Ekologia politikoaz


2023ko azaroaren 23an - 10:30

2024ko udaberria. Hauteskunde eguna. Etxeko ohitura diren siglen papera hartu eta gutun-azalean sartu dut. Igandea izan arren, hara abiatu naiz, eguneroko lantokira, irakasle jarduten dudan institutura. Oraingoan eguneroko ikasle mordoa topatu beharrean, jende-multzo bitxia besterik ez dut topatu, gure seme-alaben eskolekin, eta era berean, institutu publikoarekin, inolako erlaziorik ez duen jendea, alegia. Tartean, ikasleren baten gurasoren bat topatu dut eskaileretan behera, baina gehiengoa ez, kalean gurutzatzeko moduko jendea da, baina testuinguru horretan lekuz kanpo dagoena. Euskararen inguruko kanpainez beteriko kartel eta gure ikasleek egindako mural, mapa edo irudi koloretsuen artean, mundu guztia arrotza da ene instian.

Ikasgelan sartu naiz, giro bitxia, egunerokoarekin zerikusirik ez duena. Jende serioa, grisa. Euskara gutxi entzuten da gaurkoan, eta denak oso antzekoak dira, astegunetako kolore eta jatorri aniztasunaren falta sumatzen dut

Ikasgelan sartu naiz, giro bitxia, egunerokoarekin zerikusirik ez duena. Jende serioa, grisa. Euskara gutxi entzuten da gaurkoan, eta denak oso antzekoak dira, astegunetako kolore eta jatorri aniztasunaren falta sumatzen dut. Bakoitzak soinean bere alderdiaren ikurra darama, hori da kolorea duen gauza bakarra. Ilaran jarri naiz, eta momentu horretantxe bihozkada izan dut. Zertan nabil? Zeintzuk dira hor dauden horiek? Zer ikusirik dute horiek guztiek nire egunerokotasunarekin eta ikas-eremuarekin? Zertan nabil, bada: batzuek, eskuartean daramaten arrosa hori, arrosario batekin ordezkatu badute; Legezarra defendatzen dutenek, Hezkuntza Lege berrian patrikarako interesa besterik ikusten ez badute; zirkuluetan zebiltzanek oraindik ere biribilaren irteera eta iparra topatu ez badute; gorrietan gorrienek, kolore bereko moketaren bidearen hautua egin badute… zertan nabil?

Orduantxe urrats bat atzera egin eta eskuan neukan gutun-azala edukiontzi urdinera jaurti dut. Gaur egingo dudan aukeraketa onena izango den susmoa daukat. Pentsakor, etxerako bidea hartu dut, instian sentitutakoa irentsi ezinik.

Eguerdi aldera haurrekin kalera atera eta eskolako guraso batzuekin geratu gara. Goizekoa amesgaiztoa izan ote da? Auzoko erakusleiho batetik pasatu eta istant horretan ohartu naiz gaur gertatutako guztiaz. Erakusleihoko ispiluan ikusten dudan tipo ezagun horrek goizean jarri duen Euskal Eskola Publikoaz Harro kamiseta arrosa darama soinean.

Eneko Sierra Ortiz de Urbina, institutuko irakaslea eta gurasoa

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Etorkizunean ere mendien alde

Orain dela hogei bat urte izandako mehatxuak datoz Gipuzkoako mendietara berriro ere, eta ez nolanahiko neurrian, gainera; tamaina eta kantitate handiagoan baizik. Proiektuok –bakarren bat jadanik eraikia; Zubietako erraustegia, kasu– landa-eremuan edota mendian dute... [+]


Lokutorio greba Zaballan

Espainiako Estatuko espetxeetatik Euskal Herriratu gintuztenetik Zaballako espetxean komunikazioaren alorrean gabezia ugari topatu ditugu. Aurrez aurreko gutxiago eta laburragoak dauzkagu, lokutorioko bisitak baldintza tekniko kaxkarretan gauzatu behar izan ditugu eta telefono... [+]


Eguneraketa berriak daude