospakizunera"

2013ko irailaren 3an Gasteizko aldirietako Errekaleor auzoko 26. ataria okupatu zuten Gasteizko EHUren campuseko zenbait ikaslek. Hilabete amaieran ospatuko dute urteurren borobila, talde entzutetsuen kontzertuekin, besteak beste. Hamarkada oso baten gazi-gozoez, Urtaranen... [+]


2023-06-01 | Ilargi Manzanares
Oinharri eskolak herri mugimenduentzako formakuntza eskainiko du Errekaleorren, uztailaren 15etik 23ra

Oinharri eskolak Formakuntza Barnetegia eskainiko du, Euskal Herriko herri mugimenduentzako formakuntza politikoa. Lau urte daramatzate formakuntza ematen, eta beraien metodologia Brasilgo Lurrik Gabekoen Mugimenduan (MST) oinarrituta dago, materialismo dialektikoa ardatz.


2023-02-27 | Hala Bedi
Errekaleorreko etxeak egoera onean daudela berretsi du azterketa tekniko batek

Azterlan hori egiteko, jendea bizi den blokeen egoera, ezaugarri fisikoak eta eraikuntzakoak, balizko arazoak eta bizigarritasunari dagokionez duten egoera orokorra aztertu dituzte, 2022an zehar. EAEko Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren ereduari jarraituz egin dituzte blokeen... [+]


Infiltratutako poliziaren biktimei elkartasuna adierazi eta estatuaren errepresioa salatu du Errekaleor auzoak

Kataluniako mugimendu libertarioan infiltratu zen eta Gasteizko auzo okupatuan ere egon zen poliziaren kasua herri mugimenduen aurkako errepresio orokorraren baitan kokatu du Errekaleor Bizirik-ek.


2023-01-30 | ARGIA
Espainiako Poliziaren infiltratu bat Gasteizko Errekaleor auzoan ere ibili zen

Espainiako Poliziako agente batek hiru urte eman zituen Bartzelonako mugimendu sozialetan infiltratuta. Barztelonako La Cinétika zentro sozialean hasi zen 2020an, eta “harreman sexu-afektibo instrumentalak” mantendu zituen hainbat emakumerekin eta horri esker... [+]


Errekaleorreko aztarna energetikoa
Komunitatea, energia kontsumoa murrizteko akuilu

Kontsumismoa da gaur egungo “-ismo” garrantzitsuenetakoa. Hain errotua dugu, ezen produktu askoren kontsumo mugagabeak baliabide krisi batera zuzendu baitu gure gizartea. Era berean, ekoizpenari loturiko eredu energetikoa kinka larrian dago, energia baliabideak... [+]


2022-09-21 | Hala Bedi
Bederatzigarren urteurrena ospatzeko prest dago Errekaleor Auzo Askea

"9 urte bizirik, 63 urte memorian" lelopean ospatuko dute urtemuga aurten, irailaren 21etik 25era bitartean.


2022-09-15 | Hala Bedi
Bizimodu alternatibo eta komunitarioak energia kontsumoa murriztu dezakeela ondorioztatu du Errekaleorren egindako ikerketa batek

EAEko eta Errekaleor auzo askeko energia kontsumoa kalkulatu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek, aztarna energetikoan eragiten duten faktoreak ezagutzeko.


Errekaleorreko baratze komunitarioak ireki dituzte berriro ere

Gasteizko auzo okupatuko lurretan ortua egiteko lursail bat hartu dezakete herritarrek. Hainbat dozena baratze martxan dira jada, eta kopurua handitzeaz gain proiektuaren izaera komunitarioa indartu nahi dute orain.


2021-06-18 | Arabako Alea
Gasteizko Olarizuko eraikinak eraisten hasi da Udala, Errekaleor hurrengo jomuga gisa seinalatuz

Dagoeneko hasi da Olarizu hiribideko blokeen eraispena, joan den astean utzarazpena gauzatu ostean. Bertan izan da Gorka Urtaran: "Errekaleorrek Olarizuren zorte bera izango du", ohartarazi du alkateak.


2020-10-09 | Hala Bedi
Gasteizko hainbat txoko “okupatuko” ditu Errekaleorrek bere zazpigarren urteurrenean

Zazpi urte bete ditu Errekaleor Auzo Askeak eta hori ospatzeko jarduera sorta bat antolatu dute Gasteizko hainbat txokotan.


Eguneraketa berriak daude