“Elkar zaintzea borrokatzea da eta bakarrik borrokaren bitartez bermatuko dugu elkar zaintza”

  • Koronabirusaren hedapenaren aurrean eta gobernuek ezarritako neurri indibidualisten oso bestelako logikaz, asko dira larrialdi egoerari kolektiboan eta elkartasuna oinarri hartuta erantzuteko hautua egin dutenak. Horren adierazle argienak dira tokian toki hedatzen ari diren elkartasun sareak. Bilbon ia auzo guztietan sortu dituzte sareak, baita azken urteetan, auzoko ehun sozialaren kaltetan, gentrifikazioak eta turistifikazioak gogorki kolpatutako Alde Zaharrean ere. Prozesu suntsitzaileak pairatu izan arren, auzotarren arteko elkartasun printzak desagertu ez direnaren erakusle dira aurki sortutako Alde Zaharreko Elkartasun Sarea eta berau bizilagunen partetik jasotzen ari den erantzuna. Elkartasun sareaz, beronen planteamenduez eta orain arte egindako bideaz mintzatu gara sareko kideekin.


2020ko martxoaren 28an - 17:17
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nola sortu da Alde Zaharreko Elkartasun Sarea? Zeintzuk izan dira ekimena martxan jartzeko lehen pausoak?

Larrialdi egoeraz ohartu ginenean, eta Greba Komitean elkartzen ginen norbanako zein auzoko eragile desberdinen markoaz baliatuz, sarea antolatzen hasi ginen. Egoera osotasun baten baitan ulertzen dugu, badakigu ezin garela mugatu sistema kapitalistak utzitako hutsuneetan partxeak jartzera, zaintza lan koiunturaletara. Baina hortik abiatuta hasi zen gure bidea, emergentzia egoeran sortutako beharrei erantzuna emateko auzo asanblada bat deituz. Asanblada hori aurrera eramateko beharrezkoak ziren neurri guztiak hartu genituen, sanitarioen talde batek diseinatutakoak.

Lehenengo egun hauetan lan teknikoa izan da gehienbat aurrera eraman duguna, baina iparra galdu gabe, bitartean borroka ildoa jorratzen joan gara. Baliabide eta erreminta ugari joan gara gehitzen gure funtzionamendura, eta “Auzogileen” eta “Bizilagunen” deiak jasotzen ditugun bitartean gure sarearen informazioa luzatzen diegu; argi daukagulako asistentzialismo hutsean geratzea porrota izango litzatekela eta sarean parte hartzen duen edonork ulertu behar duela sortutako testuinguru guzti honetan, krisi honek ekarriko dituen ondorioei bizirauteko, auzo boterea eraikitzea eta auzodefentsa antolatzea ezinbestekoa dela.

Eredurik jarraitu duzue?

Ez dugu eredu zehatzik jarraitu, baina beste herri batzuetako kideen ideiak jaso ditugu. Osasun larrialdia Euskal Herrira helduko zela ohartzen hasi ginenean, Italiako kideekin harremanetan jarri ginen, jakinda haiek aste batzuk zeramatzatela auzoka antolatuta larrialdiari aurre egiten. Hortik sortu zen elkar zaintzaren ildoa sortzearen ideia. Bestalde, praktika eta ideien elkarbanatze prozesuari jarraipena emateko, beste herrietako antolakuntza ereduei buruzko informazioa bilatzen hasi ginen; Herrialde Katalanetakoak, adibidez. Eta hortik ere ideiak jaso genituen, eta borrokarako praktikak amankomunean jarri. Horren adibide argia da “Talka Plana”.

Zein helburu ditu sareak?

Gure helburu nagusia krisi honen ondorio latzak ordainduko dituztenak langileok eta auzokideok ez izatea da. Klase elkartasunak bultzatuta, militanteen eta auzokideen artean hasi ginen saretzen eta emergentzia egoeraren aurrean erantzun kolektiboa antolatu dugu.

Helburu nagusi horren baitan, zaintza erdigunean kokatzea ezinbestekoa ikusten dugu eta epe laburrerako helburua auzokide orok oinarrizko beharrizanak asebeteta edukitzea da, elkartasun eta komunitate izaerak bideratuta.

Gure helburu nagusia krisi honen ondorio latzak ordainduko dituztenak langileok eta auzokideok ez izatea da.

Epe laburrera begira, helburuak larrialdi egoerari erantzun kolektibo bat ematera bideratuta daude, egoera honen aurrean auzo-defentsa tresnak aktibatuz. Helburu horien artean leudeke ondokoak: auzokide bakar batek ere ez dezala izan auzotik joateko beharra etxebizitza ordaintzeko ezintasunagatik, komertzio txikiek pertsiana ez ixtea, langileen eskubideak bermatzen direla ziurtatzea, auzoko osasun zerbitzu unibertsala bermatzea…

Epe ertain-luzera erreparatuz gero, berriz, helburua larrialdi egoeratik harago joatea litzateke, guzti hau auzoko egunerokotasunera ekarriz. Izan ere planteatzen ditugunak –auzo-defentsa, auzo-zaintza, komunitatearen sorkuntza– ez dira larrialdi egoera honen berezko beharrizanak, baizik eta krisi honek areagotu dituenak.

Sarearen jarduna martxan jarri, eta lehen lau orduetan 60 pertsona aurkeztu ziren sarean laguntzeko prest. Zenbat pertsona batu dira dagoeneko?

Auzotarren erantzuna positiboa izaten ari da, 170 pertsonak deitu dute dagoeneko haien laguntza eskaintzeko prestutasuna adieraziz; batzuei ezetza eman behar izan diegu ez zituztelako osasun protokoloak betetzen. Hala ere, hasiera batean pentsatuta geneuzkan lanak bete ezin dituztenek, beste eskaintza batzuk proposatu dizkigute. Bestetik, beharrizanak adierazteko geroz eta auzokide gehiagok deitzen dute. Aipatutako lehenengoei “auzogile” deitzen diegu, eta bigarrenei “bizilagun”; termino hauek asmatu ditugu egokiagoak iruditzen zaizkigulako asistentzialismotik haratago doan lana definitzeko. Auzo eraikuntzan oinarrituriko prozesu bat garatzen gabiltza; azkeneko urteetan apurtzen joan diren auzo harremanak suspertzearekin batera, harreman politikoak eraikitzen gabiltza, laguntzatik harago, osasun zein ekonomia krisialdia betikook ez ordaintzeko nahiarekin. Auzogile hitza erabiltzen dugu auzoa egiten eta auzoari ekarpena burutzen gabiltzalako, eta auzoko bizilagunen beharrei erantzuteko prestutasuna erakusten ari garelako.

“Auzogile” eta “Bizilagun” terminoak asmatu ditugu egokiagoak iruditzen zaizkigulako asistentzialismotik haratago doan lana definitzeko.

170 pertsonak eskaini dute laguntza. Laguntza eskatzeari dagokionez, arrakasta bera izaten ari da?

Beharrak dituzten auzokideengana heltzea gehiago kostatzen ari zaigu. Hala ere normala dela uste dugu, izan ere harremanik ez dagoen auzo honen baitan ezezagunarekiko mesfidantza dago. Eguneroko lanarekin, berriz, mesfidantza horri buelta emateko asmoa daukagu, eta apurka apurka lortzen ari garela uste dugu.

Gero eta gehiago dira laguntza eta aholku bila deitzen duten bizilagunak. Gainera lan eskubideen urraketa pairatu edo laguntza juridikoa behar duten bizilagunen deiak ere jasotzen hasi gara. Hemendik aurrera daukagun erronka, berriz, aholkularitzatik harago joan eta gurekin harremanetan jartzen ari diren auzokideekin batera borroka eta erantzun kolektiboa antolatzean datza.

Beraz, ez genuke “arrakasta” terminoetan hitz egingo, baizik eta benetako erantzun kolektibo bat artikulatzearen behar eta zailtasunari buruz.

Elkartasun Sareko kideak bilduta

Zein irakurketa egiten duzue?

Uste dugu hasiera batean jendeak izan dezakeen konfiantza falta dela deiak ez jasotzearen arrazoietako bat, izan ere, Bilboko Alde Zaharrean gaude, auzoa eskaparate bihurtu diguten honetan elkar-zaintza harremanak galdu dira eta ondorioz, auzokideek ez dute elkar ezagutzen. Horri gehitzen zaio larrialdi egoera honetan sortu den jarrera orokortu bat: “Salvese quien pueda” (ahal duena salba dadila) lelopean bakoitzak bere hozkailu eta armairuak bete izana lehenengo egunetan. Dena dela, egunerokotasuneko lanarekin konfiantza lortzea da gure intentzioa, eta horretan gabiltza. Gero eta gehiago dira laguntza eske jasotzen ditugun deiak, izan mandatuekin laguntzeko, edota lan arloko eskubide urraketei erantzuteko. Erronka nagusia orain momentuko laguntza edota aholkularitza zerbitzu hori gainditu eta elkarrekin borroka antolatzea da. Horregatik, auzodefentsan, komunitatearen eraikuntzan eta auzokideon arteko harremanak berreskuratzean indarrak jartzea ezinbestekoa ikusten dugu.

Hemendik aurrera daukagun erronka, berriz, aholkularitzatik harago joan eta gurekin harremanetan jartzen ari diren auzokideekin batera borroka eta erantzun kolektiboa antolatzean datza.

Bestalde, une honetan kalean presente egotea ezinezkoa denez, auzokideengana heltzeko daukagun bide nagusia telematikoa da eta argi daukagu auzoko zenbait sektorerengana heltzeko ez dela biderik egokiena. Bide horretatik, irudimena martxan jarriz beste bide batzuk topatzen saiatzen gara egunero, balkoietatik kuña informatiboak jartzea adibidez.

Zein da sarearen funtzionamendua?

Gaur egun lantalde ezberdinetan egiten dugu lan: komunikazio lantaldea, borroka lantaldea, lantalde juridikoa eta osasun lantaldea. Horiez gain, lantalde motorra daukagu, non erabaki politikoak hartzen diren eta lantalde ezberdinen arteko koordinazioa bermatzen den. Talde bakoitzak funtzio zehatzak dituen arren, denen arteko etengabeko komunikazioa ezinbestekoa da eta horretarako mezularitza aplikazioak edota bideo-bilerak erabiltzen ditugu.

Laguntza emateko “zentralita” txandak ezarri genituen hasieratik; telefonoa eta emailarekin lanean dauden hiru pertsonako txandak dira hauek. Zentralita horretatik “Auzogileen” zein “Bizilagunen” datuak jaso eta antolatu egiten dira, baita hauek biak kontaktuan jarri ere. Horrez gain, kasuak lan talde desberdinetara bideratu, beste auzoetako informazioa eman, informazioa zabaldu eta lan ezberdinak egiten dira.

Izan duzue oztoporik jarduterako orduan? Auzogileren batek izan du poliziarekin talkarik, adibidez?

Momentuz ez dugu horrelako egoerarik izan, baina badakigu uneren batean heldu daitekela. Aurreikuspen horrekin eta sarean parte hartzen duten auzokideak babesteko, norbanako abokatuek eta abokatu taldeek diseinatutako gidak irakurri eta laburbildu ditugu. Argi dago poliziak justifikatu gabeko indarkeria neurrigabea erabiltzeko baliatuko duela egoera hau. Horregatik oso garrantzitsua da une oro gure eskubide eta betebeharren gainean informatuta egotea, ez dezaten alarma eta beldur egoera hau gure bizitzak are gehiago kontrolatzeko erabili. Eta bide beretik, alde zaharreko bizilagunei deia luzatzen diegu auzokideon arteko kontrola gaitzetsi eta gure artean zaintzeko.

Argi dago poliziak justifikatu gabeko indarkeria neurrigabea erabiltzeko baliatuko duela egoera hau. Horregatik oso garrantzitsua da une oro gure eskubide eta betebeharren gainean informatuta egotea, ez dezaten alarma eta beldur egoera hau gure bizitzak are gehiago kontrolatzeko erabili.

Auzogileek askotariko ekarpenak egiten dituzte. Batzuk aipatzearren, zein motatako ekarpenak egin ditu jendeak?

Ekarpen eta proposamenak oso anitzak izan dira. Auzoan elkartasun uholdea izugarria izaten ari da, itxi behar izan dituzten komertzioen lokalen eskaintzak jaso ditugu, telefonoz jendearekin hitz egiteko prest daude batzuk, ikasleak etxeko lanekin laguntzeko prest beste batzuk. Itzultzaile zerbitzuak egiteko, txakurrak paseatzen ateratzeko edota sukaldatzeko prest ere agertu dira batzuk. Horrez gain, auzokideek informazioa zabaltzeko proposamenak bota dituzte eta haien proposamenak oinarritzat hartuz mezuak lau haizetara zabaltzeko dinamikak abiatu ditugu: kuñak grabatu eta balkoietan jartzea edo pankarta eta kartel inprobisatuak balkoietatik eskegitzea, adibidez.

Elkartasun sareak ez daude birusaren hedapenetik salbu. Kontutan hartu duzue aspektu hori, eta sanitario talde baten laguntza ere badu sareak. Zer ekarpen egin du talde horrek?

Hasiera-hasieratik egin dugu lan elkarrekin. Sarea sortzen hasi ginenean egin genuen lehenengo gauza gertuko sanitarioekin hitz egitea izan zen. Sei-zazpi sanitario inguru bildu genituen eta haiek diseinatu zituzten dauzkagun segurtasun protokolo guztiak, baita auzoko anbulatorioarekin kontaktua lortu ere. Haiek emandako argibideak ez dira berez ezer berria, Osakidetzak aholkatzen dituen segurtasun neurriak dira, baina ekintza bakoitza gauzatzerakoan jarraitu beharreko argibide zehatzak ezarri dituzte eta auzogile izateko bete beharreko baldintzen zerrenda diseinatu ere bai. Protokolo eta neurriez harago, sanitarioen eta osasun zentroen baldintzak ezagutzeko aukera ere ematen digu harreman estu honek.

Horrez gain, momentu oro sareko partehartzaileen osasun egoerari begira gaude, eta edozein aldaketa egotekotan gurekin kontaktuan jarri behar dira, guk informazioa jaso eta protokoloak berma ditzagun. Bide beretik, auzogile eta bizilagunak elkartzen diren une guztien informazioa jasotzen dugu, momenturen batetan COVID-19 gaixotasunaren sintomak garatzen dituen pertsonarekin kontaktuan egon diren auzokideak identifikatu ahal izateko.

Oker ez banabil, elkar lotuta dauden bi ardatzen bueltan sustengatu duzue jarduna: zaintza eta borroka. Zertan oinarritzen da bakoitza? Zein da elkarren arteko lotura?

Gure helburu nagusia larrialdi egoera honi eta ekarriko dituen ondorioei erantzun kolektiboa ematea da, elkar zaintzan eta borrokan oinarrituta, hauek baitira dauzkagun bi lan ildoak. Bi ildo horiek banaezinak direla uste dugu, elkar zaintzea borrokatzea delako eta bakarrik borrokaren bitartez bermatuko dugulako elkar zaintza.

Zaintzari dagokionez umeen zaintza eta “arrisku” taldeko pertsonen beharrak asetzea planteatu genuen; hau da, arrazoi desberdinengatik etxetik irtetea ekidin behar dutenen egoerari erantzutea –erosketak eramatea, telefonoz hitz egitea, botikak eramatea…–. Hala ere, egunero behar berriak sortzen doaz, eta horiei ere erantzuna ematen saiatzen gara. Era berean, interesgarria iruditzen zaigu aintzat hartzea mugimendu feministak zaintzari buruz egindako hausnarketak era irakurketak.

Bi ildo horiek (zaintza eta borroka) banaezinak direla uste dugu, elkar zaintzea borrokatzea delako eta bakarrik borrokaren bitartez bermatuko dugulako elkar zaintza.

Borrokari dagokionez, eskubide urraketak pairatzen dituen auzokide orori babesa, laguntza eta aholkua eskaintzen diegu, bai lan arloan, bai edozein arlotan –dela etxebizitzaren alokairua ezin izango dutelako ordaindu, hornikuntzen fakturak ordaintzeko arazoak izango dituztelako, etab.–. Jakin badakigulako krisi honen ondorioak soldatapeko lanetik haratago zabalduko direla. Gure asmoa kasu bakoitzari erantzun indibiduala emateaz gain erantzun kolektibo bat artikulatzen joatea da, hau da, auzodefentsa eraikitzea.

Koronabirusak eragin duen egoerari erantzuten hasi du sareak bidea, baina zuen planteamendua etorkizunera begira ere badago. “Normaltasun egoera” gisa ezagutu dugun horretara bueltatzea ez duzue ikusten aterabide gisa, ezta?

Egoera honek, kapitalaren menetan, ezinezko egiten digu bizitzak erdigunean jarri eta elkarrekin antolatzea. Eta egoera “normaletan” susmatzen badugu ere, orain bizitzen ari garen moduko krisi egoeran azaleratzen da arazoa. Hain zuzen behar honetatik jaio dira elkar-zaintza talde hauek, eta guk behintzat ez dugu larrialdi egoera amaitzen denean desagertzeko intentziorik, erroko arazoa baita hau eta hala ulertu behar da aurre egin nahi badiogu.

Une honetako beharrizanei aurre egiteko neurri konkretuak hartuko ditugu. Baina testuinguruaren azterketa egiteari ezinbesteko deritzogu, epe laburreko larrialdiei erantzuten diegun artean, iparra galdu barik, krisiaren osotasuna ulertu eta beroni aurre egiteko.

Krisi honek dakartzan arazo ekonomiko zein sozialak, kapitalismoak ezarri duen “normaltasun” patriarkal eta indibidualistaren ondorio baino ez dira, sistemaren beraren biolentzia estrukturalaren produktu. Horretara ez bueltatzea da gure apustua, argi geratu delako bizitzak erdigunean jartzea ezinbestekoa dela langileok bizirauteko, eta orain arte menpeko izan gaituen sistemak ez du hori ahalbidetzen. Horren aurrean, guk elkar-zaintzan, antolakuntzan eta auzodefentsan oinarritzen den bizitza eredua aldarrikatzen dugu.

Krisi honek dakartzan arazo ekonomiko zein sozialak, kapitalismoak ezarri duen “normaltasun” patriarkal eta indibidualistaren ondorio baino ez dira, sistemaren beraren biolentzia estrukturalaren produktu.

Osasun larrialdi gisa aurkeztu dutena, funtsean, beste krisi bat dela argi duzue. Krisi horren albo kalteak langileriari ordainaraziko zaiola aurreikusita, Talka Plana jarri duzue martxan. Zein dira aldarrikapenak?

Aurretik esan dugun moduan ez dugu uste aurrean duguna osasun larrialdi bat denik soilik, izan ere, larrialdi honekin kapitalismoaren krisia eta sistema honen oinarri ustelak ari dira argitara ateratzen. Horregatik auzo mailan garatzen ari garen Talka Planaren helburua hauxe da: langileok ez izatea krisi hau ordainduko dugunak. Horretarako larrialdi egoeratik haratago doan borroka planteamendua sortzeko beharra ikusi genuen, bost aldarrikapen nagusiri erreferentzia eginez: etxebizitza, merkataritza, pisu hutsak, osasuna eta lana.

Aldarrikapenen artean daude: etxebizitzen alokairuak eta hipotekak etetea; premiazko zerbitzuen –ura, gasa, elektrizitatea…– fakturak etetea; auzoko komertzio txikien alokairu eta hipoteken etenaldia; hotelak, pisu turistikoak eta higiezinen agentzien pisu hutsak auzokideon zerbitzura jartzea, emergentziaren ondorio larriei erantzuna emateko eta, besteak beste, osasun zentro edo etxe gabeko pertsonentzako etxebizitza legez erabiltzeko; auzoan kalitatezkoa eta eskuragarria den osasun zerbitzu unibertsala bermatzea, auzokideon eta langileon beharrak kontuan hartzen dituena –saturazio gabeko zerbitzua duena, lan-txanda egokiak dituena, osasun-langile errefortzuak dauzkana–; eta baita diru sarrerak ziurtatzea soldatarik edo diru laguntzarik izango ez dutenentzako.

Dena dela, esan beharra dago oraindik ere Talka Plana osatzen ari garela, argi baitaukagu auzoko eragile guztien ideiak, indarrak eta parte hartzea ezinbestekoa direla benetako erantzun kolektibo bat artikulatu ahal izateko. Auzoko Talka Plana bermatzeko, beraz, auzodefentsa antolatzen gabiltza.

Larrialdi egoerak eta horrek berarekin ekarri dituen neurriek ikaragarri zaildu dute kolektiboki antolatzea eta erantzutea. Nola ari zarete aurre egiten traba horiei?

Egoera hau berria da guztiontzat, beraz, zailtasunak edonon agertzen dira. Parean dugun bizimodua berria den heinean, militantzia eredua moldatzera behartuak ikusi ditugu gure buruak azkenengo astean. Alde batetik, ezin gara kalean egon informazioa gertutasunetik zabaltzeko, ezta gure artean eztabaidak emateko bildu ere. Bestetik, emergentzia egoera honetan etengabe agertzen zaizkigu bapateko erantzuna eskatzen duten problematika berriak, hortaz uneoro egon behar gara elkarrekin harremanetan.

Zailtasunei aurre egiteko egunero estrategia berriak pentsatzen ditugu, baita auzokideen proposamenak jaso ere bai. Gutxika ikasten goaz eta egoerara egokitzen joan behar gara.

Auzoz auzo eta herri herri hedatzen ari dira elkartasun sareak. Baduzue beste sareekin harremana?

Beste sareekin harremanetan egon gara hasieratik. Izan ere guk sortutako materiala zabaldu eta elkarbanatzea ezinbestekotzat eman genuen hasieratik, beraz, informazioa eta hausnarketak eman eta jaso ditugu momentu guztietan. Bilboko auzo gehienetan sortu dira sareak eta guztien artean koordinatzen eta saretzen ari gara, betiere auzo bakoitzaren erritmoak errespetatuz.

Hasierako bi aste hauetan norabide honetan emandako pausuak bilera telematikoak izan dira, sare bakoitzeko ordezkariak elkartu dira bertan. Marko horretan, sare bakoitzaren nondik norakoak elkarbanatu eta aurrerantzean amankomunean lan egiteko puntuak adosteko bidean gaude.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Covid-19 eta erantzun soziala
2022-02-15 | Estitxu Eizagirre
Pediatrek ikastetxe barruetan maskarak kentzea eskatu dute, modu progresiboan

Katalunian Societat Catalana de Pediatria elkarteak pandemia kontrolatzeko ikastetxeetan aplikatzen diren neurriak bertan behera uzteko eskatu du, neurri horiek haurrengan dituzten ondorio kaltegarriak argudiatuz. Tartean dago gela barruetan maskararen erabilera kentzea, modu... [+]


Bizitza

Beste hainbat bezala COVID pasearen aurka Bilbon deituta zegoen manifestaziora joan ginen aurrekoan. Bertan adin, kolore, janzkera eta hizkera askotariko zenbat jende zegoen ikusteak asko poztu ninduen, eta tartean topatu nituen unibertsitate garaiko batailetako lagunak edo... [+]


2022-02-01 | Estitxu Eizagirre
Covid pasaportearen auzia Zarauzko Udaleko osoko bilkurara eraman dute hainbat herritarrek

Zarauzko Udaleko urtarrileko osoko bilkuran, galdera erantzunen txandan sei herritarrek hartu zuten hitza, eta Covid pasaporteak eragindako diskriminazioa eta beren bizipenak azaldu zituzten; tartean, pasaporterik gabe kiroldegira sartzeagatik atxilotuta bukatu zuen... [+]


2022-01-24 | Garazi Zabaleta
Lurre Hurre
Migratzaileak nekazaritzan trebatzeko proiektua Bermeon

Bermeon jaiotako eta bertara etorritako herritarren artean hilean behin egiten zuten tertulia dago Lurre Hurre proiektuaren oinarrian. Elkar ezagutu zuen herritar talde horren harremanetik abiatuta, eta konfinamendu garaian migratzaile askok bizi zuten egoeraz jabetuta, egitasmo... [+]


2022-01-11 | Joseph Andras
Pase poliziakoa: ezkerraren amore emate bat

Joseph Andras (Le Havre, Frantzia, 1984) idazlea da. 2016an lehen eleberriagatik "Goncourt" sari famatua eman zioten, baina berak uko egin zion epaimahaiari esanda “lehia, konkurrentzia eta norgehiagoka arrotzak zaizkiela idazketari eta sorkuntzari”... [+]


2022-01-05 | ARGIA
Osasun arloko sindikatuak kalera aterako dira 23an Jaurlaritzaren osasun baliabide eza salatzeko

Lehen mailako arretak “kolapso egoeran” jarraitzen duela uste dute, ospitaletako arretak bizi duen gainkarga salatu nahi dute, eta egoerari aurrea egiteko neurriak eskatzen dituzte ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek.


2022-01-04 | Estitxu Eizagirre
Iruñean COVIDagatik Olentzerori alto, erregeei paso

Abenduaren 20an eman zuen jakitera Olentzeroren Lagunak elkarteak 2021ean ere ez zela Olentzero Iruñeko kalez kale ibiliko, pandemiaren egoerak horretara bultzatuta. Urtarrilaren 4an, aldiz, Iruñeko Errege Magoen Kabalkadaren Elkarteak adierazi du aurten kaleetara... [+]


2021-12-29 | Estitxu Eizagirre
COVID pasaportea zeren truke?

COVID txertoa hartu edo ez, norberaren hautu bat da, legezkoa, eta batak bezala besteak errespetu bera merezi duena. Ez da derrigorra, baina behartzeko erreminta ezarria dago Euskal Herri osoan: Europar Batasunak bidaiatzeko udan jarri zuen QR pasaportea. Zer dakar QR... [+]


2021-12-24 | ARGIA
GKSk protestara deitu du A24an, pandemiari emandako “erantzun autoritarioa” salatzeko

Honela adierazi du Gazte Koordinadora Sozialistak zabaldu duen oharrean: "Zentzu sanitariorik gabeko neurriak hartzen jarraitzen dute politikari profesional despotikoek". Berriki hartutako hiru neurriak salatu dituzte zehazki: COVID ziurtagiriaren zabalpena, aire... [+]


Protestak herriz herri osasun etxeen aurrean
“Jaurlaritzak pandemia baliatu du Osakidetzan murrizketak egin eta herritarrak osasun publikora heltzea zailtzeko”

Osakidetzaren lehen mailako arretaren egoera "jasanezina" dela salatuz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun etxeen aurrean elkarretaratzeak egin dituzte. "Lehen olatua izan eta urte eta erdira, osasungintza urria, nekatua eta baliabiderik gabea daukagu",... [+]


2021-12-21 | LAB sindikatua
LABen irakurketa pandemiaren egungo kudeaketaz, osasun sistema publikoaz eta pasaporteaz

LAB sindikatuak honako irakurketa plazaratu du: "COVID kutsatzeen olatu berria dela eta, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Frantziako Gobernua COVID ziurtagiriaren ezarpena erabiltzen ari dira euren kudeaketaren hutsuneak ezkutatzeko. Bost ardatzetan neurriak... [+]


2021-12-21 | ARGIA
San Tomas azokarik gabeko nekazariekiko elkartasuna antolatu dute Bilboko Konpartsek

Urtero Bilboko Konpartsek San Tomas egunaren harira argitaratzen duten egutegiaren etekinak Etxaldeko Emakumeei emango dizkiete aurten.


2021-12-20 | Estitxu Eizagirre
Milaka herritar atera da kalera Donostian COVID pasaportearen aurka, Bizitza plataformak deituta

Abenduaren 18 arratsaldean Donostian jendetzak hartu ditu kaleak, Bizitza plataformak deituta egin den manifestazioan. "COVID pasearen inposaketari ez" lemak elkartu ditu.


2021-12-15 | ARGIA
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak 1.000 erreklamaziotik gora aurkeztu ditu

Abenduaren 14an Osasun Publikoaren Aldeko Herri Ekimenak 1.000 erreklamaziotik gora aurkeztu ditu Donostiako Eusko Jaurlaritzako Osasun sailean, bereziki Lehen Arreta eta oro har osasungintza publikoa indartzeko eta duintzeko eskatuz: "Osasun  sistema  publiko,... [+]


2021-12-13 | Gedar
“Osasun neurri bat baino gehiago, kontrol soziala handitzen duen neurri bat da Covid ziurtagiria”

Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, protestara jo dute ostiralean Bilbon, Donostian eta Gasteizen. 'Covid ziurtagiriari ez! Burgesiaren ofentsibari aurre egin' izan dute aldarri milatik gora lagunek.

 


Eguneraketa berriak daude