Pandemia dela-eta, azken ikasturteetan jardunaldi jarraia izan dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe askok. Praktikan probatu dutenean, ikastetxe batzuei egokiagoa iruditu zaie eguerdian bukatzen den jardunaldi mota hau eskolak goiz eta arratsalde zatitzen dituena baino, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari eskatu diote hurrengo ikasturtean ere hala jarraitzeko aukera ematea. Ikasturtea bukatzeko aste gutxiren faltan ezezko erantzuna eman du Hezkuntza sailak eta honen aurrean, hainbat ikastetxek ostiral eguerditan elkarretaratzeak egiteari ekin dio eta beste hainbat hezkuntza komunitateetan eztabaida pilpilean da: izan ere, ikastetxeen autonomia, jantokien sistema, ikuspegi soziala eta bizitza antolatzeko ordutegiak zeharkatzen ditu jardunaldien gaiak.
"Legeak eskatzen dituen klase ordu kopuruak ematen badira, zergatik ezin du ikastetxe bakoitzak bere ordutegia erabakitzeko autonomia eduki? Ez dugu beste ikastetxeekin eztabaidan sartu nahi ea besteentzat onena zer den, baina gure kasuan oso argi dago zein jardunaldi motak duen adostasun ia erabatekoa". Hala adierazi du Billabonako DBHko ikastetxe publikoko Arratzain guraso elkarteak eta bere ikastetxearen ezaugarriak azaldu ditu: "Aiztondo bailara osoko ikasleak biltzen dituen eta herrigunetik aparte dagoen ikastetxea da: ikasleen erdiak (174 zehazki) garraiatuak dira, egunero autobusez joan-etorria egiten dute inguruko herrietatik. Beraz, jardunaldi etena egiteak alde batetik dakar ikasleek etxetik kanpo ordu asko egiten dituztela, eta bestetik, jangelaren kliente kautibo direla, hau da, ikasle askorentzat jangelan geratzea ez dela aukera bat, ezinbestean duten aukera bakarra baizik. Aldiz, jardunaldi jarraia egiteak bermatzen du jangelan geratzeko aukera (azken ikasturteetan egin dugun bezala)".
EAEn 333 ikastetxe dira hurrengo ikasturtean DBH eskainiko dutenak eta zaila da jakitea hauetatik zenbat ari diren jardunaldi jarraia eskatzen, eta zenbatean ari diren eztabaidatzen gaia. Jardunaldi jarraiaren aldeko plataforman oraingoz hamasei ikastetxe daude elkartuta.
Erabakitzeko autonomia eskatzen duten ikastetxeetan, jardunaldi jarraiaren aldeko kontsentsua oso sendoa da eta ikastetxeko Organo Gorenetan onartu da jardunaldi jarraiaren aldekotasuna: adibidez, Erniobea ikastetxeak iaz egin zuen galdeketan, jardunaldi jarraiaren alde agertu ziren erantzun zuten familien %98,72, ikasleen %97,6 eta irakasleen %93,2. Donostiako Peñaflorida ikastetxeko gurasoek gaiaz galdetuta jasotako emaitza erakusten du beheko grafikoak:
Usandizaga Peñaflorida Amara BHI IES Ikaslee guraso elkarteak eskolan egindako inkestaren emaitza @upa_sustapen @PlataformaFavor #ESOjornadacontinua#DBHjardunjarraia pic.twitter.com/i9CYRYZDVz
— TM (@pobmelat) June 5, 2022
Oraingoz, ordea, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak ez die ikastetxeei autonomiarik aitortzen jardunaldia aukeratzeko: "2022-23 ikasturtean, eskolaldi zatitua nahitaez bete beharko dute EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxe guztiek, bai Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoek, bai funts publikoekin mantendutakoek”.
Azken hamarkadetan Hezkuntza sailak eraman duen kontzentrazio politikaren ondorioa da DBHko eraikin handietan pilatzen direla auzo edo herri ezberdinetako ikasleak eta beraz, joan-etorrian denbora ematen dutela ikasle horietako askok.
Baina ikastetxetik urrun zein hurbil bizi, arratsaldea antolatzeko moduan eragin zuzena du jardunaldi motak. Hain zuzen argudio hori da Erniobea ikastetxeko gurasoek eman dutena: "Jardunaldi jarraiak aukera ematen du eguna hobe antolatzeko, adibidez, seme-alabek eskolako lanak egiteaz gain arratsaldean beste jarduera batzuk ere egin ahal izateko, lanak gauean pilatu gabe".
Ikasteko zer jardunaldi da hobe? Horra hezkuntza komunitateak ordutegiaz eztabaidatzerakoan lehenik mahai gainean jartzen duen galdera. Beste gaietan gertatzen den bezala, guztiz kontrakoak diren emaitzak ematen dituzten ikerketak seinalatuko ditu bakoitzak (norberaren jarrerarekin bat datozenak), eta irakasleen artean era guztietako teoriak entzun daitezke.
Azken ikasturteetan jardunaldi jarraia izan denez, jantokira joango liratekeen ikasle asko etxera etortzen ohitu dira familiak. Eta jardunaldi zatitura itzuliko direla jakin dutenean, jantokien gaia berriz mahai-gainera atera da: familia horietako asko catering sistemaren "bezero kautibo" sentitzen dira, eguerdian joan-etorria egiteko aukerarik ez dutelako. Familia horiek ez dute ulertzen zergatik ez dagoen cateringa ez den beste aukerarik otordua egiteko, adibidez, zergatik ezin den etxetik janaria eraman eta ikastetxean jan. Bertako sukaldea martxan jartzeko gogoa berriz hauspotu du familia batzuengan jardunaldi zatituaren gaiak.
Gaztetxoak egunean ordu askotan ikastetxeetan "zainduta" egoteak eta bazkaria bermatuta izateak betetzen du bere funtzio soziala. Etxetik kanpo lan egiten duten familien kontziliazioa errazten du eta diru sarreraz estu dabiltzanentzat otordu nagusia segurtatzen du. Argudio horiek dira jardunaldi etenaren alde ematen direnak.
Jardunaldi jarraiaren alde egiten dutenek diote jangela zerbitzua berdin ematen dela klaseen ostean, eta beraz, funtzio hori bermatzen dela. Eta kontziliazioari begira, diote DBHn 12-16 urteko ikasleak izanik, etxean moldatzeko besteko adina badutela gaztetxo horiek. Gainera, Arratzain Guraso Elkarteak kontraesan hau azaleratu du: "Jardunaldi etenean ere asteko bi egunez jarraia egiten bada, ez dugu ulertzen zergatik ezin den egunero jarraia egin".
12-16 adin tartean, ikastetxean ahalik ordu kopuru gehien ematea al da gizarte kohesioa bermatzeko bidea? Jardunaldi jarraiaren aldeko plataformak zera aldarrikatu du: "Egunean sei ordu klase emateko ez dugu eskolan 8 ordu egon behar". Jantoki garaia bera liskar-gune izaten dela adierazten dute irakasleek, eta horretan izango du zerikusirik bideratzen den baliabide kopuruak.
EAEn 333 ikastetxe dira hurrengo ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskainiko dutenak (hemen ikus daitezke denak), eta era guztietakoak: publikoak eta kontzertatuak.
Hauetako hainbatek jardunaldi jarraia egin du azken ikasturteetan, pandemian ezarri ziren neurriak ezin zirelako bete ikastetxe askotako jantokietan, adibidez, ikasle askok bazkaltzeko hainbat txanda egin behar baziren, edo jantokia espazioz txikia bazen, eta abar. EAEko zenbat DBH ikastetxeetan dagoen jardunaldi jarraiaren gaia eztabaidagai ez da erraza jakiten; esan daitekeena da 16 ikastetxe daudela oraingoz elkartuta jardunaldi jarraia bultzatzen duen EAEko plataforman: Mendata (Deba), Peñaflorida (Donostia), Colegio Amor Misericordioso (Sestao), Dolores Ibarruri (Abanto-Zierbena), Nuestra Señora del Carmen (Portugalete), Calasanz (Santurtzi), Mercedarias (Leioa), Begoña (Santutxu), Sagrado Corazón (Errenteria), Oriarte (Lasarte-Oria), Salesianoak (Gurutzeta), Salesianoak (Deustu), Telmo Deun (Zumaia), Cruces (Barakaldo), Calasanz (Gasteiz) eta Erniobea (Amasa-Billabona).
Plataformak adierazi du "ikastetxe eta institutu bakoitzak erabakitzeko duen eskubidea defendatzen" duela eta ostiraletan ikastetxeetan elkarretaratzeak egitea bultzatu du: guraso, ikasle eta irakasleek elkarrekin eskolako azken 15 minutuak zentro atarian kontzentratuta ematea. Horrez gain, sinadura bilketa abiatu du (Peñaflorida ikastetxeak bakarrik 6.000 sinadura inguru lortu ditu, Hirutxuloko Hitzak azaldu duenez).
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.
Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.
Gabonen erroa kristaua dela jakinda ere, erreferentzia katolikorik ez duten kantuak abestea erabakia du (edo eztabaida horretan dihardu) gero eta ikastetxe gehiagok, eskolaren printzipioetako bat laikotasuna dela oinarri hartuta.
Bilboko ikastolako ikasle eta ikasle ohien talde batek zentroko irakasle baten partetik jasandako sexu abusuak zerrendatu ditu, eta komunikatu baten bidez salatu du ikastetxeak gizona babestu duela. Gertakariak azalera atera direnean ikastolak “beren burua zuritu besterik... [+]
Zerk motibatuta bultzatzen da bi ikastetxeren arteko fusioa? Nola uztartu norbere eskola-proiektua, eredua eta ibilbidea ondokoarekin? Zein da bidea bi eskoletako hezkuntza komunitateak ados jartzeko? Zein da Eusko Jaurlaritzaren rola?
Urretxindorra Ikastolako (Bilbo) eta Azkue Ikastolako (Lekeitio) bi irakasleren aurkako salaketak egin dituzte zenbait emakumek sare sozialen bidez. Horren aurrean, Urretxindorra ikastolako irakasleak astelehen honetatik aurrera klaserik ez ematea erabaki du Ikastolen Elkarteak... [+]
Arratsaldeko lehen orduetan, 14:30ak aldera, Nafarroako ikastetxe publikoetako 30en bat langile sartu dira Iruñeko Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren egoitzan eta sarreran eserialdia egin dute. Lehen ekintza gisa planteatu dute eta, adierazi dutenez, honen bidez... [+]
II. kongresuan aurkeztu duen berritasun esanguratsuenetako bat da. Orain arte Bigarren Hezkuntzara zuen bideratua bere jardun politikoa eta hemendik aurrera unibertsitateetan eta Lanbide Heziketan ere arituko dira. Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Komunitarioa aldarrikatu du... [+]
1994an EHUko Arte Ederretako ikasleek protestak abiatu zituzten. Bost irakasle euskaldun lortzeko hiru hilabeteko greba egin zuten, eta bitarte horretan Leioako fakultatea okupatu. Euskal jendartearen babes handia izan zuten, baina Poliziaren errepresioa ere jasan zuten; Bilboko... [+]
Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]
Ongi ezagutzen ditu eskola partikularretara doazen ikasleak Aitziber Ibarbiak. 25 urte inguru daramatza matematika, fisika eta kimikako partikularrak ematen, batez ere Batxilerrekoei. Irakasle on eta txarrez, ikasgelan sortzen diren erritmo ezberdinez, azterketak zuzentzeko... [+]
Gogoratzen al duzue? Legebiltzarreko %90ak onartu zuen Hezkuntza Akordioa duela bi mende –barkatu, bi urte–. Ezkerraren biltzarkideen erreakzioa euforiaren eta neurriko gogobetetasunaren artean mugitu zen. Onarturiko dokumentuaren arabera, zentro pribatuek diru... [+]