Festibaleko aurtengo kartela talde engaiatu eta parekideez osatuta dago. Lan itzela egin dutela adierazi dute antolatzaileek emaitza ikusgarri hau lortzeko, bereziki nazioartetik datozen taldeak lortzeko. Euskal ikuslegoarentzat ezezagunak izan daitezkeelakoan, hamar talderen zerrenda egin dugu, datozen hiru egunetan hobe ezagutu nahi dituenarentzat.
Wucan (20:10ean)
Iaz Kadavar taldea ezagutu zutenek badute Alemaniako stonerraren beste eredu bat Wucanekin. Psikodelia une sakonekin, trantze iraunkorrak eta riff indartsuak nahasten dituen banda interesgarria. Vikarma (2014) eta Sow The Wind (2015) diskoak dira oraingoz entzun ditzakegun beraien lanak.
Nova Twins (22:40ean)
Zalantzarik gabe festibaleko talde interesgarrienetakoa. Baxu linea zuzen eta distortsionatuen gainean eraikiak dira rap melodia erasokorrak. Londresko underground eszena kolpatu dute eta orain hasi dute atzerrira jauzia. Bere soinuari eutsi dio irrati formulatik ihes egiten duen taldeak, eta Royal Blood bezalako taldeen groovea oroitarazten badu ere, kasu egin, kontrako norabidean doaz eta.
Smokey Joe & The Kid (23:50ean)
Bordeleko bi beatmaker-en arteko batura da Smokey Jon & The Kid taldea. Estatu Batuetako hip hop musika eta baxu soinuekiko pasioak elkartu zituen bi artistak. Scratch-ez egindako bateria soloak eta MPC moduko perkusioak eta melodiak jotzen dituzte zuzenean. Hip hop estiloan kokatzen da beraz talde hau, beti ere AEBetako tradiziozko musikatik inspiratuz.
Kumbia Queers (18:00etan)
Argentinatik datorren erritmo latino eta jarrera punkeko talde erreferente bat, beraien ikur bihurtu dituzte konpromiso feminista eta antikartzelarioa umorearekin nahastea. Lau disko eta zuzeneko leherkariak dira beraien ibilbidearen emaitza: Kumbia nena! (2007); La gran estafa del tropipunk (2010); Pecados Tropicales (2012); Canta y no llores (2015).
Akua Naru (21:00etan)
Akua Naru-k hip hop indartsu batekin afrikar erritmoak, jazza eta soula nahasten ditu. AEBetakoa bada ere, Alemanian bizi da eta bertatik ekarri ditu bere azken lanak. Egoera sozial urbanoa, emakume beltzen egoera eta ideia iraultzaileak dira bere testuen esentzia. Hiru albumetan jasotzen da bere poesia beltza: The Journey Aflame (2011); The Live & Aflame Sessions (2012); The Miner's Canary (2015). Aurtengo EHZko talde garrantzitsuena?
Marta Ren & The Groovelvets (21:20ean)
2013an 60ko hamarkadako soul/funk doinuak jorratzen dituen The Groovelvets taldearekin batu zen Marta Ren oportoarra eta geroztik hainbat lan atera dituzte. Horietariko azkena Stop look listen da, 2016an ekoiztua. Ahots ikaragarriaz gain, erritmo dantzagarrien bildumarekin osatutako zuzenekoa eskainiko digute Amy Winehousen estiloan; festibaleko beste harribitxi bat.
Gablé (22:20ean)
Sekuentziadoreak eta erritmo zoroak dira taldearen oinarri. Frantziako abangoardia esperimental gisa definitzen dituzte, abangoardiak modan ez dauden garaietan. Perkusio deseraikiak, haur jostailuak eta post rocka nahasten dituztela esatearekin, banda surrealista baten aurrean gaudela baieztatzea baina ez zaigu geratzen.
Oum (19:20ean)
Oum Marokiar kulturalaren enbaxadorea kontsideratu daiteke gaur egun. 17 urterekin bere lehen diskoa kaleratu zuen gospel doinuetatik abiatuta. Lau album geroago, Ipar Afrikako hassani eta gnaoui kulturak ezagutzeko aukera ezin hobea da.
Las taradas (20:30ean)
Argentinatik dator emakumez osatutako orkestra hau. 40ko eta 50eko hamarkadako kantuak berriz hartu eta berezitasun izpi bat gehituz, bolero, swing, cha-cha-cha edo cumbia kolonbiarraz inspiratzen dira.
La cafetera roja (21:40ean)
2008an musikari frantses, espainiar eta austriarrek elkar ezagutu zuten Bartzelonan La Cafetera Roja sortuz. Zuzenean ikusteko taldea da, bitaminaz betea, eskuzabala eta taldearen irekiduraren erakusle, haien kontzertuak kultura eta soinu topaketa indartsua eskainiko dizkigu. Bartzelonako karriketan bezala, musikariek beraien mundura ekarriko zaituzte etengabeko sorpresak eskainiz rock/hip-hop musikarekin.
Azken urteetan bezala, belaunaldi eta gustu guztiei zuzendutako kalitatezko eskaintza oparoa proposatzeko xedea adierazi du EHZko antolakuntzak.
ARGIA festibalaren babesle eta laguntzaile da eta han izango gara: BTN bideopodcastaren atal berezia grabatuko dugu larunbat goizean,... [+]
Nola ezar euskara, gal-bidean, ahal-bidean eta zabal-bidean? Galdera horri ihardukitzen entseatuko da Mattin Irigoien Zabalik elkarteko kidea, ostegun honetan eskainiko duen mintzaldian.
Hitzaldi eta mahai inguruen aurrerapena ere egin dute: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien mobilizazioa edota festibal eta musikagintza ereduaren eztabaida, besteren artean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala, lehen aldiz... [+]
Auhen, Janus Lester eta Old School Funky Family taldeak ere izango dira festibalean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean egingo dute jaialdia, Arberatzen. Hiru egunetarako bonu berriak jarri dituzte salgai.
Lehen aldiz festibala Amikuzeko Arberatze herrian ospatuko da. Ekainaren 28, 29 eta 30an izango da.
12.000 pertsona bildu ditu festibalak Irisarriko plazan eta belardian. Publikoaz gain, 500 laguntzaileen lana azpimarratu dute antolatzaileek.
27. edizioa ostiraletik igandera iraganen da Irisarrin. 2019az geroztik ziren bertan, baina garaia etorri zaie mugitzeko: "Ez dakigu oraino zein izanen den gure hurrengo geltokia. Baina segur gira EHZak segituko duela".