EAJ nagusi Bizkaian, baina alde txikiagoarekin

  • Jeltzaleek 11 eserleku lortu dituzte baina 2020an baino bat gutxiago; EH Bilduk, aldiz, bi eserleku gehiago izango ditu Bizkaitik, 8 ordezkari lortuta. PSEk (4) eserleku bat gehiago lortu du aurreko hauteskundeekin konparatuta, PP mantendu egin da (2) eta Elkarrekin-Podemosek zituen biak galdu ditu.

Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia. Argazkia: EAJ

2024ko apirilaren 21ean - 23:04
Azken eguneraketa: 2024-04-22 13:15

Azkenean ez da izan sorpresarik Bizkaian eta EAJk aise irabazi du lurralde horretan, bai eserlekuei dagokionez bai boto kopurutan. Baina bere nagusitasuna jadanik ez da hain argia, normalean boto-hobi garrantzitsuena izan ohi duen lurraldean, bigarren indarrarekiko aldea asko txikitu baita. Jeltzaleek 11 (-1) eserleku lortu dituzte, EH Bilduk baino hiru gehiago, baina duela lau urteko hauteskundeetan ateratako aldea erdira txikitu da.

Bototan ere aldaketa nabarmenak daude: azken kontaketen faltan –besteak beste posta bidezkoak– EAJk 222.000 botoren langa gainditu du, aurreko urtean baino 22.000 inguru gehiago, baina kontuan eduki behar da parte hartzea asko handitu dela lurralde horretan, 2020an pandemia betean baino bederatzi puntu gehiago. Jeltzaleek aldiz hiru puntu egin dute behera portzentaje aldetik. Normalean bigarren indarrari %20ko diferentzia atera izan diote aurreko hauteskundeetan Bizkaian, oraingoan EH Bilduri %11ko aldea baino ez dio ateratzen Imanol Pradalesen hautagaitzak.

EH Bilduk nabarmen egin du gora eta 8 (+2) eserleku atera ditu. Hala, jeltzaleekin ia parez pare lehiatzeko moduan jarri da. Boto kopuruari dagokionez ere gorakada oso handia izan du koalizio abertzaleak, 160.782 boto lortu ditu, 2020an baino 48.000 gehiago, eta portzentajean bost puntu egin du gora.

Ez Alba Garcia, ez Miren Gorrotxategi, ez dira Gasteizko Parlamentuan izango

PSE-EEk, 78.990 botorekin, aurrekoan baino 14.000 boto gehiago eskuratu ditu eta portzentajean apenas gora egin duen arren, eserleku bat gehiago izango du Bizkaian. PPk ere nabarmen egin du gora bototan (+18.000) baina bi legebiltzarkiderekin jarraituko du. Vox-ek ere zertxobait gora egin du Bizkaian (+1.800). eta 10.000 botoren langa gainditu du, baina ez du ordezkaririk lortu.

Galtzaile handiena seguruenik Elkarrekin-Podemos izan da, zituen bi eserlekuak galdu baititu eta, gainera, eremu politiko horretako beste alderdiak, Sumarrek, ez du lortu ordezkaritzarik Bizkaitik. Ez Alba Garcia, ez Miren Gorrotxategi, lehendakarigaiak biak, ez dira Gasteizko Parlamentuan izango.

Zenbatua: %
Eguneratua:
legebiltzarkide
2020
2024

Zer geratu da Bizkaiko udalerri populatuenetan?

Bizkaia berriz ere erabakigarri izan da EAJren emaitza orokorretarako. EAEko hiru lurraldeetatik irabazi duen bakarra izan da eta boto kopurutan aipatzeko moduko gorakada bat izan duen lurralde bakarra ere bai –Araban eta Gipuzkoan apenas gehitu dituzte botoak jeltzaleek–. Hautes-kanpainaren azken astean Andoni Ortuzarrek eta Pradalesek euren diskurtsoekin egindako ahaleginak boto-emaileak aktibatzeko, isla izan du Bizkaian. Udalerri populatuenetan, adibidez, gorakada handia izan du EAJk: Bilbon (+8.590), Getxon (+1.060), Barakaldon (+3.260), eta Santurtzin (+1.420), esaterako. Beste lurraldeetan udalerri populatuenetan ez da halako gorakadarik ikusi inondik inora.

Baina emaitza ez da borobila izan Sabin Etxearentzat Bizkaian. EH Bilduk mikaztu dio hein batean gaua hemen ere: aipatu udalerri populatu horietan guztietan bototan gehiago igo da koalizio abertzalea. Pradalesen jaioterrian bertan, Santurtzin, 2.415 boto egin du gora EH Bilduk, EAJk baino mila boz gehiago, eta bi indarren artean dagoen aldea erdira jaitsi da, %16tik %8ra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Materialismo histerikoa
Gure gauzatxoak

MAPA | Non jasotzen dituzte botoak alderdiek?

Apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdiek udalerriz udalerri izandako babesa irudikatzen du mapa honek. Zirkuluen azalerak proportzionalak dira hautatutako alderdiak udalerri bakoitzean ateratako boto kopuruarekiko.

[[hauteskundeak alderdiak zabala 2024... [+]


Eguneraketa berriak daude