Trebiñu gabeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira datorren uztailaren 12an. Eta hautetsontziekin hitzordu garrantzitsu hori aintzakotzat hartuz, tribuna honetatik ezinbestekotzat jotzen ditugun eskaerak egin nahi dizkiegu euskal alderdi abertzaleei.
Lehenengo eskaera, eta garrantzitsuena, hauteskunde-kanpaina honetan agenda nazionala kontuan hartzea (euskara, autodeterminazioa, lurraldetasuna, kirol-selekzio nazionalak, demografia, …). Guk ez dugu gutxiesten bestelako gai sozialen garrantzia, inondik inora ere (are gutxiago koronabirusaren krisi latzaren ostean), baina ezin dugu alderdi espainiarren amua irentsi (“vamos a ocuparnos de los temas que de verdad preocupan a los ciudadanos, y no de la autodeterminación….”) eta euskal gai nazionalak zokoratu; burujabe ez garen Herri kolonizatuok estrategia suizida jarraituko genuke geure egoeraren abstrakzioa egingo bagenu; hau da, desagertzeko arriskuan dagoen nazioa garela ahaztuko bagenu. Albaceten edo Burgosen errepikatzen diren lelo politiko berberak erabiliko dituzte alderdi espainiarrek EAEko hauteskunde-kanpainan; gauza bera egin behar al dute hemengo alderdi abertzaleek?
Atalez atal zehaztuko ditugu gai horiek:
"Albaceten edo Burgosen errepikatzen diren lelo politiko berberak erabiliko dituzte alderdi espainiarrek EAEko hauteskunde-kanpainan; gauza bera egin behar al dute hemengo alderdi abertzaleek?"
Euskara: euskararen arloan jauzi kualitatibo bat emateko garaia iritsi da. 1982ko Euskararen Legea dagoeneko zaharkituta dago: euskal gizarteak aldaketa handiak egin ditu eta egoera soziolinguistikoa ez da duela ia 40 urte izan zena. Horregatik euskarari erabateko lehentasuna emango dion Lege berri bat premiazkoa da, besteak beste, irakaskuntzan eta administrazio publikoan lana euskaraz egitea ahalbidetuko duen Lege berria. Alde batetik, euskararen erabilera soziala helburu estrategikotzat joko duen lege berria behar da eta bestetik, EAE-ko bi hizkuntza ofizialak modu unibertsalean (kide orok) ezagutu beharrekoak direla arautuko duena. Eta lege berria gauzatu bitartean, euskara erabili une eta toki guztietan. Esaterako: Zein legek debekatzen die politikari abertzaleei une honetan edo azken urteotan Eusko Legebiltzarrean euskara sistematikoki eta hizkuntza nagusi gisa erabiltzea?
ETBri dagokionez, ezinbestekoa da ETB1 katearen aldeko apustu irmoa egitea, baliabide gehiago emanez eta programazio erakargarriagoa eskainiz, gaur egun daukan audientzia eskasetik ateratzeko eta euskaldungoari ikus-entzunezko tresna duin bat eskura jartzeko. Eta ETBko lau kateetatik hiru bederen euskaraz izatea, eta laugarrena erdaldunei ere euskal kulturaren edukiak sistematikoki eskaintzea.
Autodeterminazioa: Gasteizko Eusko Legebiltzarrak bitan (1990ean eta 2014an) Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidea aldarrikatu zuen gehiengo osoz, baina gaur arte inork ez du ganorazko ezer proposatu aldarrikapen sinboliko horretatik harago joateko, hots, asmo hura egikaritzeko. Gure ustez, alderdi abertzaleei hauteskunde-kanpainan autodeterminazioaz eta independentziaz hitz egitea dagokie, eta ez soilik Aberri Egunean. Hor ditugu Quebec eta Eskoziako adibideak: Alderdi Quebectarrak autodeterminazio-erreferendum bat egiteko konpromisoa hartu zuen 1994ko hauteskundeetan Quebecen, eta hauteskundeak irabazi ondoren erreferenduma antolatu zuen. Gauza bera egin zuen Eskozian SNPk 2011n: Eskoziako Gobernura iristen bazen, autodeterminazio-erreferendum bat antolatuko zuela. Gehiengo osoa lortu zuen SNPk programa politiko horrekin, eta autodeterminazio-erreferenduma antolatu zen Eskozian 2014an.
Gure alderdietako batek proposatuko al du uztailaren 12ko hauteskundeetan gehiengo osoa lortzen badu urratsak emango dituela autodeterminazio-eskubidea egikaritzeko? Eusko Legebiltzarrak berak autodeterminazio-eskubidea bitan gehiengo osoz aldarrikatu zuen eskubide hori inork proposatuko al du praktikara eramatea? Espainiako estatuak ez duela autodeterminazio-eskubidea onartzen erantzungo digute zuhurrenek, baina bere Konstituzioaren 10. eta 96. artikuluek hori ahalbidetu egiten dute (ikus hemen: http://www.naziogintza.eus/inperialisten-gezurrak-eta-desobedientziak/).
"Eusko Legebiltzarrak berak autodeterminazio-eskubidea bitan gehiengo osoz aldarrikatu zuen eskubide hori inork proposatuko al du praktikara eramatea?"
Bestalde, autodeterminazioa, NBEk hainbat itunetan aipatzen duen eskubide unibertsala den heinean, ez du inork baimendu behar, Giza zein Herrien duintasunari lotua baitago eta estatuen tresneria juridiko guztien gainetik dago. Bada, hauteskunde giro honetan, alderdi abertzaleei gogoratu egin nahi diegu autodeterminazio-eskubidea Kanadako Konstituzioak onartu ez arren, Quebec-ek, halere, bi aldiz gauzatu zuela; Kataluniak bezala, 2017ko urriaren 1ean.
Kirol-selekzio nazionalak: bada garaia herritarrengan hain zabalduta dagoen eskakizuna, hots, gure kirol-selekzioen aitortza ofiziala, Jaurlaritzak aurrera eraman dezan, urrats praktikoak emanez eta nazioartean Euskal Herriaren markarekin lehiatu nahi duten taldeei eta federazioei bere laguntza osoa bermatuz. Argi dago gaur egunean kirol-selekzioek berebiziko garrantzia dutela nazioen ikusgarritasunean, eta gure selekzioek Euskal Herriko enbaxadore lan hori bete dezakete neurri handi batean.
Lurraldetasuna: Trebiñu gabeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Jaurlaritzak, lehentasunezko harremanak garatu behar ditu Nafarroako Gobernuarekin eta Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatzen duten Euskal Herriko Hirigune Elkargoarekin, erakunde mistoak sortzeko. Eta Trebiñuko eta Turtziozko auziak bideratu, askotan ahazten baitzaigu EAE barruan ere lurraldetasun-arazo zaurgarria daukagula. Ezin ahaztu bi enklabe horietako herritar gehienek Euskal Herriko parte izateko aukeratu nahi dutela erreferendumaren bitartez.
"Herritarrek inkestetan maiz lehenetsi duten koalizioaren edo hurbilketaren alde azaltzen gara gu ere ezbairik gabe: EAJ eta EH-Bilduren arteko koalizio edo hurbilketa abertzalearen alde"
Demografia: jaiotze-tasa apalak gainditzeko demografiaren aldeko apustua abiatzea behar-beharrezkoa deritzogu, bikote gazteak lagundu eta politika sozialen bitartez seme-alabak izan ditzaten (etxebizitza sozialak, familia- eta lanbide-bizitzak uztartzeko erraztasunak, soldata duinak…). Erronka demografikoa itzela da, eta gure ustez, orain arte euskal alderdi abertzaleek ez diote inondik inora serioski heldu gai honi.
Alderdi abertzaleak eta agintaritza bera ere, diasporako euskaldunak ere kontuan hartzen hasi beharko lukete, geure hizkuntza eta kulturari atzerrian eutsi dietenei edota ezerezetik abiatuta hartan murgildu direnei, Euskal Herriratzeko bideak irekiz.
Euskal Nazioaren garapenarekin lotutako lehen eskaera honek bigarren eskakizunera garamatza: aurreikuspen denen arabera inongo alderdi politikok ez du gehiengo osoa eskuratuko hauteskundeen ostean eta aliantzak eta itunak, beraz, saihestezinak izango dira. Bada, egoera horretan, herritarrek inkestetan maiz lehenetsi duten koalizioaren edo hurbilketaren alde azaltzen gara gu ere ezbairik gabe: EAJ eta EH-Bilduren arteko koalizio edo hurbilketa abertzalearen alde, alegia. Joko politikoan zilegi den hauteskunde-lehia baztertu gabe, bi indar abertzaleen arteko harremana ez gaiztotzea pausu garrantzitsutzat joko genuke, alderdi unionistei edo estatalistei (espainiar nazionalistei) aurre egin ahal izateko.
Horrenbestez, bi indar politiko horiei zera eskatzen diegu: publikoki azal dezatela beren iritzia idatzi honetan aurkeztu ditugun eskakizunei buruz, ziur baikaude, horiek bete ezean abertzale eta independentista asko umezurtz sentituko garela. Azken berrogei urteetako formulak agortuta daude eta etsipenera garamatzate. Proposamen politiko itxaropentsuak behar ditugu, jauzi kualitatibo bat eskatzen dugu. Konpromiso zehatzak ausardiaz eta koherentziaz hartzeko garaia heldu da Euskal Nazioa izenak dituen hitzak edukiz betetzeko.
*Jose Inazio Lopez de Luzuriaga, Edurne Alegria, Josu Albero, Andoni Sarriegi, Mikel Urkola
(Naziogintza Taldearen izenean)
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Danimarkatik iritsi zaigu berria: 400 urtez estatuak eskainitako zerbitzua etengo du PostNord enpresa publikoak, eta eskutitzak banatzeari utziko dio 2025 urtea amaitzean. Gobernuak adierazi du enpresa publikoak negozioa paketeak banatzera bideratuko duela. Bi arrazoi eman ditu... [+]
“Hondakinik ez platerean!”. Hori zen kontsigna gure txikitako otorduetan. Janariak zeozer sakratu bazukeen, batez ere ogiak; lurrera erori eta, jasotakoan, musua eman behar zitzaion. Harik eta adin zozoan mamia baztertzeko moda etorri zen arte, lodiarazten zuelakoan... [+]
Zenbait estatistikak berretsi dute begiak hondar urteotan ikusten ari zirena: gimnasioak (eta estetika-zentroak eta nolako-edo-halako-terapia eskaintzen duten negozioak) nabarmen ugaldu dira gurean. EITBk plazaratutako datu bat emateko: EAEn 2010-2019 urteen bitartean, zazpi... [+]
Topatu eta topa! Tipi-tapa, elkarrekin ekin eta, bidea, eginean egin aurrera. Mahaiak, aulkiak, koadernoak eta boligrafoak, platerak, konfidentziak, tragoak eta ahotsak, eskuak, ideiak eta barreak, borrokarako besarkada gozoak. Txistulariak bileran, erraldoiak lasterka eta... [+]
Hezkuntzari buruzko legediak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen eta planetako jaun eta jabeen aginduei jarraituz, ikasleek ikasketa etapa bakoitzaren amaieran “irteera-profil” jakin bat izatea bilatzen du. Ez pentsa profila zerbait itxia eta bukatua... [+]
Martxoaren 14an Donald Trumpek agindu exekutibo bat sinatu zuen, hainbat berri agentziak jasotzen duten diru kopurua asko murrizteko. Kaltetuetako bat United States Agency for Global Media (USAGM) izan zen eta, ondorioz, Voice of America (VOA), Radio Free Europe/Radio Liberty... [+]
Orain dela 20 bat urte, berrikuntzaren inguruan master bat egin nuen. Bertaraturiko gonbidatu batek esan zigun gizakion historian berrikuntza teknologikoaren eragile handiena gerra izan zela. Gerra, halaber, eragile handia da botere harremanen berrikuntzan.
Berrikuntzaz ari... [+]
Zer esango zenioke Palestinako aktibista bati aurrez aurre izango bazenu? Ni mutu geratu nintzen Iman Hammouri nire herrian bertan aurkeztu zidatenean. Eskerrak andre nagusi bat gerturatu zitzaigula eta solaskide roletik itzultzailearenera pasa nintzela.
Palestinako Popular... [+]
Punto Bobo liburuaren irakurketan murgilduta, Itxaso Martin Zapirain egilearen Eromena, Azpimemoria eta Isiltasunak Idazten ikerketa lanean sentitu nuen egiazkotasun eta maila etikoarekin egin dut berriz ere topo. Eta hortaz, hara bueltatu. “Oihu izateko jaio zen isiltasun... [+]
Dirudienez, Euskal Herrian migrazioa arazo bilakatu da azken bi hamarkadetan. Atzerritarrez josi omen dira gure lurrak. Gure kultura arriskuan omen dago fenomeno “berri” horren ondorio. Lapurretak, bortxaketak, liskarrak… Bizikidetza arazo horiek guztiak... [+]
Azken hamarkadetan euskararen biziberritzeak duen erronka handienetakoa, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioarekin batera, erabilerarena da. Askotan, gazteen euskararen erabileran jarri ohi dugu fokua, baita euskararen erabilerak izan duen eta izan dezakeen bilakaeraren... [+]
Gaur buruko minez iritsi naiz etxera. Ostiral iluntze hotz bat da; ez du euririk ari, baina haizeak bota ditu lurrera bi kontainer eta korapilatu dit ilea. 23:39 dio telefonoak. Lagunekin afaldu dut gure ostiraleroko tabernan. Barre asko-asko egin dugu, eta bihotza bete-beteta... [+]
Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]
Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]