Ekainaren 20an Palestinako haurren eta nerabeen aldeko ekimen bateratua ikastetxeetan


2024ko ekainaren 28an - 10:18

Euskal Herriko gurasoak gara, gure alaba-semeak; Maddi, Izei, Dani, Alaitz, Aida ala Beñat deitzen dira, baina 5 urteko Hatem Salem, 14 urteko Awad Muhammad, 6 urteko Zakaria Magdy ala 7 urteko Nour Ahmed izan zitezkeen. Denak Israelek Gazan erailak.

Ezin dugu ezta imajinatu ere egin zer izan behar duen gehien maite ditugunak bonben azpian horrela galtzea, aurrera egiteko indar barik utzi behar zaitu. Hala ere, geratzen direnengatik eta bizitza beragatik aurrera egin behar dute palestinarrek. Guk, distantziatik bada ere, haien guztien mina gure barrenetan sentitzen dugu.

Hori aldarrikatzen gabiltza Euskal Herriko familia asko “Gure haurrak ere badira” ekimenaren bitartez. “Egunero Palestinan erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabak ere badira. Palestinako gurasoak gure neba-arrebak bezala sentitzen ditugu eta haien mina gure bihotz barrenetan sentitzen dugu”. Halaxe adierazi genuen pasa den ekainaren 16ko agerraldian.

Egunero Palestinan erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabak ere badira. Palestinako gurasoak gure neba-arrebak bezala sentitzen ditugu eta haien mina gure bihotz barrenetan sentitzen dugu

EHIGE, Ikastolen Elkartea, ELA, LAB, STEILAS, CCOO, UGT, CNT eta ESK sindikatuen babesarekin eta jada “Gure haurrak ere badira” manifestuari atxikimendua adierazi dioten 170 guraso elkarte eta ikastoletako komunitate baino gehiagoren babesa eta legitimitatearekin egin genuen.

Ekainaren 20rako egin genuen deialdian Euskal Herriko 66 ikastetxe baino gehiagoko elkartasun argazkiak jaso genituen. Eskerrik beroenak helarazi nahi dizkizuegu parte hartu duzuen guztioi. Oraindik manifestua sinatu ez duten guraso elkarte edo ikastetxeei helbide honen bidez atxikimendua emateko deia egiten diegu.

Ekainaren 20ko irudiak biltzen dituen album-bideo bat osatu dugu eta Youtuben dago ikusgai. Baita gure X sarean osatutako harian ere.

Palestinako haurrek edo haien gertukoek bideoa ikusteko aukera izango balute, agian, aurrera egiteko indar apur bat emango diegu. Bakarrik ez daudela senti dezakete eta haien mina, zati oso txiki-txiki-txikian bada ere, partekatua dela senti dezakete. Genozidioa bukatzen lagunduko dugula eta sionismoa gainditzeko gure indarrak gehituko ditugula jakingo lukete.

Guk, ikasturtea bukatuta, kaleetan gure elkartasun keinuekin Palestinak bizi duen genozidioa salatzen jarraituko dugu eta irailean iniziatiba berriekin itzuliko gara. Eutsi, Palestina!

Cris Cordeiro Lopez, "Gure haurrak ere badira" ekimeneko kidea

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Eguneraketa berriak daude