Emakumeen aurkako sexu-jazarpena asko ugaritu da Egipton azken hiru hilabeteetan, hainbat ekintzaileren esanetan "epidemia" bihurtzeraino. Estatistiken arabera emakume egiptoar askok egunero jasaten dute nolabaiteko sexu erasoa.
Muturreko kasuetako bat pasa den neguan gertatu zen. Emakume egiptoar bat erasotu zuen gizon talde batek Alexandria hiriaren erdian. Emakumea sorbalda gainean garraiatua izan zen lehenik eta ondoren lurretik arrastaka eraman zuten.
Bestalde, Marwua izeneko emakumea hiriaren zentrora joan behar duen bakoitzean erasotua izateko beldurra duela dio. Ondorioz gutxiago irteten da kalera eta atera behar duenean oso zuhurra da janzteko moduan: "Jendeari arreta deitzen dioten jantziak saihesten ditut".
Baina janzkera "kontserbadorea" izatea ez da nahikoa segurtasun Dina Farid 'Egypt's Girls are a Red Line' plataformako kidearen esanetan. Faridek dio janzkera "kontserbadorea" daramaten emakumeak ere arriskuan daudela.
Izan ere, Egiptoko Emakumeen Eskubideen aldeko Zentroak 2008an plazaratutako datuen arabera, Egiptoko emakumeen %80ak sexu-erasoren bat jasan du eta biktimen gehiengoak belo islamikoa edo niqaba (aurpegi eta gorputz guztia estalita) zeraman.
Said Sadek El Cairoko unibertsitate amerikarreko soziologoa da eta honek dio arazoa Egiptoko gizartea dela: "Gizonek emakumeak etxera itzultzea eta etxetik kanpo lanik ez egitea nahi dute". Bestalde poliziaren jarrera salatzen du Sadek, bere ustetan Egiptoko poliziak gehiago egin beharko luke emakumeen seguritasunaren alde.
Egiptoko emakumeek jasaten duten eraso sexualen inguruan Al Jazeerak eginiko bideoa ingelesez.
Gai honen inguruan Cairo 678 pelikula egin du Mohamed Diab zuzendariak. Hona hemen trailerra ingelesezko azpitituluekin.