LAB sindikatuak ohar baten bidez salatu Zorroza gestión de residuos enpresan jazotako lan heriotza eta aditzera eman ditu lantegi horren barruan dauden lan baldintzak.
Sindikatu abertzalearen aburuz, egunero 10 ordu lan egitera derrigortzen dituzte Zorrozako beharginak, eta enpresak ez dizkie langileei beharrezkoak diren norbera babesteko ekipamendu guztiak ematen. “Soldatak baxuak” eta “lan erritmoak oso altuak” direla gaineratu du LABek, eta beste hainbat gauza ere salatu ditu: ez dagoela fitxatzeko sistemarik, instalazioen garbitasuna desegokia dela eta langileek ez dutela inolako prestakuntzarik jasotzen laneko arriskuen prebentzioaren arloan.
Erasoak
Horrez gain, beste gauza bat ere salatu dute oharrean: beharginek hitzezko tratu txar jarraituak jasotzen dituztela enpresaren gerentziaren partetik. Horrez gain, eraso fisikoko gertakari bat ere jazo dela nabarmendu dute.
Gauzak hala, sindikatuak nabarmendu du beharrezkoa dela “lantegiko beharginek pairatzen duten babesgabetasun egoera” publikoki salatzea. “Ezinbestekoa iruditzen zaigu erakunde publikoak interpelatzea, neurri faltagatik halakorik berriro gerta ez dadin. Beharrezkoa da erakundeek zaintza, kontrol eta jarraipen neurri eraginkorrak ezartzea”.
Aiaraldean dagoen prekarietatea “epidemia” baten modukoa dela gaineratu du LABek, eta nabarmendu du Tubos Mecánicos Norte enpresako langileak greba mugagabean daudela eta Garobel enpresako langileen etorkizuna ere arriskuan dagoela.
40 urteko historia
Historia luzeko enpresa da Zorroza gestión de residuos. 1978. urtean sortu zen. Handik denbora batera pasa zen Zorroza Gestión S.L. Izendapena izatera. Gaur egun 16 langile inguru ditu eta 1,3 milioi eurotan baloratutako salmentak burutzen ditu.