Udalak eta Ekhilur kooperatibak sustatzen dute 'ekhi moneta' sozialaren ekimena, eta Berriak Elkartearekin elkarlanean jarriko da martxan.
Irailaren 3an aurkeztu zuten Biterin, laster Hernanin abian jarriko den ekhi moneta soziala. Udal ordezkariak, Ekhilur kooperatibako ordezkariak eta Berriak merkatarien eta ostalarien elkarteko kideak izan ziren bertan, eta proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten. Xabier Lertxundi alkateak esan zuen sistema honen helburua dela «hernaniarrek gastatzen duten dirua herrian gelditzea eta herriko ekonomia indartzea». Hain justu, jomuga dute komunitatea indartzea, jendearen erosketa ohiturak aldatzea eta diruaren gaineko kontrola berreskuratzea.
Xede hori edukita, Ekhilur da ordaintzeko sistema digital bat, eta ez dago txanpon fisikorik. Hernaniko herritarrek, komertzioek eta enpresa guztiek parte har dezakete. «Sarea zenbat eta zabalagoa izan, indartsuagoa izango da sistema eta tokiko ekonomiarentzat onura ere handiagoa», nabarmendu zuen Lertxundik.
Hasieran, Udalak sustatuko du sistema horren zabalpena. Hori dela eta, Udalak konpromisoa hartu du erakundeak egiten dituen erosketa batzuk ekhilur sistemaren bidez egiteko. Horrez gain, merkataritza sustatze aldera, udal programak eta kanpainak ere ekhia sustatzeko baliatuko ditu, hala nola, noizean behin ateratzen dituen erosketa-bonuen zati bat ekhitan izango da.
Zein da funtzionamendua?
Ekhilur sisteman parte hartzeko, Ekhilur kooperatibako bazkide egitea da lehenengo urratsa. 50 euroko ekarpena egin behar da, baina bazkide izateari utziz gero, dirua itzuliko da. Ondoren, clickoin aplikazioa jaitsi eta diru errekarga egin behar da, bizum edo antzeko sistemetan bezalaxe. Gainera, dendetan ere egin daiteke errekarga. Horrekin batera, QR sistema duen txartel fisikoa ere jarriko dute eskuragai, bizum edo tankerako sistema hori erabili nahi ez dutenentzat.
Sistemak hainbat abantaila dituela azpimarratu zuten Ekhilurrekoek, «izan ere, herriko ekonomia sustatzeaz gain, komertzio batean ordainketa bat egitean, deskontu automatikoa jasoko dute erabiltzaileek. Gero, deskontu hori kontuan pilatzen da eta sareko beste edozein dendetan erabili ahal izango da».
Kontuak mantentze kostua du: urteko 15 euro gehi BEZ herritarrentzat eta 24 euro gehi BEZ, dendarientzat. Dena dela, urrian promozio kanpaina abiatuko du Udalak, eta lehenengo 800 herritarrentzat eta 80 dendentzat lehenengo urteko mantentze kostua doakoa izango da.
Erronka, sarea handitzea
Bizkaian, Bilbon, udara aurretik jarri zuten martxan funtzionamendu hori, eta komertzio sarean 30 denda inguru daudela jakinarazi zuen Ekhilur kooperatibako Alex Lopezek. «Gipuzkoan, Hernani da proiektu pilotua. Gure asmoa da, etorkizunean, Hego Euskal Herri osora zabaltzea. Modu horretan, herri bakoitzak bere barne sarea edukitzeaz gain, sare handiago bat sortuko genuke, batez ere enpresek eta dendek sare zabalago horren barruan erosi ahal izateko», zehaztu zuen. «Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen euskoaren sustatzaileekin ere hitz egiten ari gara etorkizunean bien arteko harremana nola eratu dezakegun aztertzeko».
Aplikazioaren bidez, bazkide diren saltokietan Ekhi txanpon elektronikoa erabiltzen hasiko dira. Txanponak ondo funtzionatzen duela ziurtatu nahi dute lehenengo, eta hilabete inguruko proba egingo dute Bilbo Zaharreko eta inguruko hamabi dendatan.
Bilboko Konpartsok Ekhi bertako txanponaren ekimenarekin bat egin dugu, 2014 urteko Aste Nagusitik modu progresiboan txanpon hau ordainketa-modu bezala onartuz.