Rosi Zarra donostiarra 1995eko ekainaren 30ean hil zen, 58 urterekin, Ertzaintzaren gomazko pilota batek sabelean jo eta zortzi egunera. Amara Berriko Bakearen Usoaren aurrean zauritu zuten, protesta batean istiluak sortu zirenean. Ertzaintzak ikerketa bat abiatu zuen Zarraren familiak salaketa jarri ondoren. Auzitegiko medikuek arrazoi naturalengatik zendu zela ondorioztatu zuten. Aldiz, Zarraren nefrologoak adierazi zuen pilotakadak eragindako infekzioarengatik hil zela. Epaileak soilik bertsio ofiziala hartu zuen aintzat, eta auzia artxibatu zuen.
Familiak ez du ahaztu gertaturikoa, eta egia, justizia eta erreparazioa da eskatzen dutena. Rosi Zarraren sendiak argi dauka Ertzaintzaren pilotakadaren ondorioz hil zela, eta ez berezko osasun arazoengatik. Hilaren 30ean 25 urte beteko dira Zarra zendu zenetik, eta Irutxuloko Hitza Xabier Irazusta (Erdialdea, 1937) alargunarekin eta Maider Irazusta (Amara Berri, 1973) alaba gazteenarekin elkartu da urteurrenaren atarian.
Rosa zen bere izena, baina Rosi deitzen zioten familian eta lagunartean. Parte Zaharrean jaio bazen ere, Xabierrekin ezkondu eta Amara Berrira joan ziren bizitzera. Sei seme-alaba izan zituzten: Idoia, Amaia, Xabier, Gorka, Asier eta Maider. «Oso alaia eta irekia zen, nahiz eta asko sufritu gaixotasunarengatik. Beti kantari zebilen. Baina, batez ere, oso pertsona indartsua zen», azaldu du Maiderrek. Haurra zenetik zuen giltzurrunetako gaixotasuna, eta transplantea egin ziotenetik bizitza zeharo aldatu zitzaiola dio. «Bizitzaz gozatzen ari zen dena gertatu zenean».
Pilotakadaren eguna
1995eko ekainaren 22an gertatu zenaren lekuko zuzenak izan ziren Xabier eta Maider. Euskal Herriko giro politiko eta soziala nahasia zen. Bezperan, Lasa eta Zabalaren gorpuak Tolosako hilerrira eraman zituzten, eta istilu larriak gertatu ziren Ertzaintzarekin. Horren aurka protesta egiteko Euskal Herria Askatu plataformak elkarretaratzera deitu zuen Amara Berriko Bakearen Usoaren inguruan. Toki berean, ostegunero, Alditrans enpresako langileak elkartzen ziren ETAk bahituriko Jose Maria Aldaia enpresaburuaren askatasuna eskatzeko.
«Emazteak eta biok asmoa genuen Tolosako hilerrira joateko, baina azkenean ez joatea erabaki genuen. Hurrengo egunean elkarretaratze batera deitu zuten Anoetako estadioaren aurrean, Tolosan gertaturikoa salatzeko. Ni bakarrik joan nintzen elkarretaratzera, eta Rosi etxean geratu zen. Ondoren, nire bila etorri zen Maiderrekin batera», gogoratu du Xabierrek. Garaiko prentsan argitaratu zen Zarrak elkarretaratzean parte hartu zuela, baina ez zen horrela izan. «Egun hartan kafetxo bat hartzeko geratu nintzen amarekin. Ondoren esan nion ea zergatik ez ginen aitaren bila joaten, eta horrela elkartu ginen hiruok han», azpimarratu du Maiderrek.
Elkarretaratzeak bukatu zirenean sortu ziren istiluak bi mobilizazioen arteko pertsonen artean. «Hasieran ez zegoen tentsio handirik, baina pixkanaka areagotuz joan zen. Ertzaintza agertu zen, eta jendea korrika hasi zen Madril hiribiderantz, Anoeta estadiorantz, Topoko sarrerarantz … Pixka bat beldurtu ginen istiluak ikusita», dio Xabierrek. «Istiluak Anoeta estadioaren inguruan gertatu ziren. Batzuek Zorroagan gora ere egin zuten ihesi. Anoetan zeuden eskailera batzuetan babestu ginen, eta handik ikusi genuen ertzainek nola kolpatzen zituzten Topotik ateratzen ari ziren pertsona guztiak. Gero, estadio parean dagoen etxebizitza dorrearen arkupeetara joan ginen», gaineratu du Maiderrek.
«Arkupeetan 30 bat lagun elkartu ginen, eta lasai geunden. Istiluak beste leku batzuetan zeuden. Izkina batean nengoen ni, eta erdirago zeuden emaztea eta alaba. Halako batean bi ertzain agertu ziren, baina ez ziren beltzak, alkandora urdinekoak ziren. Espaloitik zortzi edo bederatzi metrora zeuden, eta bat-batean tiro hotsa entzun nuen. Orduan Rosi lurrean ikusi nuen», kontatu du Xabierrek. «Amarengana korrika joan nintzen. Segituan anbulantziara eraman zuten. Ez dakit ertzainei zerbait esan nien edo ez, baina niregana etorri ziren. Lurrean nengoen, garrasika, pentsatzen nuelako jo egingo nindutela», dio Maiderrek.
Gomazko pilota jaurti izana leporatu zien Xabierrek ertzainei. Telebista batek grabatu zituen irudi horiek, baita Zarra anbulantziara eraman zuten momentua ere: «Ertzainak pilota jaurtitzeko asmoz agertu ziren, eta, zoritxarrez, emaztea jo zuten. Beste bati tokatu ahal zitzaion. Ertzainekin eztabaida izan nuen, eta nirekin anbulantziara etortzeko esan nien. Izan ere, pilotakadaren kolpea giltzurrunetako transplantea zuen tokian jaso zuen», salatu du Xabierrek. Gurutze Gorriak Arantzazuko Ama ospitalera eraman zuen Zarra. «Gure kezka nagusia giltzurruna zen. Amak etengabe errepikatzen zuen, ‘Giltzurruna, giltzurruna’. Mediku azterketak egin zizkioten eta giltzurruna ondo zuela esan zuten sendagileek. Ubeldu handia zuen, baina ondo zegoen ama. Alta eman zioten eta etxera joan ginen», adierazi du Maiderrek.
Heriotza eta auzibidea
Hurrengo egunetan Zarrak mina zuela antzeman zuten senideek, baina kolpeagatik normala izango zela iruditu zitzaien. Xabierrek txango bat zuen Alcer Gipuzkoako Giltzurrun Gaixoen Elkartearekin, eta antolatzailea zenez, joan egin zen. «Ez zitzaidan iruditu Rosi gaizki zegoenik. Gainera, nefrologoak esan zidan ez zegoela larritzeko arrazoirik», dio Xabierrek. Pilotakada jaso eta hiru egunera, ekainaren 25ean, min handia sentitu zuen Zarrak, eta ospitalean ingresatu zuten. Hiru eskaner eta bi ekografia egin zizkioten, baina medikuek ez zioten inolako lesiorik atzeman.
Ekainaren 27an okerrera egin zuen, sukarra eta arnasa hartzeko zailtasunak zituelako. Ebakuntza egin zioten, eta orduan ikusi zuten infekzio zabala zuela eta heste lodia geldirik zegoela. Zainketa Berezien Unitatera eraman zuten, eta ekainaren 30ean hil zen. «Amari hesteak paralizatu zitzaizkion kolpearen ondorioz. Horrek shock septiko bat sortu eta kolona zulatu zion. Infekzioa zabaldu zitzaion, eta horren ondorioz zendu zela esan daiteke. Berak horri aurre egiteko nahikoa defentsarik ez zuen, hamaika urte lehenago giltzurruneko transplantea egin ziotelako», azaldu du Maiderrek.
Zarra hil ondoren, Antiguako Ertzaintzaren polizia-etxean salaketa jarri zuen familiak. «Iñigo Iruin abokatua eta biok joan ginen. Iñaki Munetak, Donostiako Ertzaintzako buruak, esan zigun gertatutakoa ikertu eta argituko zuela. Orain arte», kontatu du Xabierrek. «Ertzaintzak bere auzitegi medikuak jarri zituen, eta ondorioztatu zuten ama arrazoi naturalengatik hil zela», gaineratu du Maiderrek. Hain zuzen, Donostiako Epaitegiko forentseak arduratu ziren Zarraren autopsia egiteaz. Familiak ere auzitegi-mediku batengana jo zuen, eta honek adierazi zuen Zarraren heriotza pilotakadaren eraginez gertatu zela. Iritzi berekoa zen Alex Elosegi, Arantzazuko Ama Ospitaleko nefrologia zerbitzuko medikua. Urtetan Zarraren medikua izan zen, eta prentsara bidalitako gutun batean adierazi zuen pilotakadak eragindako infekzio baten ondorioz hil zela.
Eusko Jaurlaritzaren jarrerak eta Juan Mari Atutxa Barne sailburuaren adierazpenek familiaren mina areagotu zuten. «Hasieratik Ertzaintzak erantzukizunik ez zuela zioten. Atutxak hasieran esan zuen ama zauritu zuten momentuan ertzainik ez zegoela han, baina 30 pertsonak baieztatu dezakete bi ertzain agertu eta gomazko pilota bat jaurti zutela», esan du Maiderrek. Dena dela, adierazpen mingarrienak gerora egin zituen Atutxak. Auzitegiko medikuen txostena hartuta joan zen Eusko Legebiltzarrera, eta han esan zuen Zarra aurretik zuen gaixotasunarengatik hil zela, eta ez Ertzaintzaren pilotakada baten erruz. Hau da, berez hil zela. «Atutxaren adierazpenak onartezinak izan ziren. Jaurlaritzaren txostenak jasotzen zuen bertsioak ez zuen bat egiten gertatu zenarekin. Gainera, txosten horrek zioen, Ertzaintzaren protokoloaren arabera, pilotarik ezin zutela jaurti 30 metro baino gutxiagoko distantzia batetik. Ordea, Rosiri zortzi-bederatzi metrotik jaurti zioten», gaineratu du Xabierrek.
Heriotzaren arrazoia argitzeko, auziaren epailea Madrilgo Toxikologia Institutuaren ebazpenaren zain geratu zen. Izan ere, kontrajarriak ziren auzitegiko medikuen eta familiaren forentsearen txostenak. «Gogoan dut Toxikologia Institutuaren txostenak ez zuela argitzen heriotzaren arrazoi zehatza zein zen. Soilik zioen infekzio orokor baten ondorioz hil zela ama. Dena dela, txosten horretatik interpretatu zuten arrazoi naturalengatik zendu zela. Nik hainbatetan irakurri nuen, eta ez zuen halakorik jartzen», salatu du Maiderrek. Epaileak ontzat jo zuen azken ebazpen hori eta 1995ko iraila bukaeran artxibatu zuen kasua. «Epaiketarik gabe artxibatu zuten auzia».
Familiak Iñigo Iruin abokatuarekin hitz egin zuen jakiteko judizialki beste aukerarik ba ote zegoen. «Iruinek esan zidan auzia artxibatzen zela, eta ez zegoela helegitea aurkezteko aukerarik. Halere, salbuespen bat zegoela esan zidan; medikuak auzitara eramatea arduragabekeriagatik», azaldu du Xabierrek. Ordea, hori ez egitea erabaki zuten. «Medikuei ez genien heriotza egotzi nahi, pilotakadaren ondorioz hil zelako. Medikuek ez zuten publikoki ezer esan, baina pribatuan aitortu zuten jasotako kolpearekin lotura zuela amaren heriotzak», nabarmendu du Maiderrek.
Rosi Zarraren hileta elizkizuna 1995eko uztailaren 3an egin zen, Parte Zaharreko San Bizente elizan. «Parte Zaharrekoa zen Rosi, eta han egitea erabaki genuen», dio Xabierrek. Aldi berean, Zarraren heriotza gaitzesteko greba eguna izan zen, HBk eta LABek deituta. Eliza bete egin zen, eta jende asko sartu ezinik geratu zen. Elizaren inguruan ikurrinak jarri zituzten, denak xingola beltzarekin. Inguruan oroigarri bat jarri zuten; Zarraren argazkia, sua eta herriaren arima ez dute hilko esaldia.
Meza hasi aurretik, apaizak jakinarazi zuen bonba mehatxuak jaso zituztela. Zehazki, bi dei jaso zituzten, elizaren barruan bi bonba jarrita zeudela esanez. Tokia miatu ondoren, aurrera egitea erabaki zuten apaizek, baina elizan zeudenei jakinarazi zieten. «Guk ere hiletarekin aurrera egiteko esan genien», adierazi du Xabierrek. Arratsaldean, berriz, Zarrari omenaldia egin zioten zauritu zuten lekuan, eta gertaturikoa argitzeko eskatu zuten.
Garaiko agintari bakar bat ere ez zen jarri harremanetan familiarekin. «Bizkarra eman ziguten», dio Maiderrek. «Zeharo harrituta geunden gertatu zen guztiarekin. Dena politizatu zen. Bi bando bereizi zituzten, xingola urdinekoak eta ezker abertzalekoak. Guri ezker abertzalearen zakuan sartu gintuzten elkarretaratzera joan ginelako. Hori, ordea, ez da egia. Esan bezala, aitaren bila joan ginen ama eta biok. Gainera, protesta hura ez zen Aldaiaren bahiketaren kontrakoa. Lasa eta Zabalaren gorpuekin gertatu zena salatzeko protesta bat izan zen».
Hedabideek egun horietan zabaldu zuten Zarra gaixo zegoen emakume bat zela. «Hori ere gezurra zen. Giltzurruneko transplantea egin zioten, bai, baina osasunez ondo zegoen. Hil baino hilabete lehenago Aralarren zegoen mendiaz gozatzen, eta bigarrenez amona izan zen. Osasuntsu zegoen pilotakada jaso zuen arte», azpimarratu du Maiderrek. Amaren heriotza gogorra izan zen berarentzat, baina zabaldu ziren gezurrek «kolpea bikoiztu» zutela gaineratu du.
Rosi Zarraren kasua 2015ean itzuli zen hedabideetara. Iñigo Cabacasen heriotzaren harira, gomazko pilotak kalteturiko hainbat familiek agerraldi bat egin zuten. Eusko Legebiltzarrari eskatu zioten material horren erabilera baztertzeko. Besteak beste, Cabacasen gurasoek, Xuban Nafarrateren aitak eta Xabierrek berak parte hartu zuten: «Nire emazteari gertaturikoa kontatu nuen, eta Ertzaintzak gomazko piloten erabilera debekatzeko eskatu nuen».
Urte berean, Eusko Jaurlaritzak Udal Erretratuen Mapa argitaratu zuen, eta gehiago ikertu beharreko kasuen artean sartu zuen Zarrarena. Zehazki, 2015ko uztailean aurkeztu zuen Jaurlaritzak Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010) txostena, eta Zarraren atalean aitortzen du sei metrora bota ziotela pilotakada ertzainek. «Txosten horren berri izan genuen. Amaren heriotza Ertzaintzaren gehiegikeriagatik gertatu zela onartzen du. Dena dela, familiarekin ez dira harremanetan jarri kasua argitzeko», azaldu du Maiderrek.
Sendiaren itxaropen bakarra da onartzea Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzak gaizki jokatu zutela. «Egia da eskatzen duguna, besterik ez», azpimarratu du Xabierrek. «Nik oraindik ez daukat gaindituta. Gertatutako argitu ez izanak etsipena sortzen dit. Injustizia sentsazioarekin bizi naiz. Arrazoia genuela esatea besterik ez dugu nahi».
Espainiako eta Frantziako Estatuak “nazio askapen mugimendua ito” nahi dutela ohartarazi du Sortuk, eta Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko militanteen erailketak estatu biek egiten duten “gerra zikinaren parte direla” adierazi du.
Asteazken honetan beste 93 biktima aitortu ditu estatuaren eta talde parapolizialen biktimen azterketak egiten dituen Balorazio Batzordeak. Baliabide faltagatik, bere lanarekin aurrera jarraitzeko zailtasunak ere aitortu ditu. Egiari Zor Fundazioak ongi baloratu du batzordearen... [+]
Plataformak adierazi du "sentsibilitate eta iritzi guztiak errespetatuz" Guardia Zibilaren ekintzak gaitzesteko asmoa dutela, bizikidetza demokratikoa eraikitzea helburu nagusia izanik.
Ostiralean egingo dute ekitaldia 12:00etan, Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean. Erail zutenetik Angel Gogoan plataformak behin baino gehiagotan jarri ditu oroigarriak, baina behin eta berriz eraso eta erretiratu izan dituzte. Gobernu taldearen proposamena da oraingoan eta... [+]
Ekitaldian 1969ko gertaera tragikoak gogoratzeaz gain, memoria historikoaren defendatzaileak ere omenduko dituzte.
Memoria osoa ekimenak salatu du biolentziaren biktima izan direnen arteko desberdintasunak bultzatzen ari direla hainbat instituzio, eta norabide hori zuzentzeko deia egin du. Ekimenak estatuen biolentziaren hamabost biktima elkarte biltzen ditu. Urriaren 12an Guardia Zibilak... [+]
Xabier Kalparsoro eta Gurutze Iantzi Espainiako polizien eta guardia zibilen eskuetan hil zituztela 31 urte igaro direnean, Egiari Zor fundazioak ekitaldia egin du Urnietan. Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berriz ere ireki dezala epe bat estatuaren biktimak aitortzeko eskaerak... [+]
2008an Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz atxilotu zutenean Ibai Azkonak pairatu zituen torturak aitortu ditu Nafarroako Gobernuak. Euskalerria Irratian, pauso honek suposatzen duena azaldu du Azkonak.
Foru Gobernuak aitortu du motibazio politikoko biktimak direla hirurak. Hiru aitortza berri horiekin dagoeneko 36 pertsonari estuaren biktima izatea ofizialki aitortu die gobernuak.
Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.
1991n zauritu zuen larri ke pote batekin Espainiako Poliziak Iruñean eta 31 urte ondoren lortu du instituzio publiko baten aitortza biktima gisa. Espainiako Gobernuak ere kalte-ordaina ordaindu behar izan zion, baina ez da kasuagatik poliziarik zigortu.
Jose Miguel Etxeberria Naparra 1980ko ekainaren 11n ikusi zuten azken aldiz Ziburun eta bere heriotzaren nondik norakoak ez dira argitu gaur arte. Lizartzako Igarolabekoa baserrian egin diote oroimen ekitaldia eta desagerpena argitzea eskatu du familiak aurten ere.