Diana Ibargutxi Abarrategi (Laudio, 1983) sexologian eta psikologian aditua da. Sexu heziketa eskolak gidatzen ditu haur, heldu eta edadetuekin. Egungo arazoak, erresistentziak eta aukerak aletu ditu ikuspegi feministatik.
Zer da sexu heziketa gaur egun? Zer izan beharko litzateke?
Zoritxarrez, zeharkako gaitzat hartzen da. Lehen Hezkuntzako 3.zikloetan, DBH eta Batxilergoan lantzen da batzuetan, baina nire ustez, hezkuntza Currikulumean egon beharreko gaia da. Ez da nahikoa 4-10 orduko saioak eskaintzea, mezu asko baitaude gizartean deseraiki behar direnak. Horrekin eraikitzen badugu sexu heziketa jendartean, txarto goaz. Sexualitatea hitzarekin ideia jauzia eginez gero geletan, ikasleen erantzuna oso genitalizatua eta praktikan oinarritutakoa da; oso heteroa eta normatiboa. 10 urterekin bortxaketak, pornografia, prostituzioa... bezalako hitzak atera ohi dira.
“Sexualitatea ez da hanken artean duguna, edo gorputzetik egiten duguna; bakoitza nor den baizik”
Benetan zer da? Norbera eta besteak ezagutu zein onartzeko modu bat da sexu heziketa. Sexu heziketa jaso izan dugunoi, beti beldur, mamu edo prebentziotik heldu zaigu: haurdunaldia, indarkeria, hilerokoa... Egun, aldiz, lotsa, beldurra eta nazka nagusitzen dira gazteekin. Esaterako, aluak azaltzerakoan neskek askotan maskarilla begietara eramaten dute.
Nire helburua beti da ikuspegia zabaltzea. Sexualitatea ez da hanken artean duguna, edo gorputzetik egiten duguna; bakoitza nor den baizik. Biografia horretan bakoitza nor garen aurkitzen joan behar gara, bakoitza era errepikaezinean ezagutzen, onartzen eta adierazten.
Norbere biografian -eta jendartean- sexualitatearen ikasgaia pendiente dago, hortaz?
Zer da sexua? Bakoitza garena, eta sentitzen dena. Askotan gazteek ugalketarekin lotzen dute. Sexualitatea noiztik dugun galdetuta, gazteek hilerokoa edo semena fokalizatzen dute, ugalketa. Sexualitatea gorputz guztian dugu, eta azala da gure organorik handiena plazerari dagokionez. Horregatik, beti saiatzen naiz ikuspegia zabaltzen: familia aniztasunena, gorputzena eta edertasun kanonena.... Mito eta erresistentzia asko daude deseraikitzeko. Adibidez, mitoen eraikuntza telebistari begira prestatzen dut: La isla de las tentaciones piztuta pozoi guztia daukazu lantzeko ontzi txiki batean; heteroaraua, jeloskortasuna eredu moduan, kontrola...
Neska heteroek askotan diote mutil jeloskorrak nahi dituztela, ‘horrela maite nautela demostratuko dutelako eta nigatik borrokatuko duelako’. Ondorioz, mutilentzako ere geroz eta txikiagoa da kaiola; eta erresistentzia pila bat dituzte, eta askotan ez dute ezer jakin nahi, gatazka ikusten baitute.
Nolako errealitateak ikusten dira jendartean, eta belaunaldi berriengan?
Orain antisistema izatea, mugimendu ultraeskuindarrak aldarrikatzea dela dirudi. Errealitatearekin topo egitea oso gogorra da, iaz negarrez ateratzen nintzen klaseetatik. Erraldoien aurkako borroka da sexu heziketarena. Sare sozialetan dena dago klik batean, baina kudeatu gabeko informazioa da. Adibidez, pornoa. Mito guztiak oso barneratuta daude. Mutil gazte batek behin hau esan zidan: 'Aurrekoan neska batekin egon nintzen eta listua bota nion aurpegira gero. Zaplazteko bat eman zidan... baina hori ez al zitzaizuen gustatzen neskei?'. Galdetu diozu? Erantzun nion... Harremanetan 3 arau daude: komunikazioa, errespetua eta adostasuna. Beste era batera esanda, komunikatu egin behar gara, adosten duguna errespetatzeko. Eta zeren bidez? Gorputzak, plazerak eta desirak (beti pluralean, aniztasuna aldarrikatzeko). Eskema hori adostuta badago, ez dago arazorik.
"Harremanetan hiru arau daude: komunikazioa, errespetua eta adostasuna. Beste era batera esanda, komunikatu egin behar gara, adosten duguna errespetatzeko"
Sexualitate estereotipatua da nagusi, beraz...
Sexualitate oso estereotipatuaz hitz egiten dute gazteen artean: lehen aldiak, himena... Galdera anonimoak jasotzen ditut saioetan, eta jendea oso galduta ikusten dut. Informazio asko dago, baina nork kudeatzen du? Gazteengana euren erregistroekin joan behar duzu, eta erroetara jo, deseraikitzeko. 'Orain jendea bisexuala da, modan dagoelako' ere entzun izan dut. Instagramen eta sare sozialetan, onartuak eta babestuak izateko edozer egiteko prest daude gazteak. Sexu heziketaren barruan autoestimua ere asko indartu behar da. Finean, arreta ipini behar da.
Askotan, irakasleak eduki bila ibiltzen dira... baina sinpleagoa da: nola harremantzen gara gure buruarekin, eta besteekin? Oso zaurgarriak gara adin horretan. Esaterako, 'Aniztasuna edertasunean' powerpointean gorputz lodiak jartzen ditut, eta politak diren galdetzen dudanean ezetz diote. Ez dira ohartzen, ordea, oso baldintzatuta daudela. Gazteek uste dute identitatea, orientazioa... erabaki egiten dutela; baina ez da hala, eta arriskutsua da pentsatzea eta sinestea askeak garela horretan ere.
Klik batean sexu heziketarako baliabide asko daude eskura. Hori zer da, mesedegarria ala erresistentziak areagotzen ditu?
Mesedegarria izan daiteke, informazio hori kudeatzen bada. Ez dago baliabide txarrik, erabilera txarra baizik. Nik guraso saioetan askotan esaten diet alaba-semeei galdetzeko edo hari horietatik tiratzeko: Zer pentsatzen duzu? Zer iruditzen zaizu?... Bestela, ikusten dutena egi moduan barneratzen dute.
Zein ekarpen egin dezakete heziketan bidelagun diren senide edo lagunek?
Ezinezkoa da sexu heziketarik ez egitea. Ekografian genitala zehazten dutenean makinaria guztia hasten da martxan. Isiltasunarekin ere berdin: ez badugu gaia lantzen isiltasunak tabua edo deserosotasuna sendotzen du... Eta, orduan, umeak ez du zugana joko: badaki gai horretan -edo bere buruarengan- zerbait txarto dagoela. Nola eragin orduan? Jantzien bidez, jostailuekin, begiradekin... Denaren bidez egiten da sexu heziketa. Eredu garen heinean, denbora guztian egiten dugu sexu heziketa.
Plazera eta desira askotan lotzen dira gure buruetan. Sexu harremana eta botere harremana ez.
Nik desirak eta fantasiak bereiziko nituzke. Fantasiak agian ez dira desira bilakatzen errealitatean gero. Ezetza eta baietza txikitu egin behar dira: ez, baina zer ez? Ez momentu honetan... Ez ditugu baietzean hezten umeak, gazteak ez helduak. Ezetzean geratu gara, mugetan, aukerak zabaldu ordez.
Desiratzen duzunak plazera eragin diezazuke, baina gerta daiteke ezetz ere. Eta, horrek, frustrazioa sortzen du. Fantasiak eta desirak beti dira pluralak (eta anitzak).
"Ezetza eta baietza txikitu egin behar dira: ez, baina zer ez? Ez momentu honetan... Ez ditugu baietzean hezten umeak, gazteak ez helduak. Ezetzean geratu gara, mugetan, aukerak zabaldu ordez"
Soy ordinaria bideoa oso ondo dago hori identifikatzeko (bortxaketa bat da, baina asko kostatzen zaie ikustea bikote heteroa izanik indarkeria dela ohartzea). Ez badira betetzen komunikazioa, errespetua eta adostasuna ez da sexu harremana, botere-harremana baizik. Sexu heziketa zerbitzu integrala izan behar da, irakasleekin, ikasleekin eta familiekin landu behar dena.
Familia testuinguruan, zergatik dago hainbeste tabu?
Askotan pentsatzen dute, sexualitateari buruz aritzean, kamasutra azalduko dugula. 40-45 urteko jendea oso gaizki dago, zentzu horretan. 'Nire umeak ez du pornoa ikusten, oso infantila da', hori da betiko esaldia. Mitoak eta erresistentziak asko dira: sexualitatea genitalekin egiten duguna dela, heteroaraua (estereotipoetan oinarritzen dute identitatea, sexu orientazioa... ), gorputz mota batzuk bakarrik eskura dezaketela plazera... Dena da oso bitarra, eta binarismo hori apurtu behar da. Eta erresistentziak, beste hainbeste.
Zergatik ditugu horrenbeste erresistentzia, bada?
Nik beti pentsatzen dut ez dugula antzeztu behar: sexuaren inguruan naturaltasunez hitz egin eta jokatu behar da, baina bakoitzak bere naturaltasuna du, eta horretarako bakoitzak bere zauriak edo hutsuneak ezagutu behar ditu.
Oinarrian zu zaren pertsona dago, eta horrekin borrokatzea zaila da, zure barneko gatazkan sartzen baitzara. Familien kasuan, adibidez, beldur asko nabaritzen dut: pandoraren kutxa zabalduko dutela uste dute.
Beldurrez bizi dute sexua familiek?
Umeek eta gazteek, sexualitateari buruzko informazioa berez eskuratzen dute. Guraso batzuek, adituengana jotzeko joera dute: sexologo edo psikologora. Ondo dago delegatzea, baina komunitate gisa denok gara eragile eta eredu. Orokorrean, gazteek diote etxean edota bizikideekin ez dutela sexuaz hitz egiten.
"Sexuaren inguruan naturaltasunez hitz egin eta jokatu behar da, baina bakoitzak bere naturaltasuna du, eta horretarako bakoitzak bere zauriak edo hutsuneak ezagutu behar ditu"
Helduek ere sexu heziketa lantzeko premia dugu, beraz.
Bai, helduek ez dakite zer den sexu heziketa. Irakasleekin, esaterako, formakuntzak egiten ditudanean, euren helburua umeak ikasgelan zelan egon diren jakitea izaten da. Bakoitzaren sexualitatearekiko posizioaren jabe izatea garrantzitsua da haurrak lagundu ahal izateko. Familiekin, aldiz, desberdina da: sexualitatean zer landuko duten badakite, eta sexu heziketa murritza jaso izana aitortzen dute, prebentzioa soilik.Aniztasun funtzionala duten familien kasuan bestelakoa da egoera, baita beldurra ere. Eta, hein batean, ulergarria da.
Aniztasun funtzionala duten emakumeen jarrera bestelakoa dela diozu. Zer ba?
Antisorgailuak dituzte guztiek aldean, eta ez dakite zergatik, inork ez dielako azaldu. Niri, behin, emakume batek horrela esan zidan: "hau ni haurdun ez geratzeko da". Non geratzen da bere erabakia? Kasu hauetan badira beldurrak –bortxaketak ere egon izan dira-, baina erabakiak eurek ere hartu ditzakete, eta ez zaie uzten. Beste behin, hilerokoa etorri zitzaion neska bati, eta oso oldarkor jarri zen ez zuelako ulertzen odoletan egonik zergatik ez zihoan ospitalera.
Zer egin daiteke kasu horietan heziketa askatzailea errazteko?
Azalpenak beharrezkoak dira: baliabide eta informazio gehiago behar dituzte euren desirak ulertzeko. Beste mito bat beti sexualki aktibo daudenarena da…
Gogorra da egunerokoan hezitzaile gisa hori dena ikustea. Pertsona batzuk, beste gorputz baten laguntza behar dute plazera sentitzeko, beste esku bat. Suitzan, adibidez, legezkoa da sexu asistentzia (hemen alegala da).
"Umeek joko erotikoak ere egiten dituzte, gauzak frogatu nahi dituzte: denok egin ditugu norbera onartu eta ezagutzeko jolasak"
Zentzu horretan, oso ona da Yes we fuck dokumentala. Sexu heziketa egiteko hiru jarrera daude: debekatzailea, baimentzailea eta hazkunde jarrera. Egun, jarrera debekatzailetik beste muturrera pasa gara. Denak ez du balio. Esperientzia guztiak ez dira izan behar zoriontsu izateko. Askotan, jendeak arazoak ikusten ditu ez dauden tokian.
Presioarekin bizi da sexu heziketa, oro har?
Baldintzatua badago, eta ikuspegia murriztailea bada, bai. Ezagutu, onartu eta adieraziz gero, ez. Kasu horietan presioa jaisten da, baina askotan ostrukarena egiten da; edota zerbait gertatzen denean soilik esku hartu (eta horrelakoetan, gehienetan, prebentziotik). Sexu heziketa onuraduna egiten bada, ez da horretara mugatu behar. Gela guztietan galdetzen didate: "Eta erakutsiko diguzu kondoia jartzen?". Sexualitatearen bizkarrezurra ez da sexua.
Larunbatean Makean izanen da Hamza Abuhamdia, Parisen bizi den palestinar queer-a, Palestinaren aldeko topaketaren kari. Israelek bideraturiko pinkwashing-ari buruzko tailerra eskainiko du –bat-bateko euskarazko itzulpenarekin– arratsaldeko 15:30ean. LGBT pertsonen... [+]
Zamora, X. mendearen amaiera. Duero ibaiaren ertzean eta hiriko harresietatik kanpo Santiago de los Caballeros eliza eraiki zuten. Eliza barruko kapiteletan askotariko eszenak irudikatu zituzten, besteak beste, eduki sexualak zituztenak: orgia bat, emakume biluzi bat gizon baten... [+]
Alfonso Setiey Anitzak elkarteko lehendakariak esan du langile eta informazio falta dagoela, itxaron zerrenda “luzea” dela eta estigmatizazio “handia” dagoela.
Sare Elkarteak antolaturik chemsex fenomeno soziokulturalaren inguruan mintzatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean.
Irail amaieran itxiko da Kaixomaitia.eus, harremanak aurkitzeko euskarazko webgunea, 17 urteko jardunaren ondoren. Hala jakinarazi du mezu batean bere sortzaileak, urteotan baliabide hau kudeatzen hainbeste lan egin duen Iñigo Arandia Galarragak. Mezuan aipatzen du... [+]
Hainbat kolektibok salatu du Gurutzetako ospitaleko Genero Identitatearen Unitatean arreta jasotzen duten transei lehen harrera psikiatrikoko profesionalek egiten dietela, horrek transak patologizatzen dituela eta harrera endokrinoak egin beharko lukeela. Harrera endokrinoak... [+]
Estrategia eta neurri ugari daude GIB birusari aurre egiteko; horien artean Prep esposizio aurreko profilaxia. Birusarekiko esposizio arrisku handia dutenek eskatu dezakete.
Jose Ignacio Munilla gotzainak enegarren aldiz erakutsi du bere homofobia, homosexualitatea “sendatzeko” terapiak defendatuz. Valentzian irakasle bat harrapatu dute ikasleekin birmoldaketa homosexualeko terapiak egiten, eta Donostiako apezpiku ohia bere alde atera... [+]
1.075 pertsona artatu ditu Barakaldoko ospitaleko genero-identitateko unitateak, 2016ean unitate hori martxan jarri zenetik. Erdiak baino gehiagok adin-nagusitasuna bete aurretik jaso zuen lehen arreta. Eta, kopuru osoaren herenak hamasei urte baino gutxiago zituen.
Desiraren, genero identitatearen eta erotikaren ikuspegia zabaltzeaz mintzatu da Igor Nabarro sexologoa. Nerabezaroan muineko lesio bat izan zuen, eta hori dela-eta zalantzan jarri zituen maskulinitatea eta sexualitatea. Salatu du istripuaren ostean ez zuela inongo heziketa... [+]
Epaimahaiaren esanetan, dokumentala beharrezkoa da "bizikidetzari espazioa emateko", eta era berean, ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan. Filminen dago ikusgai.
Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduak (Ehgam) urtero bezala kalera aterako dela adierazi du, “Gure gorputz ez-bitar, trans, bollera, marika, bisexual eta disidenteez harro gaudela nahi dugu esan. Gure luma, gure bizitza-eredu ez-heterozuzenak eta gure... [+]
'Queertopia' da aurtengo Zinegoak jaialdiaren izenburua. Queertopiek erakusten dute posible dela errealitate ezberdinak harremanetan jartzeko espazioak sortzea. Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendariarekin eta Julen Nafarrate komunikazio arduradunarekin duela 21 urte Bilbon... [+]
Aktibista intersexa* eta DJa da Marikarmen Free (Baena, Espainia,1984). 2003. urtean sistema psikiatrikoaren kontrako borrokan hasi zen, eta gaur egun bide beretik doa Insania kolektibokoekin. Martxoan, Iruñeko Katakraken egindako “Zapalkuntza psikiatrikoa eta... [+]
Errezilgo Udalak jakinarazi duenez, aurpegia estalirik eta jarrera “oso bortitza” zuen gizon talde batek bikote baten etxeari eraso egin eta bikotea iraindu zuen. Udalak erasoa gaitzetsi du.