Prentsaurrekoa eskaini dute Donostiako Piratek eta Udalak. Herritarrei, beren aukera eta nahien arabera, ondorengo produktuak ekartzeko dei egin diete: arroza, oliba olioa, azukrea, kontserbak, esne hautsa, dilistak eta konpresak. Gaztetxoenek Saharako haurrentzat egindako marrazkiak ere jaso eta elikagaiekin batera bidaliko dituztela adierazi dute.
"Mundu hobe bat eraikitzeko ari gara lanean, eta horretarako, elkartasuna eta arreta merezi duten bi kontu jarri nahi ditugu mahai-gainean", esanez aurkeztu du ekimena Mireia Mochales Piraten bozeramaileak.
"Jatekorik ez duten pirata donostiarrak badira. Ekonomia alorrean dabiltzan eta besteen kontura aberastu nahi duten itsaslapurren eraso gupidagabeak zerikusi zuzena du", adierazi dute. Krisiaren bandera mastilean jarrita dabiltzala salatu eta auzolanean egoera horri eusteko lanean ari diren Elikagaien Bankuaren lana goraipatu nahi izan dute.
Agenda arazoengatik prentsaurrekoan izan ez badira ere, Elikagaien Bankuko Gipuzkoako presidente Javier Saenzek bere poza agertu du, batez ere ikusi dutelako "elkartasunaren gaia belaunaldi gazteek ere bere egin dutela". Horrez gain, adierazi du ez diotela hainbeste garrantzia ematen bilduko den produktu kopuruari, ekimena bere egiteari baizik.
Udalak zorionak eta eskerrak eman dizkie Piraten kolektiboko kideei, erakusteagatik Donostian "gauzak beste modu batera egitea posible dela". Azpiegitura-lanetan lagunduko dutela azaldu du Juan Carlos Izagirre alkateak.
Bestalde, Saharako errefuxiatuek bizi duten egoera salatu dute Piratek: "Euskal Herritik indarra bidali nahi diegu, beren herria berriz abordatzeko baldintzak eskuartzen laguntzeko". Espainiako Estatuaren eta Marokoren jarrera salatu dute, bere lurretatik deserriratu baitzituzten sahararrak.
"Jakin badakigu xamurtasunez beteriko laguntza bada ere, ez dela nahikoa izango. Itsaslapurrak indartsu baitabiltza oraindik. Izan bedi egoeraz kontziente izaten laguntzeko ekintza bat, baita egoera gordina izan arren, indarrak bildu eta aurrera jarraitzeko aukuilua ere", adierazi dute.
Alkateak aipamen berezia egin dio Saharari. Marokoren okupazioa salatu eta bere poza agertu du elkartasun ekimena abian jartzeagatik.