Elikagai ekoizpenaren erronka, gainditu beharreko proba

  • Amerika, Afrika edo Asiako beste herrialde batzuekin gertatzen den bezala, Venezuelako ekonomia dependientea izan da historikoki. Kolonialistek lur horiek inbaditu eta konkistatu zituzten baliabide naturalak ustiatzeko (zilarra, urrea…) eta, monokultiboa inposatuz, produktu zehatz batzuen ekoizpenarekin aberasteko (azukre-kanabera, kafea, tea, arroza, tabakoa…).

Nekazarien hilketagatik justizia eskatzeko protesta Caracasen, 2019ko abuztuan

2020ko urtarrilaren 14an - 10:27

Mendetan zehar luzatu zen ekonomiaren eredu horren inposizioak baldintzatu zuen guztiz herri horien ekonomia eta egitura soziala. Geroago, Erta eta Hegoamerikako herri gehienak kolonialismo europearretik EEBBetako “atzeko patioa” izatera pasatu ziren. Modu honetan, beren ekonomia konpainia yankien interesen menpe geratu zen neurri handi batean, bertoko herrien beharrak alboratuz eta ekonomia propioa dibersifikatzeko estrategiak saboteatuz edo, zuzenki, interbentzio eta kolpe militarren bidez eragotziz. Oraindik XXI. mendean herri hauen dependentzia argi ikus daiteke, beren ekonomia baliabide naturalen erauzketan eta lehen-gaien ekoizpenean eta esportazioan oinarrituta. Ebidentea bada ere, ezinbestekoa da elementu hau azpimarratzea, zeren eta sistemaren komunikabideetatik herri horietako egoeraz eta ekonomiaz ari direnean desitxuratze iraingarria egiten baitute, intentzio okerrez baita, maiz, ezjakintasun larderiatzailez ere. Ezin da alderatu Europako edo EEBBetako ekonomiaren dibertsifikazioa eta populazioaren kontsumo-maila beste kontinenteetako herri askok daukatenekin, eta era naturalean herri atzeratu eta trakets bezala irudikatu. Beste alderdi batzuk tartean badaude ere (Sobietar Batasunaren influentzia gutxitzeko Europan garatutako “ongi-izatearen gizartea” kasu), ustiatutako herriei lapurtutako plusbalia erraldoiari esker beren kontsumo maila handitu duten estatu kolonizatzaileen esplotatutako populazioak ezin dira alderatu herri horien populazio esplotatuekin. Garapen historiko ez-natural hau argi utzi behar da, gainontzeko analisietan eta azalpenetan sartu baino lehen.

Landetatik exodoak planifikaziorik gabeko auzoak zabaltzea eragin zuen. Petare udala.

Venezuelako kasuan badago beste faktore zehatz bat, bere azken hamarkadetako garapen ekonomikoa guztiz baldintzatu duena: petrolio-erreserba erraldoiak. 1920ko hamarkadatik aurrera, petrolioaren ustiaketa eta esportazioarekin dirutza hasi zen sartzen Venezuelan. XX. mendean zehar petrolio-industriaren kudeaketan Estatuak gero eta eskuhartze handiago izan badu ere, etekin gehienak elite baten eskuetan geratzen ziren. Edozein kasutan, diru-sarrerak hain handiak ziren (venezuela saudí terminoa erabiltzen hasi zen momentu batean) dirua populazio sektore zabal batera ere heltzen zela (bai soldataren bidez bai era ez-zuzenean, petrolioz ongarritutako ustelkeriaren bidez). Venezuelako ekonomia petrolioaren atzean lerrokatu zen guztiz. Horrek areagotu zuen erabat Venezuelako dependentzia, Estatu rentista bihurtuz. Kalkulatzen da 2010. hamarkadan diru sarreren % 95 petrolioari lotuta zegoela. Irudia sinplifikatuz, Venezuela petrolioa esportatzen zuen eta lortutako diruarekin dena inportatzen zuen kanpotik, dirudunen luxuzko produktu asko barne. Eskema horretan kaltetutako eremu garrantzitsuenetariko bat nekazaritza eta elikagaien-eraldatze industriarena izan zen. Elikagaiak ekoiztu ordez, inportatzen ziren, eta hamaika nekazarik atzean utzi zuten beren lanbidea, baita landak, jakintza eta nekazal-kultura ere. Nekazari horietako asko hiri handietara abiatu ziren lanaren bila (lan informaletan mugitzera kasu gehienetan) eta hirietako kanpoaldeko zonaldeetan pilatu ziren, hirigintza-planik gabe eraikitako auzoetan. Caracas inguratzen duten ranchito-z beteriko mendi-maldak fenomeno honen argazki ikusgarriena dira. Prozesu desordenatu honen aurrean Estatuak historikoki izandako utzikeriak arazoa hazten utzi zuen, lotutako fenomenoak areagotuz: bartertzea, familia-desegituraketa, deseskolatzea, delinkuentzia, indarkeria, droga-trafikoa… Errealitate horren gainean hasi behar izan zuen Chávez-ek bere proiektua eraikitzen; sistema kapitalistaren komunikabideetan sahiesten den elementu gakoa… Marjinazioak, “biharko egunera begira”-ko errealitateak, formazio politiko eta kontzientzia faltak eta jendartearen maila guztiak zeharkatzen dituen amarru-kulturak zaila jarri zioten Chávezi. Populazioa auzo osasungaitzetatik ateratzeko eta landeetara mugitzeko gobernuaren planek ez zuten emaitz handirik izan, nahiz eta lurrak, etxe berriak eta lurra lantzeko baliabideak (traktoreak barne) eman. Etxebizitza duinak bermatzeko ahalegin horren segidatzat har daiteke, neurri handi batean, 2011an Chávezek berak abian jarritako Gran misión vivienda Venezuela programa, Maduroren gobernuak jarraitu duena. 2019ko urrira arte, eta arazo ekonomikoak direla medio, 2.800.000 etxebizitza eman zaie baliabide gutxiko hainbeste familiari, etxebizitzaren prezioaren % 80 Estatuak ordainduta. Ez da erraza halako ekimenak Munduko beste leku batean topatzea. Edozein kasutan, aipatutako praktika okertuak eta kontrol eta zigor faltak ahalbidetu dute onuradun batzuek etxea jaso, ilegalki saldu eta aurreko etxebizitza ezegokira bueltatzea. Hori jendartean publikoa da, eta jende askok halako kasuren bat ezagutzen  du.

Arroza ekoizpena Páez udalaren ospitaleko eremuetan

Herriak benetako subirautza izateko elikatzeko autosufiziente izatearen beharrean arreta eta ahalegina jarri zituen Chávezek, baita herriari antolatzeko eta ekoizteko erraztasunak eta baliabideak emateko ere. Hala ere, ekonomia dibersifikatzeko, produktuen ekoizpena handitzeko eta elikagaien eraldatze-industria garatzeko ahalegina ikuspegi estrategiko batekin abiatuta bazegoen ere, aipatutako ohitura hondagarriekin topatu zen. Aurrerapen batzuk lortu arren, besteak beste kooperatiba batzuen bidez, egindako inbertsioak ez zuen izan bilatutako ondorioa. Zarrastelkeria, antolaketan ganora eskasa eta kontrol falta errotuegi daude eta, hein handi batean, aukera ederra galdu zen autosufizienteagoak izateko eta geroago etorriko zen eraso ekonomikoari egoera hobean erantzun ahal izateko. Chávez fisikoki desagertu ostean, Maduroren gobernuaren aurkako erasoa indartzean, populazio osoaren elikadura bermatzea benetako erronka bihurtu da. Gaur egun Venezuelan garatzen ari den borroka garrantzitsuenetariko eta gakoetako bat. Izan ere, 2016tik hona sekulako ahalegina egiten ari da, gobernutik komunetaraino. Apure Estatuan dagoen Páez udala, esfortzu honen adibide argia da. PSUVek alkatetza lortu zuenetik, mugimendu sozialetik heldutako alkate berriak erabili gabeko udal-lur guztiak era kolektiboan ereitea bultzatu zuen. Hiria zeharkatzean arto-landareak ikusgarriak dira leku ezberdinetan, eta ospitala inguratzen zuten lurguneak arroz-soroak dira orain. Hiriko paisaje bisualaren aldaketaz gain, harreman sozialetan eta herritarren parte-hartzean ere aldaketa garatzen ari dira.

Nazio mailan endemiko bihurtu den arazo bat lurraren jabetasunarena da. Chávezek erabili gabeko lurrak berrezkuratzeko neurri batzuk martxan jarri arren, ekoizteko baliagarriak diren lurren zati handia lur-jabe eta abeltzain handien eskuetan mantentzen da oraindik, nekazal-ekonomia baldintzatzeko ahalmen handiarekin. Beste aldean, kooperatibetan antolatu eta ondo doakien nekazariak egon badaude ere, faktore askorekin topo egin duten nekazari asko daude. Izan ere, lurraz gain, ezinbesteko beste elementu batzuk lortzeko zailtasun handiak daude, bai agortuta dauden lurretarako ongarriak, bai lurra lantzeko tresneria eta ordezko piezak, bai ekoiztutakoa merkaturatzeko baliabideak. Beharren artean haziak daude, nola ez. Nekazal-industriaren multinazionalen hegemoniaren menpean, haziak lortzeko enpresa handiei erosi behar zaizkie; garestiak diren eta uzta bakar baterako balio duten hazi transgenikoak, hain zuzen ere. Aipatutako ekonomiaren kanpoko dependentzia biderkatzen da sektore honetan. Horren aurrean, negozio hutsaren espiraletik at dauden hazi kriolloak berreskuratzen saiatzen ari dira nekazari kolektibo batzuk, baina erronka ez da erraza, behin hazi “moderno” hauen abantailen magalean erorita (ekoizpen handia, homogeneotasun komertziala, izurri eta gaixotasunei erresistentzia…).

Irango kolaborazioarekin ekoiztutako arto-irina egiteko planta, Barinas estatuan.

Nekazari askok daukaten beste kontrako faktore bat jazarpena da. Zonalde batzuetan lurrak berreskuratzeko borrokak sektore oligarkikoen indarkeria jasotzen jarraitzen du. 2000. urtetik hona 300 nekazari baino gehiago hil dituzte Venezuelan, horietako gehienak (ez badira guztiak) lur-jabe eta abeltzain handien sikarioen tiropean. Testuinguru horretan, aipatzekoa da 2019ko uztailaren 27an Brigadas de Autodefensa Hugo Chávez-en sei militanteen hilketa, Barinas Estatuaren Ticoporo herrian, non lurrarekiko gatazka eta eremua kontrolatzeko mugimendu chavista antolatuen eta trafikante eta paramilitarren arteko borroka nahasten diren. Hala ere, nekazari eta militante chavisten hilketen egile zuzenak eta agindua eman dutenak identifikatzeko eta zigortzeko emandako pausoak eta izandako emaitzak oso eskasak dira. Kasu gehienak argitu gabe geratzen dira. Nekazarien mugimendua nagusiki chavista bada ere, dagoen inpunitateak gobernuarekiko eta justizia sistemarekiko haserrea eta mesfidantza handitu baino ez du egiten.

Hau guztia gertatzen den aldi berean, nekazal-enpresa handiak erraztasun gehiago topatzen ari dira azken urte hauetan gobernuaren partetik. Elikagaien ekoizpena handitzea premiazkoa da eta behar horrek eraman du gobernua Venezuelako inportatzaile eta ekoizle pribatuei erraztasunak ematera, barne merkatua asetze aldera. Gobernua egoera kontraesankorrean dago, alde batetik populazioari oinarrizko produktuak ziurtatzeko premian eta, beste aldetik, sektore pribatuari lehentasuna emanez herri ekimen antolatuen aurretik (komunak batez ere). Egoera larrialdizkoa izan arre, Estatutik baliabide ekonomiko asko negozio pribatuetara bideratzen ari dira, burgesiaren familia batzuk indartuz (kasu batzuetan, gobernu egituretako kargu batzuekin harremanak dituztenak). Epe motzeko neurri hauek hartzen diren bitartean, ez dago bultzada nahikorik elikagaien hornidura Estatuaren enpresen edota kooperatiben bidez egiteko. Era berean, ez dira inondik ere nahikoak elikagaiak ekoizten dituzten komunen eskuetan jarritako baliabideak. Batzuek iniziatiba pribatuaren efizientzia argudio bezala erabili arren, gobernuaren sinesgarritasuna higatuta geratzen da lurrak lantzeko saiakeretan ari diren nekazari apal chavista askoren artean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Edmundo González Venezuelako “presidente legitimo” gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Europako Alderdi Popularrak ultrakontserbadoreekin eta eskuin muturrarekin landuriko ebazpenak aldeko 309 boto, kontrako 201 eta hamabi abstentzio jaso ditu. Ekaineko Europako hauteskundeez geroztik, lehen aldia da eskuina eta eskuin muturra baturik agertzen direla Estrasburgon.


2024-09-16 | ARGIA
Bi euskal herritar atxilo Venezuelan, Maduroren aurkako “ekintza terroristak” egotzita

Espainiako Gobernuak gezurtatu egin du Espainiako Inteligentzia Zerbitzuekin zerikusirik zutenik. Venezuelaren eta Kolonbiaren arteko mugan atxiki zituzten, baita atzerritar gehiago ere. Haien familiek esan dute turismoa egiten ari zirela.


EAJk PP, Vox eta UPNrekin bozkatu du Espainiak Edmundo González Venezuelako presidentetzat onartu dezan

PP, Vox, EAJ, UPN eta Coalición Canariako ordezkarien 177 aldeko botorekin onartu du ebazpena Espainiako Kongresuak, gobernuari eskatzen diona oposizioko buru Edmundo González presidente gisa onartu dezala. EAJk gobernua sustengatzen duen gehiengoarekin apurtu du... [+]


Espainiara ihes egin du Venezuelako oposizioko buru Gonzálezek, eta gobernuak asiloa emango dio

Igandean heldu da Edmundo González Urrutia Madrilera, Espainiako Armadako hegazkin batean. Venezuelako Gobernuak adierazi du gertatua “bi gobernuen arteko akordioaren” ondorioa dela. Espainiako Gobernuak azpimarratu du Gonzálezek egin duela asilo... [+]


2024-08-08 | ARGIA
Venezuelako Askapenaren brigada
“Herriak eta gobernuak ez dute atzerapausorik onartuko”

Venezuelan dauden Askapena talde internazionalistaren brigadistekin hitz egin du ARGIAk, hauteskundeen osteko egoeraz eta etorkizunaz.


Venezuelako oposizioak dei egin die poliziei eta militarrei gobernuaren kontra egitera

“Herriaren eta beren familien alde” jartzeko eskatu diete Edmundo Gonzálezek eta María Corina Machadok adierazpen bateratu baten bitartez. Maduroren gobernuak erantzun egin die, eta erabaki dute dokumentuaren sinatzaile biei “ikerketa penala... [+]


Nicolás Madurok irabazi ditu Venezuelako hauteskundeak

Maduroren hautagaitzak botoen %51,2 eskuratu du, eta %44,2 oposizioko hautagai nagusi Edmundo Gonzálezek, Venezuelako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak emandako datuen arabera. Oposizioak iruzurra salatu du, eta chavismoak emaitzak errespetatzera deitu du. Madurok jarraian... [+]


Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
“Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean”

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
“Ez dugu irla bat izan nahi”

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


2022-05-05 | Gedar
Gose greba bertan behera utzi behar izan du Asier Guridi iheslari politikoak

Asteazkena zuen baraualdiaren 36. eguna, baina azaldu duenez, erietxean artatu behar izan dute. Gose greba eten arren, bere nortasun juridikoa lortzeko borrokan jarraituko duela dio.


2022-04-20 | ARGIA
Asier Guridik 22 egun daramatza gose greban, nortasun juridikoa eskatzeko

Martxoaren 29an abiatu zuen gose greba Asier Guridi Zaloña errefuxiatu politikoak Caracaseko (Venezuela) Espainiako Kontsulatuaren aurrean, nortasun juridikoa eskatzeko. Espainiako Estatuak ez dio nortasuna aitortu eta oinarrizko eskubideetara sarbidea murriztua dauka... [+]


Eguneraketa berriak daude