Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkate eta ganaduzaleak behi bat Aralarko larreetan buruan tiroz jota hil diotela salatu du ostegunean sare sozialen bidez zabaldu duen bideo batean. Maiatzaren 8an jakin zuen gertaera, eta ganadua lau egun lehenago igo zuela Aralarko larreetara argitu du Zubizarretak. Inork mugimendu arraroren bat ikusi izan balu, berarekin harremanetan jartzea eskertuko lukeela aurreratu du. Ertzaintzan salaketa jarri du Zubizarretak.
Mankomunitateko lehendakariaren oharra
Ostegun arratsaldean kaleratu du Enirio-Aralarko lehendakari eta Ordiziako alkate Adur Ezenarrok gertaera honen inguruko oharra. Lehendakariak adierazi du gaur jakin duela salaketa horren berri, eta goizean bertan deitu diola gertatukoaren berri zuzenean jakin, eta “halako jokamoldeen ankerkeria” salatzeko.
“Enirio-Aralar Mankomunitatea 15 udalerrik osatzen dute, eta erabakiak Zuzendaritza Batzarrak hartzen ditu, baina lehendakari moduan, adierazten dut Enirio-Aralarko lurretan dabiltzan animaliak erasotzea eta erailtzea onartezina dela. Era berean, lehenbailehen gertatutakoa argitzea eta horren aurrean behar diren neurriak hartzea eskatzen dut”, adierazi du.