Azaroaren 15etik aurrera salgai egongo da Hondarribiko Dut musika taldeari buruzko liburua. Pablo Salgado Méndez da liburuaren egilea eta Banizu Nizuke argitaletxeak publikatuko du.
Aspaldian Euskal Herriko musikazaleen artean zebilen zurrumurrua konfirmatu da: Dut taldeari buruzko liburu bat argitaratuko du Banizu Nizukek azaroaren erdialdean. 1990eko hamarkadan Hondarribitik Euskal Herri osora post-hardcore doinu zaratatsuak zabaltzen lagundu zuen kultuzko taldeari buruz argitaratuko den mota honetako lehenbiziko liburua izango da.
Bi hizkuntzatan kaleratuko da: Pablo Salgado Méndezek idatzi du jatorrizko gaztelaniazkoa eta Duteko kide izandako Xabi Strubellek itzuli du euskarara, ondoren Aritz Galarragak editatu duen testua. Beste laguntzaile batzuk ere izan ditu proiektuak, hala nola hitzaurrea idatzi duen Gorka Erostarbe edo taldearen argazkiak ekarri dituen Gari Garaialde.
Argitaletxeak aurreratu duenaren arabera, publikazio mardula izango da, 248 orrialdekoa, taldearen inguruko material ugari jasoko duena –izan ere, Banizu Nizuke liburu artistikoetan espezializatutako argitaletxea da, bere ohiz kanpoko argitalpenengatik oso preziatua–. Liburua dagoeneko eska daiteke aurresalmentan, editorialaren webgunearen bidez.
Gotzon Hermosillak Ahaztu Antzean taldearen historiari buruz kontatzen zuenak ertz gehiegi zeuzkan inork asmatua izateko: 1980ko hamarkadaren bigarren erdialdean Eibarren sorturiko banda bat, kraut rocka eta punk espiritua uztartu zituena, garai hartako RRVtik askoz harago... [+]