“Eritasun zeliakoa 100 pertsonatik batek du baina gaixoen %15a baino ez dago diagnostikatuta”

  • Amaia Jauregi Miguel biologoak eritasun zeliakoa izan du bere doktorego tesian ikergai. Orain Suediara doa doktorego osteko ikerketa burutzera.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko martxoaren 02an - 15:38
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Amaia Jauregi Miguel (Tolosa, 1988) Biologian Lizentziatu zen UPV/EHUn eta Biologia molekularra eta medikuntza masterra egin zuen gero. Doktorego tesia UPV/EHUko Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saileko  Immunogenetikako ikerketa taldean egin zuen.

Urrian defendatu zuen bere doktorego tesia "Functional studies of tight junction genes in celiac disease" eta berarekin hizketan aritu gara:

Eritasun zeliakoa duzu ikergai doktorego tesian. Zerk eraman zaitu gai hori ikertzera?

Egia esan, ez nuen eritasun zeliakoa aztertzea erabaki gaixotasun horretan interes berezia nuelako, gaixotasunen genetika molekularra aztertzeko eredu aproposa delako baizik. Niri betidanik gustatu izan zait giza genetika. Oinarrizko ikerketa egin nahi nuen, gorputz barnean etengabe gertatzen ari diren prozesu biologiko eta genetikoak ulertzea ezinbestekoa baita ondoren gaixotasunen jatorria eta zergatia ulertzeko. UPV/EHUn eritasun zeliakoaren genetika aztertzen zuen talde bat zegoela jakin nuenean beraiekin kontaktuan jarri eta doktorego tesia bertan egitea erabaki nuen.

Zein da zure ikerlerroa zehazki?

Nire ikerketa lerroa lotura hertsiak izeneko egituren azterketa genetikoa izan da. Lotura hertsiak egitura itsaskorrak dira eta hauei esker zelulak elkarren artean estuki lotuta mantentzen dira. Heste meharrean hesi funtzioa betetzen dute, zelulen arteko fluxu librea ekiditen baitute eta beraz, mantenugaien xurgapena zelulen kontrolpean dago. Eritasun zeliakoan, lotura hertsien suntsipena ematen da eta ondorioz, glutena zelulen artetik zehar barneratzen da, hanturazko erreakzioa piztuz. Nire doktorego tesian lotura hertsiak erregulatzen dituzten geneak aztertu ditut, gaixoen hesteetan zein egoeratan dauden jakiteko. Zeliakoek gene hauetako batzuk alteratuta dituztela frogatu dut eta gaixotasunaren garapenean funtzio garrantzitsua dutela dirudi.

Gaixotasun zeliakoaren gainean oraindik galdera ikur asko daude. Diagnostikatu gabeko kasu gehiago omen daude diagnostikatuak baino. Zerk egiten du hain "ikusezin"?

Bereziki sintomen aniztasunak egiten du ikusezin. Eritasun zeliakoa modu eta adin ezberdinetan aurkeztu daiteke. Sintoma klasikoenak digestio-aparatuko kalteak dira baina gaixoen ehuneko txiki batek soilik aurkezten ditu: goragalea, beherakoa, pisu-galera, sabeleko-minak eta hazkuntzan arazoak besteak beste. Beste gaixo batzuek aldiz, digestio-aparatuarekin zerikusirik ez duten sintoma ez-ohikoak aurkezten dituzte, hala nola, neuropatiak, anemia, gibelean eta tiroidean arazoak, dermatitisa eta antzutasuna. Gaixo guzti hauetaz aparte, sintomarik garatzen ez dituzten indibiduoak ere badaude. Ondorioz, horrelako sintoma anitz eta ezberdinek diagnostikoa izugarri zailtzen dute. Azken urteetan diagnostikoa asko hobetu den arren, ikerketen arabera gaixotasuna duten pertsonen %15 soilik diagnostikatzen da. Hau horrela izanda, zeliakia pairatzen denaren susmoa badago, glutenik gabeko dieta hasi beharrean, medikura joatea eta frogatzea gomendatzen da.

Gainera gaixotasun "berria" dela dirudi. Duela 15-20 urte ez zen zeliakiaz hitz egiten. Orain berriz, denok dugu inguruan eritasuna duen norbait... Zer gertatu da?

Orain dela 50 urte umeetan garatzen zen gaixotasun arraroa zela uste zen, sintoma klasikoak zituzten indibiduoak soilik detektatzen zirelako. Denborarekin, gaixotasunerako espezifikoak diren antigorputzen aurkikuntzak eta populazioen baheketa ikerketek diagnostikoa asko hobetu dute. Egun, badakigu 100 pertsonatik batek pairatzen duela, emakumeetan ohikoagoa dela eta edozein adinetan edo populazioetan agertzen dela. Hala ere, azken ikerketen arabera, egun gaixotasuna 1950.eko hamarkadan baino 4 aldiz ohikoagoa da eta ez da soilik diagnostikoa hobetu delako. Badirudi orokorrean gaixotasun autoimmuneak eta alergiak areagotzen ari direla. Arrazoia ezezaguna den arren, azken urteetan sortu dugun kanpo-ingurunea alergiak eta intolerantziak garatzeko mesedegarria dela dirudi. Hainbat teoriek errua genetikoki eraldatutako gariaren produkzioari, medikamentuetako eta janari prozesatuetako glutenaren erabilera altuari edota egungo higiene ohiturei eragotzi die baina ez dago ezer ere ez egiaztatuta.

Bakarkako lana da ikertzailearena edo zure esperientzia bestelakoa da?

Erabateko talde lana dela esango nuke. Ikerkuntzaz hitz egiten dugunean, ile zoroak dituen zientzialaria datorkigu burura, oso azkarra dena eta berak bakarrik ideia potoloak dituena. Errealitatea aldiz oso ezberdina dela iruditzen zait. Nire tesiaren denboraren zati handiena taldekoekin elkarlanean pasatu dut, zuzendarien aholkuak entzuten, kafe orduetan beste taldekoekin ideiak elkarbanatzen eta kongresuetan beste herrialdeko ikertzaileen lanak hausnartzen. Talde ezberdinekin egindako kolaborazioei esker lagin ezberdinak eskuratu ditut, laborategian ez ditugun makinak erabili ahal izan ditut eta lan egiteko metodo ezberdinak ere ezagutu ditut. Egun, proiektu potoloenak mundu mailako taldeen arteko lankidetzaren bidez ematen dira aurrera. Oso garrantzitsua iruditzen zait zientzia publikoa, eskuragarria eta elkarlanean egindakoa izatea. Taldeetan parte hartzen duten pertsonak ere anitzak izatea gomendagarria iruditzen zait. Ikerkuntza sorkuntza da eta beraz, ez zaio pentsaera eta metodologia mota ezberdinei ateak itxi behar, aukerak zabaldu behar dira. Laburbilduz, lehiaketa sustatzea baino, lankidetzan egiten den ikerkuntza sustatzea ezinbestekoa dela iruditzen zait.  

Betidanik izan duzu argi unibertsitate ikasketak eta gero ikerketaren mundurako jauzia emango zenuela?

Betidanik gustatu izan zait ikerkuntza baina nire kezkak ere izan ditut. Oso pertsona arrazoiduntzat dut neure burua. Honekin ez dut esan nahi beti arrazoia dudanik,  gauzak ulertzeko jakin-mina dudala baizik. Nire pentsamenduak zalantzan jartzea gustatzen zait eta nire sinesmenak arrazoitzen saiatzen naiz beti.  Beste modu batera esanda, gurasoei denbora guztian “zergatik?” galdetzen dion ume horietako bat bezalakoa naiz. Beraz, ikerkuntza gustukoa dut eta biologia lizentziatura bukatu nuenean nire ikasketen ibilbidea honetara bideratu nuen. Doktorego tesia ilusio handiz hasi nuen eta ikerkuntzaz asko gozatu dut. Dena den, ibilbidea ez da beti xamurra izan, hainbeste urteetako lanak gorabehera asko ditu eta zientziaren aspektu batzuk nire ibilbideaz zalantza egitea eragin didate; bereziki, zientzialarion baliabide-eskasiak, egonkortasun faltak eta sistemaren hierarkizazioak.

Unibertsitatea.net-ek 2016an antolatu zuen "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" #txiotesia lehiaketaren 3. edizioan parte hartu zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?

Oso esperientzia dibertigarria izan zen. Sare sozialen erabilera pil-pilean dago eta formatu honetan zientzia-lehiaketa bat sortzea oso originala iruditu zitzaidan. Pentsa, Twitter kontu bat ireki nuen honetarako bakarrik (@Amaia_Jaure). Nire kasuan, Sherlock Holmes detektibearekin elkarrizketa bat txiokatu nuen, geneak ikusezinak direnez askotan detektibeen antzera ibiltzen naizela iruditzen baitzait, ingurukoei galderak eginez, zeharkako erantzunak jasoz eta ditugun pista gutxi batzuen atzetik itsu-itsu joanez (ikusi hemen bere 6 txioak). Harrituta geratu nintzen beste ikertzaileen lanekin, benetan oso gauza politak eta originalak txiokatu ziren. Doktorego ikasleei parte hartzera animatzen diet, hainbat urtetako lana 6 txioetan azaltzea oso ariketa konplexua baina polita delako.

#txiotesiaz gain, UEUk antolatutako Osasun Zientzietako Ikertzaileen Topaketetan eta #IkerGazte kongresuan parte hartutakoa ere bazara. Euskal ikertzaileak biltzeko eta zuen lanak gizarteratzeko topaguneak sortzea nola ikusten duzu?

Topagune hauek zientzialariontzat oso aberasgarriak direla iruditzen zaizkit. Euskaraz egiten den ekarpen zientifikoari ahotsa ematen die. Egiten ditugun aurkikuntzak orokorrean adituei zuzenduak dauden kongresuetan aurkezten ditugu baina gizarte orokorrari komunikatzea ere beharrezkoa dela iruditzen zait eta kasu honetan, euskaldunei zuzendutako dibulgazioa egitea funtsezkoa dela uste dut. Topagune hauek euskaraz komunikatzen trebatzeko aproposak dira. Entzule ez adituak izatean, aurkezteko modua asko zaindu behar da, erabiltzen den hiztegia eta azalpenak xumeak baina argiak izan behar dira. Testu hain espezifiko eta teknikoak idaztea ohituta gaudenontzako oso ariketa polita iruditzen zait. Gainera, arlo ezberdinetako ikertzaileen lanak ezagutzeko aukera ematen dute. Ni zur eta lur geratu nintzen euskaldunok zein proiektu ezberdin eta interesgarrietan murgilduta gauden ikustean. Dena den, topaketa hauetan aberasgarriena egin zitzaidana ikertzaileon artean sortzen den giro aparta eta lagunkoia da. Zure lana baloratua izatea eta zure egoeran dagoen jendearekin kezkak eta arazoak elkarbanatzea motibazio txute izugarria izan zen niretzat, tesian zehar oso ondo datorrena.

Zeintzuk dira epe laburrean eskuartean dituzun erronkak?

Doktorego tesia defendatu berri nago. Azken hilabeteetan niretzako denbora hartu dut eta esku artean nituen emaitza batzuk argitaratzeko artikulu bat prestatu dut. CAF-Elhuyar sariak lehiaketarako tesian oinarritutako dibulgazio artikulua ere idatzi dut. Ea zortea dudan. Martxoan Suediara noa, Linköpingera, doktoretza ondorengo ikerketa egitera. Mukosa infekzioen eta hanturen ikerketa egiten duten zentro batean hasiko naiz lanean. Ez dut eritasun zeliakoa ikertzen jarraituko, oraingo honetan Wnt deituriko bidezidor baten erregulazio genetikoa aztertuko dut. Bidezidor honek enbrioiaren garapenean funtsezko funtzioa du eta bere lana ondo ez betetzeak, arazo larriak ekar ditzake osasunean, malformazioak, minbizia eta osteoporosia besteak beste. Nire lana, bidezidor hau ehun ezberdinetan eta egoera ezberdinetan nola erregulatzen den argitzea izango da. Ilusio handiz hasten dut etapa berri hau, nire trebetasunetan eta formakuntzan sakondu nahi dut eta esperientzia berri bat bizitzeko gogoa ere badut. Ea zer dakarren etorkizunak.

Elkarrizketa hau Unibertsitatea.net atariak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Osasuna
Samariar baltsamoa

Sare sozialen kontra hitz egitea ondo dago, beno, nire inguruan ondo ikusia bezala dago sare sozialek dakartzaten kalteez eta txarkeriez aritzea; progre gelditzen da bat horrela jardunda, baina gaur alde hitz egin nahi dut. Ez ni optimista digitala nauzuelako, baizik eta sare... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


AINTZANE CUADRA MARIGORTA
“Endometriosia gizonek pairatuko bazenukete oso bestelako egoera batean egongo ginateke”

Endometriosiaren Nazioarteko Eguna izan zen, martxoak 14a. AINTZANE CUADRA MARIGORTAri (Amurrio, 1995) gaixotasun hori diagnostikatu zioten urtarrilean, lehen sintomak duela lau urte nabaritzen hasi zen arren. Gaitz horri ikusgarritasuna ematearen beharraz mintzatu da. 


Sistema psikiatrikoak sexualitatean daukan eraginaz zenbait gako

La bajona kolektibo kide Heiko Elbirak salatu du psikiatriak zisheteroarautik aldentzen diren erotikak kontrolatu nahi dituela.


Gurutzetako Ospitaleko Larrialdiak “kolapsoaren ertzean” daudela salatu du ESK sindikatuak

Barakaldoko ospitaleko larrialdi zerbitzuan sufritzen ari diren "saturazioa larria" dela ohartarazi du sindikatuak. Pazienteak korridoreetan artatu dituztela eta krisia kudeatzeko "behar adina langile" ez dagoela salatu du. Errealitate horren aurrean... [+]


Nafarroako Medikuen Sindikatuak hilabete iraungo duen greba hasi du

Astelehenean abiatu da sindikatuak deitutako greba eta apirilaren 6 arte luzatuko da. Lan-gainkarga salatu eta baldintzak hobetzeko eskatu dute, baita mediku egoiliarrei karrera profesionala aitortzea ere.


EAEko Osasun Saila mediku euskaldun bila

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak argi dio: ez ditu mediku euskaldunak aurkitzen, eta euskarazko osasun arreta ezin da bermatu mediku egoiliar (formazioan dauden espezialista) gehienak kanpotarrak direlako. Mediku euskaldunak bilatzea perretxikotan joatea... [+]


Bizi testamentua: aurretiazko borondateen agiriaren gakoak

Soco Lizarraga mediku eta Nafarroako Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kidearen ustez bizi testamentuak heriotza duin bat eskaini eta familiari gauzak errazten dizkio.


Donibane Lohizuneko poliklinikako larrialdi zerbitzua, “egoera jasanezinean”

Gauez ia aste osoan ateak itxita izaten ditu Donibane Lohizuneko osasun zentro horretako larrialdi zerbitzuak. Herri Berri udal oposizio taldeak deituta, mobilizazioei ekin diete herritarrek eta jadanik 3.000 sinadura bildu dituzte zerbitzu "iraunkor eta eraginkorra"... [+]


Trebiñu Araban sartzeko “aurrerapausorik” ez dela eman salatu dute enklabeko zinegotziek

Bizilagunek "egia eta politika" merezi dutela adierazi dute, oraindik konponbiderik bilatu ez zaizkien arazo ugari edukitzen jarraitzen baitute. Ikasketei eta osasun arretari loturiko arazoak nabarmendu dituzte.


Txikori-belarra udaberrian

Udaberri aurreratua ate joka dabilkigu batean eta bestean, tximeletak eta loreak indarrean dabiltza. Ez dakit onerako edo txarrerako, gure etxean otsailean tximeleta artaldean ikustea baino otsoa ikustea hobea zela esaten baitzen.


Gorputz hotsak
“Garrantzitsua da Down sindromedunok oholtzan ikustea”

Gazteagotan baino lotsa handiagoa dauka, baina horrek ez dio saltsa askotan ibiltzeko gogoa kentzen Leire Zabalza Santestebani (Iruñea, 1990). Beste gauza askoren artean,  Motxila 21 musika taldeko kidea da. Nabarmendu du musika gauza asko aldarrikatzeko bide izan... [+]


Eguneraketa berriak daude