Ideia beharretik sortu zela azaldu dio ARGIAri Gasteiz Txiki auzokideen elkarteko presidente Manu Arakamak. “ETEen azkenaldiko ugaltzeak gainezka egiten ari digu, esaterako Kanpokale kalean denbora gutxian bitik zortzi ETEra pasa gara, eta horren aurrean defentsarako mekanismo bat behar genuen”. Turistifikazioak auzoen bizitza “sozial, kultural eta ekonomikoan” ondorio “suntsitzaileak” ditu elkartearen ustez (turistifikazioaren ondorioez eta bere bultzatzaileez gehiago jakin nahi izanez gero, hona bi erreportaje sakon hemen eta hemen)
Tramite erraza eta azkarra
Prozesu “sinplea” dela azaldu du Arakamak: “Atariko bizilagunen bileran estatutuen aldaketa bat proposatu behar da, espezifikatuz ez dela ETErik onartzen atarian. Nahikoa da gehiengo sinplea aldaketa onartzeko. Aktan jaso, estatuak aldatu, eta dokumentazioa jabetza-erregistroan aurkeztu behar da”. Aldaketak txikienek ere maiz burokrazia eta izapide asko eskatzen dutenaren jakitun, ohartarazpena egin du auzokideen elkarteko kideak: “Dena egun bakarrean egin daiteke eta ez dago gestoria batera jotzeko beharrik, tramite erraza da”.
Komunitatea egin
“Ez da panazea”, ohartarazi du Arakamak. Bide administratibotik hartutako erabakiaren aurka epaitegietara jo dezake jaberen batek, eta “ikusteke” dago zer gertatuko litzatekeen orduan. Baina epaitegietan galduko balitz ere, bi eragin positibo ditu neurria hartzeak. Batetik, “bizilagunak bildu eta eztabaida mahai gainean jartzearekin soilik komunitatea egiten da, auzoko arazoez mintzatzen gara”. Bestetik, “agian horrela ez dugu ETEn ugaltzea erabat geldituko, baina oztopatu, hori seguru”.
Esperientzia praktikoa
Gasteiz Txiki auzo elkartea oraintxe hazi du kanpaina bizilagunei bide hori egin dezaten proposatuz, baina dagoeneko Margolari elkartean atari bateko bizilagunek egin dute, eta emaitza positiboa izan dela ziurtatu du Arakamak: “ETE bat ireki nahi zuen jabeetako batek, prozesuan ari zen, eta prozesu hori gelditu da”.
Guztientzako erreminta
Arakamak dio elkarteak proposatutako bidea aplikagarria dela Hego Euskal Herri osoan, bide administratiboa izanik. Ipar Euskal Herrirako ere berdin ote den ez dago seguru, bertako errealitatea eta baldintzak ez dituelako ezagutzen. Batzuk eta besteak animatu ditu proba egitera hala ere, “esfortzu txikia eskatzen du, eta ez dago ezer galtzerik”.
Informazioa eta aholkularitza
Gasteiz Txiki auzo elkarteak auzokideei informazioa eta aholkularitza emateko kanpaina abiatu du, eta bi bide jarri ditu: zuzenean elkartearen lokaletatik pasatzea (Eskolak kalea 9), edo agasteiztxiki@gmail.com helbidera idaztea. Arakama seguru dago bidea egin ahala arazo eta behar berriak sortuko direla, eta elkarteak auzokideekin batera horiei erantzuteko prestutasuna duela azaldu du.