COVID-19aren krisiak eragile feministen egoera lehen zena baino prekarioago bilakatu duela nabarmenduz eta agintarien partetik aurreikusten dituzten murrizketak salatuz, Eragile feministei murrizketarik ez! idatzia egin dute publiko orain gutxi hainbat elkarte, eragile eta berdintasun teknikarik. Elkarte feministak jendartean aktibo garrantzitsuak direla, baina erakunde publikoak berauen jarduna bermatzen ez dutela salatu dute. Hari horretatik tiraka, berdintasun alorrari dagokionez azken agintaldiaz egiten duten irakurketari buruz galdegin diogu aipatu idatziaren sinatzaileetako bat den Emagin elkarteari. Azken lau urteen inguruan ez ezik, osasun krisiaren kudeaketari eta etorkizunari buruz ere aritu gara.
Berdintasun alorrari dagokionez, zein balorazio egiten duzue azken agintaldiaz? Bada nabarmentzekoa iruditzen zaizuenik?
Berdintasun politikak guztiz lotuta daude beste alorretan garatzen direnekin. Askotan aipatu dugu patriarkatuak dena zeharkatzen duela eta, ondorioz, berdintasun politiken norabideetako bat, besteak beste, zeharlerrotasuna izan behar da: berdintasuna nozio giltzarri nagusi bilakatu behar da erakunde publikoetatik garatzen diren politika guztietan eta horiek kudeatzeko moduetan. Gaur egun, ez da inondik inora horrela. Aurrerapausoak eman dira, erakundeek konpromiso gehiago hartu dituzten zenbait alorretan, baina errotiko aldaketak sustatu behar dira zapalkuntza patriarkalarekin bukatzeko, eta oraintxe emakume batzuen egoera partxeatzen aritzen dira.
Berdintasun politikak garatzeko ezinbesteko elementuak ditugu Hego Euskal Herrian: berdintasun teknikari feminista asko ditugu eta saretzen ari dira; emakumeok ahalduntzeko geroz eta eskola iraunkor gehiago ditugu eta pixkanaka azpiegitura zein espazio berriez hornitzen ari gara hainbat herri. Dudarik gabe Mugimendu Feministak egin duen borrokari esker iritsi gara honaino. Baina ez da nahikoa; izan ere, letra larriz idazten saiatzen diren politika horien norabidea aldatu behar da.
"Zerbitzu publikoak gutxitzen eta pribatizatzen ari diren bitartean, eta gizonek zaintzeko ardura hartzen ez duten bitartean, etxeko langileen kontratazioa da nagusitu den desfamiliarizazio estrategia orokorra. Eta hori da bultzatzen ari dena EAJ"
Azken urteetan, EAEn pribatizazio prozesu lazgarriak bizi izan ditugu. Publikoak beharko luketen zerbitzuak merkatuaren logikan kokatu dituzte EAJk eta PSEk, politika neoliberalak lehenetsi dituzte eta horren kalteak emakumeok pairatzen ditugu zuzen zuzenean. Zaharren egoitzetan, eskoletan, eskoletako jantokietan zein garbiketan gertatu diren gatazkak izan daitezke horren erakusle. Zerbitzu publikoak pribatizatzen baditugu emakumeen gain jartzen ari gara hortik eratortzen den lan zama guztia eta, feministok jakin badakigu, zaintza lanak guztiz elkarlotuta daudela lan prekarietatera, lan merkatuko segmentaziora, pobreziara, jardun bikoitz edo hirukoitzera, bizi proiektuen alboratzera, bazterketa sozialera eta indarkeria matxistara.
EAEko zaintza erregimena guztiz bidegabea da eta zaintza etika atzerakoia bultzatzen du. Desfamiliarizazio prozesua bizitzen ari garen arren, oraindik orain familiak eta horien barruan emakumeak dira zaintza lanetan arduradun nagusi. Etxean eta harreman afektibo zein familiarren baitan daudenak dira lehenesten direnak, zaintza onenak, desio ditugunak. Familia batzuk (emakume batzuk) zaintza lanen karga pixka bat gainetik kentzeko aukera izan dute, betiere baliabide ekonomiko eta sozial nahikoak badituzte. Hala ere, hori ez da gertatu erakunde publikoek zaintza eskubidearen ardura beren gain hartu dutelako, baizik eta etxeko zerbitzu prekarizatu eta irregularrak kontratatu direlako familian. Zerbitzu publikoak gutxitzen eta pribatizatzen ari diren bitartean, eta gizonek zaintzeko ardura hartzen ez duten bitartean, etxeko langileen kontratazioa da nagusitu den desfamiliarizazio estrategia orokorra. Eta hori da bultzatzen ari dena EAJ.
Feminismoan ardaztutako politiken falta inoiz baino nabarmenagoa egin da osasun krisian egin den kudeaketarekin, zeinetan kapitala gainjarri zaion beste behin bizitzari. Zein irakurketa egiten duzue egin den eta egiten ari den kudeaketaz?
Pandemia baten kudeaketak nolakoa beharko lukeen ez dakigu, zalantzarik gabe oso gai konplexua da. Hala eta guztiz ere, kontraesanez jositako kudeaketaren aurrean egon garela azpimarratuko genuke. Bizitzaren izenean gerraren diskurtsoak gailendu dira; pedagogia asko eskatzen duen egoera berri baten aurrean estatu guztiz poliziala ezarri digute. Askatasun indibidual eta kolektiboak guztiz kolpatuak izan dira, izu kolektiboan oinarrituta. Ardura norbanakoen gain dagoela behin eta berriz entzuten dugu, eta ematen du aurretik genuen antolaketa sozial zein politikoak ez duela zerikusirik gertatzen ari denarekin.
Baina, COVID-19ak bizitza eta heriotza kudeatzeko ditugun moduak azaleratu egin ditu, gure jendartearen hutsuneak, gure komunitateek dituzten gabeziak agerian utzi ditu. Ezaugarri berriak dituen arren, argi gelditu da gure bizitzetan zer den beharrezkoa eta zer lehenesten den egungo gobernuetatik. Kolapso ekologikoaren aurrean gaude, zaintza krisi oso sakon baten aurrean, eta adibidez, Eusko Jaurlaritza kudeatzen ari direnen ahotan ekonomiaren suspertzea eta makro azpiegituren defentsa besterik ez dugu entzun hauteskunde kanpaina abiatu denetik. Zein ari da bizitzak alboratzen? Zein ari da bizitza batzuk –alegia, guztiz produktiboak ulertzen dituen horiek– besteen aurretik lehenesten?
"Kolapso ekologikoaren aurrean gaude, zaintza krisi oso sakon baten aurrean, eta adibidez, Eusko Jaurlaritza kudeatzen ari direnen ahotan ekonomiaren suspertzea eta makro azpiegituren defentsa besterik ez dugu entzun hauteskunde kanpaina abiatu denetik"
Aldaketa sakonez mintzatu behar dugu, bizitza erdigunean jarriko duten politikez, pertsonez, bereizkeria egoerez, ertzetara kondenatu ditugunez, egunotan itsasoan hiltzen jarraitzen dutenez. Jokoan duguna da zein bizitza salbatu nahi ditugun eta zeintzuk alboratu. Ezin dugu hori egiten utzi.
Kudeaketa horrek jendarte parekideago batetatik are gehiago urruntzen gaituenaren seinale, salatu berri duzuena: osasun krisia tarteko, elkarte eta erakunde feministentzako 2020ko diru-laguntzak murrizketekin datozela. Zein eszenatokitan jartzen gaitu horrek?
Etor daitezkeen beste hamaika murrizketen seinaleak besterik ez dira, elkarteen diru-laguntzekin gerta daitekeena. Gure ustez komunitateak harilkatzeko ezinbestekoak ditugu mugimendu sozialak, feministak, herrietako elkarteak... Taldeko kidetasunak bizitza sozialean sekulako garrantzia du, identitate indibidual nahiz kolektiboak sendotzen laguntzeaz gain, gure oraina egonkorra zein iraunkorra egiten laguntzen digutelako. Ezinbestekoak gara elkarteak eta, gure finantzazio bideek askotarikoak izan behar duten arren, erakunde publikoen ardura da gure proiektuak babestea eta interes orokorraren alde jardutea.
Mugimendu Feminista ezinbestekoa da eredu sozial berri bat eraikitzeko, gure bizitzak eta lurraldeak erdigunean jartzen dituen mugimendua izaki. Eta hori egiteko modu bakarra komunean dela argi daukagu. Gure proposamenak benetan erradikalak izateko, izaera politikoa hartzeko, besteekin elkarbanatu eta komuna harilkatu behar dugu.
"Berdintasunaren aldeko diskurtsoek benetako babesarekin zein bitartekoekin lagunduta etorri behar dute, eta hori aurrekontuetatik pasatzen da"
Berdintasunaren aldeko diskurtsoek benetako babesarekin zein bitartekoekin lagunduta etorri behar dute, eta hori aurrekontuetatik pasatzen da. Nekez adieraziko dute berdintasunarekiko duten konpromisoa, berriz ere emakumeon bizkar uzten badute krisi honek eragindako lan zama guztia. Ez da kasualitatea interna moduan lan egiten duten emakumeen %99 migratzaileak izatea.
Zein dira horren aurrean zuen exijentziak?
Erakunde publikoek oinarrizkoak diren elementutan jarri behar dute arreta, ez kapitalaren metaketan. Krisi honek aukera ematen digu elkarbizitza nola berrantolatuko dugun adostu eta hori ahalbidetzeko beharrezko proposamenak egiteko, eremu guztietan; espazio intimoetan zein lege arauetan. Bide horretan, gure bizimoduak eraldatzeko konpromisoa mantentzea izango da bizitza duina erdigunera ekartzeko berme nagusia. Horretarako hiru gako azpimarratu nahi ditugu. Lehen gakoa da bizitzaren zaurgarritasunaren eta elkarmenpekotasunaren ideia. Inguruarekiko dependentzia dugu, gure lurraldeetan garatzen delako bizitza eta elkarren beharra dugu, ez gara produzitzera eta kontsumitzera mugatzen diren izaki autonomoak. Menpekotasuna izakiok komunean dugun ezaugarria da, etengabeko hartu-emanean bizi behar dugu eta ezinbestean zaindu beharra dugu bizitza. Inguratzen gaituzten mugak aitortu behar ditugu, izakiak, planeta, natura… finitoak dira, bizitza bezalaxe. Horregatik da derrigorrezkoa zaintzea, elkar zaintzea.
"Krisi honek aukera ematen digu elkarbizitza nola berrantolatuko dugun adostu eta hori ahalbidetzeko beharrezko proposamenak egiteko, eremu guztietan; espazio intimoetan zein lege arauetan"
Bigarrena da, bizitza guztiek balio berdina dutela. Batzuk ez dute beste batzuk baino gehiago balio, nahiz eta jendarte antolaketa honek gutxi batzuk bakarrik pribilegiatu: gizonak, zuriak, burgesak, heterosexualak, helduak eta funtzionalki normatiboak. Horregatik, bereizkeria egoerak non sortzen diren tentuz begiratu behar da. Ezin da soilik zapalkuntzek sortzen dituzten ondorioetan arreta jarri.
Hirugarren gakoa honakoa da: ezinbestean begiratu behar diogu bizitza zaintzeko lanaren antolaketari. Hori gainditzeko, zaintza lanen atzean dauden harreman sozial, ekonomiko, instituzional eta sinbolikoak demokratizazio prozesuan jarri behar ditugu.
Erakunde publikoek eta horiek kudeatzen dituzten alderdiek zaintza lanak politikoki aitortu behar dituzte eta zaintza lanen antolaketa demokratizazio prozesuan kokatu behar dute. Era justuago batean banatzeko zaintza sistema publiko komunitarioa jarri behar da martxan, eta, urgenteki, zaintza lanetan daudenen bizi-baldintzak duin bilakatu behar dira. Esklabuen gisara jarduten dute emakume askok zaintzen, hori ezin dugu onartzen segi.
AEBetako Berkeley Unibertsitateko irakaslea eta pentsamendu dekolonialean aditua da Ramón Grosfoguel. Artikulu honetan, Galiziako BNGren eta Euskal Autonomia Erkidegoko EH Bilduren azken hauteskundeetako emaitzez iritzia ematen du, Podemos alderdiko Juan Carlos... [+]
Hauteskundeak izan dira oraingoan Euskal Herriaren mendebalde honetan, eta horien ondoren gerta ohi denez, erabateko garaipen loriatsua (auto)aldarrikatzera abiatu da prestu irabazten lar ohituta dugun EAJ.
Luza dakioke gaur EAJri esaldi klasikoan egiten den galdera: Non dago... [+]
Demokrazian penko, suspentso, kate, gutxiegi. Politika egiteko oinarritzat hauteskundeak eta bozak dituen jendarte batek hori esan beharko lioke bere buruari herritarren erdiak "festan" parte hartu ere egiten ez duenean, ezta?
Atzerrian bizi diren Euskal Herritarren botoak zenbatu ostean, PPk eta Ciudadanosek eratutako koalizioak bereganatu du Bizkaiko 25. eserlekua.
Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak eta bere alderdiak hauteskunde kanpainan esan dutenez, “ezkerrekoak eta eskuinekoak jada ez dira existitzen”. Gaur egun EAEn nagusi den politikaren alternatibarik existituko ez balitz bezala, hau da, ez balego bezala... [+]
Data: 2020ko uztailaren 12a (igandea). Ordua: 13:00. Tokia: H. herriko bozkaleku nagusiko kanpoaldean dagoen banku bat. Eguraldia: orduak iraun dituen euri jasa baten azken tantak. Jende mugimendu etengabea atarian. Talde handirik ez. Gehienak banaka, binaka, trioren bat... [+]
2020ko uztailak 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde emaitzak esku artean ditugu eta horiek aztertzeko asmoz hiru artikulu idatziko ditugu, gaurkoa lehenengo izango da interpretazio deskriptibo-orokor bat eskaintzeko:
Jokaldia ondo atera zaie. EAEko hauteskundeak Kataluniakoekin, eta batez ere, erabakitzeko eskubidearekin, talka ez egiteko aurreratu zituzten aurrena. Koronabirusak uztailera arte atzeratu du bozkaketa, baina helburua lortu dute boterean jarraitu nahi zuten alderdiek: orain... [+]
Euskal lurraldeen artean, EAJren eta EH Bilduren lehia-gune handia da Gipuzkoa. 2012ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduk irabazi zuen ozta-ozta, 2016koetan EAJk aise eta 2020koan ezker abertzaleko alderdia jeltzaleengandik oso gertu egon da. Abstentzio handia... [+]
EAJk irabazi ditu hauteskundeak eta 31 legebiltzarkide lortu ditu, 2016ko hauteskundeetan baino hiru gehiago. Andoni Ortuzarrek Iñigo Urkullu jo du krisitik ateratzeko gidaritzat, eta alderdi politiko guztiei eta euskal gizarteari egin die elkarlanerako eskaintza.
Ordizian parte-hartzea nabarmen handiagoa izan da bataz-bestekoa baino: %55,92k eman du botoa eta EH Bilduk irabazi ditu Legebiltzarreko hauteskundeak herri honetan. 1.747 (%45,3) boto lortu ditu, eta bigarren indarra izan den EAJk, berriz, 1.268 (%32,88). Duela lau urteko... [+]
Abstentzio-tasa %47koa izan da, 2016an baino baino %7 handiagoa.
EH Bilduko lehendakarigai Maddalen Iriarte “oso oso pozik” agertu da koalizio abertzaleak izandako emaitzekin. Bere esanetan emaitza horiek “aldaketa baten hasiera baino ez” dira.