Bada denbora bat, Berria-n eta interneten argitaratutako nire gutuna dela eta, nirekin kontaktuan jarri zinetela gutun horren argitaratzearekin Erakundearen hiru diziplina arau apurtu nituela informatzeko:
1) Ezker Abertzale osoaren ildoaren kontrakotasuna maila publikoan adieraztea.
2) Zatiketa saioak babestu eta elikatzea.
3) Erakundearen arauen eta barne diziplinaren urraketa.
Horregatik eskatzen zenizkidaten azalpenak eta, jakinarazten zenidaten, azalpen horien esperoan, nire militantzia etenda gelditzen zela. Erabaki hau, esan zenidatenaren arabera, EPPKren zuzendaritzari eta nire ondoan zeuden militante presoei jakinaraziko zenieten eta, azkenik, neurri hau publiko ez egitea eskatzen zenidaten.
Beste era batean ezin zenez izan, beharrezko azalpenak helarazi nizkizuen, nire partetik nire militantziaren kautelazko etenaldiari buruzko behin betiko erantzuna ematea eskatzen nizuen. Eta publiko ez egiteari dagokionez, jakinarazten nizuen, egungo egoeran, erabaki hori nirea baino ez zela eta kontzientzia militanteak esaten zidanarekin koherentzian jokatuko nuela.
Zuzendaritza Batzorde honen erantzunik ez dudanez jaso, gaur publiko egitea erabaki dut errespetatzen duzuela diozuen militantzia horren parte batekiko mantentzen duzuen jarrera. Agian, honezkero, inori ez zaio axola izango azken urteotan ENAMen eta, zehazkiago, Erakundean gertatu dena, zelan jokatzen ari zareten bakarrik sektore erreformista errespetatuz, eta zer egiten ari zatzaizkion zuen oinarrizko militantziaren parte bati.
Euskadi Ta Askatasuna, Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailea, Euskal Herria askatzeko sortu zen, eta berezikiago, Euskal Herri Langilea. Horretarako definitu eta zehaztu zituen Euskal Iraultzaren lau helburuak: independentzia, sozialismoa, birbatasuna eta berreuskalduntzea. Gainontzeko guzti-guztia, estrategia zein taktika, antolatze-moldeak, ildo politikoa, den-dena, lau helburu hauek lortzeko tresna dira. Hots, Euskadi Ta Askatasuna erakundean diziplina, ezinbestez, Euskal Iraultzaren zerbitzura dago, eta ez alderantziz. Euskal Herri Langilearen askatasuna lortzeko elementu subordinatua da.
Hau behin eta berriz egiaztatu da gure erakundearen historia luzean. Sorreratik bertatik, EKINeko gazte abertzale iraultzaileek ez zuten onartu PNVk inposatu nahi zien diziplina itsua, zeina baitzen ildo politiko likidazionista baten emaitza.
Gauza bera gertatu zen V. Biltzarreko garaian, non espainolismoaren eta erreformismoaren menpe ari zen Bulego Politikoa kanporatua izan baitzen, Euskal Iraultza likidatu nahi zuelako. Denborak eta praxiak aski argi frogatu dute Bulego Politiko haren ildoa nolako zen eta nora jo zuen ondoren.
Fenomeno berbera errepikatu zen Sextaren garaian. Militante abertzale eta sozialista iraultzaile batzuek lehentasuna eman zioten Euskal Iraultzari eta, horren baitan eta horren zerbitzuan ulertu zuten militantzia. Horri esker garaitua izan zen, berriz ere, likidazionismo espainolista eta erreformista. Dena subordinatzen baita independentzia, sozialismoa, birbatasuna eta berreuskalduntzea lortzeko estrategia egokia mantentzeari begira, eta diziplina horren baitan kokatzen da.
Geroago, Poli-Milien zatiketaren garaian ere, kontu jakina da PMak gehiengo zabala zirela Erakundean eta, hala ere, diziplina modu iraultzaile horretan ulertzen zutelako, Miliek aurrera jo zuten ildo eta estrategia egoki baten inguruan. Berriz ere, praxiak argiro frogatu zuen nor zegoen zuzen eta nor oker.
Eta gogoratu behar da Poli-Miliek bi zatiketa izan zituztela ondoren, Bereziena eta Milikiena, eta bietan, berriz ere, diziplina aplikatu zela molde iraultzaile horretan, beti Euskal Iraultzaren aldeko tresna gisa, likidazionismo eta erreformismo guztien aurka.
Gaur egun ere historia errepikatzen da. Gure erakundeak Batzarra egin zuen 2007/2008 urteetan. %80k bozkatu zuten abertzale iraultzaile politiko-militarraren alde. Oker ez banago, Batzarren prozesua 2009ko martxoan amaitu zen.
Hilabete horretan bertan, 2009ko martxoaren 16an, lehendik isilpean eta ezkutuan lanean ari zen frakzio erreformistak prentsaurrekoa eskaini zuen, bide, kanal, arau eta diziplina guztien gainetik salto eginez. “Estrategia eraginkorra” aldarrikatu zuten, Erakundeak bere Batzarrean erabakitakoa ez zela efikaza argi eta garbi utziz. Prentsaurreko erabat frakzional horretan Otegi, Rodriguez, Zabaleta, Erkizia, Kiroga, Moreno, Diez eta Etxaide egon ziren, besteak beste. Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko frakzio erreformistaren aurkezpen publikoa izan zen.
Azaroaren 14an egin zuten agerraldi famatuena, “Mitchell” printzipioak onartuz Ezker Abertzale osoaren izenean, inolako eztabaidarik gabe. Benetako estatu-kolpea. Alferrik da espantuka aritzea militante likidazionista horien diziplina eza eta jukutria deitoratuz, kritikatuz eta kondenatuz. Alferrikako lana da, zeren eta lehenago esan dudan bezalaxe, diziplina estrategia baten baitan subordinatzen den osagaia baita. Ez da nagusi baina morroi. Beraz, ENAMen baitan bi estrategia argi eta garbi agertu zirenean, automatikoki bi diziplina ere sortu ziren, ezinbestez eta halabeharrez.
Ondoren etorri zena kontu oso jakina da. Diziplina iraultzailea batere errespetatu ez zutenak hasi ziren diziplina eta batasuna eskatzen denei, ezker-eskuin eta ozenki. Eta nahasmen ikaragarria nagusitu zen ENAMen baitan, ez baitzegoen argi noren eta zeren aldeko batasuna eta diziplina eskatzen zen. Erreformistek, likidazionistek eta oportunistek ederki baliatu zuten konfusio hori, borroka armatuaz gain, estrategia iraultzaile osoa ere suntsitzeko, kontua ez baitzen borroka armatua bai / borroka armatua ez eztabaida itsu eta antzua. Arazoaren muina estrategia iraultzailea versus estrategia erreformista zen. 2007/2009 urteetan oso militante gutxik ikusi zuten arazoa. Gaur egun gero eta gehiagok ikusten dugu, eta horren arabera jokatzen hasi gara.
Honaino iritsita, uste dut garbi azaldu dudala nire jarrera militantea. Nik diziplina beti onartu dut, Euskadi Ta Askatasunaren estrategia abertzale, independentista eta sozialista iraultzailearen baitan. Eta diziplina horri jarraiki, kontzientzia militante horri jarraiki, jokatzen ari naiz jokatzen ari naizen bezala. Ez naiz ni diziplina hautsi duena, baizik eta estrategia erreformista eta likidazionista oso-osorik eta txintik esan gabe irentsi duzuenok. Hor dago gakoa!
2009/2011 urteetan kontu hauek guztiak erabat nahasita zeuden. Konspirazio horren ondorioz militante askok ez genuen argi ikusten gure erakundean bereziki eta ENAMen oro har gertatzen ari zena. Baina 2017an gaude eta orain ez dago aitzakiarik. Kontuak eta aferak garbi daude. Bi estrategia dira gaur egun, bata erreformista eta beste iraultzailea. Bata likidazionista eta bestea V. Batzarraren ildokoa. Bata PNVren mendekoa, gero eta argiago, eta bestea independentista eta sozialista, Erakundearen historiarekin zintzo eta koherentea. Eta honen guztiaren ondorioz, bi diziplina ere badaude, bata erreformista eta bestea iraultzailea.
Nik, zuek bezala, nire hautua egina dut. Praxi iraultzaileak erabakiko du nork duen arrazoia eta nork ez. Azken bost urteek, hala ere, argi utzi dute betiko helburu eta estrategiaren alde nor garen, eta hurrengo bostek are argiago utziko dute hori. Euskal Herri Langilea horretaz ohartzen ari da.
Hau esanda aprobetxatu nahi dut ere, EPPK-ko kidea naizen heinean, EPPKren baitan ematen ari den “barne eztabaidan” parte ez hartzea erabaki dudala esateko. Honi ez diot zilegitasunik onartzen, izan ere inolako eztabaida gabe Gernikako Akordioa sinatzen behartu gintuen Zuzendaritza beretik jaiotzen baitelako. Eta preso politikoek legalitatearen bidea (salba dadila ahal duena) onar dezagun urtebeteko presio politiko-mediatikoa eta gero, norbaitek sinetsi al dezake egoera honetan, testuinguru honetan, eztabaida bat serioa dela? Posiblea dela askatasunez eztabaidatzea ukapen politikoa eta bazterketaren artean aukeratzera bultzatzen gaituztenean? EA Ofizialaren arduradunek pertsonen ahul eta babesgabeenak biltzen dituen kolektiboarekin egin izana frakzio honek ordezkatzen duenaren adierazlea da.
Esango didazue zuen “estrategiarekin” bat egiten ez dudanez gero ez daukala zentzurik Erakundean militatzen jarraitzeak, ezta EPPKren barnean jarraitzeak ere, ni neu kokatu naizela bietatik kanpo. Baina nik ez dut horrela ikusten, ni ez naiz banandu eta ez dut onartzen nirea ere baden etxetik alde egitea. Egin ezazue borroka armatu osteko markoan posibleak diren aukera guztien artean erabakitzea ahalbidetuko duen eztabaida justu bat. “Amnistia gauza ezina dela” argudiatzen duzue baina, ordea, independentzia posiblea dela irizten duzue (sozialismoari buruz aspaldi hitz egiten ez duzuela!). Ulertzen ez diren baieztapenak daude. Eztabaida justua egin ezazue eta militantziak erabaki dezala.
“Desobeditzeko gaitasunak ekarri bazuen gizakien historiaren hasiera, gerta litekeena da obedientziak ekartzea haren bukaera.”
(Frich Fromm)
Patxi Ruiz Romero – Euskal preso politikoa
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]
Epistemologia, edo ezagutzaren teoria, filosofiaren arlo nagusietako bat da, eta historian zehar garrantzizko eztabaidak izan dira gure ezagutzaren mugen eta oinarrien inguruan. Honen baitan bi korriente indartsu topatzen dira, ezagutzara iristeko bide ezberdinak proposatzen... [+]
Getxoko Epaitegiak Europa ikastetxeko 4 urteko haurren kasua artxibatu izanaren berri izan dugu aste honetan. Horrek zera galdetzera garamatza: instantzia judizialak, polizialak… prest al daude haurren eskaerei erantzuteko? Benetan babesten al dira gure adingabeak... [+]
Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]
Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]
Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.
Tesia: Baztango... [+]
Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]
Azken egunak garrantzi handikoak izan dira Bartzelonan, etxebizitzaren aldeko mugimenduarentzat eta espekulatzaileen aurkako borrokarentzat. Urtarrilaren 28an, polizia-armada batek Raval auzoko Massana Zaharrari [zentro sozial okupatua] eraso egin zion goizaldean, aurrez abisatu... [+]
Zer jakin behar dut? Norekin erlazionatu behar dut? Non bizi behar dut? Ardura horiekin gabiltza gizakiok gure gizarteen baitan bizitza on baten ideia bizitzeko bidean. Ondo erantzuten ez badakigu, bazterretan geratuko garen beldurrez.
Joan den astean, kanpoan geratzearen... [+]
Idatzi honen bidez, EITBko Euskara Batzordeak eta azpian sinatzen duten EITBko organoek euren kezka eta gaitzespena agertu nahi dituzte azken hilabeteetan EITBko zuzendaritza-postuetarako abian ipini diren hautatze-prozesuak direla eta, gutxietsi egin baita euskararen... [+]
Ni ez dut nahi nire alaba ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Nik ez dut nahi nire alabaren eskolako haur ijitoak ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Ijito izatea ez delako mozorro bat. Ijito izatea ez delako urtean behin egiten den festa bat, arropa exotikoekin eta aurpegia ikatzez... [+]
Bidea pausoka egiten da, eta hasiak egina dirudiela ikasi nuen aspaldi xamar. Baina jendeak esaldi hori edukiz betetzen ere ikasi nahi du. Bakarrik ezer gutxi lor genezake, hasi orduko etsi, akaso. Sekulako jendetza biltzeak ere antolaketa zaildu eta ikusi beharrekoa gandutu... [+]
Ez zuen egoki jokatu, neurriak hartu behar ziren, bestela, ez dugu ikasten. Itxuraz, ez zen ohartzen egindakoaren inpaktuaz, normal jarraitzen zuen, batzuetan, ingurukoek baino itxura zoriontsuagoz. Gainera, altuegi hitz egiten du, hori ez zaio inori gustatzen. Darabiltzan... [+]
Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]