Mikel Otero Gabirondo Arabako EH Bilduko legebiltzarkide da 2016. urtetik, eta koalizioaren Ingurumen eta Energia idazkaria. Politika energetikoari dagozkion gaiak hurbiletik jarraitzen ditu, eta horien artean dago Arabako Sunbillako Armentia-2 putzuarena, Gasteizko Udalerrian. EAJk bai ala bai aztertu nahi du gas putzua. Horrek gobernatzen dituen bi erakunderen arteko talka –Gasteizko Udala eta Jaurlaritza–, eta Jaurlaritzan gobernukide duen PSErekin tentsioak ekartzen badizkio ere. Etorkizunean putzua esplotatzera heltzeko aukera gutxi badu ere. Oterorekin hitz egin dugu putzuaren egoeraz, aurrerantzean gertatu daitekeenaz, eta EAJren posizioaren balizko zergatiez.
Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Udalaren erabaki baten aurkako helegitea aurkeztu berri du epaitegietan. Zer espero duzue? Badu ibilbiderik?
Gasteizko hirigintzak ez du ahalbidetzen Armentia-2 putzua egitea, eremu horrek babes mota jakin batzuk dituelako. Horietan oinarrituz udalak esan zuen debekatuta dagoela meatzaritza egitea, eta putzuak egitea meatzaritza dira. Horrek bi bide utzi zituen aurka egiteko: bata administratiboa; bestea administrazioarekiko auzietakoa, epaitegiarena. Administratibotik ez dute jo, horrek nolabait irudikatuko lukeelako EAJren bi gobernuren arteko gatazka zuzen bat, Jaurlaritzakoa eta Gasteizkoa. Epaitegietatik jo dute. Horrek badu bere puntu politikoa, uzten dio aukera gehiago Urtarani diskurtso hori egiteko: "Nik hiriaren interesak defendatuko ditut".
Epaitegiak printzipioz atzera bota beharko luke helegitea, hirigintza araudia delako nagusitzen dena. Baina bere garaian Jaurlaritzak eta Energiaren Euskal Erakundeak esan zuten badirela Lurralde Gida Lerroak deiturikoak, udalen gainetik leudekeenak, eta horren arabera aukeraren bat izan dezakete.
Bitartean ordea, Espainiako Gobernua Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea ari da tramitatzen. Lege horrek debekatu egingo lituzke putzuen zundaketak zein ustiaketak, ezta?
Hori da.
Jaurlaritzak Gasteizko epaitegietan irabaziz gero, Armentia-2ko proiektuari eragingo lioke Espainiako lege horrek?
Lege horretan badago artikulu garrantzitsu bat, zortzigarrena, dioena behin legea onartuta ezingo dela burutu hidrokarburoak esplotatzeko edo ustiatzeko jarduerarik, ez lurrean ez itsasoan. Beraz, ez lirateke baimen berririk emango –Armentia-2ko putzua lurralde zabalagoa hartzen duen baimen sorta baten barnean kokatuta dago, Enara izenekoa–. Bada xedapen gehigarri bat ere, zehazten duena zer gertatuko litzatekeen egun abian diren baimenekin behin legea indarrean sartuta: esplorazio baimen horiek ezin izango dira ustiaketara pasa horretarako baimena ez badute eskatuta legea onartu aurretik.
Hor Jaurlaritzak arazo bat du. Esplorazio baimen bat duzunean, esplotazio baimena eskatzeko jarduera plan bat aurkeztu behar duzu, zehazten duena sei urtean zehar urtez urte egingo dituzun lanak. Jarduera plana egin aurretik zundaketa bat egin behar duzu, hau da putzu bat, esplotazioaren bideragarritasuna frogatzeko. Eta zundaketa egiteak eskatzen du obra lizitatzea, dorrea eraikitzea, produkzio proba bat egitea... urte pare bateko kontua. Gakoa da ez dutela astirik hori garaiz egiteko: Armentia-2ko putzua egin gabe egongo da Espainiako Trantsizio Energetikoaren Legea onartzen denean, ekainean onartzea dago aurreikusia.
"Armentia-2 putzua egiteko aukera agian epaitegietan lortuko du EAJk, baina proiektu osoa esplotazioan jartzeko oso-oso aukera gutxi daude"
Badago arrisku txiki bat. Egoera nahasi honetan, eta lege berri bat bidean, gerta daiteke Jaurlaritzaren Euskadiko Hidrokarburoak-ek (SHESA) esplotazio baimena eskatzea aurreko lan horiek egin gabe ere. Ez naiz ausartzen esatera zer gertatuko litzatekeen, egoera oso korapilatsua litzatekeelako. Baina Jaurlaritzak mila aldiz errepikatu du lehenbizi esploratu beharra dagoela, ondoren erabakitzeko esplotatzeak merezi duen edo ez.
Armentia-2 putzua egiteko aukera agian epaitegietan lortuko du EAJk, baina proiektu osoa esplotazioan jartzeko oso-oso aukera gutxi daude. Sorpresa handiak eta handiagoak bizi izan ditugu beste proiektu batzuetan [irribarre egin du] beraz ezin dugu erabat baztertu, baina...
Eta sorpresa handiak ikusiak ditugunez, baga: lege proiektua dagoen fasean, aipatu dituzun bi puntu garrantzitsu horiek moldaketak jasan ditzakete?
Bai, baina oso zaila da gertatzea. Legea ponentzia fasean dago: Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak proiektua aspaldi aurkeztu zuen; gero agerraldien fasea etorri zen, zeinean talde politikoek eta adituek iritzia ematen duten; gero emendakinen fasea, talde politiko guztiek aurkeztu dituzte nahi izan dituzten emendakinak; orain ponentzia fasean dago. Ponentzia fasean, alderdi politikoak akordioak egiten doaz batzorde batean, jatorrizko testuari aurkeztutako emendakinak negoziatuz. Aipatutako zortzigarren artikuluaren eta xedapen gehigarriaren negoziazioa itxita dago dagoeneko. Baziren alderdi batzuk, tartean EAJ, emendakinak sartu zituztenak esplotazioak ez debekatzeko, baina ez zuten aurrera egin.
Azken aukera bat du EAJk oraindik: bere emendakin horiek legebiltzarreko plenora eramatea, azken orduko karanbola edo negoziazio arraroetan onartuak izan daitezen aldeko bozka ematearen truk. Baina horretarako beren bozek erabakigarriak izan behar dute, eta gaur egun EAJren bozik gabe proiektua aurrera ateratzeko gehiengoa dago. PSOE-Podemos batetik, gehi independentismo osoa, Más País, Conpromis... Legea egun dagoen bezala aurrera ateratzeko gehiengoa dago.
Biga: Madrilgo Erkidegoko lurrikara politikoaren ondorio posibleetako bat Espainiako Estatuan hauteskunde orokorrak aurreratzea izan daitekeela diote batzuek. Hori gertatzekotan, eta gobernua aldatuko balitz, zertan geratuko litzateke legea?
Dena bertan behera geratuko litzateke. Zaila litzateke hala ere, egutegi legegilearen arabera lege hori indarrean beharko luke udako oporren aurretik. Egia da, bestalde, legea lehenago onartzea espero bazen ere oraindik ez dagoela onartuta.
Diozunaren arabera, eta bateko edo besteko ezusteen aukera guztiz baztertu gabe bada ere, oso zaila da Jaurlaritza Armentia-2 putzua eta Enara eremua ustiatzera heltzea. Aldiz, helegitea aurkeztu izanak EAJri bi gatazka ekarri dizkio. Bata alderdi barnean, Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren artean. Bestea gobernukide duen PSErekin. Abenduan PSEk zundaketaren aurka bozkatu zuen Arabako Aldundian, EAJ bakar-bakarrik utzita, historikotzat jo zen erabaki batean. Etekinak nekez aterako baditu, eta apustuak kalteak badakarzkio, zein da EAJren logika edo kalkulua saiatzen jarraitzeko?
Eta PSErena ez da aldundiko kontua soilik. Gasteizko Udalean ere dekantatu zen PSE zundaketaren aurka. EAEko Legebiltzarrean beste ekimen bat dugu putzua atzera botatzeko, eta hor ere dekantatu beharko du. PSE askotan da kontraesankorra, baina oraingoan oso agerian geratu nahi ez badu maila autonomikoan ere irudikatuko da EAJ bakarrik dagoela.
Orduan?
Nik ez diot sinesgarritasun asko ematen, baina Arantza Tapiak behin baino gehiagotan bota du Jaurlaritzak ez duela baimenaren %100, hor beste bi bazkide daudela, amerikarrak, iradokiz Jaurlaritzak erantzukizun patrimonial bat izan dezakeela atzera egiten badu, kostu ekonomiko bat izan dezakeela. Hortaz, beste batzuek bota dezatela, hau da Madrilgo lege batek-edo, eta horrela erantzukizun hori ez da gurea. Argudio bezala erabili da baina nik ez dut sinesten, legeak dioena baita zu bazkidea bazara eta proiektutik atera nahi baduzu aukera duzula, eta gainontzeko bazkideek badutela aukera dena bere gain hartu eta aurrera egiteko. SHESAk alde batera egingo balu erantzukizunik egon daiteke? Guk eskatu ditugu orain arte sinatu dituzten akordio guztiak, eta hor ez da ezer ikusten, ez badago erakutsi ez duten beste zer edo zer.
Zergatiak niretzako beste bi izan daitezke. Alde batetik, egoskorkeria, hainbeste urtetan defendatu duten proiektu baten inguruan. Lehenbizi frackingaren bitartez saiatu ziren: alboratu behar izan zuten herri ekimen legegileagatik, egon zen gatazkagatik eta abarrengatik. Baina jarraitu zuten beren asmoekin. Eta orain gogorra zaie errenuntzia bat egitea non eta argudiategi osoa erabili duten proiektua batean, defendatuz ezinbestekoa dela. Ez dut baztertzen hori izatea.
Beste arrazoi posiblea da lehen aipatu ditugun balizko karanbola horien guztien aurrean, esatea, “badaezpada azkenera arte jarraituko dugu, eta nola politika askotan karanbola joko arraro bat den, ea zortea dagoen”. Nik esperantza gutxi jarriko nuke hor. Beste zer edo zer badago, eskapatzen zait.
Hidrokarburoen gaiak tentsio garrantzitsurik sortzen du PSOE eta EAJren artean zure ustetan?
Ez da erraza baloratzen. EAJ-PSE harremanean arrakala handia sortzeko gaitasuna duen gaia da? Ez nuke esango. Argi dago EAEko gobernu koalizioan jarrera ezberdinak daudela. Patxi López Jaurlaritzara heldu zenean gasarena ez zen bere proiektu bat, baina mantendu egin zuen. Ondoren PSOEren posizioa hidrokarburoetatik aldenduz joan da, batik bat Madrilen, Trantsizio Energetikorako ministro Teresa Riverak eta lobby berdezaleak badutelako botere maila bat, eta PSEn ere izan du eragina. Horrek EAEko Gobernuan deserosotasuna sortzen du, legebiltzarreko eztabaidetan hori nabaria da. Aurreko legegintzalditik PSEk esaten du ez dela lehentasunezko apustua berarentzat, baina "gobernuarekiko leialtasuna", esaten zidan legebiltzarrean PSEko Natalia Rojok.
Gobernu akordioak egiten dituztenean argi dago badirela gai gutxi batzuk, bizpahiru, zeinetan adosten duten alderdi bakoitzaren diskurtsoa eta baita bozka ere ezberdinak izango direla. Adibide argiena estatutu berriarena da. Honen moduko gai batek zenbateko higadura sortuko duen? Erabakigarria behintzat ez dut uste izango denik.
Krisi energetiko betean, Repsolek 2.539 milioi euro irabazi du lehen seihilekoan. Aurreko urtean, epe berdinean, 1.235 milioi euro irabazi zituen, aurten irabazitakoaren erdia baino gutxiago. Hidrokarburoen prezioaren igoerak bultzatu du besteak beste irabazien puztea.
EAJk eta PSEk Araban azken unera arte proiektua babestu dutela salatu du mugimenduak, eta Madrilen onartutako legeak behartu dituela atzera egitera, baina bestelako “proiektu suntsitzaileak” bultzatzen jarraitzen dutela bi alderdiek. Arabako jendartea lorpenagatik... [+]
EAJk 85 zuzenketa jarri dizkio Espainiako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuei eta dieselaren zergaren gaia jarri du erdigunean, PSOE-UP koalizio-gobernuak jeltzaleen babesa jasotzeko.
Alaskako Artikoko Baso Bizitzaren Babesleku Nazionala petrolio-ustiapenarentzat irekitzeko plan bat onartu du, eta litekeena da urtea amaitu baino lehen kontzesioak esleitzea. Neurri horrek ingurumen taldeen gaitzespena eragin du, eskualdeko biztanleria indigena, animaliak eta... [+]
Greenpeaceko hainbat aktibistak A Coruñako portuan dagoen Medusa ikatz-biltegiaren sarrera blokeatu dute astearte goizean. Modu horretan, bertara zihoan Gas Natural-Fenosa konpainiaren –hura da biltegiaren jabea– kamioi batek bere zama hustea eragotzi dute... [+]
Espainiako Ekologistak Martxan taldeak eta AEBetako hainbat mugimenduk bat egin dute apirilaren 25ean sare sozialen bidez BBVAri eskatzeko Dakota Accces Pipeline oliobide proiektuari finantzazioa ken diezaiola. Barack Obamak oliobidearen eraikuntza geldiarazi zuen 2016ko... [+]
Iazko urrian jakin zen Eusko Jaurlaritza, SHESA sozietatearen bitartez, baimena tramitatzen ari dela gas putzu bat irekitzeko Subilla Gasteizen, hainbat urtez fracking bidez zulaketa egin nahi izan zen lekuan bertan. Haustura hidraulikoa legeak baztertu duen honetan, eztabaida... [+]
Araban, Subillako putzuan hasiriko proiektuari aurre egiteko Berriztu! taldea sortu da. Ingurumenean eta gizartean gasa ateratzeko zulaketek izan ditzaketen ondorioak ezagutaraztea eta proiektu horiek geldiarazteko presio egitea dituzte helburu.
Fracking Ez plataformak kezka agertu du Euskadiko Hidrokarburoak (SHESA), Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoa, Armentia-2 izeneko gas putzu baterako baimena tramitatzen ari delako. Subilla Gasteizen dago putzu hori, azken urteetan SHESAk fracking teknika erabiltzeko... [+]
Erregai fosilen ustiaketan liderrak diren multinazional handienak biltzen dira apirilaren 5etik 7ra Biarnoko Pauen MCE Deepwater Development 2016 kongresuan, itsaso sakonetako zundaketa teknikak hobetzeko, klimaren aldaketa konpontzeko egindako COP21 mundu biltzarraren... [+]
NASAko zientzialari ohi James Hansen oso kritiko agertu da Parisen egin zen COP21 bilerako akordioarekin. The Guardian kazetari adierazi dionez, karbono dioxido isuriak murrizteko lorturiko hitzarmena “iruzurra” izan da, “konpromiso hutsalak” besterik... [+]
Raul Zibechi kazetari uruguaitarra chavismoak azken urteotan eramandako bidearekin kritiko agertu da ezkerretik. Azken hauteskundeen bezperetan idatzi du Venezuelari buruz "Cruce de Caminos" artikuluan. Herrialde honetako edozer baldintzatzen duen datu nagusia... [+]
“Parisko Hitzarmenak ez du planeta salbatuko baina klima aldaketaren aurkako gurpila hasi da biratzen, eta ez da gutxi”. Txio batean idatzitako hitz horien bidez laburbildu du Unai Pascual BC3ko ikerlariak COP21 klimaren gailurra. Akordioaren behin betiko testua... [+]
Halakoetan ohi denez, bata bestearen ondoren iragarritako epeak behin betiko akordiorik gabe agortuz doaz Parisko klimaren goi-bileran. Ostiralerako behar zuena larunbat goizerako hitzeman du Laurent Fabius Frantziako Kanpo ministroak. Aldi berean mobilizazio erraldoiak espero... [+]
Aurreikusita zegoen bezala, COP21 klimaren gailurrean adostuko den nazioarteko hitzarmena ez da erabat loteslea izango. AEBek lortu dute akordioaren zirriborroa beren aldera lerratzera: herrialde bakoitzak aurkeztutako CO2 emisioak murrizteko planen betekizuna ez du nazioarteko... [+]