Martxoan Donostiako Udalak beste hirigintza hitzarmen bat sinatu zuen Sociedad Vascongada de Publicaciones SA enpresarekin, eta horren bidez, Igaran duten lursailean 250 etxebizitza eraikiko dituzte. Horietatik 100 etxebizitza publikoak izango dira –kopuru osoaren %40a–. “Jarduera honek aukera ematen du etxebizitza babestuen bizitegi-eskaintza handitzeko, eta hornidura publikoak handitu eta hobetzeko. Ibaeta auzoaren gainerako zatian integratutako hirigintza garapena da, eta bizitegi inguruneari jarraipena ematen dio kalitateko espazio publikoekin, eremu horretan lehendik daudenak osatzeko”, azaldu zuen Eneko Goia alkateak.
Hirigintza proiektuari Izadi Enea izena jarri diote, eta Amenabar eraikuntza enpresa arduratuko da eraikitzeaz. Udalak eta enpresak sinatu duten hitzarmenak 21.600 metro karratuko hirigintza eraikigarritasuna proposatzen du. Horietatik, 21.000 metro karratu bizitegi erabilerarako izango dira (12.600 sustapen libreko etxebizitzarako, 4.200 babes sozialeko etxebizitzarako eta 4.200 etxebizitza tasaturako), eta 600 metro karratu merkataritza erabilerarako.
Plaza handi bat sortuko da erdian, hegoaldera irekitako berdeguneekin, etxebizitzak iparraldera eta mendebaldera banatuz, eta ipar-mendebaldeko izkina dorre baten bidez okupatuko da. Iparraldeko beheko solairuak eta dorrea tokiko eta merkataritzako ekipamenduetarako izango dira, eta gainerako espazioa gune librerako izango da.
2022ko apirilaren 28ra arte ahalko du egunkariak orain arteko egoitza erabili.
*ARGIAren eguneraketa
Donostiako EH Bilduk salatu du "etxebizitzaren arazoa izugarria" izanik, babes ofizialeko etxebizitzen %50 baino gutxiago duten proiektuak ez onartzeko. Eta proiektu honek ez duenez baldintza hori betetzen, horregatik direla hain "zifra handiak".
Igarako birkalifikazio urbanistikoak, DV eta Udal Gobernuaren artean hitzartuak, badu kopurua: DVk 18,5 milioi eramango ditu. Kopuru handi horretara iritsi ahal izateko, babes ofizialeko etxebizitzen gutxieneko legezko baldintzak betetzera mugatu dira, besterik ez. https://t.co/5YglrmOw3y
— EHBildu Donostia (@HiriBizia) June 29, 2021