Podemos Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezek 100 egun bete berri ditu Nafarroako Parlamentuko presidentetzan. Horren karietara, legebiltzarrean egin duen lanaz eta gaurkotasun politikoaz mintzatu da Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan.
Diozunez, lehen 100 egunotan, Parlamentuko ateak zabaltzea izan da zure helburu nagusia. Zergatik?
Ikusi dugu azken lau urte hauetan jendea etorri denean Parlamentura ateak ez zaizkiela behar bezala ireki. Lehen egunetik esan nuen ateak beti irekita izanen zirela. Kooperazioan ibili naiz asko, eta Hego Amerikan ikasi dut hori. Han alkate askok egunero dauzkate Udaletxeko eta haien bulegoko ateak zabalik. Eta nik hori egin nahi dut. Parlamentua nafar guztion etxea bada, ateak etengabe zabalik eduki behar dira, oztopo burokratikorik jarri gabe, horrek oztopatzen baitu jendakiaren arreta behar bezalakoa izatea. Ahal dudan heinean, dituzten beharrei erantzuten saiatuko naiz. Hori da nire lana.
100 egunetan 80 talderekin egin dituzu bilerak. Lan egun bakoitzeko, bilera bat.
Martxotik ez dut niretzako eta nire familiarentzako asteburu bakarra hartu. Hauteskundeen aurretik ni gizarte mugimenduetan ibilia naiz, eta hauteskundeen ondotik harreman horiek sendotu nahi izan ditut, ekarpen guztiak Parlamentuan jorratu ahal izateko. 80 elkarte baino gehiago izan dira.
Zein talde klase hurbildu dira zuregana Parlamentura?
Denetarik. Gizarte mugimenduetan dabiltzan talde asko. Orain arte Parlamentuak hitzarmenak beti berberekin egin ditu: unibertsitate pribatua, unibertsitate publikoa, eta inor gutxi gehiago. Hori zabaldu nahi dugu, pixkanaka beste talde batzuekin hitzarmenak egiten hasi behar dugu.
Eta zein elkarlan klase egin dezake Parlamentuak talde horiekin?
Nahi duguna. Gizarte mugimenduetako alor horrek badaki jendakiak zein behar dituen. Eta behar horiei aurre egiteko urte osorako hitzarmenak lor daitezke. Horretan gabiltza. Urteko azken hiru hilabete hauetan haien proposamenak ekarriko dizkigute, eta datorren urterako hitzarmenak landuko ditugu. Hori da Parlamentu irekia egitea, jendakiaren beharrei aurre egiteko Parlamentua eraikitzea.
Uda herririk-herri eman duzu, festarik-festa, Parlamentuaren ordezkari moduan. Kritikaren bat egin dizute horren kontura, ezta?
Batzuek diote garagardoak hartzen ibili naizela, baina ez da hala. Herri batera joaten naizenean, bilerak egiten ditut, agian garagardoren bat hartzen dut, baina lana gogotik egiten dut.
Egiten baduzu egiten duzulako, eta egiten ez baduzu ez duzulako egiten. Hori jakina da, eta aurre egin behar diogu. Herriak sentitzeko dira, eta jendearekin egoteko, hegoaldetik iparraldera eta mendebaldetik ekialdera. Nafarroa osoa bisitatzea, jendearekin egotea, herrietako eta eskualdeetako beharrak ezagutzea beharrezkoa da, Parlamentuan egin behar dugun lana, legeak egitea, errazagoa baita horiek ezagututa.
Bidaia horiek auto ofizialez egin al dituzu?
Abuztuan autistentzako eskola batean izan nintzen. Hango zuzendariarekin bilera egin genuen, luzatu zen, eta irten nintzenean isuna jarria zidatela ikusi nuen, eremu urdinean bainuen. Horrek agerian uzten du Iruñerrian nire autoa erabiltzen dudala. Hori bai, egun batean hiru bisita baditut Nafarroako hiru muturretan, nik ezin dezaket nire bizitza arriskuan jarri. Dauzkagun autoak Gobernuko langileek daramatzate, haiek ere lan egin behar dute, eta haien lana gidatzea da. Baina pribilegiorik gabe. Lanerako bakarrik. Orain arte pribilegio asko izan dira.
Antza herririk-herri ibitzea gustatu zaizu; izan ere, Parlamentuko Mahai eta Eledunen Batzarra ibiltari bihurtu nahi duzu. Zergatik?
Ehun egun hauetan ikusi dut jendakiaren zati batek ez duela Parlamentuaren lana ezagutzen eta askotan Gobernua, Parlamentua eta Diputazioa nahasten dituztela. Hori da Parlamentuak orain arte ez duela behar bezalako pedagogiarik egin.
Horri irtenbide bat emateko zer egin dezakegu? Bada Mahai eta Eledunen Batzarra Parlamentutik atera eta herrietara eraman, ez bakarrik herri handietara, baita txikietara ere. Aurrekoan prentsaurreko batean aukera hori aipatu nuen, eta dagoeneko hainbat herrik haien udaletxeak eskaini dizkigute bilkura egiteko. Hori nabarmentzekoa da.
Bisita horietan bilkura ez ezik besterik eginen duzue?
Ideia da han bilkura egitea, taldeetako bozeramaileek prentsaurrekoa egitea, eta gero bertako herritarrekin elkartzea, haien kezkak eta proposamenak jasotzeko, eta Parlamentura eramateko, batzordeetan lantzeko. Nik uste dut talde guztientzat komenigarria dela, eta talde guztiek esan didate oso proposamen ona dela.
Parlamentuko Bizikidetza eta Elkartasun Batzordean Podemos-Ahal Duguko eledunaren ondokoa izanen zara. Horrek polemika eragin du, orain arte ohitura baitzen presidenteak ez parte hartzea eztabaidetan.
Zuk esan duzu: orain arte ohitura hori izan da. Orain beste parte hartze mota bat aurrera eramatea askori ez datorkie ongi. Baina Parlamentuko arautegiak horretarako aukera ematen du, eta arautegi horri jarraituz nire ahotsa entzunen da noizean behin. Ni ez naiz presidente-loreontzi bat. Ni ez nator hona argazkietan eta ekitaldi sozialetan soilik agertzeko. Nire lana jendakiaren beharrei erantzuna ematea da, eta nire ahotsak horretarako balio baldin badu, hor izango naiz.
Ba al dago aldi berean arbitro eta jokalari izaterik?
Bai. Osoko bilkuretan nire botoa ematen dut. Eta Podemos Ahal Dugu taldearen botoarekin bat egiten du. Mahaiko gainontzeko kideek hori bera egiten dute.
Nafarroako Gobernua ere 100 egun betetzetik hurbil dago. Nola dakusazu?
Aldaketak sendotzeko eta ikusteko denbora behar da. Baina uste dut Gobernuaren jarduera sendoa izango dela, oinarrian lau taldeen arteko 614 neurritako akordio programatikoa duelako. Gobernuak hori aurrera atera behar du. Baina hiru hilabeteko epea ez da aski aldaketa sakon hori ikusteko. Goizegi da.
Lehen hiru hilabete hauetan, Gobernuak, batez ere, izendapenak egin ditu. Podemos Ahal-Dugutik horietako zenbait kritikatu dituzue. Zergatik?
Behar bada gure taldean halako erabakiak primarioen bidez hartzen ditugulako. Oso irekiak dira gure eztabaidak. Plazetan egiten ditugu. Eta hori asko estimatzen dut. Hor denok biluzik geratzen gara, eta esan beharrekoak besteen aurrean esan behar izaten ditugu. Gobernuko izendapenak kontseilariek azaltzen dizkigute. Eta hori orain ikusten ari gara.
Baina zer da gustatu ez zaizuena, zer kritikatzen duzue?
Hori lau indarren arteko akordioaren segimendurako batzordean ikusi beharko da. Ni Parlamentuko presidentea naiz, eta tirabira horietatik kanpo egon behar dudala uste dut.
Tirabira gehiago izan dira, Iruñerriko Mankomunitateko presidentearen eta senatari autonomikoaren harira. Zer giro duzue aldaketaren aldeko indarren artean?
Mankomunitatean batzarrak hautatu zuen presidente berria, eta lau indarren arteko akordioa bertan ikusi zen zein izan zen. Senatariaren kasuan, guk hor gure kode etikoa mahai gainean jarri genuen, eta zaila izan zen beste indarrak kode horretan sartzea. Kode horrek gure soldatak murrizten ditu eta pribilegio guztiak kentzen dizkigu. Nabarmendu behar da Idoia Vilanueva Nafarroako lehen senatari autonomiko emakumezkoa izanen dela, eta orain arte ez bezala, foru Parlamentuan azalpenak emango dituela. Lehen aldia da. Eta zoriontzekoa da.
Ez didazu esan nola ikusten dituzun aldaketaren aldeko lau indarren arteko harremanak.
Lau indarrak oso ezberdinak gara. Baina akordio zabal batean gaude. Horretara iristeko bilera asko egin ditugu. Eta akordio horrek lau urteotan lauon artean ibilbide eroso bat egiteko bidea emanen digu. Eskuzabaltasunez eutsi behar diogu, jendakiak maiatzaren 24an esan baitzigun aldaketa nahi zuela. Aldaketa adostea ez da erraza, eta gauza asko alde batera utzi behar ditugu. Desadostasun asko daude, baina horiek lantzeko esparruak zabaldu dira. Goazen aurrera. Hiru hilabete pasa dira, eta gauzak badoaz, poliki, baina badoaz. Eta jendakiak kalean hori sumatzen du. Animoak galantak dira. Horri eutsi behar diogu gogor.
Abenduan hauteskundeak izanen dira. Horrek zuen arteko tirabirak areagotuko ditu?
Hor ikusi dugu hautagaitza bateratua egiteko eztabaidak izan direla. Podemos-Ahal Dugu hain zuzen ere bat egiteko alderdi bezala sortu zen, behetik gorako alderdi bezala. Orain batzuek talde politikoen arteko bat egitea nahi zuten. Baina Podemos ahal Dugu-n ez dugu ulertzen alderdien arteko bat egitea, gurea pertsonen arteko bat egitea baita. Beste alderdiek gurekin etorri nahi badute ongi, baina Podemos-Ahal Dugu marka ezin dugu galdu, jendakiaren marka delako, ez alderdi baten marka baizik eta jendakia eratzen, sortzen, indartzen eta jorratzen doan marka.
Erabakia nola hartu da?
Guk uztailean primario batzuk egin genituen, eta erabaki zen Kongresurako hautagaia Jone Belarra izatea. Primariak eginak dauzkagu. Orain beste esparru bat zabaldu da. Baina guk lana eginda genuen. Beste taldeak saiatu badira egiten beste zerbait eta ez bada atera, beste taldeei galdetu beharko zaie zer gertatu den.
Ahora en comun ekimena nola dakusazu?
Ahora en comun hori lantzen hasi zenetik ikusi dugu Podemos Ahal Duguk eta EH Bilduk ez dutela parte hartuko. Orduan Izquierda Ezkerra eta ez dakit, agian beste eragileren baten plataforma izanen da soilik.
Parlamentuan erabakitzeko eskubidearen inguruko osoko bilkura eginen duzue. Horrek tirabirak areagotuko al ditu?
Zergatik? Jendeari galdetu behar zaio zer nahi duen. Baina ez soilik Euskal Herria bai, Euskal Herria ez, Nafarroa, Nabarra, Euskal Herria gure herria Nafarroa gure estatua… Ez soilik hori. Adibidez, Abiadura Handiko Trenaz edo Nafarroako Ubideaz galdetu beharko zaio jendeari. Nik uste dut galdeketak egitea demokrazian sakontzea dela. Galdeketei beldurrik ez. Hori demokrazia da.
Beraz, herritarrei gai guztiez galdetzearen alde zaudete, baita lurraldetasunaz ere?
Baita ere. Zergatik ez. Jendakiak erabaki dezala. Galdeketak zintzoki eta erantzukizunez egiten badira, ez dago arazorik. Baina ez soilik identitateaz. Nire gorputzari dagokionez ere erabakitzeko eskubidea nahi dut. Orain arte ikusi baitugu PPk emakumearekin zer jarrera eduki duen: ezin abortatu eta sexualitatea ezin hautatu.
(Elkarrizketa Euskalerria Irratitik hartu da, CC lizentzia baliatuta. Hemen originala).
María Chivite lehendakariak esan du kezkatuta dagoela Alemaniatik Volkswagenetik datozen albisteekin, baina aldi berean, konfiantza duela multinazionalak Iruñean duen lantegian, orain arte iragarritako planak betetzen ari direlako.
Nafarren %68,3 biltzen dituzten 21 udalerri tentsio handiko eremu izendatuko dituela aditzera eman du Begoña Alfaro kontseilariak. Albistea begi onez hartu arren, EH Bilduk aurrekontuak babestearen truke herrietan “hutsik dauden etxebizitzak bizigarri” egitea... [+]
EH Bilduk seigarren urtez jarraian Chivite lehendakariaren aurrekontuak ahalbidetuko ditu, abstentzioaren bidez. Egungo akordioa mantenduz gero, abenduaren 19ko Osoko Bilkuran gauzatuko da proposamena.
Langileek %23ko erosteko ahalmena galdu zuten 2019ko akordioa sinatu zuten arte. Patronalak orain soldatak izoztea eta hainbat baldintza murriztea proposatu du. PSNk KPIaren eguneratzea eta %2ko soldaten igoera bultzatuko duela esan du orain, gizarte eragileen presioaren... [+]
Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren batzordeak Munduko Medikuak erakundearen eskaera onetsi du, PSNk aurka bozkatu duen arren. Irailean zehar 40 bat lagunek Mendebaldeko Saharatik Madrilera bidaiatu zuten nazioarteko babes eske eta dagoeneko haietatik hamasei... [+]
Foru Legebiltzarraren arabera, “oinarrizko eskubideak eta askatasunak murrizten dituen legea da, eta zigor-atal neurrigabea du, demokrazia aurreratu bati ez dagokiona”.
Contigo-Zurekin taldeak proposatutako ebazpena onartu du Nafarroako Parlamentuak, EH Bildu eta Geroa Bairen aldeko bozkekin. Israelek Gazan duen jarrera genozida salatu eta neurriak hartzeko eskatu dio Parlamentuak Nazioarteko Olinpiar Batzordeari.
Nafarroako Gobernuak asteazken honetan onartu du 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren aurreproiektua: 6.355 milioi euro. Horietatik 520 milioi finantza gastuetara bideratuko dira (%8,18). Orain arteko aurrekontu handienak dira.
Eskuin muturraren “diskurtso guztiz arrazisten”arriskuaz ohartarazi du Unai Hualde presidenteak. Bere aburuz, erakundeak giza eskubideak urratzen dituzten jokaerak ekidin behar ditu.
Eskuineko hiru alderdiek aurka bozkatu dute eta Chiviterena abstenitu egin da; aldiz, EH Bilduk eta Geroa Baik Contigo-Zurekinen proposamena babestu dute. Gonzálezek 20 hilabete daramatza Poloniako espetxe batean, akusazioaren frogarik jakinarazi ez bada ere.
Populazioaren %10,9 bazterkeria egoeran dago, eta %14,5 arriskuan, biak Espainiako Estatuko daturik txikienak Arope tasaren arabera, Unai Hualde Foru Legebiltzarreko lehendakariak azpimarratu duenez.
EH Bilduren abstentzioari esker, berriz ere izendatu dute PSNko hautagai María Chivite lehendakari, ezusterik gabeko saioan.
Ostiral honetan eratu da Nafarroako Legebiltzarra eta Geroa Baiko Unai Hualde izendatu dute Legebiltzarreko Mahaiko presidente PSN, EH Bildu eta Zurekin-eko botoekin. Aurreko legealdian ere bera izan da legebiltzarreko lehendakaria.
Ostiral honetan eratuko da Nafarroako Legebiltzarra eta hortik aurrera hiru hilabete izango dira Nafarroako Gobernua osatzeko, baina ez dirudi horretarako arazorik egongo denik, behintzat orain arte haren eraketan giltzarri diren alderdiek diotena kontuan hartuta.
Maiatzeko hauteskundeei begira, PSNk atzerriko hizkuntza euskararen aurretik jartzen duen sistema publikoa defendatzen jarraituko du, Navarra Sumarekin batera. EH Bilduk “ingelesaren inposaketak” ekarri duen “lardaskeria” kritikatu du. Izquierda-Ezkerrak... [+]