Udalak hartu du Durangoko kafe antzokiaren ardura, eta kudeaketarako kultur mahai bat osatuko da. Hiru helburu nagusi ditu egitasmo berriak: euskalduntzea bultzatzea, herriko eragileentzako erreminta izatea, eta euskarazko kulturgintzarentzako gune bilakatzea. Martxoaren 3rako irekitzea espero dute, baina aurretik Durangoko Azokan eta Gabonetan jarduerak antolatuko dituzte.
Astearte goizean aurkeztu dute Plateruena kafe antzokiko proiektu berria. Bertan izan dira Ane Abanzabalegi eta Patxi Lakuntza zinegotziak, eta Maider Larrañaga Plateruenako arduradun berria. Martxoaren 3a jarri dute Plateruenaren ateak formalki irekitzeko erreferentzia data bezala, baina iragarri dute Durangoko Azoka egunetan eta Gabonetan hainbat jarduera hartuko dituela espazioak.
Helburuak eta kudeaketa
Plateruenak hiru ardatz izango dituela iragarri du Durangoko udalak: “Durangoren euskalduntzean laguntzea, herriko elkarte eta eragileei aterpea eskaintzea eta euskal kulturgintzako sortzaileen plaza garrantzitsua izatea”.
Espazioaren kudeaketaren ardura nagusia udalak hartuko du, baina kultur mahai bat osatuko da zeregin horretarako, eta bertan udaleko teknikariak zein kulturgintza arloko eragileak hartuko dute parte. Udalak bere webgunean jaso duenez, mahaiaren zeregina izango da eragileen “ iritzi eta eskaerak modu ahalik eta horizontalenean kudeatzea”.
Berria-k jaso duenez, Maider Larrañaga arduradunak azpimarratu du “taldean” egingo duela lan: “Zenbat eta kultur mahai sendoagoa, orduan eta etorkizun oparoagoa izango du herrian”. Plateruenaren programazioa “nagusiki euskaraz” izango dela iragarri du Larrañagak, kulturgintza izango dela lehentasuna, eta ostalaritza bigarren mailakoa.
Bi hausnarketa prozesu
2004an ireki zituen ateak Plateruenak, 900 kideko kooperatiba baten eskutik, eta 2020an itxi, arrazoi ekonomikoengatik. Eraikinaren jabetza hartu zuen udalak orduan. 2021ean bi prozesu abiatu ziren proiektuari zer jarraipen eman eztabaidatzeko, bata Plateruena eta gero, zer? ekimen herritarrak sustatua eta bestea udalak. Udaleko ordezkariek adierazi dute bi prozesuek “antzeko lehentasunak eta lan ildoak azaleratu” dituztela, eta eskerrak eman diete ekimen herritarrean parte hartu duten guztiei.
Azaroaren 21ean oharra zabaldu zuen Plateruena eta gero, zer? dinamikak, bere bidea amaitutzat ematen zuela iragarriz, eta amaierara zapora gazi-gozoarekin” heldu direla azalduz. "Oraintsu jakin dugu zelakoa izango den Plateruena berria. Udalak baditu kudeaketa eredu bat eta proiektu bat. Gure proiektuaren gidalerro nagusienetako asko barnebiltzen baditu ere, ez da Plateruena ta gero zer? dinamikatik ondutako proiektua gauzatuko". Erabakiak “lehenago” hartzeko premia zegoela adierazi zuen ekimenak, eta bidean “indar eta ilusio asko” galdu direla.
Kudeaketa publiko eta komunitarioa oinarri, ibilbide berriari ekingo dio Plateruenak. Herriko eragileen aterpe izango da, euskararen gune eta sortzaileen plaza.
Kultur esparruan aritzen den jendeak eta kulturak kezkatzen dituen herritarrek bat eginik, "Plateruena eta gero zer?" dinamika abiatu dute. Plateruena berriz irekitzeko aukerak aztertuko dituzte, eta bide horretan herriak zer behar duen jasoko duen diagnostikoa egin... [+]
"Azken urteetan Plateruenak izan dituen zailtasunei COVID-19ak ostalaritzari eta kultur arloari eragin dizkien baldintzak gehitu zaizkie, eta horrek ezinezko egin du orain arteko kudeaketa ereduaren bideragarritasunari eustea eta eraikinaren ustiapen-epea luzatzeko... [+]
Durangoko Plateruena Kulturguneak 10. urteurrena ospatuko du urriaren 31n. Antzokiaren bideragarritasuna bermatzeko laguntza eskatu diete herritarrei.