EHU genozidioaren aurrean


2024ko ekainaren 21an - 09:22
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Jakina da Beasaingo CAF enpresa Jerusalem Ekialdeko legez kanpoko kokalekuak hiriaren erdigunearekin lotzen dituen tranbia eraikitzen dabilela. HP-k garatzen du Israelgo Defentsa Indarrek checkpoint-etan palestinarren mugimenduak kontrolatzeko darabiltzaten teknologia eta AXA aseguru-etxeak Palestinako lurraldeen kolonizazioan parte hartzen duten armamentu-, banku- eta azpiegitura-enpresetan inbertitzen du.

EHUk badu lotura esturik zein irabazi handiko kontraturik enpresa horiekin. Ingeniaritza Eskolak enpresa-gela bat du CAFen. EHUn erabiltzen diren gailu gehienak HP enpresarenak dira eta AXA-rekin egiten dira egonaldien bidaia-aseguruak. Hori gutxi balitz bezala, unibertsitate publikoak 4,2 milioi euro inguru jasoko ditu Europako funts publikoetatik, zer eta Israelgo hainbat erakundek parte hartzen duten bederatzi ikerketa-proiekturengatik. Tartean, Technion ikerketa-zentroa: palestinarren etxeak eraisteko erabiltzen diren bulldozerrak garatu dituena.

Orobat, unibertsitateak zeharo daude Israelgo erregimenarekin osatutako konplizitate sareetan. Esaterako, Horizon Europe programaren bidez industria israeldarrera 126 milioi euroko funtsak bideratu dira. Ildo horretatik, argi dago EHU ere, beste behin, urrun dagoela bere komunitatearen gehiengoaren ezinegonetik.

Israel teknologia aurreratuena garatzen ari da garbiketa etnikoko eta genozidioko praktika berriak asmatzeko. Jarri du dagoeneko, Palestina eta Libanon; eta beste lurraldeetara zabaltzeko mehatxua ere egin du. “Genozidioaren ekologia” edo “erreprodukzio-genozidioa” ari da egiten, Talde Feminista Palestinarraren hitzetan. Alegia, biziraupenerako eta gizarte-birprodukziorako baliabide eta azpiegiturak masiboki eta estrategikoki suntsitzea.

Gazako epistemizidioa eta akademizidioa ere aurrekaririk gabeko eskalan areagotu dira. Suntsitu dira hezkuntza-sarea, unibertsitateak eta ezagutza-sistemak. Israelek erakutsi du zein den bere ideala: gizarte militarizatua, arraza-bereizketa esplizitu eta planteamendu guztiz supremazistetan oinarritua.

Asmo-adierazpen hutsez harago, genozidioaren legitimazio eta babes-sarea aktiboki hausteko exijitzen dugu. Horretarako, batzorde bat sortzeko eskatzen dugu, jarraitu beharreko estrategiak eta dimentsioak aztertzeko

High-tech genozidio hori beren burua demokratikotzat duten estatu askoren konplizitate politiko, akademiko eta enpresarialak egiten du posible. Egoera lazgarri horren aurrean eta gobernuek egin ezean, herritarroi dagokigu presionatzea. Hala, ikasle, irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileok Palestina babesteko konpromiso irmoa eskatu diogu EHUri: Israelgo unibertsitateez gain, genozidioaren konplize diren erakunde eta enpresekin edonolako harremanak haustea. Horren harira, EHUko Gobernu Kontseiluak Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean onartu zuen 2024ko apirilaren 24an. Sarreran aipaturiko enpresekiko harremanak, ordea, berdin dirau. Hala ere, artikulu hau idazten ari ginen bitartean, sindikatuek, Gipuzkoako BDZ mugimenduak zein EHU Palestinak berak egindako salaketa eta presioek Gipuzkoako Campusak CAFekin sinatzeko zuen beste akordio bat geldiarazi dute.

Ildo horretatik, asmo-adierazpen hutsez harago, genozidioaren legitimazio eta babes-sarea aktiboki hausteko exijitzen dugu. Horretarako, batzorde bat sortzeko eskatzen dugu, jarraitu beharreko estrategiak eta dimentsioak aztertzeko. Batzorde ireki, publiko eta gardena behar du izan, eraginkorra eta baliabidez hornitua. Lehen egitekoa litzateke arestian aipatu enpresa eta erakundeekin haustura martxan jartzea. Ondoren, unibertsitateak apartheidaren, kolonizazioaren eta genozidioaren konplize diren beste erakundeekin dituen harremanak monitorizatu eta hausteko prozedurak martxan jarriko lituzke. Halaber, batzorde egokia izan liteke errefuxiatuak hartzeko programak edota unibertsitateak berreraikuntza Palestinako interesetara erantzuten dietela ziurtatzeko.

Unibertsitatea ekintza-gaitasun handiko erakundea da. Unibertsitatea bera horren jakitun da, baina ez dago beti gaitasun hori erabiltzeko prest. Batzorde bat eratzea aurrerapauso bat liteke Mendebaldeko gizarteetako lotura kolonialak eta militarrak gainbegiratzeko eta beste norabide bat emateko. Noski, unibertsitatea ez da hori egin beharko lukeen erakunde bakarra. Baina bertan eragin nahi dugu, kritika eta gizarte-konpromisoa bere egiten dituelako eta bertara ikasi, irakatsi, ikertu eta pentsatzera goazelako.

EHU Palestina

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irakurleen gutunak
Bilbao BBK Live-k ‘life’-a xurgatzen dit!

Badator uda, eta horrekin batera, herri, auzo eta hirietako jai herrikoiak. Jaiak beti izan dira aldarrikapen sozial eta politikoen, auzokideen arteko harremanen eta euforia herrikoiaren aterpe. Gure kaleak hartzen dituzte, eta egun batzuez autogestioaren, desberdinen arteko... [+]


Eguzkiak etxebizitza erre du

Turistek neurrigabeko prezioak dituzten apartamentu eta hotelak bete dituzte. Eta zu gurasoen etxean, etsita, konpainia handiek eta espekulatzaileek alokairua puzten duten bitartean.


2024-06-27 | Jauzi Ekosoziala
Zenbat dira gehiegi eta nahikoa?

Zeintzuk dira gure benetako beharrizanak ondo bizitzeko? Zer da ondo bizitzea? Galdera hauei erantzutea funtsezkoa da gehiegikeriaren gizartean, are gehiago larrialdi klimatiko, ekologiko eta zibilizazio krisiaren garaiotan.


Eguneraketa berriak daude